Erakusketak
Amaituta
2014-05-16 • 2014-09-01
Rocheltarrak
Arteari lotutako bilbotar familia
33. Aretoa
Rocheltarrek, jatorria Europa erdialdean daukaten eta Bizkaian gutxienez XIX. mendearen hasieratik errotuta dauden merkatari eta industrialarien familiako kideek, artearekiko lotura estua izan zuten betidanik, euren lanbidea edozein zela ere. Gutxienez euretako dozena batek pinturarekiko joera izan zuten, eta hainbat ekarpen egin zizkioten Bilboko kultur esparruari, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran. Baina, gainera, hainbat esperientzia partekatu zituzten Anselmo Guinea, Juan de Barroeta, Adolfo Guiard, Darío de Regoyos, Carlos de Haes edota Jaime Moreraren mailako artistekin.
Mikel Lertxundi Galiana historialariak komisariatutako erakusketa honek garai hura berreskuratzen du orain, familiako hainbat kideren artelanen bitartez. Obra horiekin batera, familiako kideekin harremanetan egondako zenbait artistaren lanak ere ikusi ahal izango dira: Guinea, Barroeta, Guiard eta Regoyosenak, hain zuzen ere. Guztira, 71 artelan daude ikusgai; horietatik, 64 Rochelt familiarenak dira, eta 7, berriz, museoaren bildumakoak. Gainera, marrazki, akuarela eta olioekin batera, sorkuntzaren inguruko beste arlo batzuei buruzko dokumentazioa ere ikus daiteke; esate baterako, ilustrazioari edo literaturari buruzkoa.
Erakusketak bederatzi Rocheltarren obrak jasotzen ditu, baina protagonismo berezia eskaintzen die euretako lauri: Gustavo, Ricardo, Juan eta Juan José Rochelti, hain zuzen ere. Beste bostak Carlos, Mario, Rafael, Luis eta Óscar Rochelt dira.
Rocheltarrak. Arteari lotutako bilbotar familia
XIX. mendeko azken hamarkadetan eta XX.eko lehenengoetan ugari izan ziren, Bilboko burgesiaren barruan, artearekiko zaletasuna zutenak eta, euren maila ekonomiko onari esker, euren joerak lantzeko denbora librea zutenak. Bereziki, fenomeno hori jatorri atzerritarreko zenbait familiatan ikusten da, denak ere Hiribildura bizitzera etorritakoak XVIII. mende amaieraren eta XIX.aren hasieraren artean; besteak beste, Lund, Amann, Delmas edo Zamacoistarrak. Horien artean, Rochelt familiako kideak nabarmendu behar dira; izan ere, pintura, literatura edota musikan aritu ziren, bertako artistekin harreman estua izan zuten, eta ekarpen interesgarriak egin zizkioten mende arteko Bilboko kultur testuinguruari, zenbait alorretan: jai-ekitaldietan, oroitzapenezko jardueretan zein karitate-ekintzetan, erakusketa artistikoetan, prentsarako, liburuetarako eta karteletarako marrazkietan, eta errealizazio piktoriko indibidualetan.
Bilboko jaiak
Familiako kideek beti izan zuten lotura estua bertako jaien antolatzaileekin. Ezohiko ekitaldien artean, nabarmentzeko modukoak dira errege-erreginen bisitak; esate baterako, 1876an Alfontso XII.a Bilbora etorri zenekoa, edo erreginaordeak 1887an Bilbo bisitatu zuenekoa. 1879 eta 1880. urteetako abuztuko jaietan itsasadarrean egindako herri-antzerki emankizunak ere aipatzeko modukoak dira; ekitaldi horietan, hurrenez hurren, itsasadarrak Itsaso Adriatikoaren itxura hartu zuen, Veneziako Dux-ari harrera egiterakoan; eta, hurrengo urtean, faraoien garaiko Niloren itxura hartu zuen. Era berean, 1880an eta 1900ean, Begoñako Amaren santutegirako erromesaldia antolatzen aritu ziren.
Karitate-ekintzak eta oroitzapenezko jarduerak
Rocheltarrek, burgesiako kideen artean ohikoa zen moduan, komunitatearen zerbitzurako zenbait ekimenetan hartu zuten parte. Besteak beste, 1884an, Luis eta Ramón Rocheltek zenbait artelan eman zituzten dohaintzan kermesse baterako (musika edo antzerki bidez animatutako ongintzako ekitaldia); jaialdi hori, hain zuzen ere, itsasadarreko barran Naufragoak Salbatzeko Estazioa ordaintzeko antolatu zen. Era berean, Bilboko Santiago basilikako dorrea (Severino Achúcarrok proiektatutakoa) egiteko obren aldeko ekintzetan ere hartu zuten parte: Óscar Rocheltek dirua biltzeko asmoa zuen tonbolaren kartela ilustratu zuen, eta Gustavo Rocheltek sei akuarela eman zituen dohaintzan, zozketarako.
Erakusketak
Familiak ez zuen presentzia handirik izan XIX. mende amaierako hamarkadetan Bilbon egin ziren erakusketa urrietan –erakusketa batean aritu ziren aldi bakarra Bizkaiko Erakusketa Probintziala izan zen, 1882an–. Alabaina, modu aktiboan hartu zuten parte erakusketak antolatzen. XX. mendean, Juan José Rocheltek, 1913tik Euskal Artisten Elkarteko kidea zenak, zenbait erakusketa interesgarri egin zituen elkartearen egoitzan eta Bilboko, Bartzelonako eta Madrilgo galerietan.
Prentsa, liburu eta karteletarako marrazkiak
Atal honetan, nabarmentzeko modukoak dira Rafael Rocheltek La Ilustración Española y Americana aldizkarirako egindako lanak. Hain zuzen ere, argitalpen hori 1869an sortu zen Madrilen, Parisko L’Illustration aldizkariaren ildotik. Argitalpen horren enkarguz, Bilboko txokoei buruzko zenbait ikuspegi egin zituen, Antonio de Trueba idazlearen artikululetarako. Geroago, Óscar Rocheltek El Boceto (1883) astekari literario eta artistikoaren sorreran hartu zuen parte, eta garai hartako beste argitalpen batzuetarako marrazkiak egin zituen. Alfredok eta, batez ere, Juan Rocheltek ere zenbait marrazki egin zituzten helburu berarekin. Azkenik, Óscar Rocheltek kartelgintzari egindako ekarpena nabarmendu behar da.
Rocheltarrak eta pintura
Familia barruan, joera artistikoari hasiera eman ziotenak Ricardo eta Gustavo Rochelt Palme izan ziren, eta, gero, grina hori Ricardoren semeei (Óscar eta Mario) eta bien lobei (Juan, Carlos, Luis eta Rafael) transmititu zieten. Baina, batez ere, XIX. mende amaierako hamarkadetan Bizkaian zeuden artistarik interesgarrienekin izandako lotura estua guztiz funtsezkoa izan zen; horien artean zeuden Anselmo Guinea, Adolfo Guiard edota Manuel Losada, bai eta euskal artearen testuinguruarekin erlazionatutako beste batzuk ere: Carlos de Haes, Jaime Morera edo Darío de Regoyos, batzuk aipatzearren. Adibide paradigmatiko gisa, Juan eta Guiard adiskideak izan ziren, eta, aldi berean, Guiarden ikasleetako bat Óscar izan zen.
Rocheltarren jardun piktorikoaren lehenengo aztarnak 1870eko hamarkadan daude dokumentatuta, garai hartakoak baitira Ricardo, Gustavo eta Juanek sinatutako zenbait akuarela. Lehenengo biek paisaia tradizionala irudikatzen dute, industrializazioaren eragina saihestuz. Hori horrela, Bilboko bildumagileen gustua asez, Bilbo inguruko ikuspegi nostalgikoak jasotzen dira bertan. Modernitatea Guiardekiko adiskidetasunaren bitartez heldu zen Rocheltarrengana. Era berean, Guiardek eragin nabarmena izan zuen Juanengan. Azken horrek tratua izan zuen Regoyos miretsiarekin, eta mirespen hori transmititu zion Juan José lobari. Hain justu, Juan Josék egindako paisaietan inpresionista asturiarraren pinturaren eragina sumatzen da, eta berrogeita hamarreko hamarkadaren hasierara arte luzatu zuen eragin hori.
Irudian:
Juan José Rochelt
Barcelona, calle Pelayo n.º 257, c. 1942
Olioa mihisean. 81 x 65 cm
Bilboko Arte Ederren Museoa