Erakusketa: Muntadas. Hiri hutsa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2021-03-18 • 2021-10-25

Muntadas. Hiri hutsa

32. eta 33. aretoak

Bilboko Arte Ederren Museoaren eta BBVA Fundazioaren Bideoarte eta Sorkuntza Digitaleko Programa
Muntadasek ekoitzia, Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioarentzat

[...] garai baten begiradaren aurrean agertzen da, bat-batean, hurrengoa.

Walter Benjamin

Antoni Muntadas (Bartzelona, 1942) New Yorken bizi da 1971z geroztik, eta ibilbide oparoa osatu du, nazioartean ospetsua, lau hamarkadatik gorako tartean. Bere ibilbidean, antropologiarekiko, soziologiarekiko eta kulturaren historiarekiko interes erradikaletik abiatuta, askotariko proiektuak landu ditu hainbat diziplina garaikide baliatuz. Hain zuzen ere, gai soziopolitikoen edo komunikazioarekin loturiko gaien inguruko multimedia instalazioak, internet, argazkiak, ekintzak, argitalpenak eta esku-hartze urbanoak biltzen ditu Muntadasen jardun artistikoak. Bestalde, mintegiak eman ditu Europako eta Estatu Batuetako hainbat erakundetan, eta irakasle aritu da Massachusetts Institute of Technologyko (MIT) Arkitektura Sailean, 1990 eta 2014 bitartean, baita Venetoko Arkitekturako Unibertsitate Institutuan ere, Venezian, 2004az geroztik. Azken urteetan, arkitektura izan da bere proiektuen funtsezko interesetako bat.

Bere azken lana da orain ezagutzera emango dena, Hiri hutsa. Lan horretan, espazio publikoari eta arkitekturari buruzko ikerketa zabalago baterako abiapuntu gisa ageri dira Bilboren kasua eta haren hirigintzaren bilakaera historikoa. Hain zuzen ere, Nerbioi itsasadarra eta hiriaren hazkundean metatutako hurrenez  hurreneko  estratu  kultural  guztiak  baliatu  ditu  Muntadasek  proiektu  hau  eraikitzeko;  bertan, "askotariko input eta elkarrizketek galderak formulatzen dituzte, hasierako testuingurua birplanteatzeko". Lan horrek iraun duen bi urteetan, ezusteko baina erabateko protagonista bihurtu dira pandemia eta 2020ko udaberriko konfinamendua zela-eta hiria hustu izana.

Bilboko Arte Ederren Museoaren eta BBVA Fundazioaren Bideoarte eta Sorkuntza Digitaleko Programaren enkarguz sortua da Hiri hutsa, eta Guadalupe Echevarría du komisarioa. Muntadasen obran ohikoa den moduan, hainbat osagai biltzen ditu, eta, egilearen beraren hitzetan, "artefaktu" berezi bat osatzen dute osagai horiek, publikoak bere begirada kritiko eta jakin-nahiak aktibatzen duena.

Muntadasen ekoizpen askotan gertatzen den bezala, proposamena aurkeztu aurretik lankidetza-prozesu sakona gauzatu du artistak askotariko taldeekin, zeinak atxiki baitiote obra honi tokiko kulturarekin loturiko landa-lan baten ikuspegi integratzaile eta diziplina anitzekoa.

Hala, hainbat ekarpen uztartu dira azken emaitzan. Joseba Zulaika antropologoarena, batetik: hutsaren eta betearen ideia interpretatzen du, euskal eskulturak eta desindustrializazioaren eraginez "hustutako" eta  berriro arkitektura modernoaren bidez "betetako" Bilboren -Gehryren Guggenheim dela mapa urbano berriaren aitzindari- azkenaldiko historiak kodetutako irakurketa batean. Baita Arantxa Rodríguez urbanistarena ere, zeinak aztertzen baititu azken hamarkadetako hiri berregituratzeak eta Bilboren kasua. Edo Iñaki Uriarteren itsasadarrean barrenako ibilbide sonoroa, ibilbidearen kontakizun ofiziala zalantzan jartzen duen ikuspegi kritikoari jarraitzen diona.

Hiri hutsa proiektuaren osagarri, liburu bat argitaratu da, La Fábricarekin lankidetzan. Joseba Zulaika eta Arantxa Rodríguezen saiakerak biltzen dira liburuan, non aztertzen baitira hiriarekin, hirigintzarekin eta eredu sozioekonomikoen paradigma aldaketarekin loturiko hainbat alderdi, Bilbo abiapuntu hartuta, betiere. Liburuan txertatu da, halaber, 2020ko maiatza eta ekaina bitartean Muntadasek eta Guadalupe Echevarríak Skype bidez hiru saiotan egindako solasaldia -Guadalupe Echevarría izan zen Muntadasek Espainian egindako lehen erakusketaren komisarioa, Vicente Todolírekin batera-. Testu guztiak ingelesera eta euskarara itzulita daude.

Hiri hutsa

Hiri hutsa hiru lan nagusik osatuta dago. 33. aretoan, Vacuum / Plenum instalazioa dago ikusgai; proiekzio bikoitza da, Bilbo martxotik maiatzera bitartean hutsik erakusten duten irudiena, alde batetik, eta, bestetik, ekainetik urrira bitartean errodatutakoa, jendea zebilela kalean. On Translation: La Ría gailua hirian zehar hegan dabil, eta Udaletxetik Zorrotzaurrerainoko ibilbide bisual eta sonoro bat egiten du itsasadarraren ibilguan barrena, Iñaki Uriarteren audio-elkarrizketa bat lagun. Lan horien osagarri da Suntsiketa /  Eraikuntza bideoa, non nahasten baitira irudi historikoak eta gaur egungoak eta zeinetan gogoeta egiten baitu Muntadasek hiri plangintzaren arloko erabakiei buruz, baina baita ustekabeko fenomenoei buruz ere, hala nola gerrei, uholdeei eta pandemiei buruz, hiria suntsitzen eta berreraikitzen duten inflexio puntutzat harturik. 32. aretoan, Muntadasen aurretiko hiru bideo daude ikusgai, orobat dituztenak ardatz modura hiria, paisaia eta lurraldea: Dérive Veneziane (2015), Guadiana (2017) eta Finisterre (2017). Artistaren hitzetan, Bilbori buruzko proiektuaren "oin-ohar" modura dihardute hiru lan horiek.

Ikus-entzunezko multzo honen bidez, Muntadasek Nerbioi itsasadarraren inguruko hainbat gatazka eta eraldaketaren espazio-dimentsioa nabarmentzen du, eta adierazten dituen fenomenoak aurrez aurre jartzen ditu, aldi berean, hari eroale modura diharduten Walter Benjamin alemaniar filosofoaren aipuekin.

Dérive Veneziane (2015)
Bideoa, 38 min

Batzuetan, estereotipo edo klitxe indartsuak erabiltzen dira hiriak irudikatzeko. Lan honen asmoa Veneziako hiriaren beste aurpegi bat erakustea da, ezkutua, ezezaguna, misteriotsua, dérive situazionistan oinarritutako bidaia baten bitartez, gauez eta txalupa batetik. Guy Deborden aipuekin, Dérive Venezianek nozioak ematen ditu galtzeaz, bakardadeaz, iluntasunaz, aurkintzaz, intrigaz eta fantasmagoriaz.


Guadiana (2017)
Bideoa, 1 h 5 min

Guadiana ibaiaren ibilbideak, ikuspuntu zenitaletik ikusita eta Paul Virilioren aipuek lagunduta, agertu eta desagertzearen sentsaziora garamatza. Ibaiak bere bidean duen batez besteko abiadura konstanteak adierazten du ez dagoela atzera itzultzerik. Gizakien esku-hartzeak eraldatutako paisaia naturala, nolabaiteko artifizialtasunak mugatua: eraikinak, urtegiak, noranzko aldaketak edo lekualdatzeko bitartekoak eta, azkenik, kamera.


Finisterre (2017)
Bideoa, 27 min

Finisterreren gaia begirada da, zerumuga, behatzea, eta iraganeko eta etorkizuneko pentsamenduei lotutako hausnarketak. Giorgio Agambenen aipuetan bermatuta, zerumugak haragoko zera bat erakusten du, zeinak joatea eta, batzuetan, itzultzea irudikatzen dituen.


Vacuum / Plenum (2019-2020)
Proiekzio bikoitzeko instalazioa
Bideoa, 20 min 3 seg

2019an, Muntadas ontzi batean ibili zen Bilboko itsasadarrean, zeinak azpiegitura handiak dituen alde banatan - batzuk, turismorako moldatuak-, eta Bilbo hutsik irudikatu zuen. Pentsatu zuen nolakoa izango ote zen hiria, jendea duten eraikin handi horiek gabe. Gero, hiria benetan hustu zen. Vacuum / Plenum proiekzio bikoitza da: batak Bilbo hutsaren irudiak ditu, 2020ko martxotik maiatzera bitartekoak, eta besteak, urte horretako ekainetik urrira filmatuak, kaleetan jendea duela erakusten du hiria.


On Translation: La Ría (2019-2020)
Instalazioa
Darío de Regoyosen olioa mihisean (Bilboko itsasadarra, c. 1910, Bilboko Arte Ederren Museoa)
Google Earth-eko bideoa, 58 min 53 seg
Mahaia, maparekin eta bi audiorekin (Bilboatsen audio-gida eta Iñaki Uriarteren kontakizuna)

Itsasadarra Bilboko hiriaren ezaugarri naturala da, eta era eta molde askotan irudikatu izan da. Areto honetan bi mutur ditugu, denboraren joanaren ikur: Regoyosen koadroa, 1910. urtearen inguruan margotua, eta Google Earthen ikuspegia, 2020ko begirada ekartzen duena. Gunearen osagarri, elkarri kontrajarritako soinu-ikusmolde bana ematen dute bi audiok: Bilboats enpresaren audio-gidaren bitartez itsasadarrean egindako ibilbidea, eta Iñaki Uriarte arkitektoaren kontakizunaren bitartez egindakoa. Errealitate beraren bi ikuspegi eta bi interpretazio, irudi eta audio bidez emanak.


Suntsiketa / Eraikuntza (2020-2021)
Bideoa, 8 min 3 seg
Bertsolariak: Oihana Bartra, Arkatiz Estiballes, 24 min 29 seg

Beharrizanetatik, plangintzetatik, erabakietatik eta garapenetatik abiatuta gauzatzen dira hiriak; haien eboluzioaren forma arruntak dira horiek. Denboraren joanarekin, istripuak datoz. Ezohiko gertaerak, hiri hori eraldatzen edo suntsitzen dutenak, hari begiratzeko edo hura erabiltzeko dugun erak bezala. Berriz eraikitzeak beste erronka batzuk dakartza, erabilerarekin eta funtzionalitatearekin zerikusia dutenak; baita modernotasunarekin ere, zeina, kasu batzuetan, erantsitako baliotzat hartzen den. Irudi historikoak eta gaur egungoak dituen lan honek ibilbide bat eskaintzen du, inflexio-puntu, eraikinen hondar eta arkitektura berri horietan zehar.

Babeslea: