Erakusketa: Pérez Villaamil - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2012-01-10 • 2012-04-08

Pérez Villaamil

16. Aretoa

Mihise bi hauek, pintura erromantiko espainiarreko margolaririk garrantzitsuenak pintatutakoak, bikotetzat hartzen dira, dituzten neurriengatik zein urte berean datatuta egoteagatik, biak baitira 1835ekoak (José Luis Díez 2005). Bietan ala bietan, Villaamilek Sevillako katedralaren kanpoaldeari eta barrualdeari buruzko ikuspegi berezia ematen du; hain zuzen ere, Sevillako katedrala kristautasunaren tenplu gotikorik enblematikoenetakoa da. Agerikoa da David Roberts (1796-1864) paisaia-egile eskoziarraren eragina. Villaamilek 1833an ezagutu zuen Sevillan, eta, geroztik, erromantizismo britainiarrarekin erlazionatutako estilo berriarekiko interesa helarazi zion.

Sevillako katedrala, harmailen aldetik lanak eraikinaren mendebaldeko fatxada erakusten du. Lehen planoan, Bataioaren atea ikus daiteke, Bataiotegiaren atea izenarekin ere ezagutzen dena, 1449an eraikia eta Lorenzo Mercadantek 1464 eta 1467. urteen artean egindako terrakotazko eskultura zoragarriekin apaindua. Atzeraxeago, bigarren planoan, Jasokundearen portada neogotikoaren zati bat ikus daiteke. Konposizioa animatuz, elkarrekin hizketan ari diren edo kalean dabiltzan figura herrikoi pintoreskoak agertzen dira. Gainera, figura horiek hoztasuna kentzen diote arkitektura izugarriari, zeina Villaamil betiko zehaztasun topografikoarekin baitago deskribatuta, xehetasun guzti-guztiekin. Interesgarriak dira lortzen dituen argi-efektuak; izan ere, eguzkiaren argiz beteta dagoen Bataioaren portadako argitasunak kontrastea egiten du parean dagoen atal ilunagoarekin. Beharbada gehiegizkoa izan zen garbiketa batek sepia koloreko lausoduretako batzuk eraman ditu (oso ohikoak ziren margolari honen teknikan), baina, zorionez, horrek ez du margoaren kalitatea murriztu.

Gorpuzti-eguneko prozesioa, Sevillako katedralaren barruan lanak agerian uzten du Villaamilek elizen barrualdeak islatzeko zuen gaitasun bikaina; izan ere, hemen ikusten den moduan, misterioz betetako atmosfera lurruntsua ematen die. Eszena Gorpuzti-egunean gertatzen da, hirian ospatzen den jairik ikusgarri eta sustraituenetakoan. Erdian, koruaren atzean eta gurutzadurako beirateetako argiekin nabarmen argiztatuta, Guztiz Santua gordetzeko instalatutako luxuzko monumentua dago. Ezkerrean, Juan de Arferen (1535-1603) zilarrezko ekisaindua nabarmentzen da, 1580 eta 1587. urteen artean egindakoa eta benetan duena baino askoz ere eskala handiagoan pintatutakoa. Horren aurrean, zeremoniak iraun bitartean dantzan egiten duten seikoak daude, euren arropa bereziekin jantzita. Ilunetan, alde bietan, mota guztietako pertsonaiak pilatzen dira, tenpluko zutabeak inguratzen dituzten bi talde konpaktutan. Nabearen zoruan, “AQUÍ YACE CRISTOBAL COLON” (“Hemen datza Cristobal Colón”) irakur daiteke. Konposizio hau egiteko, Villaamil oso antzekoa zen margo batean inspiratu zen; David Roberts maisuaren lan batean, hain zuzen ere. Zenbait urte geroago, 1838an, berriro irudikatu zuen Sevillako tenpluaren barrualdea ikuspuntu honetatik bertatik. Mihise hori Madrilgo Erromantizismoaren Museo Nazionalean dago gordeta.


Jenaro Pérez Villaamil
Sevillako katedrala, harmailen aldetik, 1835. Olioa mihisean. 100 x 72 cm
Gorpuzti-eguneko prozesioa, Sevillako katedralaren barruan, 1835. Olioa mihisean. 100 x 72 cm
Santander bilduma, Madril


Erakusketaren edukia: Pérez Villaamil

Babeslea: