Erakusketak
Amaituta
2024-01-23 • 2024-06-09
Out of Control. Reports on the Atomic Bomb
Beatriz Caravaggio
4. Aretoa
BBVA Fundazioak eta Arte Ederren Bilboko Museoak bideoartean sortzeko batera duten programaren esparruan, Out of Control. Reports on the Atomic Bomb aurkezten da, BBVA Fundazioak Beatriz Caravaggiori egindako enkargua. Filmaren ildo nagusia desklasifikatutako artxiboak dira, egindako esperimentuak zehatz-mehatz jasotzen baitituzte, baina, horrez gain, eraso nuklear baten aurrean babesteko herritarrei zuzendutako kanpainetako irudiak ere agertzen dira. Out of Control. Reports on the Atomic Bomb lanak aurrez aurre jartzen ditu esperimentu zientifikoen berezko doitasun, sofistikazio eta kontrolaren kontakizun aseptikoa eta lasterketa nuklearraren kontrolik ezaren irudia eta biktimen ahotsak.
1945eko uztailaren 16an egin zen Mexiko Berrian lehen leherketa atomikoa, Trinity proba, 20 kilotoiko leherketa, sekula ikusi gabeko botere suntsitzailea erakutsi zuena. Hogeita bat egun igaro ondoren, Little Boy bonbak eztanda egin zuen Hiroshiman, eta, hiru egun geroago, Fat Man bonbak jo zuen Nagasaki. Leherketa horietan berrehun mila lagun hil zituzten, baina, gero, askoz heriotza gehiago izan ziren, erredurengatik, erradiazioagatik, minbiziagatik, sendagai ezagatik eta malnutrizioagatik.
Harrezkeroztik, Estatu Batuek, antzinako Sobietar Batasunak, Erresuma Batuak, Frantziak, Txinak, Indiak, Pakistanek eta Ipar Koreak bi mila proba nuklear baino gehiago egin dituzte. Gobernuek sistematikoki filmatu zituzten saiakuntza horiek, eta ikus-entzunezko milaka artxibo metatu zituzten. Filmatzen zituzten detonazioaren garapena modu zientifikoan aztertzeko. Era berean, ehunka txosten sailkatu idatzi zituzten, eta, horietan, zehatz-mehatz aztertu zuten eragiketa nuklear osoa. Ezer ez zen geratzen dokumentatu gabe, neurtu gabe; txosten horietan gizakia, animaliak eta bizitza aztertu eta esku hartzeko objektu formal bat besterik ez ziren. Normalean, milaka orrialde horietan, ez zuten aintzat hartzen etikarekin, duintasun-printzipioaren errespetuarekin eta bizitzaren iraupenarekin zerikusia zuen ezer.
Gaur egun ondotxo dakigu ezagutzaren botere aplikatuak konponbide eraginkorrak eta ezinbestekoak eman ahal dizkiela arazo larriei, eta, esparru batzuetan, botere horretan bertan sortzen dela arriskua. Out of Control. Reports on the Atomic Bomb lanaren oinarri diren irudi eta txosten objektibatuetan jasotako saiakuntza nuklearren zehaztasunak eta kontrolak suntsipen handiko armategi erraldoiak dituzte emaitza, kontroletik kanpo dagoen armamentu-norgehiagoka geldiezinaren ondorioz. Zientzia funtsezko indar eraldatzaile eta askatzailea da, baina Lurreko bizitzak jarraipena izan dezan eta hobetu dadin, beste konstruktu kultural batzuekin jarri behar da
harremanean, besteak beste, humanitateekin eta artearekin, eta, askotariko indar sozialek parte hartu behar dute maila globalean arrisku existentzialak sortzen dituzten erabakietan.
"Enkargua jaso nuenean, BBVA Fundazioak hiru gai proposatu zizkidan, eta horien artean armamentu nuklearra aukeratu nuen, gizateriarentzat, Lurreko bizitzarentzat, mehatxu latente existentzial gisa izan dituen eta dituen ondorio izugarriengatik, eta, orobat, potentzial artistiko izugarria ikusten nuelako bertan", azaldu du artistak.
Out of Control. Reports on the Atomic Bomb lanean, artistak aurrez aurre jarri nahi ditu zientziaren berezko zehaztasun, sofistikazio eta kontrol izugarria —desklasifikatutako dokumentu ugarietan eta proba nuklearrei buruzko filmazioetan islatua— eta kontroletik kanpoko armamentu-norgehiagoka, non oso erregimen politiko eta sozial desberdinetako herrialdeek parte hartzen duten, gero eta ugariagoak diren armamentuekin. Ikerketa zientifikoaren emaitza ikertzaileen kontroletik kanpo dago, erabat.
Proiektu artistiko eta filmikoaren hasieraren aurretik, zeuden materialen dokumentazio- eta ikerketa-lan luzea eta zabala egin zen, eta literatura espezializatua irakurri zen bonba atomikoaren garapenari, Hiroshima eta Nagasaki hirien gainean egindako erabilerari eta ondorengo armamentu-norgehiagokari buruz: "Azterketa-prozesu bizia, argigarria eta, aldi berean, zirraragarria izan da niretzat.
“Hasieratik argi izan nuen historiaren zein atal edo alderdi kontatu nahi nuen. Ez nuen ohiko obra bat egin nahi, bideoartean eta zineman ohikoena bonba ekarri zuen ikerketan oinarritzea baita, Oppenheimer-en figura konplexuan eta Hiroshima eta Nagasakiren gaineko bonbetan, eta hor gelditzea. Niri interesgarriagoa iruditzen zitzaidan zientziak beste eremu batzuekiko zuen jarrera, hasieratik aurkitu bainituen Oppenheimer-en hitzak, azaltzen zientzialaria izateak ez diola kualifikaziorik ematen bonba atomikoarekin zer egin behar den edo nola erabili behar den erantzuteko. Erabat onartzen du "beharraren" eremua, balioak, etika eta helburuak edo erabilerak beste batzuen esku geratzea: politikarien eta militarren esku. Helburuen balioei eta izaerari buruz norbere buruari galdetzeari uko egiteak denbora errealean, hau da, ondorio potentzial izugarriak dituen proiektu zientifiko bat garatzen ari denean —eta ez soilik a posteriori—, horrek benetan arreta ematen dit. Besteak beste, horregatik, nire ustez, garapen zientifiko handi batzuek forma hartu behar dute beste konstruktu kultural batzuekin konektaturik, humanitateekin eta balioekin, komunitate zientifikoak berak eta biztanleek parte har dezaten, erakunde sozial anitzekin kontsultatzeko moduen bidez".
Filmaren bizkarrezurra esperimentu nuklearrak dira. "Interesatzen zitzaizkidan gaiak ukitzeko balio izan didan haria da. Hitz egin nahi nuen arma nuklearren ondorioez, lehenik eta behin, pertsonengan duten ondorioez, baina baita animaliengan, ekosistemetan, naturan eta bizitza fisikoan duten horietaz ere", esan du artistak.
Ikuspegi formaletik, artistak minimalismoaren alde egin du: "Nire ustez, obrek iradoki egin behar dute, zuzenean ekintzara deituta hezi edo berritu baino gehiago. Ikusleari inplikatzen utzi behar zaio, falta diren piezak bere buruan sartu eta obrak norberarentzat duen zentzua bereganatu dezan, doktrinatu gabe. Eta nire lanean etengabe dagoen beste kezka bat da melodraman ez erortzea, batez ere giza mailan hain labaina den honen moduko gai bat ukitzean, bestela, sentsazionalismoa egin eta obraren esanahia degradatu egingo litzatekeelako. Ikuslearentzat interesgarriagoa da Hiroshimaren erabateko hondamenaren irudiak ikustea lau pantailetan, benetako testigantzak birsortzen dituen japonierazko ahots bat entzuten den bitartean.
Protagonistei ahotsa ematen diedanean, saiatzen naiz esaldi laburrak eta motzak baina oso esanguratsuak lortzen. Hori agian Different Trains lanaren eragina, hor gidoia minimoa baitzen".
“Filmeko elementurik garrantzitsuenetako bat kontrastea da: batetik, sofistikazio zientifikoa eta desklasifikatutako dokumentuen asepsia deshumanizatua –ateratako zatiak erreproduzitzen dituen offeko ahotsak irudikatuak– eta, bestetik, bizirik dirautenen japonierazko ahotsen gizatasuna. Aurkakotasun hori oso nabarmena da, adibidez, offeko ahotsak ondorio gisa esaten duenean bonbek aurreikusitakoaren arabera jardun zutela, eraginkortasun suntsitzaile handiarekin, eta bizirik atera zen emakumeak gogoratzen duenean "hondakin-pusken artean, gorpuak agertzen ziren, eskua altxatuta, salba zezaten erregutuz bezala".
"Une oro argi izan dut ez nuela dokumental zientifiko edo didaktikorik nahi. Aitzitik, nire helburua zen obra 'humanizatu' bat sortzea, ikusteko denok izan gaitezkeela biktima, esperimentu batzuetan akuri gisa erabilitako soldaduak bezala. Obra honek, beharbada, kaltetuenganako enpatia sor dezake, eta baliteke gizadi osoa izatea kaltetu ".
Bestalde, kezka zuen, irudi batzuen estetikak ez ote zuen arreta bere esanahitik desbideratuko: "Irudi batzuk ederrak dira, baina edertasun engainagarria da; ezin zara horretara lerratu, obrak irudikatzen duena hutsaltzea bailitzateke, arinkeria bat. Ildo horretan, esperimentuen informazioarekin kontrajartzeak ere funtzionatzen du, edertasun-inpresio hori murrizten baitu. Horregatik, filmean datuak erabiltzen ditut, adibidez, detonazioaren errendimenduari buruz, eta horrek bere lekuan jartzen du irudia. Ikuspegi estetikotik gehien hunkitzen duten irudietako batzuk esperimentu batekoak dira, eta horri buruzko datu izugarri bat ematen dut: lau hilabeteko epean leku berean egindako 35 esperimentu atomikoetako bat izan zen. Astakeria da, ingurumenaren eta animalien aurkako atentatua. Izan ere, pantailetako batean ikusten da nola doan korrika animalia bat, arriskuan dagoen bizitza irudikatuz".
Filma kanal anitzeko formatuan dago ikusgai, lau pantailarekin. Erabaki hori oso hausnartuta dago, eta sormen-bide berriak ikertzeko ahaleginean oinarritzen da: "Out of control lanean, artistoi beti gertatzen zaigun bezala, ikertu nahi izan nuen, beste urrats bat egin eta egiaztatu nahi nuen noraino eraman nintzakeen artxiboko materiala erabiltzeak, baina lau pantailatan. Hor arazo bati egin behar izan nion aurre: ikusleak nola hartu ahal izango duen hainbeste informazio, atzeraka egin gabe. Eta informazio bisuala onargarria izan zedin, egitura matematiko bat garatu nuen: gainjartzen diren planoak, binaka lotuta. Egia esan, bi diptiko hauetan, alde batetik 1. eta 3. pantailak erlazionatzen dira, eta bestetik 2. eta 4. pantailak. Horrek konplexutasun handia du: parekatzeko moduko irudiak aurkitzea, adibidez, plano bereko bi kamera-tiro, gainjartze hori egiteko adina irauten dutenak".
Izan ere, ohiko zinematografiari dagokionez, bideoartearen mintzairak narrazio honi zer ekarpen egiten dion azaltzeko orduan, Caravaggiok ñabardura hauek egiten ditu: "Gero eta lausoagoak dira ikus-entzunezkoen mintzairen arteko mugak. Beti izan da zinema esperimentala —niretzat gaur egun bideoartea deitzen dugunaren antzekoena dena—, eta bere ezaugarria da ez dela narrazioaren garapen konbentzional bat, eta esperimentatzeko aukera ematen dizula, baina nik ez dut esperimentatzen berez, baizik eta esan nahi dudana erakutsiko duten bide berriak bilatzeko. Baina nik ulertzen eta garatzen dudan moduan, bideoartean ez da dena sartzen, hor ez dut ordenarik eta zentzurik gabeko planoak jartzen; kontua da esperimentatzeko ahalmena handiagoa dela. Arazoa da gaur egun obra-mota hau zirkuitu zinematografikoetatik kanpo dagoela. Batzuetan publikoak ez duela ulertuko esanez justifikatzen da, baina nire ustez ez da horrela. Out of Control bezalako filmak publiko guztiaren eskura daude. Eta filmaz ari naiz, bideoartearen eta zinemaren arteko muga hausten duelako".
Filmaren hizkuntza naturala ingelesa da; desklasifikatutako dokumentuak, erabiltzen diren artxiboko materialak, hau da, lehengaia, ingelesez daude (bizirauleek japonieraz egiten dute), gaztelaniazko azpitituluekin.
Beatriz Caravaggio
Oviedon jaio zen eta Ingeles Filologian lizentziatu zen bere hiriko unibertsitatean. Gero, Madrilera joan zen, eta musika eta zinematografia ikasketak egin zituen. Bere jarduera artistiko eta profesionala bideoartean eta ez-fikziozko zineman oinarritu du. Bere lanak bideoinstalazioak, sorkuntzako dokumentalak, fotografia eta net.art hartzen ditu barne. Bere artelanak honako toki hauetan izan dira ikusgai, besteak beste: Arte Ederren Bilboko Museoan; Joan Miró Fundazioan eta Centre de Cultura Contemporània de Barcelonan; Reina Sofía Arte Zentroaren Museo Nazionalean, La Casa Encendidan, Arte Ederren Zirkuluan eta Media Lab Pradon, Madrilen; Museo Patio Herrerianon, Valladoliden; Toledo Museum of Art-en, Ohion, Estatu Batuetan; Banff Centre for Arts and Creativity eta Soundstreams-en, Toronton, Kanadan; Biennale of Electronic Arts Perth-en, Australian; eta Rockport Chamber Music Festivalen, Massachusettsen, AEBetan. Sorkuntzarako hainbat sari eta laguntza jaso ditu, hala nola ICAAren Zinema Produkziorako Laguntza, Madrilgo Matadero Sorkuntza Garaikideko Zentroaren sorkuntzarako laguntza, Minima Jaialdiaren Oscil·lant Saria ¿Por qué mutan las moscas mecanicas? obragatik, eta Net.Art Visual Saria Cartografía de la sospecha lanarengatik.
Babeslea: