Sota familia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2024-06-21 • 2024-10-13

Sota familia

Artea eta mezenasgoa

1-5 Aretoak

Ramón de la Sota y Llano (1857-1936) garrantzi handiko eragilea izan zen Bilbok eta haren eragin-eremuak mende batetik besterako aldaketan izan zuten garapen ekonomiko ikusgarrian; hazkunde hura ontzigintzan eta siderurgia-industrian oinarritu zen, hein handi batean, eta orduko burgesia indartsuak sustatu zuen, haren irrika baitzen modernitate-itxura hartzea, ikuspegi berritu batez hurbilduz artera eta kulturara.  

Sota familiak protagonismo handia hartu zuen hiriko bizitza kulturalean XIX. mendearen amaieratik aurrera, eta hark utzitako ondarean funtsezko elementua, baina ez bakarra, Sota Aburto senar-emazteek Bilboko eta Getxoko etxebizitzetan osatutako antzinako arteko eta arte garaikideko bilduma ospetsua da. Horren erakusgarri dira, halaber, familiak sustatutako arkitekturak –kasu askotan, aitzindariak izan ziren gure lurraldean zenbait soluzio baliatzen– eta familiako kideek aktiboki parte hartu izana Bilbo nazioarteko kultura-erreferente bihurtu zuten zenbait ekimenetan. Ondare haren historia, Gerra Zibilak eta errepresaliek errotik etena, guztiz bat dator garai hartako espirituarekin, bildumazaletasunak eta mezenasgoak kultura modernoa asimilatzeko eragin erabakigarriak ezaugarrituriko garai hartako espirituarekin. 

 

Adolfo Guiard

Sota familiaren artezaletasunaren jatorria Ramón de la Sotaren eta Adolfo Guiard margolari inpresionistaren artean 1880ko hamarkadan sortutako adiskidetasuna izan zen. Guiard funtsezko pertsonaia izan zen Inpresionismoa hedatzeko, eta aitzindaria hamarkada haren hasieran Parisen mugimendu harekin esperimentatzen. Itzuli zenean, Bilbo inguruan hedatu zituen haren irakaspen artistikoak, baina ez kontrako iritzirik eta polemikarik eragin gabe, hala nola Miguel de Unamunoren eta Antonio Truebaren artean Bakioko baserritarra obraren modernitateari buruz sortutakoa. Guiarden eta Sotaren hasierako konplizitatea sendotu egin zuen bien arteko kidetasun politiko eta ideologiko abertzaleak, eta oso harreman estua sortu zen beren artean; horren erakusgarri da, besteak beste, margolaria maiz ibiltzea Sotaren Goizeko Izarra yatean. Ontzigileak margolariaren berrogeita hamar obra baino gehiago eskuratu zituen, Bizkaiko paisaienak gehienak –Gernika, Murueta, Bakio…–, eta maileguan utzi zituen hainbat erakusketatarako, hala nola margolaria hil ondoren haren omenez 1916an antolatutako zenerako. Enpresaburuaren ondorengoek ere artearenganako eta kulturarenganako interesa izan zuten. Hain zuzen ere, Alejandro de la Sotak, Manu anaiarekin batera, Guiarden erakusketa eta hari egindako omenaldiak sustatu zituen, 1927an. 

Mende berriaren bultzada

XX. mendearen hasieran Bilbok industrian eta merkataritzan izandako susperraldiak bide eman zion burgesiaren goraldiari, bai eta modernoa eta kosmopolita izan nahi zuen hiri baten hedapenari ere. Sota familia izan zen hazkunde haren eragileetako bat, bereziki 1910eko hamarkadaren amaieran, orduan izan baitzuen oparotasun ekonomiko handiena, eta kulturaren, politikaren eta gizartearen esparruetara zabaldu zen ospe publiko nabarmena ere. Garai hartarako, Ramón de la Sotak inperio itzela zuen eraikia: zenbait meatzaritza-enpresaren sortzaile eta partaide zen, hala nola Sota y Aznar ontziolarena, Astilleros Euskalduna konpainiarena nahiz bankuen eta aseguru-etxeen sektoreko beste sozietate batzuena. Hark eskuratutako artista garaikideen obra askok erakusten dutenez, ageriko interesa zuen Euskal Herriarekin loturiko gaiez eta irudi lirikoez, bai landakoez bai itsasokoez, zeina baitzen haren pasio nagusia. Horren erakusgarri dira Quintín de Torreren eskulturak nahiz Guineari eskatutako Ibaiganeko beirate idilikoak, baita higiezin hartarako Durriori eskatutako plaka apaingarria ere. Regoyosen margolan batzuek haren aberastasunaren iturrien berri ematen dute.  

Antzinako artearen bilduma

Ramón de la Sota y Llano bilbotar enpresaburuaren bilduma aberatsean zortziehun obratik gora egon ziren, hainbat artistarenak eta hainbat eskolatakoak. Bere bi egoitza pribatuen artean banatu zituen, planteamendu argi bati jarraituz: artista klasikoak Ibaiganen (Bilbo), eta modernoak Lertegin (Areeta). Antzinako maisuen lanak bereganatzeko, Bizkaiko hiriburuan mende hasieran piztutako bildumazaletasun suharraz baliatu zen, baita hirian loratzen ari zen artearen salerosketa-jardueraz ere, eta Ignacio Zuloaga margolariaren laguntza izan zuen, beste irudi batzuenaz gainera; Zuloaga, zehazki, Goyaren eta Grekoaren obretan aditua zen. Zoritxarrez, antzinako arteko obra askoren berri bakarra familiaren inbentarioetan erregistratutakoak dira; izan ere, agintari frankistek konfiskatu egin zituzten 1937an, Sotari milioi askoko isun bat ezarri ziotelarik euskal abertzaletasunarekin lotura izatea leporatuta, eta ez zaizkie obra horietako gehienak beren jabe legitimoei itzuli. Edonola ere, argazki eta dokumentuetako erreferentzia xeheei esker, berriki aurkitu eta familiari itzuli zaizkio obra batzuk –esaterako, Cornelis van der Voorten erretratu ikusgarri bat–. 

Sota y eta arkitektura

Ramón de la Sotak inbertsioak egin zituen higiezinen negozioan, bereziki Bilbon eta Getxon. Haren higiezin batzuk, nagusiki auzo-etxeak, alokairura bideratu zituen, eta beste batzuk, aldiz, familiaren etxe edo enpresen egoitza izan ziren. Arlo horretan, lankide izan zituen hiru arkitekto bizkaitar –Gregorio de Ibarreche, Manuel María Smith eta Ricardo Bastida–, baita F. Chatterton, W. E. Couch eta F. Lindus Forge britainiarrak ere. Garai hartako araudiak debekatu egiten zuen atzerritarrek gure herrian proiektuak sinatzea, eta, hala, kasu horietan, benetako trazatzaileen nortasuna ordezkatu behar izan zuten haren konfiantzazko teknikariek, debekua saihestu eta eraikuntza-baimenak lortzeko. Oro har, haren promozioak bereziki nabarmentzekoak dira kanpoaldean nahiz barnealdean erabiltzen zituen materialen kalitateagatik –Ingalaterratik inportatzen zituen, batzuetan–. Badira goiztiarrak izan zirelako Bizkaiko arkitekturan aitzindaritzat hartuak direnak, eta beste batzuk diseinuen berezitasunagatik dira azpimarratzekoak. 

Ignacio Zuloaga

Ignacio Zuloaga eibartar margolaria garai guztietako euskal artistarik ospetsuena eta XX. mendearen lehen hereneko Europako artearen irudi nabarmenetako bat da. Haren obraren izaera modernoak nazioarteko arrakasta ekarri zion 1898tik aurrera, eta aintzatespen ugari jaso zituen Europako eta Estatu Batuetako erakusketetan, baita lan-eskari komertzial asko ere. Itzal handiko eragilea izan zen arteari buruzko bere iritziengatik, eta bildumazale aparta, gainera. 1900 inguruan izan zuen Ramón de la Sotarekin lehen harremana, hark Askaria erosi zuenean, baina harreman hura sendotu egin zen 1918az geroztik, enpresaburuak eskatu ziolarik erretratu bat egin ziezaion eta erosi zizkiolarik bi paisaia. Zuloagak orobat erretratatu zuen Sotaren emazte Catalina de Aburto, eta erosketa batzuetan aholku eman zion, hala nola Goyaren Martín Zapaterren erretratuarenean. Aipamen berezia merezi du enpresaburuak 1919ko Bilboko Nazioarteko Erakusketan margolariaren Noaillesko kondesaren erretratua erosi izanak Bilboko Arte Ederren Museorako. 

Modernitatearen ondarea

Bere seme-alabetako batzuen gomendioei jarraituz, Ramón de la Sotak inpresionismoari eta naturalismoari loturiko artisten bilduma zabaldu zuen, eta margolari gazteagoak gehitu zizkion, hala nola Aurelio Arteta eta José María de Ucelay. Bestalde, Ramónen seme zaharrenak, Ramón de la Sota Aburtok, hasieran familiaren negozioetan eta politikan jardun eta Gerra Zibilean Biarritzen erbesteratuta egon zenak, arte-bilduma bat sortu zuen, Julián de Tellaecheren laguntzaz, Iturrino eta Regoyos pintoreak ardatz nagusitzat harturik. Beste bi anaia, Alejandro eta Manuel, euskal kulturaren bultzatzaile gisa nabarmendu ziren Bilbon, hogeiko hamarkadan. Alejandro Editorial Vasca argitaletxearen zuzendaria izan zen, non argitaratu baitzituen zenbait liburu, eta Hermes aldizkariaren kolaboratzailea –beraren aitak parte hartu zuen hura sortzen, 1917an–. Manuk, berriz, lankidetzan jardun zuen zenbait argitalpenekin eta antzezlanak idatzi zituen. Gainera, Antonio de Guezalaren laguna izan zen; hain zuzen ere, abangoardiaren postulatuetatik hurbileneko euskal artista izan zen Guezala, eta Manuren arreba Begoñaren ukitu futuristako erretratu bat egin zuen, 1927an. Sota familiaren ondare kulturala errotik eten zuen Gerra Zibilak. Hala ere, erbestetik, konfiskatutako ondasunak erreklamatzen jarraitu zuten; euskal kultura sustatu zuten, Eresoinka eta beste zenbait ekimen editorial edo artistikotan parte hartuz; eta harreman estua izan zuten erbesteratutako artistekin, hala nola Ucelay, Tellaeche eta Artetarekin. 

Babeslea: