Mundu berri bat ikusteke - Bilboko Arte Ederren Museoaren

2023-10-23 • 2024-02-11

Mundu berri bat ikusteke

Ordóñez-Falcón dohaintza

6 – 10. aretoak

Museoak 110 argazki jaso ditu dohaintzan, Ordoñez-Falcón Bilduma ospetsuaren eskutik, hots, argazkigintzaren eta bideo-sorkuntzaren arloko Europako funts pribatu garrantzitsuenetako baten eskutik. Multzo horrek 1850etik 2010era bitarteko kronologia hartzen du, eta 63 egilek egindako lanak –horietako batzuk lan bat baino gehiagorekin ordezkatuta– eta 14 anonimo biltzen ditu.

Argazkiez gain, Katamalo (2010) lana ere –Alain Urrutia artista bilbotarraren 12 marrazkiz osatua– dohaintzaren parte da.

Enrique Ordóñez eta Isabel Falcónek osatutako ezkon-bikote donostiarraren ikusizko kulturarekiko interesaren eta bildumetarako grinaren ondorioz hasi zen osatzen bilduma, joan den mendearen hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, bildutakoa jendaurrean erakusteko asmoz. Bi mila irudi inguru biltzera iritsi zen bilduma –gehienak garaiko jatorrizkoak–, argazkiaren historiaren kalitate handiko laburbilduma osatzen dutenak, bai eta askotariko gai, estilo eta argazki-tekniken katalogoa ere.

2020. urteaz geroztik, mila pieza baino gehiago Tenerife Espacio de las Arteasekoak (TEA) dira; han, 2009an gordailutu zituzten, eta, ondoren, dohaintzan eman. Beste museo eta arte-zentro batzuetan ere egin zituen mota horretako gordailutzeak Ordoñez-Falcón Bildumak, hala nola Valentziako Arte Modernoaren Institutuan (IVAM), Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoan (MACBA), Gasteizko Artium Museoan, Coruñako Arte Garaikidearen Zentro Galegoan (CGAC) eta Arte Ederren Bilboko Museoan. Gaur egun Bilboko museoari egiten zaion dohaintzaren jatorria, hain zuzen ere, bildumak 2007. urteaz geroztik erakundearekin duen harremana da. Urte horretan 61 argazkiren gordailutzea sinatu zuen, eta 2008an erakusketa batean eta liburu batean eman ziren ezagutzera horiek. 2009an, 47 obrako bigarren gordailutze bat erakutsi zen museoan, eta antzeko beste argitalpen batean jaso zen.

Zorionez, eta Enrique Ordóñez eta Isabel Falcónen eskuzabaltasun keinu berri batean, bi gordailutzeetako lan asko museoari eman zaizkio. Gainera, argazki historikoari balio handiagoa ematen dion irudi-multzo bat gehitu da; horrek multzoaren azken kronologia 2010era arte luzatzen du, eta errepertorioan Euskal Herriko argazkilariak eta latinoamerikarrak sartzen ditu.

Ordóñez-Falcón dohaintza

Dohaintzaren barruko lehen irudi-multzoak XIX. mendeko argazkigintzaren bilakaera ordezkatzen du, eta aukera ematen du diziplinaren garapen teknikoa –albumina-papera, gelatinobromuroa, zianotipoa, dagerrotipoa eta abar– eta hura hizkuntza artistikotzat hartzea bilatu zuten argazkilarien lana ulertzeko.

Corpus horrek, gainera, honako hauek dokumentatzen ditu: argazkigintza mendearen bigarren erdiko gizarte burgesean hartzen hasi zen garrantzia, industria profesional gisa eta amateurren zaletasun gisa izandako garapena, eta mundua hautemateko tresna eta oroimenaren gordetegi gisa izandako garrantzia.

Gai ugaritasunak –paisaiak, hiri-ikuspegiak, erretratuak, biluziak, natura hilak, eszena kostunbrista eta dokumentalak, irudi zientifikoak, bidaiak eta monumentuak…– erakusten du oso baliagarria izan zela asmakizun hori hasieratik, eta, aldi berean, garatu ahala generoek jarraikortasuna izan dutela.

Paisaia-balio handiko lanak, hala Olympe Aguado kondearenak, Eugène Cuvelierrenak eta Peter Henry Emersonenak… estilo propioa bilatzeko egindako lehen saioen ordezkari dira. 

Southworth & Hawes, Roger Fenton eta Léon Crémièrren argazkiak erretratuari aplikatutako argazkigintzaren aukeren adibide onak dira, bai eta Atelier Nadar tailerrean egindako Victor Hugo eta George Sand idazleen erretratu klasikoak ere. 

Bestalde, Constant Alexandre Famin, Robert Burrows eta Adolphe Braun piktorialismoaren eragina duten loreen eta natura hilen azterketa ederrekin ordezkatuta daude; Henry Baileyren natura hilak ere gauza bera adierazten du. Aparteko kasua dira testura urdineko zianotipia botaniko anonimo ederrak. Auguste Bellocek, Vicenzo Galdik eta Gaudenzio Marconik emakumeen biluzia ordezkatzen dute, genero horrek pinturan izandako tradizioarekin ere lotuta. 

Nadar

George Sand, c.1864

Woodburytipia sobre papel 23,6 x 18,8 cm
Donación de la colección Ordóñez-Falcón en 2022

Crémière, Léon

Jules Léotard, 1867

Papel a la albúmina 22,9 x 18 cm
Donación de la colección Ordóñez-Falcón en 2022

Famin, Constant Alexander

Sin título, c. 1865

Papel a la albúmina 24,5 x 17 cm
Donación de la colección Ordóñez-Falcón en 2022

Anónimo

Sin título , Siglo XIX c. 1855

Cianotipia 21,3 x 17,5 cm
Donación de la colección Ordóñez-Falcón en 2022

 Charles Cliffordek eta Jean Laurentek albumina-paperean kopiatutako kolodioiko negatiboen erabilerari buruko saiakerak erakusten dituzte, ikuspegien eta tipo herrikoien irudietan. Prozedura hori erabili zuen Pau Audouardek ere Bartzelonako portuko bere album ezagunean. 

Garai hartakoak dira, halaber, Venezia, Kordoba eta Bresten bisten lehen irudi prototuristikoak, Jean Laurentek eta Charles Furnek hartuak. Beste batzuk –Félix Bonfils Jerusalemen, Luigi Fiorillo Egipton edo Eugène Atget Parisen– garaiko bidaiari handien lanaren testigantza ematen dute. Dohaintzan, horiez gain, XIX. mendeko esperimentazio tekniko eta zientifikoaren irudi bereziak ere sartzen dira, hala nola Paul Pierre eta Prosper Henryren irudi astronomiko harrigarriak, Étine Léopold Trouveloten elektrizitatearen ikusizko erregistroak, Eadweard Muybridgek egindako giza gorputzaren mugimenduaren azterketak –Francis Bacon margolariaren interesa piztu zutenak– eta Adrien Tournachonek medikuntza neurologikorako egindako aplikazioak. 

Fiorillo, Luigi

Egipto, Alejandría. Columna de Pompeyo, c. 1870-1880

Papel a la albúmina 26,7 x 20,8 cm
Donación de la colección Ordóñez-Falcón en 2022

Trouvelot, Étienne Léopold

Chispa eléctrica directa, Siglo XIX c. 1885

Papel a la albúmina 29,1 x 23,3 cm
Donación de la colección Ordóñez-Falcón en 2022

Henry frères

Edad de la Luna (27 de marzo de 1890),1890

Papel a la albúmina 22,5 x 17 cm
Donación de la colección Ordóñez-Falcón en 2022

Édouard-Denis Baldus eta Charles Clifforden lanetan, ingeniarien agindupean eginak maiz, hiri- eta industria-argazki bat ageri da, metalezko eraikuntza berrien, makinen eta hirigintza-aldaketen epika islatzen dituena. Testuinguru horretan, garraio kolektiboaren garapenak bidaiak bultzatu zituen, eta, hala, naturalistek, geografoek eta turistek dokumentatzeko irudiak eskatu zituzten. Argazkigintza arkeologikoaren aitzindarien lanak, hala nola Maxime du Camp, Désiré Charnay eta Francis Frith, testuinguru horretan kokatzen dira, Bisson anaiek jaso zituzten alpinismoko balentrien irudien ondoan. 

Edertasun arraroa dela-eta nabarmentzen dira erretratu post mortem anonimo bat eta Lewis Carrolen argazkia, Alizia herrialde miresgarrian liburuaren egilearena. 

Mende-aldaketan kokatzen dira europar erreportaje grafikoen arlo orduan hasiberriaren lagin azpimarragarri bat, Emil Mayerrek Vienan egindakoa, Adolph de Meyer baroiaren moda-argazkia, Ernest James Bellocqen album ezagunaren erretratu erotikoak, New Orleanseko prostituzio-etxe batean eginak, eta Wilhelm von Gloeden baroiarenak Taorminan (Italia), eta Lewis Wickes Hinek egindako emigrante baten erretratua. 

Anónimo

Sin título, Siglo XIX c. 1870

Papel a la albúmina 16,8 x 22,4 cm
Donación de la colección Ordóñez-Falcón en 2022

Mayer, Emil

Viena.- La vida en el Prater. Excluidos., 1908

Gelatino bromuro de plata sobre papel 8,9 x 8,1 cm
Donación de la colección Ordóñez-Falcón en 2022

Dagoeneko XX. mendean, Latinoamerikako argazkigintzako izen aipagarriak daude –Venancio Díaz eta Osvaldo Salas kubatarrak eta balio handiko bi argazki mexikar anonimo–, Kataluniako “Nova vanguardia”-koak –Joan Colom–, eta, garaikide gisa, euskal autoreen izen aipagarriak daude, hala nola Isabel Azkarate, herrialdeko lehen emakume argazki-kazetarietako bat, Xabier Alkorta, bere “Soldaduak” serieko hiru irudirekin, José Ramón Amondarain eta Aritz Loiola. 

Azken finean, erakusketa honek, dohaintzan eman duten multzo hautatuaren bidez, omenaldia egin nahi die Enrique Ordóñez eta Isabel Falcón bildumagileei, eta agerian utzi nahi du argazkigintza oso garrantzitsua dela mundua hautemateko eta oroitzeko tresna gisa.

Mundu berri bat ikusteke

Argazkigintza lehen kamera ilunekin hasi zen; XV. mendean hainbat margolarik ezagutu zituzten haiek, Leonardok, besteak beste. Artefaktu haiek jasotzen zuten irudia marrazkiaren eta pinturaren bidez erregistratzen zen. XIX. mendera arte ez zen garatu argia mekanikoki finkatzeko teknika. Aurkikuntza hori –fisikoa eta kimikoa– da, objektiboaren garapenarekin batera –irekitzea, fokua eta lentea–, gaur egun argazkigintza deritzoguna. Aurkikuntza (1826, Niépce) eta haren ondorengo garapen teknologikoa (1839, Daguerre) eta industriala (1850, Talbot, Blanquart-Evrard) mendebaldeko gizarteak eraldatu zituzten beste asmakizun batzuen garaikide dira: trena (1825), telegrafoa (1844), arkitektura industriala (1851), hiri modernoa (1860), irratia (1871) eta autoa (1894). Argazkigintza XIX. mendearen bigarren erdian sortu eta modernitatea deitzen diogun mundu berri hori osatzen duen teknika eta artea da.

Irudikapen zehatzak, esposizio-aldi gero eta laburragoek, eta irudien ekoizpen industrialak argazkigintza azkar zabaltzea eta gizarteko maila guztietara iristea ahalbidetu zuten. Irudi berriek arte tradizionalean eragin zuten, objektuak irudikatzeko eta, beraz, ikusteko moduan. Argazkiak bere objektiboaren aurrean gertatzen diren aldaketak erregistratzen dituen bitartean, eraldaketak ere sortzen ditu.

Mundu berri bat ikusteke erakusketan aurkeztutako irudietan ikus daiteke nola miresten duten lehen argazkilariek mundu hori, kameraren bidez, inoiz ez bezala erretratatzen dena eta, beraz, “berri” gisa. Makinaren bidez begiratu eta makinak jasotzen duena finkatzeko, harreman berri bat ezarri behar da errealitatearekin. Begirada definitu egiten da, eta bere buruaren kontzientzia hartzen du. Zeri eta nola begiratzen dioten dakiten egile askotan ikuspegi aktiboa eraikitzen laguntzen du. Astroei eta landareei argazkiak ateratzeko aukerarekin batera, makinak Egiptoko hieroglifikoak edo antzinako arkitekturaren hondarrak ere erregistra ditzake. Mundua goitik behera eraldatuko du argazkigintzak erakusten dituen kontzientzia optiko berriak. Arte Ederren Bilboko Museoak dohaintzan jasotako Ordoñez-Falcón Bildumako ehun inguru irudiei esker, XIX. mendeko lehen argazkilariek nola begiratzen zuten eta beren kameren aurrean desagertzen ari zen eta, aldi berean, sortzen ari zen mundu hori nolakoa zen ikus dezakegu. Bilduma hori corpus handiago baten zatia da, Enrique Ordóñez donostiar diseinatzaile eta publizistak eta haren emazte Isabel Falcónek sortutakoa 1970eko hamarkadatik aurrera, irudietan interes pertsonala zutelako. Izaera zientifikoa eta artistikoa duten ehun inguru lan horiek antolatzeko, museoak irudiz osatutako konstelazio bat sortu du, eraldatzen ari den mundu hori ilustratzen duena, artearen hiru gai nagusi erabiliz: Zientzia eta natura; Arkitektura eta hiria; Erretratua eta pertsonak. Lan hauek hain aparteko bilakatzen dituena da gizakiaren, makinaren eta munduaren arteko lehen topaketa hori gordetzen dutela.

- Gilermo Zuaznabar
Diseinu eta Arkitekturako kontserbatzailea