Erakusketa: Shanti Andía “Ausarta” euskal itsasgizona - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2013-09-18 • 2014-01-12

Shanti Andía “Ausarta” euskal itsasgizona

31. Aretoa

Obra Gonbidatua programa 2001. urtean abiarazi zen, beste erakunde batzuek utzitako lanak denbora baterako aurkezteko; izan ere, artelanok esanahi eta interes berria hartzen dute museoaren bilduma iraunkorraren testuinguruan erakusten direnean. Banco Santander Fundazioak 2004tik babesten du ekimen hau; modu horretan, urtean zenbait aldiz antolatu izan da programa hau, eta, batzuetan, Fundazioak bere bildumako obrak ere utzi izan ditu. Sortu zenetik, programak 43 deialdi izan ditu, eta, modu berezi horretan, 50 artelan ikusi ahal izan dira, orain aurkezten duguna barne. Besteak beste, Berruguete, Morales, Van Dyck, Tintoretto, Artemisia Gentileschi, Canaletto, Fortuny, Monet, Sorolla, Picasso, Chillida, Hockney, Freud, Rubens, Turner, Magritte edo, oraintsuago, Friedrichen artelanak ikusi ahal izan dira.


Oraingoan, joan den urteko mendearen hasierako euskal pinturaren pieza enblematikoetako bat aurkezten da, Madrilgo Centro de Arte Reina Sofia Museo Nazionaletik ekarrita. Neurri handiko mihisea da Ramón de Zubiaurrek (Garai, Bizkaia, 1882- Madril, 1969) 1924. urte inguruan pintatutako Shanti Andia “Ausarta” euskal itsasgizona.
Lanak, interes artistikoa izateaz gainera, Pio Barojaren (Donostia, 1872-Madril, 1956) Shanti Andiaren kezkak liburu ezagunaren ilustrazioa du oinarri; hain zuzen ere, lan horren lehen edizioa 1911. urtean eman zen argitara. Helduntasun garaiko eleberria da, eta bere autoreak itsasoari buruz idatzitako lehena. 1920. urtean eleberria berriro argitaratzeko egindako eskarian, Píoren anaia Ricardo Baroja (Minas de Río Tinto, Huelva, 1871-Bera, Nafarroa, 1953) pintore eta grabatzaileak ere hartu zuen parte.
Koadroa museoko eraikin zaharreko 31. aretoan dago erakusgai, eta, bertan, autoreak berak egindako beste hainbat lan ere badaude, tonu eta baliabide estetiko desberdinekoak badira ere. Horrek agerian uzten du Ramón de Zubiaurrek hainbat gai eta interes jorratzen zituela. Modu horretan, Shanti Andía “Ausarta” euskal itsasgizona (1924) lanak postinpresionismoko lengoaia adierazten du; aldiz, Bilboko Arte Ederren Museoarenak diren eta aurreko kronologia batekoak diren Nire arreba Pilarren erretratua (1911) eta Nire herrixkako intelektualak (1912-1913) lanek, hurrenez hurren, erretratu familiar baten sinbolismo fina irudikatzen dute, autoreak antzeko konposizioetan baliatzen duen ironia esanguratsuaz ikusita.
Ramón de Zubiaurrek Madrilgo San Fernandoko Akademian izan zuen bere lehen ikasbidea, bai eta Parisera eta Herbeheretara egindako bidaia batean ere. Paisajista gisa izan zuen lehen etaparen ondoren, erretratugintzari ekin zion, eta bezero andana lortu zituen mendearen bigarren hamarkadan, baita, 1921az geroztik, Argentinan eta Txilen egindako egonaldietan ere. Bere anaia nagusi Valentínen antzeko ibilbide artistiko eta kezkekin, Ramón de Zubiaurre pintore ausartagotzat eta modernoagotzat jo izan da; ekoizpen artistiko zabala izan zuen eta, ondorioz, Espainian, Europan eta Amerikan aintzatespen handiz jarri zituen ikusgai bere lanak.



Artelan hau, ziurrenik, Ramón de Zubiaurre y Aguirrezabal (1882-1969) euskal margolariaren obrarik entzutetsuenetakoa da; izan ere, 1924an, bere ibilbide artistikoko saririk garrantzitsuenetakoa (garai hartako artistek eskuratu nahi zuten saririk gorena) lortu zuen lan honekin: Madrilgo Arteen Erakusketa Nazionaleko lehen mailako domina. Horri esker, koadroa hiriburuko Arte Modernoaren lehengo Museoan sartu zen, eta, ondorioz, museo haren oinordekoetako baten eskuetara igaro da orain, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofíaren eskuetara, alegia.

Orain Bilboko Arte Ederren Museoan ikusteko aukera dugun koadroaren gutxi gorabeherako data dela-eta, esan beharra dago 1920an Ramón de Zubiaurrek eta Ricardo Barojak azken horren anaia zen Pío Barojaren Las inquietudes de Shanti Andía eleberri ezagunaren (lehen aldiz 1911n argitaratutakoa) berrargitaratzea ilustratzeko ardura hartu zutela, eta koadroaren data lan horrekin erlazionatuta dagoela. Aipatutako eleberriko estanpen zuri-beltzeko formatu apalaren ordainetan, margolariak kromatismo handiko eta proportzio muraleko artelan hau sortzea erabaki zuen, antza.

Zubiaurrek postinpresionismo frantsesaren (Gauguin, nabiak…) estetika primitibistara jotzen du, esperientzia handiko itsasgizon baten irudi eskultoriko eta sendoa gure aurrean jarriz. Marinelaren begiradak eta aurpegierak (kontuan hartu behar da margolaria gorra zela, eta horrexegatik irudikatzen zituela horrelako keinuak bere margolanetan) Zubiaurreren gai kostunbristako koadro askotako protagonista ugari ekartzen dizkigu gogora.

Konposizioan, diagonalean banandutako bi zati ikus daitezke. Lerro diagonal hori pertsonaia nagusiaren mugimendu “kolondarrak” eteten du soilik, eta, aldiz, eskifaiaren mugimenduak indartu egiten du lerroa, itsasontziaren belak tente mantendu nahi dituztenean itsasoaren astindu biziei aurre eginez. Marineletako batzuen (Shanti bera ere tartean dela) jantzi tipikoen gozotasun kromatikoak gainerako elementuetako tonalitate urdin eta berdexkak orekatzen ditu, bereziki olatu mehatxagarrien tonuak. Badirudi Zubiaurrek helburu sinbolikoekin erabiltzen dituela ezaugarri kromatiko horiek, gizakien borroka sutsua Naturaren hoztasunaren parean jarriz.

Eszena hau eleberriko pasarte jakin batzuei buruzkoa izan daiteke; esate baterako, “Ekaitza” izenekoari buruzkoa. Bertan, margolariak jarritako “ausarta” izenondoaren omenez, protagonista ekaitz betean itsasoratzen da. Hain gertaera tragikoa gorabehera, Zubiaurrek euskal itsasgizonaren izaera epikurearra jaso zuen. Hain zuzen ere, liburuaren hasieran bertan, marinelak modu honetan definitzen zuen bere burua: “Herriko jendearen arabera, nire axolagabekeria aparta izan da betidanik: erauntsiak, ekaitzak, tximistak, trumoiak, ezerk ez nau nire ohiko pasibotasunetik atera”.

Testua: Rebecca Guerra Pérez


Ramón de Zubiaurre (Garai, Bizkaia, 1882-Madrid, 1969)
Shanti Andía “Ausarta” euskal itsasgizona, c. 1924
Óleo sobre lienzo. 202 x 153 cm
Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, Madril

Babeslea:

Kolaboratzaile: