Erakusketa: Retrato de la marquesa de Santa Cruz, 1805 - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2008-10-28 • 2009-01-18

Retrato de la marquesa de Santa Cruz, 1805

Pradoko Museo Nazionalaren Mailegua

15. Aretoa

Bilboko Arte Eder Museoaren mendeurrena dela eta, eta efemeride horri ekarpen berezia egin nahian, Pradoko Museoak erabaki du obra berezi hau (zenbait gorabeheraren ostean, Pradoko Museoaren bilduman sartu zen 1986an) maileguan lagako diola Bilboko Arte Eder Museoari. Goyaren lanik aipagarrienetakoa da, 'majak' baino bost urte geroago pintatutakoa, eta, bertan, Joaquina Téllez-Girón y Alfonso-Pimentel andrea agertzen da, Santa Cruzeko markesa, alegia. Erretratatutako andrea oso miretsia izan zen bere garaian, eta aristokrazia ilustratuaren adierazle argitzat zegoen hartuta. Etzanda agertzen da, Frantziako modan jantzita. Buru gainean, haritz-hostoz eta fruituz egindako koroa darama (bertutearen, indarraren eta konstantziaren sinboloa da), eta, eskuan, gitarra-lira bat, Goyak mundu klasikoari buruz zeukan lotura pertsonala indartuz.

Lan hau Félix Valdés bildumagile bilbotarrarena izan zen 1941etik 1983ra, eta, urtarrilaren 25era arte, Museoko Eraikin Zaharreko 15. aretoan egongo da ikusgai, Bilboko Arte Eder Museoaren bildumako margorik garrantzitsuenetakoak diren beste bi koadrorekin batera: Francisco de Goyaren Martín Zapaterren erretratua (1797) eta Moratín poetaren erretratua (1824).

 



Joaquina Téllez-Girón y Alfonso-Pimentel (1784-1851) andrea Osunako IX. dukeen alaba zen, eta, 1801eko ekainaren 11n José Gabriel de Silva Bazán y Waldstein jaunarekin ezkondu zenetik, Santa Cruz de Mudelako X. eta  Villasorreko IX. markesa izan zen. Bere garaikideek gehien miretsi zuten emakumeetako bat izan zen, eta, adibidez, Lady Hollandek gorteko emakumerik ederrena zela zioen. 1803an idatzi zituen oroitzapenetan, bidaiari ingelesak hauxe zioen markesari buruz: "izugarri ederra da eta, hizketan ari denean, irribarre iradokitzaile eta xarmagarria dauka". Goyak modu ameslarian pintatu zuen, ikusleari begira, ia-ia ikusleari berba egingo balio bezala. Gainera, Goyak emakumearen lilura islatzen jakin zuen, gorputzaren formak modu adierazgarrian erakusten dituen soinekoko gazaren gardentasun iradokitzaileei esker. Margolariak ez zuen honelako beste erretraturik egin, non modeloa kanape batean baitago etzanda; margo honekin lotu daitezkeen aurrekari bakarrak, beti ere Goyaren lehenago obrak kontuan hartuta, Maja biluzia (1800. urtea baino apur bat lehenagoko data dauka) eta Neska gaztea lotan (1790 ingurukoa) dira. Azken horren kasuan, neskatoa lastozko besaldi batean dago etzanda, eta, markesaren antzera, zuriz dago jantzita, Santa Cruzeko markesaren utzikeria sentsualari aurrea hartuz.
 
Bere ama bezala, Joaquina poeta eta literatoen laguna zen, eta aristokrata kultuaren ideala ordezkatzen zuen; izan ere, sustraiak Ilustrazioan zituen, eta kontuan hartzen zituen heziketa femenino modernoaren hasiera sustatzeko ematen ziren gomendioak. Goyak umetan ezagutu zuen, eta haren gurasoekin eta ordura arte jaiotako beste hiru neba-ahizpekin batera erretratatu zuen. 1786ko familia-erretratu handi hori Pradoko Museoan dago. 

1805eko erretratu honetan, markesa gaztaro betean agertzen da, hogeita bat urterekin. Belus purpura zoragarriz forratutako kanape batean etzanda dago, gaza zurizko soineko eskotedun batekin, Frantziako modan. Buruan, berriz, haritzaren hostoak eta fruituak ditu, garai hartan lorez eta frutaz egiten ziren burukoen modaren arabera. Kasu honetan, buruko apaindurek bertutea, konstantzia eta sendotasuna sinbolizatzen dute. Emakumea aurkezteko modu hori Antzinarotik datorren ikonografian oinarritzen da, zeina neoklasizismoak berreskuratu baitzuen. Bertan, figura femeninoa ohean etzanda agertzen da, erromatarren hileta-erretratuetan bezala. Hala ere, beste artista garaikide batzuek erabilitako ortodoxia formal zorrotzeko eskema zurrunei (horien artean daude David frantziarra, 1800eko Madame de Récamier lanarekin –Louvre Museoa–, edo Antonio Canova italiarra, 1805-1808. urteen artean egindako Paulina Borgheseren erretratu eskultorikoarekin –Erroma, Galleria Borghese–) aurka eginez, badirudi Goyak nahita apurtzen dituela neoklasizismoaren kanonak, pintura espainiar eta italiarraren aberastasun formal eta koloretsuan bilatuz inspirazioa. Modu horretan, bere ideiak eta garai hartako moda elkartu zituen, eta edertasun formal malguagoko irudi bat sortu zen, emakumeen edertasuna modu zoragarrian islatu zuten lehenagoko obra batzuetan inspiratuta; aipatutako lanen artean leudeke, besteak beste, Tizianoren Venus eta musika (garai hartan Erret Bilduman zegoen, eta, gaur egun, Pradoko Museoan), Velázquezen Ispiluko Venus (Albako dukesaren bilduman, edo, geroago, Godoy jauregian ikusi ahal izan zuen) eta Guercino eta Guido Reniren mihiseak. Denek ere beren oihartzunak

dituzte aipatzen ari garen konposizio honetan, teknika eta kolore bereziengatik. Koaderno italiarra lanean, Goyak, besteak beste, Genoako ikuspegiak aipatzen zituen. Ikuspegi horiek arreta piztu zioten, eta hau apuntatu zuen, gerora oroitu ahal izateko: "... cuadro di Guydo e duy di Rubens, Carlo Maratti e di Guarchino". XVIII. mendean, Guercinok Genoan zeukan obra interesgarri bakarra Kleopatraren heriotza zen, zeina, 1756. urtetik, Palazzo Rosso edo Palazzo Brignolen baitzegoen. Lan hori garai hartako gidaliburuek ere aipatzen zuten; esate baterako, 1766an, Goya bidaian joan baino apur bat lehenago, Carlo Giuseppe Rattik idatzitako "Istruzione di quanto può vedersi di più bello in Genova" lanean ere badago horri buruzko aipamenik.Guercinok pintatutako Egiptoko erreginaren figura zuriz jantzita zegoen. Ohean etzanda eta konortea galduta agertzen zen, eta atzealdea tonu bioleta iluna zuten gortinez eta karmin koloreko belusez zegoen osatuta. Goyak ere antzeko espazioa sortu zuen, Santa Cruzeko markesaren etzandako figura sentsuala irudikatzeko.

Koadroan, markesa gazteak lira formako gitarra baten gainean dauka bermatuta ezkerreko besoa. Instrumentu hori modan zegoen garai hartan, eta, beste behin ere, mundu klasikoa imitatzen duen elementua da. Gitarra-lira horiek ondo ezagutzen dira, XVIII. mendeko luthierren zenbait bildumatan gordetako ale batzuei esker, esate baterako, J. G. Thielemannen instrumentuei esker (Arte Eder Museoa, Boston edo Berlingo Staatliches Institut für Musikforschung). Bertan, erresonantzia-kutxaren zuloaren dekorazioa ikus daiteke, lau besoko gurutze batekin (halakoxea da markesaren instrumentua ere). Antzeko "lira" batekin, Antonio Canova eskultoreak Alexandrine de Bleschamp erretratatu zuen, 1811n (Fondazione Magnani-Rocca, Mamiano de Traversetolo, Italia). Dantzaren, poesia arinaren eta kantu koralaren musa den Terpsikoreren estiloan erretratatu zuen, hain zuzen ere. Beharbada, Goyak identitate horrekin erretratatu zuen markesa, zeren eta, Terpsikore Musa lanean ere, lira objektu sinboliko gisa agertzen zen, Suediako Kristina erreginaren bildumatik ekarritako eskultura klasikoen seriean (XVIII. mendean, Espainiako Erret Bilduman zegoen, La Granja jauregian; orain, berriz, Pradoko Museoan dago). Alabaina, Musak islatzeko orduan, definizio eza izaten da nagusi, eta, ondorioz, zaila da markesa Musetako batekin identifikatzea; esate baterako, Eratok, poesia lirikoaren musak, Apoloren lira zeraman (Espainiako bildumako Musen eskulturetan ere bai). Hain zuzen ere, Musa guztiak Apoloren menpe zeuden, eta horrek markesaren poesia-zaletasunera garamatza. Beharbada, Goyak figura bakarrean elkartu nahi zituen markesa gaztearen zaletasun artistiko ugariak, bere garaiko benetako musa gisa aurkezteko. Errepresentazio alegoriko hauek, estilo klasikokoak, ohikoak izan ziren XVIII. mendeko eta XIX. mendearen hasierako erretratu femeninoetan, eta Goyak maisuki egokitu zituen bere estilora eta modeloak aurkezteko modu berezira.   

Koadroa kontserbazio egoera bikainean dago, eta ezin hobeto mantentzen du jatorrizko teknika, tonuen arteko harreman bikainak agerian utziz. Gune batzuetan, materia enpaste loditan dago aplikatuta; esate baterako, soinekoaren gaza zurian, argiztapena indartsuagoa den guneetan edo damaren bekokiaren gainean, hostoz eta frutaz egindako koroan. Hala ere, beste gune batzuetan, Goyak tonu ugariko pintzelada labur, delikatu eta leunak egin zituen, adibidez, aurpegian edo xehetasun handiz pintatutako eskuineko eskuan. Pintzelada luze eta arinak (artistak olioan disolbatu zituen pigmentuak, ia-ia akuarelak balira bezala) dibaneko eta atzealdeko gortinetako karmin, purpura eta malbetarako daude erreserbatuta. Bi elementu horiek, euren funtzioagatik eta izaeragatik, modu arinagoan daude eginda, baina zehaztasunez eta marrazketa onez, hala ere. Bere garaian ere aitortu izan zen Goyaren lan hau oso ederra zela, eta Javier Goyak bere aitari buruz idatzitako biografian aipatu zuen erretratu bakarra da (San Fernandoko Akademiarako idatzi zuen lan hori, margolaria hil ostean). Konposizioaren xarma misteriotsuaren zati handi bat modeloaren edertasunean datza, eta Mayerrek, XX. mende hasierako arte espainiarrari buruzko historialaririk garrantzitsuenetakoak, emakume gaztearen izaera indibiduala harrapatzera heldu gabe, musa bat baino ez zela pentsatu zuen.

Hasieran, mihisea Santa Cruzeko markesen bildumakoa zen, eta, F.J. Sánchez Cantónek jasotako albisteen arabera, 1910 eta 1915. urteen artean Espainiako Bankuan egon zen gordailuan, María Luisa infantaren, Zahara markesaren eta María Josefa de Silvaren jabetzan. Hala ere, Aureliano de Beruetek, Goyaren erretratuei buruzko liburukian (1916), Pie de Conchako kondearen bilduman zegoela aipatu zuen. Edozelan ere, 1928an, Goyari buruzko erakusketa egin zen Pradoko Museoan, eta koadro hau ere hantxe egon zen. Urte hartan, jabeak lehen aipatutako hirurak izan ziren. Kondairaren arabera, eta egia dela dirudi, 2. Mundu Gerran, 1941. urtearen inguruan, Franco jeneralak koadro hau oparitu nahi izan zion Adolf Hitlerri, liraren erresonantzia-kutxa apaintzen duen dekorazio-elementua esbastika naziarekin erlazionatu zuenean. Azkenean ez zion

oparirik egin, eta, José López Reyren arabera, Félix Fernández Valdés bildumagile bilbotarrak eskuratu zuen koadroa, 1.600.000 pezetaren truke. 1983an, bildumagilea hiltzean, lana haren oinordekoen eskuetara pasatu zen. Atzerriko bildumagileei saldu zitzaien, eta jabe berriek modu klandestinoan esportatu zuten Espainiara. Estatu Batuetako museo ospetsu bati eskaini zitzaion, baina museoak uko egin zion koadroa erosteari, mihisearen egoera zela eta. Hori horrela, 1986an, Londresen jarri zen salgai, Christie's enkante-etxean. Espainiar Estatua, Kultura Ministerioren bitartez, koadroa legez erreklamatzen hasi zen 1984an, eta epaitegi britainiarrek salmenta gerarazteko epaia eman zuten; modu horretan, koadroa berreskuratu egin zen, eta 800.000.000 pezetako kalte-ordainak ordaindu behar izan zitzaizkien jabeei. 1986an, koadroa Estatuko bildumetan integratu zen, eta Pradoko Museoan jarri zen. Geroztik, Goyari buruzko zenbait erakusketatan egon da ikusgai, Madrilen, Bostonen, New Yorken eta Vienan. 

 

Texto: Manuela B. Mena Marqués
Goya eta XVIII. mendeko Pinturako Kontserbazio Burua. Pradoko Museo Nazionala, Madril

 

Francisco de Goya (Fuendetodos, Zaragoza, 1746-Burdeos, Frantzia, 1828)
Santa Cruzeko markesaren erretratua, 1805
Olioa mihisean. 124,7 x 207,9 cm
Madril, Pradoko Museo Nazionala (kat.: 7070)

Babeslea: