Erakusketak
Amaituta
2007-07-02 • 2007-09-23
Picasso. Suite Vollard
Artearen Papera (V)
33 Aretoa
Bancajak Pablo Picassoren Suite Vollard aurkezten du Bilboko Arte Eder Museoan. Bancajak eskuratu zuen Picassoren lehenengo bilduma da (1994); hain zuzen ere, Bancaja da Málagako artistaren obra grafiko gehien duen erakunde pribatua.
Artearen historiako serie grafikorik garrantzitsuenetakoa da, eta lehenago Goyak edo Rembrandtek egindako grabatuekin baino ezin da konparatu, kalitatez eta kantitatez. Gainera, Bancajaren bilduma hau artista bikainaren grabatu-bilduma oso-osoa da, eta hori oso gutxitan gertatzen da.
Picassok 1930 eta 1936. urteen artean egin zuen suite hau, eta Ambroise Vollarden izena dauka, arte-merkatari horrentzat grabatu baitzituen kobre hauek. Ehun grabatuz osatuta dago, eta XX. mendeko grabatuaren eta estanparen maisulantzat dago hartuta. Bertan, Picassoren obrako gai nagusi guztiak aurki ditzakegu. Hala ere, lau ardatz nabarmentzen dira Suite Vollard seriean: Eskultorearen tailerra, Minotauroa, Rembrandt eta Maitasunaren bataila. Gaietako batzuen jatorri urruna Honoré de Balzacen kontakizun labur bat da, Le Chef-d'oeuvre inconnu ("Maisulan ezezaguna", 1831). Izan ere, Picasso biziki hunkitu zen testu hori irakurtzean. Bertan, bizitza emakumeen edertasunaren bitartez harrapatu nahi duen margolari baten ahaleginaren berri ematen zaigu, eta arte modernoaren jatorriak bertan planteatzen zaizkigu. Gerora, Picasso izango zen arte horren sortzaile nagusietakoa.
Suite Vollard Bilboko Arte Eder Museoan egongo da ikusgai, uztailaren 2tik irailaren 23ra.
Kulturarekiko ardura duenez, Erakundeak Picassoren zenbait serie eskuratu ditu. Gure bilduma 7 obra osoz dago osatuta: "Suite Vollard", "Suite 347", "Suite 156", "Ausikien Kutxa", "Familiako erretratua", "Erretzaileak" eta, azken erosketa, "Suite 60". Gainera, Bancajak artista bikainaren 6 linograbatu eta 60 liburu ilustratu baino gehiago ditu. Picassoren obra hori guztia eskuratzean, Málagako margolariaren obra grafikoaren bilduma pribaturik handienaren jabe bihurtu da Bancaja. Daukan ondare artistikoa 4.300 obra ingurukoa da.
Bancajaren Gizarte Ekintzak (erakusketa hau sail horren barruan dago) urterik urte handitzen du bere aurrekontua, eta aurtengo ekitaldian 72 milioi eurotara heldu da. Hori %24 baino hazkunde handiagoa da iazko urteko datuekiko, eta, horrela, Gizarte Ekintzara bideratutako fondoak dituen Espainiako hirugarren aurrezki kutxa izatera heldu gara.
Gainera, Bancaja da Gizarte Ekintzara bideratutako fondoetan hazkunde portzentualik handiena izan duen erakundea. Horrela, gero eta lan garrantzitsuagoa ari da egiten gizartearen alde.
PICASSOREN SUITE VOLLARD
Suite Vollard da Bancajak eskuratutako Picassoren obra grafikoko lehenengo bilduma. Erosketa 1994an egin zuen, eta XX. mendeko grabatuaren eta estanparen maisulantzat dago hartuta.
Seriea 445 X 340 mm-ko Montval paper berjuratuko 100 grabatuz dago osatuta, eta paperok Vollard edo Picassoren ur-marka dute. Gai desberdinetako 97 estanpa dira; Picassok arkatz beltzarekin sinatu zituen Parisko Louise Leiris arte-merkatariarentzat; Vollarden hiru erretratu ere tartean daude, oraingoan arkatz gorriz sinatuta.
Salbuespen gutxi batzuetan izan ezik, Suite Vollard seriea hedatzeko lana modu indibidualean egin da, estanpaz estanpa; hori dela eta, bilduma osoak urriak dira, museoetan ere bai. Jatorrizko plantxak Parisko Picasso Museoan daude gordeta.
AMBROISE VOLLARD
Arte-merkatariek funtsezko atala betetzen dute arte modernoaren historian, eta oso gutxik lortu izan dute Ambroise Vollarden garrantzia. Vollardek babestu egin zituen Akademiak eta kritikari ofizial gehienek baztertu baina artean bide berriak bilatzen zituzten artistak.
Vollard galeria 1893an ireki zen Parisen, eta bertan erakutsi ziren garai hartako artista nagusien obrak. Artista horien artean zeuden Manet, Degas, Cézanne, Odilon Redon, Bonnard, Gauguin, Matisse, Derain, Vlaminck, Van Dongen, Rouault, eta, jakina, Picasso.
Vollarden ideia bikainetako bat margolariei litografiak edo grabatuak enkargatzea zen, baita arte grafikoa sortzeko asmorik ez zuten margolariei ere. Artisten hautaketa inteligente eta bariatua egin zuen, maisu ospetsuak eta Parisko Montmartre auzoan bizitzen ari ziren abangoardiako gazteak uztartuz.
VOLLARD ETA PICASSO
Vollardek 1901ean ezagutu zuen Picasso. Urte hartan antolatu zuen margolariaren lehenengo erakusketa, Picasso nerabea zela.
Grabatuei dagokienez, Vollard-Picasso lankidetza 1913an hasi zen, Picassok 1905 eta 1906. urteen artean sortu zituen hamabost plantxen edizioarekin. Serie hori "Saltinbankiak" deitzen da, eta bertako estanparik ezagunena "Le repas frugal" da. Era berean, Vollardek egin zion esparru horretako lehenengo enkargua Picassori, 1927an, 13 akuaforteren serie bat eskatu zionean, Balzacen "Le Chef d'oeuvre inconnu" obraren ediziorako.
1930 eta 1936. urteen artean, grabatutako 97 kobreren bilduma egin zuen Picassok, eta, 1937an, Ambroise Vollardi saldu zizkion, Vollarden beraren hiru erretraturekin batera, margolariak bere bilduma partikularrerako nahi zituen obra batzuen truke. Picassoren asmoa zen Vollarden erretratu gehiago egitea, serie bat sortuz, baina ideia hori ezin izan zen aurrera eraman, arte-merkatariak hirurogeita hamar urte baino gehiago baitzituen garai hartan.
100 grabaturen bilduma hori Suite Vollard izenarekin ezagutuko zen gerora.
PICASSO ETA GRABATUA
Picassorekin lan egin zuten estanpatzaileek aintzatespena merezi dute. Vollard konturatu zen teknikari horiek oso garrantzitsuak zirela Picassoren proiektuetan. Garai hartan Parisen lan egiten zuten maisu estanpatzaileak pertsonalki ezagutzen zituen, eta ondo aukeratu zituen.
Roger Lacourière eta Jacques Frélaut izan ziren Picasso grabatuaren teknika korapilatsuetan sartu zutenak. Hauxe dio Frélautek berak, Picassok teknika hori menperatzeko zuen interesari buruz: "Niretzat, Picasso handiena zen, zuen sinpletasun hutsagatik. Hainbestekoa zen grabatzean zuen poza, inori ez baitzion uzten bere ordez sortzen. Teknika guztiekin zegoen ohituta, maitasun eta poz handia jartzen baitzuen lanean. Grabatzeko zuen artea borroka hutsa zen. Eta ez zegoen borroka hori gelditzerik. Egindako ehunka estanpak oholean erakutsi arte, ez zen lanarekin gustura egoten".
SUITE VOLLARDen JARRAIPENA
Suite Vollard seriearen behin betiko edizioa Roger Lacourièrek estanpatu zuen 1939an, Vollard hil eta denbora gutxira.
Bigarren Mundu Gerran, Henri Petiet estanpen arte-merkatari paristarrak Suite Vollard serieko estanpa asko erosi zituen, eta salgai jarri zituen 1946 eta 1948. urteen artean. Hiru estanpa haien artean ez zeuden Vollarden hiru erretratuak, lan horiek Marcelle Lecomte arte-merkatariak erosi eta salgai jarri baitzituen.
Suite Vollard serieko kobreak Lacourière tailerrean geratu ziren; han, 1956an marratu ziren lehen aldiz, eta 1979an erakutsi ziren lehenengoz jendaurrean, Parisko Arte Modernoko Museoan egin zen erakusketan. Handik, Parisko Picassoren Museoko fondo izatera pasatu ziren.
Bancajaren bilduma paper berjuratuan egindako ediziokoa da. Bertako 97 estanpek Picassoren sinadura dute, arkatz beltzez eginda Louise Leirisentzat, hirurogeiko hamarkadan. Vollarden hiru erretratuak arkatz gorriz daude sinatuta.
SUITE VOLLARDen GAIAK
Suite Vollard serieko gaiak (hiru erretratuak albo batean utzita), funtsean, Picassok garai hartako pinturan eta eskulturan agertu zituen berberak dira. Hain zuzen ere, urte haiek izan ziren, seguruenik, bere karrera artistikoko bizienak. Lau ardatz nabarmentzen dira Suite Vollard seriean: Eskultorearen tailerra, Minotauroa, Rembrandt eta Maitasunaren bataila. Ziklo nagusi bi daude: lehenengoak eskultorea bere estudioan erakusten du; 30eko hamarkadaren hasieran Boisgeloupen tailerrean eskultura arloan egindako lan handiarekin lotu daiteke, bai eta "Chef d'oeuvre inconnu" ("Maisulan ezezaguna", 1831) laneko grabatuekin ere. Izan ere, obra hori irakurtzeak biziki hunkitu zuen Picasso. Bertan, bizitza emakumeen edertasunaren bitartez harrapatu nahi duen margolari baten ahaleginaren berri ematen zaigu, eta arte modernoaren jatorriak bertan planteatzen zaizkigu. Gerora, Picasso izango zen arte horren sortzaile nagusietakoa. Beste gai nagusia Minotauroaren mitoaren eta tauromakiarekin lotutako metaforen erreferentzia egiten duena da.
Gai guztietan, Málagako artistak zenbait teknika erabili zituen modu berritzaile eta harrigarrian (burila, punta lehorra, akuafortea eta azukrearekin egindako ur-tinta).
Azkenik, amaitzeko, esan beharra dago Picassok bere bizitza osoan erabiliko zuen gaien errepertorio zabala aurkituko dugula Suite Vollard seriean. Gai horietako batzuk bere lanik handienean ("Guernica" obran, alegia) ere erabili zituen.
Pablo Picasso (1881-1973)
Minotauro acariciando a una mujer dormida, 1933
Punta seca sobre plancha de cobre, 30 x 37 cm
Colección Bancaja
Babeslea: