Erakusketak
Obra gonbidatua
Amaituta
2016-10-28 • 2017-02-06
Salzilloren jaiotza
9. aretoa
Obra Gonbidatua programak proposamen berezia egingo du, oraingo honetan, 9. aretoan, Banco Santander Fundazioaren babesari esker; izan ere, Francisco Salzillo (Murtzia, 1707-1783) eskultore eta irudigilearen jaiotza ospetsuaren parte adierazgarrienetako bat erakutsiko da bertan. Salzillo Museotik (Murtzia) ekarri da zuzenean, eta gure museoak, aldi berean, denboraldi baterako truke gisa, Gabonetako ikonografiako hamazazpi lan utzi dizkio hari, datorren urteko otsailaren 12ra arte erakutsiko dituenak, Nativitas Domini izenburupean.
Portzelanazko hirurehun pieza polikromatuk baino gehiagok osatzen dute jaiotza hau –556 pieza daude multzo osoan, irudiak eta sei arkitekturak kontuan hartuta–. 1776. eta 1783. urteen bitartean egin zituen Salzillok, bere herrikide Jesualdo Riquelme y Fontes noblearentzat, eta Salzilloren dizipulu Roque Lópezek eta haren tailerrak osatu zuten. 1800. urtean amaitu zen multzoa, baina aipatutako sei arkitekturen artetik bakarra egin zen garai hartan. Riquelme jauregian egon zen jaiotza XIX. mende osoan, eta 1957an eraman zuten Salzillo Museoko bildumara, funtsezko lana baita eskultorearen ekoizpenaren barruan.
SALZILLOREN JAIOTZA
Jaiotzaren gidoi narratiboak testu kanoniko eta apokrifoei jarraitzen die, Agerkundetik hasi eta Egiptorako ihesa bitarteko sekuentzia kronologikoa osatuz. Tarte horretan, leku nabarmena hartzen dute protagonistek; gainerako osagaiak, berriz, aldatu egin litezke. Eszena horietan, txertatuta, arkitektura izugarriak daude; horietako batzuk jaiotza egin zen garaiko eraikuntzen erakusgarri dira, esate baterako, Herodesen Jauregia, egilearen jaioterriko arkitektura noblearen eredu; Mariaren etxea hiri-etxebizitzaren erakusgarria da; eta Santa Isabelen etxea, berriz, baratza duen tipologia dotoreko etxea. Beste batzuek, aldiz, klasizismoari edo Errenazimentuari egiten diote erreferentzia, esate baterako, Jaiotza gertatzen den arkupearen hondarrak edo Salomonen tenplua, Erromako San Pietro in Montorio elizan oinarritua. Mariaren etxean altzairu rokokoak daude, XIX. mendean erantsiak, nonbait.
Istorio sakratuak izaera kostunbristako pertsonaien galeria baten bitartez agertzen dira; egilearen garai bereko pinturan edo literaturan ere agertzen dira pertsonaia horiek. Ceán Bermúdez idazle ilustratuak dionaren arabera, Salzillok eskaleak hartzen zituen bere etxean, beretzat eredu gisa jardun zezaten.
Herriko pertsonaia horiekin batera, misterioetako protagonista diren irudi ospetsuak agertzen dira, besteak beste, aberastasun handiz jantzitako aingeruak eta nobleak; era horretara, garai hartako pertsonaia ospetsuen erretratuak ikus litezke, hala nola, Riquelme y Fontes bera, Beniel markesa edo Floridablancako kondea.
Salzillo jatorri italiarrekoa bazen ere –aita italiar eskultorea izan zen, Murtzian hartu zuen bizilekua eta bertan jarri zuen irudigintzan ziharduen familiarteko garrantzizko tailer bat–, jaiotza honen ezaugarri nagusiak honakoak dira: herrian inspiratua, sentimendu erlijioso sakona eta eszenen izaera narratiboa.
Irudiak, hogeita hamar zentimetro ingurukoak, buztinaz modelatuak dira batzuk, eta egurrean zizelkatuak, besteak. Oso modu aberatsean polikromatuta daude, baita zuzenean buztinaren gainean ere, teknika preziosistarekin eta tradizio rokokoari jarraituz. Jantziak kolorearen gainean kolatutako oihalekin eginda daude, eta horien gainean aplikatu da kolorea, hainbat lodieratako pintzelekin; era horretara, zetaren leuntasuna zein artzainen jantzietako ehunen zakartasuna antzeman litezke. Beste teknika batzuek, estofatuaren marradurak esaterako, arrandia ematen diete irudi sakratuen mantu eta tunikei. Koloreei dagokienez, urdina, gorria eta berdea dira nagusi, urre kolorearekin batera. Aingeruak dira irudi sofistikatuenak, esaterako, San Joseren ametsaren atalean agertzen direnak. Jaiotza osoan jantzi mota ugari bereizten dira, tipismo herrikoa jipoi lauan edo gonen brodatuetan, errugabeei lepoa mozten erakusten den eszenan esaterako, edo erromatar soldaduen armadura distiratsuak.
Ebanjelioko eszenen bitartez, espainiar nekazarien ohituren koadro erakargarria proposatzen du Salzillok, haien jantzien ezaugarri ikusgarrienekin, bai eta garai hartako denbora-pasak eta zaletasunak ere, musika edo dantzak, esate baterako. Unibertso herrikoi horretan, bat egiten dute artzain traketsek eta noblezia dotoreek. Morroien graziak, beren jantzi koloretsuak, zetazko galtzerdiak eta kapela dotoreak aurrez aurre dituzte artzainen lakartasuna edo itsumutilaren piltzarrak. Eta horiekin guztiekin batera, naturaz gaindiko izakiak daude, aingeruak, oso modu aberatsean estokatutako tunika urre-koloreekin; izugarrizko samurtasuna ematen diote azken horiek multzo osoari.
Pertsonaia eta keinu aukera zabala erakusten du jaiotzak; errealismo handiko erretratuak egin zituzten, nahiz eta irudiak tamaina txikikoak izan, eta ohituren eta lanbideen erakusgarri bikainak ere badaude, harakin, musikagile edo ehiztari taldeetan ikusi litekeen moduan. Pertsonaia horiekin batera, animalia ugari agertzen dira, esate baterako, Mar Menor itsasoan habia egiten duten hegazti migratzaileak eta zezen, ahuntz eta ardi mota ugari.
Era horretara, Salzilloren jaiotzak nahastu egiten ditu Ebanjelioko testuen inspirazioa eta garai hartako pertsonaiak, jantziak, lanbideak eta ohiturak, modu naturalean eta zuzenean jasoak. Narrazioak, anekdotikoa zenbaitetan, eszenatokiek eta pertsonaiek giro intimoa eta etxekoa lortzen dute, Napoliko presepearen izaera mundutarragoaren oso bestelakoa –hori zen, hain zuzen ere, garai hartako jaiotzetako eskulturaren beste erreferente nagusia–. Alabaina, azken horretan Commedia dell'Arten oinarritutako hiri giroa zen nagusi, eta Salzilloren obran, aldiz, espainiar nekazariak dira emozio errukitsuaren lekuko, izaera intimoagoa eta hurbilagoa emanez obrari.