Erakusketa: Picasso eta Dubuffet artean - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2007-09-17 • 2007-11-18

Picasso eta Dubuffet artean

Jean Planque Bilduma

1. Solairua - Arte Garaikidea

Picasso eta Dubuffeten artean. Jean Planque Bilduma izenburupean, "la Caixa"-ko Gizarte Ekintzak eta Bilboko Arte Eder Museoak XX. mendeko artean zeharreko ibilbidea antolatu dute, Suitzako Jean Planque (1910-98) bildumagile ospetsuari omenaldia eskaintzen dioten 50 artistaren 150 lanen bitartez. Planque, hain zuzen ere, connoisseur grinatsua zen, eta aholkulari aritu zen Basileako Beyeler Galeria entzutetsuan.

Lanak 1997an Jean Planque berak (Laussanen, Suitzan) sortutako Fondation Jean et Suzanne Planquerenak dira, eta, besteak beste, honako artista hauen lanak egongo dira ikusgai (batzuk joan den mendeko garrantzitsuenetakoak dira): Pierre Bonnard, Paul Cézanne, Edgar Degas, Robert eta Sonia Delaunay, Jean Dubuffet, Paul Gauguin, Juan Gris, Paul Klee, Fernand Léger, Manolo Millares, Claude Monet, Pablo Palazuelo, Pablo Picasso, Odilon Redon, Pierre-Auguste Renoir, Georges Rouault, Antoni Tàpies eta Vincent Van Gogh.

"Bizia bera baino gehiago maite izan ditut margolanak", esan ohi zuen. Xaloa, zuhurra, lotsatia, jatorri xumekoa eta, bere esanetan, "ez-jakituna" zen. Oso begi ona zeukan. Egia esan, Jean Planquek abangoardietako maisuen hamarnaka lan bildu zituen, baina, horrez gain, artista askoren laguna izan zen. Horra hor "begiratzen" irakatsi zion Jean Dubuffet eta berak bezala "margolanak sentitzeko" dohaina zeukan Pablo Picasso.

Erakusketako komisarioa Florian Rodari da, Fondation Jean et SuzannePlanqueko kontserbadorea, alegia. Erakusketa bera bildumagile ospetsuari eskainitako omenaldia da. Planque margolarien adiskidea izan zen, eta, 1954tik 1972ra, Basileako Beyeler Galeria entzutetsuko aholkularia izan zen. Hiru artistak oso eragin handia eduki zuten bere hautaketetan. Erabateko eredutzat zeukan Paul Cézanneren eraginari esker, Picasso, Laurens, Léger eta antzeko kubisten lanak bildu zituen. Dubuffet ezagutu ondoren, eragin hori irauli egin zen, art brutaren ateak ireki zizkion eta. Picasso nagusia zenean, harreman estua eduki zuen berarekin. Horri esker, berrikuntzaren eta tradizioaren arteko sintesia egin ahal izan zuen. Era berean, materia piktorikoaren erakarpenpean zeuden artisten zenbait lan bildu zituen. Gehienak espainiarrak ziren; esate baterako, Clavé, Tàpies eta Aguayo. Bestetik, Parisko Eskolako ordezkarien mihiseak ere eskuratu zituen. Horra hor Sonia Delaunay eta Roger Bissière.
"Seguruenik, bildu ditudan margolanek ez dute inolako interesik izango berrogeita hamar urte barru. Hala ere, ez da inoiz desagertuko nire bizitzan egin dudana: nire patu zoragarria. Noraino iritsi naizen, ezerezetik, kulturarik gabe, dirutzarik gabe. Zenbat jende ezagutu dudan eta zenbatekin izan dudan harremana. Horregatik guztiagatik, oso harro nago", adierazi zuen Jean Planquek, lehen puntuan erratu egin bazen ere. Ageri-agerikoa da artistak bildu zituen lanak kalitatekoak direla, oraindik ere interes eta miresmen handia sortzen dituztelako XX. mendeko pinturako aditu handien artean. Egunez egun, museoetako kontserbadoreek eta arte-historialariek zaletu honen begiradaren kalitate bikaina egiaztatzen dute. Bere "begiak", hain zuzen ere, ikara eta miresmena sortu zituen bizirik zegoenean.

Jean Planqueren eta Ernst Beyeler galeristaren arteko harremana 1954. urtean hasi zen. Urte bereko udaren hasieran, Walter Schüpfer margolariak Planque ikustera joateko aholkua eman zion Beyelerri. Biek zenbait aldiz hitz egin zuten Frantziako hiriburuko museo eta galerietara sarritan joaten zen "paristar" hari buruz. Ordurako, Jean Planquek oso diru gutxi zeukan. 1945. urtearen inguruan, nolabaiteko kapitala lortu zuen, animaliak elikatzeko kontzentratu kimikoa asmatu zuenean. Horri esker, nolabaiteko lasaitasun ekonomikoa erdietsi zuen, eta bere bildumako lehen lanak erosi ahal izan zituen. Dena dela, dirua apurka-apurka amaitu zen. Beyelerrek berarekin lan egitea proposatu zionean, ez zuen inolako zalantza-izpirik izan. Modu zuzenean, soilean eta elkarrekiko konfiantzan oinarrituta, ia-ia hogei urte (1972ra arte) iraun zuen lankidetza sortu zen. Gainera, elkarlan emankorrenetakoa izan zen Europako gerra osteko artearen merkatuan.

1955etik 1972ra, Planquek margolanen ehiza izan zuen bizibide nagusi. Galeriaz galeria, museoz museo eta tailerrez tailer ibiltzen zen margo bila, eta agenteei eurei ere galdetzen zien. Bere ustez balioa zeukan guztia erosteko askatasuna eduki zuen Beyeler Galerian. "Agenteak eta arte-merkatariak atzetik zetozkidan. Parisko merkatuan gertatzen zen guztia edo ia-ia guztia nekien. Etengabe erosten nuen. Beyelerrek, gainera, etengabe saltzen zuen. Beyelerrek askatasun osoa eman zidan, nire erabakiak onartu zituen beti. Inoiz ez zidan ezer aurpegiratu. Nire erabaki guztiekin bat zetorren, erosten nuen guztia ondo iruditzen zitzaion. Harmoniaz lan egiten genuen, eta giroa bera ere erabat atsegina zen. Badakit lanbide honetan arraro samarra dela halakorik jazotzea", onartu zuen Planquek.

Beyelerrentzat egiten zituen erosketak alde batera utzita, Planquek bere bilduma osatu ahal izan zuen. Mozkin moduan hitzartutako ehunekoa berriro inbertitzen zuen, bere gozamenerako lanak erosteko. Horiek horrela, gaur egun adituek laudatzen duten bilduma egin zuen, bere hautaketak oso zorrotzak zirelako, multzoaren koherentzia erabatekoa delako eta lan batzuk bitxiak bezain zoragarriak direlako.

Planque oso mugatuta zegoen, baliabide gutxi zituelako. Horrez gain, inoiz ez zuen berak erositakoa berriro saltzen, bere helburua ez zelako negozioa egitea, lanei bere gozamenerako eustea baino. Baliabide gutxi zituenez, bere estrategian eduki zuen eragina. Batetik, une egokian erosi zituen artean kotizaziorik ez zeukaten margolarien lanak. Bestetik, artistekin oso harreman ona zeukanez, behin baino gehiagotan lanak artistei eurei erosi ahal izan zizkien zuzenean. Batzuk, Dubuffet bezala, oso-oso eskuzabalak izan ziren berarekin. Planquek oso gogoko zuen mesedetxoak egitea: bildumagile, galerista eta maisu handien oinordeko askok dohaintza handiak egin zizkioten eskerrak emateko asmoz (horra hor Claude Moneten semeak egin zuena).

 

 

ERAKUSKETAKO ZAZPI ARLOAK

 

Sarrera

Jean Planque nekazaritza-jatorriko gizon xumea zen, eta, hogeiko hamarkadaren amaieran, artea ezagutu zuen galeria bateko erakusleihoan Paul Cézanneren lana ikusi zuenean. Ustekabeko esperientzia horrek zeresan handia izan zuen bere bizitzan. Zorionez, aldi berean zenbait gauza gertatu zirenez, arteaganako grina garatu ahal izan zuen, 1954tik 1972ra Beyeler Galeria ospetsuko aholkulari aritu zenean. Parisko arte-merkatariak ezagutzen zituen, eta konfiantzako harremanak ezarri zituen bildumagile eta artista ugarirekin. Galeria horren zerbitzura egindako jarduerari esker, XIX. eta XX. mendeetako maisuen mihiseak eta marrazkiak bildu ahal izan zituen. Picasso eta Dubuffeten artean. Jean Planque Bilduma erakusketan, 50 artistaren 150 lan egongo dira ikusgai, eta pintura modernoari buruzko begirada adoretsuaren emaitza da. Begirada horrek, gainera, hamarkadetan zehar ikusizko ohiturak aldatzen eta tradizioak ezarritako arauak hausten ahalegindu zen artea ulertzea dauka helburu. Erakusketan, artea maite zuen gizonaren bildumaren zati handi bat egongo da ikusgai, eta XX. mendeko artista nabarienen lanean zeharreko ibilbidea egiteko aukera eskainiko digu.

Planque eta bere lagunak

Jean Planque 1929an hasi zen margotzen. Ia-ia beti, «inoren erara» margotu zuenez, margotu nahi izango zituen koadroak bildu omen zituen. Jean Planque Jean Dubuffet, Pablo Picasso eta antzeko maisuen laguna izan zen, baina, horrez gain, bere bizitza osoan zehar harreman estua eduki zuen hain ezagunak ez ziren artistekin. Hala ere, zenbait arrazoiren ondorioz, oso garrantzitsuak izan ziren beretzat. Esate baterako, Walter Schüpfer pinturaren bidetik gidatu zuen lehena izan zen, eta Ernst Beyeler galerista aurkeztu zion. Planquek berdinen arteko harremanak zituen artistekin, eta, euren lana babesteko, mihiseak eta marrazkiak erosten zituen edo euren artea zabaltzen zuen bera mugitzen zen zirkuluetan.

Maisuak

Beyeler Galeriako aholkularia zenez, Planquek zenbait artista ospetsuren lanak eskuratzeko aukera izan zuen. Horra hor Van Gogh, Monet, Degas, Gauguin edo Cézanne. Jean Planquek gustukoen zituen artistetatik, Cézanne bere erreferente garrantzitsuena izan zen. Aix-en-Provenceko maisuaren adibideak margolana aparteko lengoaia autonomoa zela eta ikusmenaren zein adierazpenaren emaitza bikoitza zela irakatsi zion. Irakasbide horri esker, Planquek sendotasunez eratutako, hausnartutako lanak aukeratzen zituen, edonolako preziosismoa alde batera uzten zutenak eta, ilusioaren kaltetan, gainazalaren nagusitasuna goresten zutenak.

Abstrakziotik arte informalera

Paul Kleeren lana ezagutu zuenean, Jean Planque artea beste era batera ikusten hasi zen, eta arte informalaren garrantziaz jabetzeko bidea urratu zuen. Jean Planque galeria eta estudio askotan egon zen artista bila, Ernst Beyeler galeristari euren berri emateko eta artiston lanak prezio eskuragarrian bildu ahal izateko. Pariserako erromesaldietan, oso gogoko zituen Staël, Vieira da Silva, Bazaine eta, batez ere, Roger Bissière. Izan ere, Bissièreren lan asko bildu zituen. Era berean, Tobey, Hantaï edo Michaux ere bazituen gustuko.

Materiaren eraginpeko gustua

Natura ikaragarri maite zuenez, Jean Planquek oso-oso gogoko zuen pintura materikoa. Lur-materiak, pigmentu naturalekin nahastutako hareazko gainazalak eta halabeharrak edo artistaren borondateak eraldatutako materialak gustatzen zitzaizkion. Bere hautaketa askori erreparatuta, ageri-agerikoa da Jean Dubuffeten Materiologiak lanari esker lurzoru elkorrak zituela gustuko, Espainiako Eskolako ordezkarien artean, batez ere. Horra hor Aguayo, Millares, Tàpies edo Toledo. Artista horiekin guztiekin harreman zuzena eduki zuen, eta adiskidetasun iraunkorra ezarri zuen Clavérekin eta Kosta Alexekin. Izan ere, bere "anaiak" zirela zioen.

Dubuffet eta art bruta

Jean Planquek Dubuffeten zenbait lan bildu zituen, eta aukera estetikoaren zein adiskidetasunaren historiaren adierazgarri dira. Dubuffetek artea beste begi batzuen bitartez ikusten eta art bruteko artistak maitatzen irakatsi zion Planqueri. Louis Soutter, Aloïse edo Benjamin Bonjour bazterreko artisten bilduma ere egin zuen, eta, lan horietan, marraren adierazkortasuna, kolorearen aberastasuna eta Dubuffeten nahiz bildumako beste artista batzuen lanetan agertzen den espazioaren zentzua dira ezaugarri bereizgarriak.

Kubismoa

Jean Planqueren asmoa ez zen inoiz izan mugimendu kubistako multzo adierazgarria biltzea, eta arrazoia ekonomikoa izan zen seguruenik, sasoi hori interesgarria iruditu zitzaionean eskuraezina zelako beretzat. Ahal izan zuenean eskuratutako lanek multzo desberdina osatzen dute, eta, bertan, lengoaia formalaren kalitatea da garrantzitsuena. Horrez gain, lanok agerian uzten dute Planquek interesa zeukala arauen menpe ez zegoen eta etengabe birsortzen zen artean.


Irudian:
Pablo Picasso (1881-1973)
Busto de mujer dormida, 1970
Jean Planque Bilduma
© Sucesión Pablo Picasso. VEGAP, Madrid, 2007

Babeslea: