Rubensen zirriborroak Baionako Bonnat-Helleu museoan - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2022-09-28 • 2023-01-22

Rubensen zirriborroak Baionako Bonnat-Helleu museoan

19. ARETOA

Obra Gonbidatua programak hitzordu berezia proposatzen digu historiako margolari handienetako batekin, haren zirriborroen bidez. Hain zuzen ere, zirriborro sorta bat bildu da, prestalan modura sortua garai hartako ziklo dekoratibo bikainenetako batera –Paradako Dorrea– aldatzeko. Prestalan horiez gainera, erakusketan ikus daiteke Madrilgo Errege Oinutsen monasteriorako 20 tapizetako baterako prestatutako beste zirriborro bat, aurrekoak baino handiagoa. Azkenik, Baionako Bonnat-Helleu museoak maileguan utzitako Rubensen zirriborroak testuinguruan kokatzeko, Paulus Pontiusen (Anberes, 1603-1658) hiru erreprodukzio-grabatu ikus daitezke, bilduma partikular batekoak.

Bere ibilbidearen azken etapan, bizi osoko enkargurik garrantzizkoena jaso zuen Rubensek Filipe IV.arengandik: neurri handiko 115 mihise, Madril kanpoaldean kokatutako Paradako Dorrea ehiza pabiloirako, hura handitu eta berritu nahi baitzuen erregeak. Garai hartan Rubens zen era horretako pintura ziklo bat sortzeko eta enkargua pare bat urtean amaitzeko gaitasuna zuen artista bakarretakoa. Lanaren bolumena eta hura egiteko epea kontuan hartuta, artistak erabaki zuen Anberesko bere lantegiko beste artista flandestar batzuekin lankidetzan jardutea, baina, konposizio bakoitza mihisera eraman aurretik, eskala txikiko zirriborroetan islatu zituen bere ideiak, ohol gaineko olio pinturetan, 1636. urtearen inguruan. Irudi horietako gehienen gaiak mitologikoak dira, eta Ovidioren Metamorfosiak obra dute oinarri. Rubensen irudimen emankorra eta trebetasun teknikoa erakusteaz gainera, artistaren lan prozesuaren eta Antzinate klasikoarekiko zuen sentiberatasunaren lekuko aparta dira.

Rubensen zirriborroetatik zazpi museoan erakusgai jartzeko ezinbestekoa izan da Banco Santander Fundazioaren babesa eta Prado Museoko 1700 bitarteko Flandriako eta Iparraldeko Eskoletako Margolanen Kontserbazio buru Alejandro Vergararen aholkularitza zientifikoa.

Zirriborroen sorta hautatu hau flandestar pintoreak esparru horretan egindako lan handi baina publikoarentzat ezezagunaren erakusgarri bikaina da. Emankortasun handiko garai batean landutako marrazkiak dira: Espainiako gortearen zerbitzuan jardun zuen garaikoak, hain zuzen. Horietako sei Paradako Dorreko dekorazioarekin lotuta daude, eta Espainian egon ziren XVIII. mendearen erdialdera, Infantadoko dukearen esku, beste berrogeita hamar bat zirriborrorekin batera. Bilduma hartatik erosi zituen Victor-Bernard Derrécagaix baionar ofizial eta esploratzaileak (1833-1915), Espainiatik igarotzean. Haren alargunak legatu modura eman zizkion Bonnat-Helleu museoari, 1921ean, Rubensek Errege Oinutsen monasterioko tapizetako baterako egindako beste zirriborro bat gehituta, Derrécagaixek Espainian eskuratua hura ere.



Informazio gehiago





Babeslea: