Erakusketa: Peter Blake: atzera begirakoa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2008-03-03 • 2008-06-22

Peter Blake: atzera begirakoa

BBK Aretoa

PETER BLAKE: ATZERA BEGIRAKOA, 2007ko udan Tate Liverpool museoan aurkeztutako erakusketa, pop arte britainiarreko ordezkari nagusienetako baten atzera begirako bikaina da: Peter Blake (Dartfordt, Kent, 1932) da artista hori. Orain, erakusketa hau Bilboko Arte Eder Museoan aurkeztuta, areagotu egiten da arte britainiarraren gainean gure Museoak daukan interesa, azken urteetan begi bistakoa izan baita, Arte Eder Museoak berak produzitutako "British Pop" erakusketak edo R.B. Kitaj, John Davies eta Peter Blakeren beraren gaineko lan eta erakusketa monografikoak eskuratu izanak erakusten dutenez.

Erresuma Batua, Italia, Frantzia, Alemania eta Japoniako museo eta bilduma partikularretatik ekarritako 100 obra baino gehiagoren bitartez, egilearen ibilbide osoa berrikusi nahi da, berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdeko hasierako obretatik hasi eta gaur egungoetaraino. Horrela, bada, Londresko Tate Galleryk 1983an aurkeztutakotik hona, orain dela 25 urte, Peter Blakeren gainean egin den erakusketarik garrantzitsuena da, eta erakusketa prestatzeko, bi komisario adituren laguntza izan du: Christoph Grunenberg Tate Liverpool erakundeko zuzendaria eta Laurence Sillars erakunde horretako kontserbatzailea.

Erakusketak ibilbide luzea proposatzen du artista honen lan zabal eta askotarikoan zehar. Erakusketan, pop artearen historian ospetsuak diren koadroekin batera, jendeak gutxiago ezagutzen dituen beste batzuk sartu dira, bai eta azken urteetako lanak ere. Amaitzeko, artistaren azken lanetariko batzuk sartu dira, esate baterako, Marcel Duchampen mundu-bira. Hain zuzen ere, hamarkada oso batean lan horri eskaini dio artistak bere sormen ahaleginik handiena.

Ikono bilakatutako lanen artean, Balkoian (1955-57), Autorretratua intsigniekin (1961), Jostailu-denda (1962), The Beatles (1963-68) eta Topaketa edo Egun on, Hockney jauna (1981-83) daude.

Blake artista originala da eta bere lana inspirazio iturri izan da artista askorentzat. Sarritan adierazi izan da Blake pop britainiarraren gurasoetariko bat izan dela. Bere lanean agerian geratzen da kultura herrikoi garaikideak liluratu egiten duela Blake, batez ere, musikak, zinemak, kirolak, komunikabideek eta publizitateak, bai eta arlo horietako pertsonaiek ere –boxeolariak, aktoreak, musikariak, komikietako heroiak-, baina Blakeren lanean artearen historiaren, tradizio britainiarraren eta bere biografiaren gaineko erreferentziak ere ageri dira.

Blakek bere lana kultura herrikoian integratzen jakin izan du; oso argi ikusten da hori Beatles taldearen Sergeant Pepper's Lonely Hearts Club Band diskoaren azal ospetsuan –1967. urtean diseinatutako collagea, sasoi hartan bere emaztea zen Jann Haworth pop artistarekin batera; bertan, besteak beste, Karl Marx, Marilyn Monroe, Bob Dylan, Marlon Brando, Stan Laurel, Edgar Allan Poe, Muhammad Ali, Johnny Weissmuller, Gioconda, Shirley Temple eta Albert Einstein ageri diraeta, oraintsuago, 2006an, Oasis talde britainiarraren Stop the Clocks diskoaren azalerako diseinuan.

Blake artista emankorra da, era askotako baliabide eta teknikak erabiltzen dituena, esate baterako, pintura eta marrazkia, collagea eta eskultura, edo grabatua, ilustrazioa eta posta-txartel eta argazkiekin egindako konposizioak. Horrela, 50eko hamarkadaren azken urteetan eta 60ko hamarkadaren lehenengo urteetan, pop artista britainiar ezagunenetarikoa bilakatu zen, ikonografia pertsonal baten eta teknika zaindu baten bidez, oso britainiarra zen pop estetika definituz.

Berrogeita hamarreko hamarkadan, Londresko Royal College of Art delakoan ikasi zuen, izan ere, garai hartan, Royal College of Art graduondoko arte ikastaroak ematen zituen erakunderik sonatuenetarikoa zen, eta bertan batu zen pop arte britainiarreko gune garrantzitsuena. Han zeuden, besteak beste, David Hockney, R. B. Kitaj, Derek Boshier, Pauline Boty, Richard Smith, Joe Tilson, Patrick Caulfield, Allen Jones edo Peter Phillips. Gero, 60ko hamarkadaren hasieran, Slade School of Fine Art eskolako Clive Barker eta Gerald Laing batu zitzaien, bai eta Colin Self, Jann Haworth eta Anthony Donaldson ere.

Blakek, 1956 eta 1957 bitartean, Europatik bidaiatu zuen, ikasketa beka batekin. Hamarkada horren amaieran, aktore eta musikarien gaineko hainbat collage egin zituen, eta industria zinematografikoaren eta mitomania herrikoiaren elementu ikonografiko batzuk sartu zituen, geroago pop britainiarraren ezaugarri izango zirenak.

Hamarkadaren amaieran, 1969an, Avonera joan zen bizitzen, Ingalaterra mendebaldera, eta, horrela, aldi batez, bere estudioa hiri-gunetik landa-gunera eraman zuen. Eszenatoki berriak orientazio aldaketa ekarri zuen bere lanean, eta, era berean, nolabaiteko jakinmina sortu zitzaion folklore ingelesaren, irudimen viktoriarraren, fantasiaren eta maitagarrien gainean, bai eta haurtzaroaren ikuspegi idealizatuaren gainean ere.

Blake, 1975ean, Ruralisten Ermandadearen (Brotherhood of Ruralists) sortzaileetariko bat izan zen. Ermandade hori elkarrekin lan egiten zuten artista talde txiki batek osatzen zuen, eta naturako elementuen gaineko lilura gustu literario eta musikal batzuekin konbinatu eta integratzen ahalegindu ziren.

Londresera itzuli eta gutxira, 1979an, Blakek Los Angelesera bidaiatu zuen. Bisita laburra izan zen, baina oso garrantzitsua bere lanaren bilakaeran, izan ere, horren ondorioz, pintore errealista gisa bere maisutasuna erakusten duten zenbait mihise egin zituen. Horietariko batzuk, Londresko Tate Galleryn 1983an egindako atzera begirako erakusketan, berariazko areto batean jarri ziren. Koadro horietako bi, Topaketa edo Egun on, Hockney jauna (1981-83) eta Oroitutako une bat Venicen, Kalifornia (1981-83) erakusketa honetan daude ikusgai.

80ko eta 90eko hamarkadetan, Blakek kultura herrikoi garaikidea aztertzen jarraitu zuen, eta zinemako eta musikako izarren erretratu ugari egin zituen. Horren eredu ona dugu Montgomery Clift was a Twin (Montgomery Clift bikia zen) lana, 1981-83an pintatutakoa eta Bilboko Arte Eder Museoak 2002an eskuratutakoa. Bertan, Blakek zinemako izar garaikide bat irudikatzen du, egikera zorrotz eta delikatu baten bidez, ia-ia hemeretzigarren mendeko kutsuarekin, izan ere, marko zahar obalatu eta urre-kolorekoak areagotu egiten du kutsu hori.

Gero, 1991n, Londresko Royal Academyn egindako Pop Art erakusketa garrantzitsuak beste inflexio-puntu bat markatu zuen artistaren ibilbidean, izan ere, jendearen artean berriro ere ezagun egiten hasi zen, eta artista britainiarren belaunaldi berria aintzat hartzen hasi zen —hor daude, besteak beste, Damien Hirst eta Tracey Emin—, lehenengoz deskubritu baitzuten Peter Blakeren lana. Emin bera irudikatuta ageri da Marcel Duchampen mundu-bira: xakean jokatzen Traceyrekin lanean.

 

Irudian:
Peter Blake (Dartford, Kent, 1932)
Montgomery Clift was a Twin (Montgomery Clift bikia izan zen), 1981-83
Teknika mistoa, 116 x 95 x 8,5 zm
Bilboko Arte Ederren Museoa

Babeslea:

Kolaboratzaile: