Erakusketak
Amaituta
2009-03-02 • 2009-05-24
Novecentismoa eta Abangoardia (1910-1936)
Bilboko Arte Eder Museoa bilduman
BBK Aretoa
2008an egindako Euskal artistak eta Goyatik Gauguinera erakusketen ostean (Museoaren bildumako zenbait sailen ikuspegi berritua eskaintzeko asmoz antolatu ziren), Novecentismoa eta Abangoardia (1910−1936) Bilboko Arte Eder Museoa bilduman erakusketak kronologikoki XX. mendeko lehenengo hamarkadetan kokatutako obra sorta zabala dakar orain, lan horietako bakoitzari buruzko ezagutza dokumentala eguneratzeko eta garai artistiko hori hobeto ezagutzeko asmoz.
149 obra, margo, argazki eta kartel dira, eta horietako asko sekula jendaurrean erakutsi gabe zeuden. Era berean, Antonio de Guezalaren Noche de artistas en Ibaigane (Artisten gaua Ibaiganen, 1927) eta Carlos Riberaren La lechera al sol (Esne-saltzailea eguzkitan, 1930) jarriko dira ikusgai. Duela gutxi eskuratu ditu Museoak, eta orain aurkeztuko dira lehen aldiz.
Joaquín Torres García, Joaquim Sunyer, Aurelio Arteta, Daniel Vázquez Díaz, Julián de Tellaeche, Antonio de Guezala, Celso Lagar, Gabriel García Maroto edo José María de Ucelay dira aukeratutako artista nagusietako batzuk, eta euren lanak zazpi epigrafe teorikotan egituratu dira: Novecentismoaren ideala, Berritasunaren xarma, Bizitza modernoa, Novecentismoko bigarren promozioa, Ezaugarri metafisikoa, Tokian tokiko mitoak eta euren alderantzikatzea, eta Eguneroko bizitzaren gaineko laudorioak.
Eugenio Carmona da erakusketaren komisarioa. Málagako Unibertsitateko Artearen Historiako katedraduna da eta Espainiako abangoardia historikoari buruzko aditurik handiena da. Era berean, zenbait lan eta egileri buruzko ideia berritzaileak plazaratu ditu, bai eta une eta toki bakoitzeko testuinguru artistikoaren interpretazioari buruzko ideiak ere. Ildo beretik, erakusketa osatzen duen katalogoa balio handi-handikoa da. Carmonaren saiakera nagusiarekin batera, Pilar Murren testu bat dago, bai eta artisten biografia eguneratuak eta garai hartako testuen aukeraketa bat ere, espezialista ugariren eskutik.
Aukeratutako kronologiak (1910etik 1936ra bitartekoa) Espainiako arte garaikidearen garapenerako ezinbestekoak izan ziren urte batzuk hartzen ditu bere baitan. Urte horiek bereziki ondo daude ordezkatuta Bilboko Arte Eder Museoaren bilduman, garai hartako lan eta artista ugari daude-eta bertan. Funtsezko urteak izan ziren euskal artearentzat, eta, zenbait gertakariri esker, jakin dezakegu Bilbok zelako garrantzia hartu zuen Espainiako artean, gune artistiko gisa. Gertakari horien artean daude, esate baterako, Arte Modernoko Museoaren (1924), Euskal Artisten Elkartearen (1911) eta Hermes aldizkariaren(1917) sorrerak, edo Pintura eta Eskulturako Nazioarteko Lehenengo Erakusketa (1919) antolatu izana.
NOVECENTISMOA ETA ABANGOARDIA (1910−1936)
Azken urteotan, arte modernoaren historiak berrikuspen sakona bizi izan du, eta, ondorioz, arte modernotzat hartzen dugun horren konplexutasuna eta aniztasuna agerian geratu dira. XX. mende hasierako lehen urte haietan, modernotasunaren ideia zenbait sentsibilitateren bidez gauzatu zen, novecentismotik abangoardiara. Aldi berean, sinbolismoaren eta inpresionismoaren herentziak bizirik zirauen. Euskal artearen testuinguruan, panorama konplexu horretaz gain, zenbait artista identitatearen edo bertokotasunaren zentzua definitzen saiatu ziren.
Hain zuzen ere, hamarkada haietako atalik interesgarrienetakoa novecentismoa izan zen. Mugimendu horrek hizkera propioa definitu zuen, alde batetik, hemeretzigarren mendeko proposamenetatik urrundu zelako eta, bestetik, ez zelako guztiz hizkera abangoardista gisa hartua izan. Novecentismoaren espiritua Frantzian ere existitu izan zen, bai eta inguru germaniarrean eta Ingalaterran ere. Espainiako testuinguruari dagokionez, mugimenduak zehaztasun berezia izan zuen Eugenio d´Orsek sustatutako noucentisme katalanean, zeina modernisme delakoaren jarrera sinbolistaren erantzun eta alternatiba gisa sortu baitzen. Baina, gainera, eta hauxe da erakusketa honen tesirik berritzaileenetakoa, Euskal Herrian ere espiritu novecentista existitu zen, batez ere, Aurelio Artetaren lanean. Eta hori da erakusketak bertako panoramaren inguruan agerian utzi nahi duen ataletako bat.
Oro har, espiritu novecentistak arte aratz eta soila sortzeko asmo klasizista zuen, albo batean utziz tipo eta ereduen gaineko deformazio espresiboa, subjektibotasuna, irrealtasuna edo berezitasuna: poetika novecentistak islatutakoaren idealizazio neurritsua lortu nahi zuen. Marrazkiak eta formaren aldeko borondateak aurrea hartzen diote beti neurritsua eta objektibatzailea den koloreari. Artista novecentista artista mota berria da, artista erromantikoen prototipo bohemioaren aurkakoa. Kulturadun gizona da, hiriko bizimoduan inplikatua, eta sustraien eta identitatearen bila ari da.
Novecentismoarekin batera, urte haietan lehenengo ismoak agertu ziren, kubismoarekin, futurismoarekin eta simultaneismoarekin identifikatutako abangoardia eratuz. Hori dela eta, garai hartako gune artistiko nagusietan (Euskal Herria, Katalunia eta 14ko Belaunaldiko Madrilgo inguru artistikoa), novecentismoa eta abangoardia ezin dira banatutako fenomeno gisa ulertu. Aitzitik, beraien artean etengabeko harreman dialektikoa egon zen, eta, horrela, artista beraren obraren barruan, espiritu estetiko bien eragina suma daiteke.
Hori horrela, erakusketa honek XX. mendeko lehen hamarkadetako euskal arteari buruzko ikuspegi berritzailea ematen du. Izan ere, hizkera inpresionista eta sinbolisten herentzia berantiarra iraunarazi zuten eta diskurtso historiografikoaren bermea duten egileak identifikatzen ditu; era berean, gauza bera egiten du novecentismoaren ezaugarriak eta abangoardiaren berrikuntza artistikoaren premisak bereganatu zituztenekin.
Mendearen lehen erdialdeko euskal artea ulertzeko, erakusketa honek beste elementu garrantzitsu bat eskaintzen du; hain zuzen ere, beste teknika batzuek (argazkigintza edo kartelgintza, adibidez) pinturarekin izan zuten harremana. Izan ere, mekanikoki erreproduzitzen zirenez eta garai haren isla zirenez, handitu egin zuten arteen irismen soziala.
Bilboko Arte Eder Museoaren bildumak Aurelio Arteta, Joaquim Sunyer, Daniel Vázquez Díaz −espiritu novecentistak izan zituen hiru artistarik aipagarrienak−, Celso Lagar eta Gabriel García Marotoren lan garrantzitsuak ditu, eta, ondorioz, inork baino hobeto erakutsi dezake poetika novecentistak zelako presentzia izan zuen Espainiako panorama artistikoan, joan den mendeko lehenengo lau hamarkadetan. Artetak sasoi hartan egindako lana kolore aberatsekoa eta marrazketa indartsukoa da, eta, bertan, modeloek presentzia noblea dute, lirismo gozoko atmosferan. Hori horrela, novecentismoaren lehen garaiaren ordezkari nabarmena da. Egile horiek osatzen dute erakusketako lehenengo espazioa, Novecentismoaren ideala deitutakoa. Bertan, Felipe Manterolaren argazkiak ere badaude.
Era berean, Museoaren fondoetan Antonio de Guezala, Robert Delaunay, Julián de Tellaeche, Ramiro Arrúe, Celso Lagar eta Joaquín Torres Garcíaren funtsezko lanak daude, eta, ondorioz, Berritasunaren xarma izeneko bigarren atala atondu da, bertan jarri direlarik abangoardiako hizkeren eragina izan duten lanak.
Bizitza modernoa izeneko hirugarren ataleko espazioen eta objektuen berri emateko, kartel eta argazki sorta zabala erabili da. Ondoren, laugarren atala Novecentismoko bigarren promozioa da, eta José María Ucelayren hastapenetako lanarekin dago lotuta.
Novecentismoaren eta abangoardiaren arteko harremanak aurrera jarraitu zuen hogeiko hamarkadaren bigarren erdialdean eta hogeita hamarreko hamarkadan, surrealismoaren eraginari esker. Modu horretan, garrantzizko gauzak eguneroko eszenetan islatzen ziren, eta hala daude jasota Ezaugarri metafisikoa atalean eta Tokian tokiko mitoak eta euren alderantzikatzea epigrafeko osagai etnografikoko lanetan.
Erakusketako azken atala Eguneroko bizitzaren gaineko laudorioak deitzen da, eta, bertan, garai hartako erregistro garrantzitsu berriei buruzko zenbait arlo daude jasota: haurtzaroaren miresmenaren gaia, edo lanaren, kirolaren edo maitasunaren mundua, besteak beste.
Irudian:
José María de Ucelay (19031979)
Bola-jokoan San Bartolomen, c. 1935
Olioa mihisean, 73 x 92,3
Bilboko Arte Ederren Museoa
Babeslea: