Erakusketak
Amaituta
2007-10-08 • 2008-01-13
Poussin eta Natura
BBK Aretoa
"Nahi nuke, Poussinek bezala, belarra arrazoiz eta zerua negarrez bete."
Paul Cézanne
Poussin eta Natura erakusketari esker, Nicolas Poussinek (1594−1665) paisaia-pinturari egin zizkion ekarpenei buruzko erakusketa monografikoa ikusteko aukera izango dugu, lehen aldiz. Gainera, Estatuan Poussini buruz egiten den lehenengo erakusketa da. Kontuan izan behar da Poussin Frantziako margolaririk garrantzitsuena dela, Paul Cézannekin batera.
Pierre Rosenberg (Académie frantziarreko kide, Louvre Museoaren presidente eta ohorezko zuzendari, eta Poussinen lanari buruzko aditurik ospetsuenetakoa –Poussinen pinturen katalogo arrazoitua egiten ari da une honetan–) arduratu da proiektuaren zuzendaritza zientifikoaz eta erakusketako komisarioa izateaz. Hori horrela, 85 obrako hautaketa prestatu du Bilborako, tartean daudelarik pinturak eta marrazkiak.
Rosenbergek eta Bilboko Arte Eder Museoak prestatutako proiektuaren garrantzia dela eta, New Yorkeko Metropolitan Museum of Art oso interesatuta agertu da erakusketarekin. Denon arteko lankidetzari esker, mailegu apartak lortu dira: Musée du Louvre museoko 6 poussin bikain, Londresko National Galleryko 3 lan eta Prado Museoko beste hainbeste, gutxi batzuk baino ez aipatzearren. Horretaz gain, Londres, Oxford, Liverpool, Viena, Stockholm, Düsseldorf, Stuttgart, Turin, Florentzia, Venezia, Erroma, Montreal, Los Angeles eta New Yorkeko museo ospetsu eta bilduma partikular askoren lankidetza ere izan dugu, besteak beste.
Poussin eta Natura erakusketari esker, publikoak eta adituek Poussinen bilakaera estilistikoa eta pentsamendu estetikoaren eraldaketa ulertu ahal izango dute; izan ere, artearen historian beste artista gutxik egin duten bezala islatu zuen natura Poussinek.
Erakusketarekin batera, katalogo bat prestatu da, margolariaren zenbait obraren datazioari eta egiletzari buruzko zalantzak konpontzeko asmoz; izan ere, historialariak ez daude oraindik erabat ados gai horiei buruz. Helburu berarekin, margolariaren marrazkiak biltzen dituen areto berezia prestatu da. Katalogoan Pierre Rosenbergen artikuluak daude jasota, bai eta Nicolas Poussinen lanari buruzko nazioarteko aditurik handienen testuak ere.
Bilboko Arte Eder Museoko Poussin eta Natura erakusketak amaiera ematen die erakusketaren babeslea den BBKren mendeurreneko ospakizunei, eta hasiera eman, berriz, Museoaren sorreraren mendeurrenekoei, 1908an sortu baitzen.
Nicolas Poussin (Les Andelys, Normandia, 1594—Erroma, 1665)
Nicolas Poussin mendebaldeko pinturako paisaia-egilerik nagusienetakoa da. Oso estimatua izan zen XVII. mendeko Erromako mundu intelektualean (bere bizitzaren zati handi bat Erroman eman zuen). Margolari honengatiko eta bere lanarengatiko mirespena gaur egunera arte heldu da, eta idazle, poeta eta margolari askok konpartitzen dute estimu hori: Turner, Ingres, Cézanne eta Picassok, besteak beste: Paisaia, eguzkiaren bila ari den Orion itsuarekin lana Reynoldsena izan zen. Erromako jakintsu eta bildumagileen debozioa ere izan zuen, esate baterako, Cassiano dal Pozzo ospetsuarena. Erregeek ere miretsi egiten zuten: Luis XIV.ak, adibidez, Lau urtaroak seriea izan zuen, eta Felipe IV.ak, berriz, Paisaia San Jeronimorekin egiteko enkargatu zion.
Hala ere, gutxi dakigu haren biografiari buruz, bereziki Erromara 1624an joan baino lehenagoko haurtzaroari eta gaztaroari buruz. Hasierako urte haietan, bere pintura zenbait inspirazio-iturritan oinarritzen zen: erliebe erromatarretako figuren banaketan; Bellini, Giorgione eta Tizianoren kolore veneziar ugarietan; Rafaelen marrazki zehatzean eta Domenichinoren konposizio ordenatuan, besteak beste. Gaiei dagokienez, interesatuta zegoen Testamentu Zahar eta Berriko narrazioekin, iturri literario greziar eta erromatarretako mitologiarekin −Ovidio, Virgilio eta Horazio− eta Antzinaroko Historiarekin. Obra horietan, Bakoren hazkuntza laneko paisaietan, natura narrazio nagusiaren atzealde gisa agertzen da.
XVII. mendeko berrogeiko hamarkadan, paisaiak protagonismoa hartu zuen eta natura giza gorabeheren hausnarketarako elementu bihurtu zen, «paisaia heroikoak» izeneko konposizioetan. Ondorioz, Poussin «margolari-filosofotzat» hartua izan zen.
Poussinen trebakuntza humanista eta antzinako garaiei buruzko erudizioa ere presente daude bere pinturen errepertorio arkitektonikoan. Hori horrela, goratu egiten du Antzinaroko xumetasuna, Paisaia, antzinako hilobi batekin eta figura birekin edo Paisaia Orfeo eta Euridizerekin obretan, adibidez.
Natura elementu nagusi bihurtzean (esate baterako, Paisaia oinak garbitzen ari den gizon batekin lanean), pertsonaien kokapena konplexuagoa zen, eta horrek sakontasun espazial handiagoa eta kanpoko eszenatokiei dagokien argiztapena eskatzen zuen. Pinturako generoen hierarkia tradizionala alderantziz jartze horrek −paisaiak historiak baino maila baxuagoa zuen pinturan− beharrizan artistiko berriak ekarri zizkion Poussini. Ekaitza lanean, adibidez, natura elementu «goren» gisa hartzen da, eta, horrela, paisaia erromantikoaren aitzindari bihurtzen da.
Azken batean, Poussin margolari klasizistarik onenetakoa izatera heldu zen, istorio eredugarriak kontatzeko zuen abildadeagatik eta perspektiba, konposizioa eta argia maisuki erabiltzeagatik. Multzoa zenbait lerro diagonalen bidez ordenatzen da −hori horrela, figuren besoak eta bidea sarritan errepikatzen diren elementuak dira−, eta lerro horiek paisaia osatzen duten planoetatik gidatzen dute begirada, lehen planoko figuretan hasi eta atzealdeko mendietara heldu arte. Modu horretan, Poussinek ezin hobeto integratzen zituen figurak, arkitektura eta paisaia.
Apurka-apurka, naturaren presentziak gero eta intentsitate handiagoa hartu zuen, eta, azkenean, 1657 eta 1665. urteen artean (azken urte horretan hil zen margolaria), Poussinek «paisaia poetikoak» deitutakoak egin zituen, balio estetiko eta sinbolikoengatik aukeratutako forma naturalei protagonismo argia emanez. Adibide gisa, Poussinen margoetan agertu ohi diren arte dotoreek konposizioa kokatzeko eta ordenatzeko balio dute, baina, horretaz gain, balio morala ere ematen dute, indarraren eta adorearen sinbolo diren aldetik. Ildo beretik, makalak (doluarekin erlazionatutako zuhaitzak) presente daude Paisaia Fozionen errautsekin lanean. Heldutasuneko garai horretako maisulanetako bat Paisaia Diogenesekin da.
Amaierako obra horietan, Poussinek gizakiaren eta naturaren arteko harremanean sakondu zuen. Giza pasioak eta tragediak natura izugarri eta sorgorraren zikloetan sartzen dira, gizakiari bere azken patua zein den gogoraraziz. Poussinek iraganaren herentzia eta naturaren handitasuna uztartu zituen, alegoria moral hori egiteko. Landaretzaren eta zeruaren kolore urdin eta berdeen edertasuna, argiaren kalitate bikaina eta arkitekturen eta pertsonaien kokapen harmonikoa direla eta, Poussinen lanak artearen historia osoko pasarterik miresgarrienetakoa osatzen du.
Nicolas Poussinen bizitzako data garrantzitsuak
1594. Nicolas Poussin Rouen hiritik (Normandia) 40 kilometro ingurura dagoen Les Andelys azoka-hiribilduan jaio zen, Sena ibaiaren alboan. Antza denez, bere familia jatorri noblekoa zen, baina ez zuen maila ekonomiko onik. Gauza gutxi dakigu bere hasierako urteei buruz. Dirudienez, hizkuntza latinoan eta klasikoetan oinarrituta hezi zen, eta esperientzia horrek bere obra osoan agertuko zen marka ezabaezina utzi zion. 1611-1612an, Quentin Varin artista manierista berantiarrarekin aritu zen lanean, Les Andelysen.
1612. urtearen inguruan. Poussinek gurasoen etxea utzi zuen eta Parisera joan zen, seguruenik Rouenetik pasatuz. Zenbait maisurekin aritzen saiatu zen; Poitoun lan egin eta Erromara joateko ahalegin bat gutxienez egin zuen (Florentziaraino heldu zen), denboraldi bat Lyonen ere emanez. Osasun txarra eta pobrezia zela eta, Parisera bueltatu behar izan zuen, eta, han, 1622an, bere zoriak hobera egin zuen: Inazio Loiolakoa eta Frantzisko Xabierkoa kanonizatu behar zituztela eta, sei mihise pintatu zituen Jesuitentzat. Obra horiek une hartan Parisen zegoen Giambattista Marino (1569-1625) poeta italiar handiaren arreta piztu zuten. Marinok Ovidioren Metamorfosiak lanean oinarritutako marrazki serie bat egiteko enkargatu zion, eta, emaitzarekin harrituta, berarekin batera Erromara joateko gonbita egin zion. Aldez aurretik, Poussinek Notre Damerako koadro bat amaitu behar izan zuen.
1624. Erromara heldu zen, seguruenik Veneziatik pasatu ostean. Gure iturririk zaharrenetako baten arabera (Giulio Mancini, arte aditua eta aita santuaren medikua izandakoa), Poussinen estilo veneziarra da harenganako arreta pizten duen lehenengo gauza, albo batean utzi gabe zeukan erudizio literarioa eta "edozein istorio, fabula edo poema ulertu eta, ondoren, pintzelarekin modurik egokienean adierazteko" zeukan gaitasuna. Marino hirian bizi zen Poussin heldu zenean, eta, Napolira joan baino lehen (han hil zen 1625ean), Poussini buruzko gomendioa bidali zion aita santuaren diruzaina zen Marcello Sacchettiri. Sacchettik, era berean, Francesco Barberini (Urbano VIII.a aita santuaren loba) aurkeztu zion Poussini. Poussinek Barberinitarren idazkari aparta ere ezagutu zuen, Cassiano dal Pozzo. Gizon hori funtsezko figura izan zen bere karrera goiztiarrean. Barberinitarrekin izandako harremanak oso ondorio garrantzitsuak izan zituen, baina 1625eko martxotik 1626ko abendura bitartean, Francesco Barberini kardinala (eta, berarekin batera, Dal Pozzo) Madrilera bidali zuten misio diplomatikoan. Ondorioz, Poussin babesle eta mezenasik gabe geratu zen. Poussinek merkaturako pintatu zituen bere hasierako obretako asko, eta horrek azaltzen du zergatik diren hain kalitate desberdinekoak euren artean. Bere biografoetako baten (Sandrart) arabera, obra horiek, funtsean "bakanalak, satiroak eta ninfak ziren, Ovidiorengandik hartuak eta hondakin eta paisaien artean jarriak". Maiz aldatu zen etxebizitzaz, eta François Duquesnoy eskultore flandestarrarekin ere egon zen bizitzen. Harekin, antzinako estatuak neurtzen zituen eta, horrela, arte greziar eta erromatarrari buruzko ideiak osatzen hasi zen. Modelo biziekin ere ikasi zuen, lehenengo Domenichinoren estudioan eta gero Andrea Sacchirenean. Biak ziren estilo klasikoaren ordezkariak. Era berean, Claudio de Lorena gaztearekin batera, txangoak egiten zituen Erromako Campagna ingurura, naturari buruzko marrazkiak egitera. 1626 –1627an, bere karrerak norabide erabakigarria hartu zuen, Francesco Barberini kardinalarentzat Jerusalemgo Tenpluaren suntsipena eta Germanikoren heriotza lanak pintatu zituenean. Konposizio horiek oso ondo eginda daude, kolore veneziarra eta marrazki rafaeldarra uztartzen dituen estiloan; horrek kanon berria ezarri zuen pintura klasikoan, agerian geratuz Poussinek etorkizunean emaitza handiak lortuko zituela historia-margolari gisa. 1628an, Cassiano dal Pozzo eta Francesco Barberiniren babesari esker, prestigio handiko lana egiteko enkargua jaso zuen: San Pedro basilikako aldarerako koadro bat pintatzea, hain zuzen. Poussinek laster baztertu zituen lan publiko horiek, kabineteko koadroak pintatzen hasteko. Horretarako, Ovidioren Metamorfosiak obratik, Tassoren lanetatik, Erromako historiatik eta Bibliatik hartutako gaiak erabiltzen zituen. 1629an, Jacques Dughet sukaldari frantziarraren familiarekin bizitzen egon zen; sukaldaria Poussin zaintzen ibili zen, margolaria gaixorik zegoen eta (seguruenik sifilia zuen). 1630ean, Dugheten alaba batekin ezkondu zen, eta eskolak eman zizkien bere koinatuei. Horietako bat, Gaspard Dughet (1615-75), paisaia-margolari ona izatera helduko zen, Poussinen estiloari jarraituz. Urte horietako faktore garrantzitsuetako bat da Cassiano dal Pozzo oso interesatuta egon zela natur zientziekin, kultura klasikoarekin eta kultura paleokristauarekin. Haren bitartez, Poussinek aita Zacconili teatindarraren optika-tratatuak eta Leonardo da Vinciren idazkiak ezagutu zituen. 1620ko hamarkadan Cassianorentzat pintatu zituen konposizio mitologiko eta paisaia ugarietatik aparte (Tizianok inspiratuta), 1635-1642. urteen artean Poussinek Zazpi Sakramentuei buruzko mihiseen serie bikaina egin zuen. Apartak dira duten argitasunagatik, Antzinaroari buruzko erudizioagatik eta inguru arkitektonikoen araztasunagatik. Ezaugarri horiek garai bereko bere paisaia-pinturan ere badaude. Sarritan, Poussin arkitekturetan aditua zen Jean Lemairerekin (1598-1659) aritu izan zen lankidetzan. Garai hartan, adituz osatutako bezero talde bat zeukan Erroman. Nabarmendu beharrekoa da, era berean, bakanalen serie bat pintatu zuela Richelieu kardinalarentzat. 1636-1637an, Paisaia San Jeronimorekin egin zuen, Felipe IV.ak Madrilen zeukan jauregiko (Buen Retiro) dekoraziorako. Créquy mariskala, Phélypeaux de La Vrillière eta Paul Fréart de Chantelou zeuden bere bezerorik garrantzitsuenen artean.
1640. 1639an, François Sublet de Noyers surintendant des bâtiments delakoak premier peintre du roi postua eman zion. Poussinek 1640ko amaierara arte atzeratu zuen Parisera joateko bidaia, eta, han, Richelieu kardinalak eta Luis XIII.ak egin zioten harrera. Enkargu ofizialek ez zuten zerikusirik bere lan egiteko moduarekin; izan ere, aldareetarako koadroak eta dekorazio-lan handiak eskatzen zizkioten. Bere lanik nagusiena Louvreko Grande Galerie dekoratzea izan zen. Italiako bildumagileekin zituen harremanak mantendu egin zituen (batez ere, Cassiano dal Pozzorekin), eta, 1642an, Erromara joan zen, bere emaztearen bila joan behar zuela esanez. 1642ko abenduan Richelieu hil zen, eta 1643ko maiatzean, erregea; ondorioz, gorteko obligazioetatik libre geratu zen.
1642. Erromara itzulita, Poussin inoiz baino eskaera gehiago jasotzen hasi zen. Bezero italiarrez gain, bildumagile frantziarrak ere agertzen hasi ziren. Horien artean, bereziki garrantzitsua izan zen 1645-1647eta 1654-1655. urteen artean Erroman bizitako Jean Pointel bankaria. Poussinek bere mezenas frantziarrekin (batez ere, Chantelourekin) izandako gutun-trukeari esker, badakigu kezkaz jarraitu zituela Frondako gorabehera politikoak (1648-1653), zeinak Frantziako bezero askori eragin baitzien. Era berean, Masaniellok Napolin espainiar opresioaren aurka egindako iraultza herrikoia ere (1647) hurbiletik jarraitu zuen. Ikerlari batzuek jarrera politikoak ikusi nahi izan dituzte bere paisaietan. Bere gutun askotan, Poussinek neoestoikoen ideiekin bat zetorren bizi-jarrera agertzen du, eta hori ere funtsezkotzat hartu izan da bere obra berantiar askoren tonu serio eta latza ulertzeko. 1648an, Chantelourentzat Zazpi Sakramentuen ziklo handia amaitzean (XVII. mendeko pinturaren gailurretako bat da), Poussinek adierazi zuen gogoa zuela "Zazpi Sakramentu horiek beste zazpi istorio bihurtzeko, non modu bizian islatuko baitira zoriak gizakiei sekula eman dizkien eraldaketarik arraroenak". Hitz horiek, besteak beste, Paisaia, sugeak hildako gizon batekin eta Paisaia ekaitzarekin lanekin erlazionatu izan dira. Hala ere, beste paisaia batzuetan, zenbaitzuk panteistatzat jo izan duten ukitu poetiko eta idilikoa dago. Zalantzarik ez dagoena da paisaiek galdera liluragarriak sortzen dituztela Poussinek bizitzaren eta artearen inguruan zuen jarrerari buruz.
1664. Poussinen emaztea gaixoaldi luze baten ostean hil zen. Margolariak urteak zeramatzan gero eta zailtasun handiagoz pintatzen (pultsua falta zitzaion); ondorioz, pintzelak albo batean utzi eta amaitu gabeko Apolo eta Dafne lana Camillo Massimiri oparitu zion.
1665. Urtarrilean, gerora bere biografoa izango zen André Félibieni idatzi zion, zituen ajeei buruzko kexak azalduz eta esanez heriotzarako prestatzen hastea baino ez zitzaiola geratzen. 1665eko azaroaren 19an hil zen, eta San Lorenzo in Lucina parrokia-elizan hilobiratu zuten; Bellori biografoaren arabera, bere adiskideak eta artista lagunak ere ekitaldian izan ziren.
(Erakusketako katalogoan argitaratutako testuko pasartea. Egilea: Keith Christiansen, New Yorkeko Metropolitan Museum of Art museoko Pintura Europarraren kontserbatzailea).
Irudian:
Nicolas Poussin (Les Andelys, Frantzia, 1594 – Roma, 1665)
Paysage avec Orion aveugle cherchant le soleil, 1658
Olioa mihisean. 119 x 183 cm
The Metropolitan Museum of Art, Nueva York, Fletcher Fund
Babeslea: