Erakusketak
Obra gonbidatua
Amaituta
2006-03-07 • 2006-04-30
Porticiko hondartza
19 Aretoa
Porticiko hondartza Mariano Fortunyren (Reus, Tarragona, 1838-Erroma, 1874) lanik bikainenetakoa da, eta Fortuny, berriz, XIX. mendeko Espainiako arteak izan zuen margolaririk nabarmenenetakoa. Obra garrantzitsua bada ere, gutxitan jarri da jendaurrean: 1875ean, Parisen, Fortunyren tailerraren enkantean (margolaria hil ostean); New Yorken 1887an, eta, duela gutxiago, Bartzelonan, 2003-2004. urteetan Museu Nacional d'Art de Catalunyak margolariari eskaini zion erakusketa antologikoan.
1874ko udan (ezustean bere bizitzako azken urtea izango zen hartan), Mariano Fortuny Portici herrira joan zen familiarekin batera, Villa Arata etxean bizitzera. Portici Vesubio sumendiaren magalean dago, itsaso parean, Napoliko badian. Fortunyk Parisen izan zuen arrakastaren ostean, Porticin aurkitu zuen zentro artistikoetatik urrun egoteak ematen duen lasaitasuna, eta, era berean, Granada edo Afrika iparraldeko antzeko argi eta paisaiak aurkitu zituen, ezaugarri horiek asko maite baitzituen. Hain zuzen ere, obra hau urte pare bat lehenago Granadan egindako beste batzuekin lotu izan da. Granadako haietan, Fortunyk hizkera artistiko berri bat probatu zuen, arte-merkatarien eta bezeroen aldetik hainbesteko arrakasta eta eskaera sortu zion generoko pinturatik urrunduta.
Beste pintura batzuekin eta prestakuntzarako marrazki eta akuarela ugarirekin batera, Fortunyk mihise handi hau pintatu zuen. Bertan, paisaiak eta, batez ere, argi efektuek protagonismo handia hartzen dute. Koadroa amaitu gabe dago, eta udako eszena bat erakusten du: hondartzan, emakume bi daude konposizioaren erdian, eta euren inguruan umeak daude, hondarrarekin jolasean. Horretarako, bere emazteak eta seme-alabek posatu zuten. Plein air motako eszena bat da. Bertan, figurak eta paisaiak elkarbizitzan agertzen dira, hegoaldeko argi indartsuaren azpian. Zerumugaren lerroa oso behean jartzean, Fortunyk argi eta aire efektu bilatuak sendotzen ditu, eta, horrela, protagonismo handiagoa ematen dio zeruari: urdin-urdina da, eta hodei distiratsuek baino ez dute urdintasun hori apurtzen. Fortunyk paisaiaren generoan egin zuen lagin urrietako bat izateaz gain, Porticiko hondartza lanak itsasoa sartzen du berritasun ikonografiko gisa.
Gorde diren urte haietako gutunetan, Fortunyk dio bere karrerari ildo berria eman nahi diola. Eszena aire librean kokatzean eta argi eta kolorearen efektuak islatzeko gai den pintzelkada soltea erabiltzean, esan daiteke, beharbada, Porticiko hondartza lana bide berri baten hasiera izan zela, bide hori maisuaren heriotza goiztiarrak eten bazuen ere.
Lan honen garrantziak eta jendaurrean gutxitan erakutsi izanak interes handiagoa ematen diote Obra Gonbidatua programaren deialdi berriari.
Babeslea: