Erakusketak

2025-05-20 • 2025-09-30
Pedro Berrugueteren “Deikundea”
Iberdrola-Museoa Kontserbazio eta Zaharberritze Programa
Icaza hall-a
Iberdrola-Museoa Kontserbazio eta Zaharberritze Programaren 2024ko kanpainako jarduera nagusietako bat Espainiako Errenazimentuko maisulan baten tratamendua izan da: Pedro Berrugueteren Deikundea (c. 1485-1490); garai horretako margolari garrantzitsuenetako bat da egilea, jatorriz Enkarterriko (Bizkaia) kapare-familia batekoa.
Programak urteko jarduera-plan baten garapena sustatzen du. Horren helburu nagusia artelanen osotasun materiala ziurtatzea da, artelan horiek behar bezala kontserbatu eta erakusteko. Horrez gain, museoaren funtsezko lan horren emaitzak jendaurrean zabaltzen saiatzen da.
Berrugueteren Deikundea –Arburua bildumaren komodatu gisa bost urterako utzia– ia erakutsi gabe egon da, eta orain Bilboko museoan dago ikusgai, oraindik orain zaharberrituta, hobeto ezagutu eta aztertzeko. Helburu horrekin, ondarea berreskuratzeko operazio konplexu bat jarri du martxan programak, eta, Iberdrola España Fundazioaren laguntzari esker, aditu talde bat bildu du.
Pilar Silva Maroto historialariak, pintura hispaniar-flandestarrean eta lehen Errenazimentuko pinturan adituak –Prado Museo Nazionaleko kontserbazio-buru izandakoa 2017ra arte–, ikuspuntu historikotik eta estilistikotik aztertu du artelana, ikonografia bera lantzen duten egilearen beste pintura batzuen testuinguruan. Azterketa interesgarri horren emaitza Museoko 5. Koadernoan argitaratu da.
Bestalde, pinturaren alderdi materialak Elisa Mora Sánchez Prado Museoko zaharberritzailearen esku egon dira 2021era arte, obrako elementu piktorikoen tratamendua egin baitu; eta Mayte Camino Martín –Pradoko markoen zaharberritzailea– arduratu da urre-koloreko hondoen tratamenduaz.
Jose Luis Merino Gorospe Arte Ederren Bilboko Museoko Antzinako Arteko kontserbatzaileak koordinatu du proiektua.
Jatorri ezezagunekoa, Berrugueteren Deikundea 1916ko argazki bakar batek dokumentatzen du. Argazki horretatik ondoriozta daiteke bere historian zehar zaharberritu egin dela, 1950eko hamarkadan ziurrenik, gaur egungo bildumara igaro aurretik.
Bere estiloagatik, Berruguete Italian egon ondoren itzuli zen garaiko bereizgarriak baititu, eta margolariaren beste ohol batzuen antzekoa baita, Deikundea 1485-1490 urteen inguruan –beharbada Palentziako elizaren baterako– egindako Ama Birjinaren bizitzako eszenekin osatutako erretaula baten parte izan zen.
Ikonografia tradizionalari jarraiki, eszena jauregiko barnealde batean kokatzen da. Barnealde horren sakontasuna enpirikoki eraikitzen da arkitekturaren ihes-lerroen bidez eta, batez ere, lurzoruaren lauzatzearen bidez, zeinak gelaren beheko erdia hartzen duen. Goikoaren protagonista urre-koloreko tapiz aberats bat da, atzeko horman zintzilik dagoena eta momentuaren solemnitatea nabarmentzen duena.
Ama Birjinak, tunika gorri eta mantu urdinarekin, testu sakratuen irakurketa geldiarazten du San Gabrielen mezua jasotzeko. Airean zintzilik, goiaingeruak zetro bat darama ezkerreko eskuan, Maria agurtzeko filakteriarekin, eta Jesusen ama izango dela iragartzen dio. Espiritu Santuaren usoa unearen gainean hegan dabil.
Konposizioaren argia eskuinetik dator batez ere, eta itzalak sortzen ditu, egurrezko atrilak, loredun edalontziak edo airean zintzilikatutako aingeruak proiektatuak. Ezkerrean, arku batek paisaia bat sumatzen uzten duen zutabedun elizpe bati ematen dio bidea.
Italiar arteak berezkoa duen narrazio-elementuen urritasuna, hemen, Gaztelako pinturak berezkoa duen urrearen erabilera ugariarekin –hondoko zintzilikarioa, argi-koroa, Ama Birjina belaunikatzen den kuxina eta aingeruaren kapa– konpentsatuta dago. Geruzak, ehunaren dekorazio aberatsagatik, Van Eyck flandestarraren margolan batzuk gogorarazten ditu, Berruguetek Urbinoko egonaldian ikasi ahal izan zituenak. Ezkerrean, arkupearen zutabeak italiar kutsuko arkitektura gogorarazten digu; eskuinean, berriz, bankuak Gaztelako gotikoaren trazeria du. Elementu hauek guztiek Berrugueteren artearen adibide egoki bihurtzen dute Deikundea; bere garaiko eskola nag
Pedro Berruguete (Paredes de Nava, Palentzia, c. 1450-Madril?, 1503) kapareen familia batean sortu zen; familia hark Bizkaian zuen jatorria, Enkarterrin, eta handik iritsi zen Berrugueteren aitona Paredes de Navara, 1430 inguruan, Rodrigo Manriquerekin, zeina izendatu berri baitzuten Paredesko konde. Pedro Berruguetek Gaztelan egin zituen lehen ikasketak, margolari hispaniarflandestar batekin.
Italian osatu ahal zituen ikasketak (c. 1472-1473), familiaren harremanei esker, zalantzarik gabe, Manrique familiarekin edo Mendoza familiarekin –Palentziako gotzaina zen, orduan, Diego Hurtado de Mendoza, Mendoza kardinalaren iloba, aurrez ere Italian izana, aitari, Tendillako kodeari, laguntzen–. Litekeena da, halaber, Pedro González Berruguete osaba eta domingotarren ordenako goi-mailako kideak ere esku hartu izana atzerrian ikas zezan.
Italiara iritsi zenean, Urbinon izan zela dokumentatuta dago; hango dukearentzat lanean jardun zuen, zeina irudikatu baitzuen Federico de Montefeltro eta haren seme Guidobaldoren erretratu bikoitza obran (1476-1477, Marketako Museo Nazionala, Urbino). Herrialde hartan egindako denboran, arte flandestarra –bere prestakuntzan oinarri izandakoa– eta arte italiarrauztartu zituen, baita arte klasikoa ezagutu ere. Hala ikasizuen biluziak irudikatzen, baita giza irudiaren mugimendua irudikatzen ere, irudiari bolumen handiagoa eta izaera monumentalagoa atxikita.
Gaztelara itzulita, Berruguetek lanean jardun zuen 1483tik –dokumentatuta dago Toledoko katedralean lan egin zuela– 1503aren amaierara, hil arte. Urte haietan, ordea, Italian sortutakoez oso bestelako obrak landu zituen. Izan ere, garai hartako komitenteen gustura eta enkarguen ezaugarrietara egokitu behar izan zuen: erretaulak ziren gehienak, eta epe laburragoan eta prezio txikiagoan egin beharrekoak. Horrez gainera, urre ugari izatea aintzat hartzen zuten, batik bat, eta artistaren eskuari baino balio handiagoa ematen zioten urreari. Garai hartako obra independenteen adibide gutxi iritsi zaizkigu Berrugueteren estilo originalaren berri ematen dutenak, flandestar eta italiar arteen ezagutza sakonean eta bere garaiko Gaztelako giroak beragan izan zuen eraginean oinarrituak. Horren guztiaren lekuko aparta da, nolanahi ere, Burgosko Mirafloresko kartusiako Deikundea (1495-1500), Elisabet Katolikoa erreginak ordaindua.
[Pilar Silva Maroto]


2024ko irailaren eta 2025eko martxoaren artean egin da taula gaineko olio-pintura hau kontserbatzeko eta zaharberritzeko esku-hartzea, eta oreka bisuala berreskuratzea izan du helburu. Izan ere, oreka hori arriskuan egon da bost mendez baino gehiagoz, hainbat faktoreren ondorioz. Tratamenduari heltzeko, bi espezialitate ezberdin landu behar izan dira, pintura-geruzarako eta urre-koloreko elementuetarako, hurrenez hurren; horri esker, multzoaren edertasuna eta harmonia lehengoratu dira.
Pintura-geruza
Aurretiazko azterketek –X izpien, infragorrien eta ultramoreen proba teknikoek, besteak beste– baieztatu zuten azalean arrakalak, kolorearen altxatzeak, xilofagoen irteera-zuloak, urradurak eta hondoratze txikiak zeudela. Krakelatu batzuk ere ikusi ahal izan ziren, batzuk kandeletatik zetorren beroak eragindakoak, ziurrenik. Pintura-geruzan hainbat kolore-galera eta -alterazio bereizten ziren, baita berniz herdoilduak eta inguruko zikinkeria-geruza trinko bat ere, obrari tonu mate eta motela ematen ziona.
Zaharberritzeko, hasieran, kolorea finkatu zen arrailetan eta behar zuten eremuetan, eta, ondoren, pintura-gainazala garbitu, eta berniz oxidatuak kendu ziren. Ondoren, hutsuneak iztukatu ziren pintura-geruzan, eta, nibelatu ondoren, material itzulgarriekin berrintegrazio kromatikorako oinarri gisa erabili zen geruza hori, eta horrek unitate bisuala eman zion obrari. Azkenik, berniz bat eman zitzaion, distira eta kolorea bateratzeko.
Urre-kolorea
Lanaren zati urre-kolorekoek –aingeruaren mantua, Ama Birjinaren euskarri den kuxina, argi-koroa eta tapiza– Berrugueteren urre-koloreko motiboen berezko ezaugarriak jarraitzen dituzte: tonu epela, lausodura gorrixka eta marroien erabilera bolumena emateko, eta beran-lanak gubiekin, trokelekin eta puntzoiekin, mendelak eta bestelako dekorazioak sortzeko, gehienetan landareenak.
Irudien, arkitekturaren eta paisaiaren olio-pinturaren kasuan bezala, urre-kolorea aldatu egin zen hainbat gorabeheraren ondorioz: galera materikoak eta estratuen euskarriarekiko itsaspenaren galerak denboraren poderioz, baita pintzelez egindako antzinako zaharberritzeak ere, denborarekin ilundutakoak, eta beste batzuk kalitate baxuagoko burilarekin eginak. Horrek guztiak nahasmen bisuala sortzen zuen, eta horrek Berrugueteren birtuosismo teknikoa eta urre-koloreen edertasun orekatua ulertzea eragozten zuen.
Kontserbazio eta zaharberritze tratamendua materialen itsasgarritasuna berreskuratuz hasi zen, eta zurezko euskarriaren gaineko geruzak finkatu ziren. Ondoren, pilatutako zikinkeria garbitu zen, eta jatorrizko urrearen gainean egindako aurreko esku-hartzeetan egindako birpintaketak eta ukituak arindu ziren, tratatu beharreko gainazala ulertzeko. Ondoren, iztukatu egin ziren, eta pintzelez berreskuratu ziren hala galera materikoak nola beranez egindako dekorazioak. Urre-kolorea berreskuratzeko, urre-koloreko akuarela erabili zen batez ere. Pintura-geruza babesteko, azken berniza eman zitzaion.
Multzoaren luxu bisuala berrezartzeaz gain, zaharberritzeak hainbat xehetasun berreskuratzea ahalbidetu du, hala nola Ama Birjinaren argi-koroa edo Espiritu Santuaren usoaren izpiak; aldi berean, Espainiako Errenazimentuko margolari onenetako baten berezko sakonera espaziala eta dotorezia kromatikoa itzuli zaizkio.
Babeslea:
