Erakusketak
Amaituta
2023-03-06 • 2024-01-07
Multiverso
Bideoarte eta sorkuntza digitala
4. Aretoa
2018tik, museoak eta BBVA Fundazioak, elkarlan bidez, Bideoartea sortzeko MULTIVERSO Beken deialdia egiten dute. Beka horiek ikus-entzunezkoen ekoizpen artistikoa sustatzen dute Espainian, baita haren zabalkundea ere, zenbait programa publikoren bitartez.
Arte garaikideari laguntzeko programa bateratu horren barruan, museoak aurkeztu egingo ditu 2018ko deialdian emandako laguntzen ondorioz sortutako arte lanetako batzuk, gehienak argitaragabeak. Erakusketaren programan Antoni Abad, Toni Serra (Abu Ali), Mabel Palacín, Nadia Hotait, Manu Arregui eta Pedro G. Romeroren lanak daude. Belaunaldi eta orientabide desberdinetako artista horiek, mugitzen diren irudiak sorkuntza eta ikerketarako tresna modura erabiliz, gaur egungo bideogintzarenganako hurbilpena dakarkigute.
Manu Arregui. Zahartzaro-harmoniak / 2020
Bideo-instalazioa
Soinua, 24 min 3 s
4. Aretoa / 2023ko irailaren 25etik azaroaren 12ra
Manu Arreguiren Zahartzaro-harmoniak (2020), 30eko hamarkadatik 50eko hamarkadara bitarteko Hollywoodeko musikalen koru-ilarak desitxuratzeko ariketa sofistikatua da. Itxuraz kaltegarriak ez diren nozioetatik abiatuta –gazte zuri eta atletikoen ideala, koreografia sinkronizatuen diziplina, alaitasuna eta glamourra kontsigna gisa...–, musika-zinema ihes egiteko eta propagandarako ariketa bihurtu zen, desio maskulinoak aktibatutako industria batean emakumeak zuen rolaren ikuspegi heteropatriarkalari buruz. Abangoardiako zinema, musika eta dantzaren baliabideak sublimatuz, Arreguik dantzari beteranoen talde bat aurkezten du, erritmo sinkopatuekin eta batzuetan biluzik, hamarkada haietan ezarritako eta orain plataforma digital handien debekuetan berriro azaltzen diren kode moral zorrotzei aurre egiteko.
2022an bere Koreografia 5 trabestirentzat (2001) bideoa euskal bilduma publikoetan sartu zen, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Bilduma Partekatua programaren barruan.
Zahartzaro-harmoniak lanaren abiapuntua izan zen, desitxuratzearen bidez, zinemaren historiaren eta ikus-entzunezko propagandaren kode bisualen ikusmolde heteropatriarkala eta eduki politikoak agerian utziko zituen parodia bat sortzea. Berregitea, iseka egiteko eta baita balio estetiko camp batzuk berdintasunezko begiradaz ospatzeko ere. Proiektuaren protagonistak ez dira pertsona bat haietaz jabetzea espero duten figurak, haien gorputzak ez dira inposatutako gauza bihurtzen, elkarren artean erlazionatzen diren emakumeak dira, elkarri begiratzen diotenak, bai eta publikoari begiratzen diotenak ere, industria haren funtsezko motorra zen gizonezkoen desira zalantzan jarriz. Aztertu beharreko ereduen artean Gaztaro-harmoniak (Busby Berkeley, 1940) agertu zen, proiektuaren izenburuan inspirazio iturri izan dena.
Pieza kanal anitzeko instalazio bat da hiru pantailatan, eta ikuslearen gorputza beste elementu bat bezala hartzen du, narrazio ez-lineal baten zirrikituetan ibiltzera behartuz.
Gelak eta setak zeharkatzen ditugu, grabazioan eta haren zirrikituetan parte hartuz. Eszenatokiek, korridoreek eta eskailerek errealitatearen eta haratagoaren arteko iragate desberdinak eskaintzen dizkigutela dirudi.
Manu Arregui (Santander, 1970)
Manu Arregui Bilbon bizi da, eta bertan lan egiten du. Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta aitzindaria izan da bideogintza- eta eskultura-proiektu garrantzitsuetan 3D animazioa aplikatzen. Proiektu horiek arauz kanpoko identitateei eta gorputzaren politikei, bai eta keinu-kodeen eta gizarte-arketipoen bidez irudikatzeari buruzko hausnarketa egiten dute.
Unseasonal Autumn / 2020-2023
Bideo-instalazioa
Soinua, 10 min 44 s
4. Aretoa / 2023ko irailaren 25etik azaroaren 12ra
Bi narratibaren bidez, Hotaitek giza existentziaren zentzuari buruzko gaiak jorratzen ditu ikuspegi bikoitz batetik: Marco Tulio Zizeron filosofo, jurista eta hizlari erromatar handiarena (K.a. 106-43) eta Frascatiko laborategi nuklearrean munduaren jatorria –materiarena, espazioarena eta denborarena– ikertzen duen zientzialari-talde batena.
Horretarako, Erromatik 20 bat km-ra dagoen herri horretara joan zen Hotait, Italiako Fisika Nuklearreko Institutu Nazionalaren egoitzara. Handik hurbil, Tusculum hiri zaharreko parke arkeologikoak Zizeronen aisialdirako etxearen memoria gordetzen du. Julio Zesar boterera iritsi ondoren, filosofoak erbesteratu egin behar izan zuen. Erromako Errepublikaren balioen defentsa zorrotza bizitzarekin ordainduko duen azkenean.
Unseasonal Autumnek Zizeronen heriotzatik hurbil dagoen bizi-unea –Stefan Zweigek “Gizateriaren une gorenak” (1927) saiakeran kontatutako “miniatura historiko” batean oinarritua– komunitate zientifikoak Higgs bosoiaren azterketaren bidez –“Jainkoaren partikula” deitua– egiten duen existentziaren gakoaren bilaketarekin lotzen du.
Bideo-instalazioan, gidoia Tusculum/Frascati locusetik abiatzen da, non bilaketa existentzialari buruzko aldi bereko narrazioak garatzen diren. “Tragediarik okerrena existitu ondoren ez existitzea dela uste dut”, adierazten du pertsonaietako batek Hotaiten lanaren une erabakigarri batean.
Filmaketa Italian egin zen, aktore-talde guztiz italiarrarekin. Unseasonal Autumn hiru aldiko zinemako triptiko gisa sortu da. Koreografiatutako emanaldiak eta elkarrizketatutako zatiak Tusculumeko fikziozko erretiroan hasten dira, Frascatiko partikula-azeleragailuaren laborategiko errealitate harrigarritik igarotzen dira, eta, azkenik, antzinako erromatarren garaiko aztarna arkeologikoetan antzerki-elkarrizketa bat eszenaratzen da.
“Bideo-instalazioak gure historiako une garrantzitsu batekin eta gu oinordeko gaituen kultura batekin elkarrizketa bat hasteko gonbita egiten du”, autorearen arabera. Post-egiaren eta ultraeskuinaren berpiztearen garaian, Nadia Hotaitek duela bi mila urteko Europako pertsonaia batengana eta atal historiko batera zuzentzen du bere begirada humanista, eta haien arrastoak eta herentziak gaur egun bizirik diraute.
Nadia Hotait
Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta Waseda Universityn (Tokio), eta Arte Ederretako Master batekin graduatu zen Chicagoko Arte Institutuko Eskolan. Bere lanetan, bideoa, film zatien collageak eta argazkigintza baliatzen ditu historia garaikideko pasarteak irudikatzeko, nola eta gizabanakoen esperientzia azpimarratuta eta lehenetsita narratiba historiko orokorraren gainetik.
Ibilbidea + The track / 2019
Bideoproiekzioak
2023ko uztailaren 18tik irailaren 17ra
Ibilbidea eta The Track bideoen abiaburu diren lanetan, Mabel Palacínek eztanda teknologikoak gure bizimoduan eragiten dituen eraldaketak ditu aztergai, kasu honetan gidaririk gabeko ibilgailuaren prototipo erreal batean erabilitako ikus-entzunezko teknologia konplexuak kontakizun filmikoak sortzeko eskaintzen dituen aukerak. Orain arte, narrazioa izan da giza begiradaren ezaugarria, baina, oraingoan, artistak gogoeta egiten du irudi automatizatuen etengabeko sorkuntzak gure eguneroko ingurune bisualaren eta irudimenaren konfigurazioan betetzen duen paperaz: "kamera mundua ikusteko dugun modua eta gure bizimodua aldatzen duen makina bat da, autoa bezala. Kamerak eta autoak gure oraintsuko kulturaren bi teknologia funtsezko dira. Auto autonomoan uztartzeak aukera ugari ematen ditu gurekin batera datozen fikzioei dagokienez".
Bideoak grabatzeko erabilitako ibilgailuak 4k-ko 9 kamera zituen, eta halako moldez zeuden jarrita, non bi eraztun inguratzaile sortzen zituzten, altuera desberdinetan eta angelu hil bakar bat ere utzi gabe. Gainera, beste datu-mota batzuk ematen zituen kamera termiko bat erabili zen. Grabatutako material guztia ikusita, Palacínek lana bi obra desberdinetan gauzatzea erabaki zuen: Ibilbidea, zuri-beltzeko kamera-irudiak eta koloretako irakurketa grafikoko irudiak dituena; eta The Track, irudiak kendu eta bakarrik grafikoa duena.
Mabel Palacín (Bartzelona/Barcelona, 1965)
Mabel Palacín Artearen Historian eta Zinema, Argazkigintza eta Bideoan lizentziaduna da Bartzelonako Unibertsitatean. Gaur egun Bartzelonan eta Milanen bizi eta lan egiten du. Argazkietan, bideoetan eta instalazioetan gauzatzen den irudiari buruzko ikerketa sakon batetik abiatuta garatu du bere praktika artistikoa. Bere lanak irudia aztertzen du irudiaren beraren bidez, artearen eta kritikaren arteko banaketa desafiatuz. Aitzindaria izan da irudiek mundu garaikideari forma emateko duten modua esploratzen eta egungo paisaia bisuala ulertzeko dugun modua baldintzatzen duten arazoak aztertzen. Hortaz, bere sorkuntzek inplikazio teoriko garrantzitsuak dituzte, medien erabilera errugabea gainditzen dute, eta etengabe galde egiten dute ikuslearentzat duten ondorioez.
Asemanastán. Zeruetako lurra / 2020
Bideoinstalazioa
2023ko maiatzaren 16etik uztailaren 9ra
Toni Serra bideoa lantzen hasi eta gutxira hil zen, 2019ko azaroan, eta amaitu gabe utzi zuen Multiverso bekara aurkeztutako proiektua.
Artistaren lagun profesional batzuek osatu zuten lana taldean, Toni Serrak Iranera egindako bidaian grabatutako materiala erabiliz eta aurrez idatzita zuen gidoitik abiatuz. Alex Muñoz artista bisual eta argazkilaria arduratu da sekuentzien hautaketaz eta irudien edizioaz, eta Barbara Held –artistaren hainbat piezaren musikagilea– bideoaren soinuaz, Serrak grabatutako materialetik abiatuta. Hark egingo zukeen bideoa egitea ezinezkoa zenez, muntaia lineala egitea saihestu zen, eta zati nagusia diptiko formako sekuentzien bloke gisa egitea erabaki zen; hartara, txandaka agertzen dira pantaila batean eta bestean, eta, gero, beltz bihurtzen dira. Ataurrean, pantaila batek gizon bat erakusten du, poema bat farsiz errezitatzen, eta beste batek, uretan dagoen argi-isla baten irudia, bideoaren ikurra.
Bere azken piezetan bezala, Toni Serraren lan honek bideoaren eta barne-esperientziaren arteko harremana jorratzen du, bai eta mundu errealaren eta irrealaren, ikusgarriaren eta ikusezinaren, ametsaren eta bijiliaren, bizitzaren eta heriotzaren arteko bitarteko mundu horrek –munduen artekoak– igarotzen dituen ikuspegiak ere... muga horiek gurutzatu ez ezik, ezabatu ere egiten dituen bidaia batean bezala.
.
Toni Serra (Abu Ali) (Manresa, 1960 - Bartzelona/Barcelona, 2019)
Toni Serra Artearen Historian lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean, eta bideoartearen alorreko prestakuntza jaso zuen CUNY Brooklynen eta New Yorkeko beste zentro batzuetan. Bi hamarkadatan zehar, bideoaren eta barne-esperientziaren arteko harremanari buruz hausnartu eta esperimentatu zuen bere lanaren bidez. Maroko, Tanger eta Atlas izan ziren haren ohiko paisaietako batzuk. Haren sorkuntza nabarmenen artean daude Gauerdiko eguzkia (2016), 7 kontenplazio (2016), Bizitza harmoniatsua (2018) eta Erleen bidea (2018).Archivos OVNI (Observatorio de Video No Identificado) delakoaren sortzaileetako bat izan zen, eta ikerketa eta komisario lanak egin zituen (1994-2019).Besteak beste, Nam June Paik (2006) eta Muyyiddin Ibn Arabi Society delakoaren Ibn Arabi al Barzakh (2018) sariak lortu zituen. 2002an, bere lehenengo semea jaiotzeaz geroztik, Abu Ali edo “Aliren aita” izenez hasi zen lanak sinatzen.
Belarri gorrak / 2019
Bideoinstalazioa
2023ko martxoak 6tik maiatzak 7rarte
14 pertsona gorrek aukeratutako hainbat kontuz hitz egingo dute zeinu-mintzairan: enplegua, elkartegintza, artea, utopia, umorea, autonomia, komunikazioa, depresioa, sexua, hirikoa eta landakoa, maitasuna, inklusioa, poza eta tristura, egia eta gezurra, anarkia eta diktadura, eta kultura gorra. Entzule multzo hegemonikoan infiltratuta, eskuzabal eskaintzen dute hitz-jario keinuzko-espaziala, dauzkaten itxaropenen eta iritzien kontakizun korala eraikitzeko. Kataluniako Federació de Persones Sordes elkartearen laguntzaz gauzatutako proiektuan, gizarteratzea jorratu da, eta, hitz-komunikazio nagusiaz bestela, entzumen-aniztasuneko lagun komunitateari eman dio hitza. Belarri gorrak lanak Gorren Kulturaren kemen aparta dakar argitara.
Bideo-instalazioak 16 bideo eta audio ditu, tamaina handiko hiru proiekziotan banatuta. Bideoek azpitituluak dauzkate (gaztelaniaz), eta, audioen bitartez, grabazioetan zeinu-mintzairan hitz egiten dutenek igorritako soinuak erreproduzitu dira. Aretoaren sarreran, elkarrizketen transkripzioak daude braillean (itsuentzat) eta makrokarakteretan (ikusmen urrikoentzat). Abaden iritziz, material horiekin guztiekin osatu da “adierazpen-kodeen amalgama bizi bat, parte-hartzaileen elkarrizketekin elokuentzia deitzen diogun ametsetako paraje horretara irits daitezkeen ingurunea osatuz”.
Antoni Abad (Lleida, 1956)
Bartzelonako Unibertsitatean Artearen Historian lizentziatuta eta Pompeu Fabra Unibertsitatean European Media Masterra eskuratuta, eskultura eta argazkigintza sekuentzialen moduko bitartekoekin abiatu zen Antoni Abad; horiek landu zituen laurogeiko urteetan eta laurogeita hamarrekoen hasieran. 1994az geroztik, bideo hedatuan eta Interneten zentratu zen, orain ere praktikarako lehengai dituenetan, bazterketa-arriskuan dauden hainbat talderekin egindako lanetan. Ildo horretan, 2004tik 2014ra bitartean, Interneteko ikus-entzunezko komunikazio-proiektu batzuk egin zituen, Mexiko Hiriko, Lleidako, Leongo, Madrilgo, Bartzelonako, Costa Ricako, Genevako edo New Yorkeko kolektibo kalteberetan telefono mugikorren erabilera abiapuntutzat hartuta. Mugikortasun urriko pertsonen laguntzarekin Bartzelonan egindako proiektuak Golden Nica Digital Communities saria lortu zuen 2006an, Austriako Linzeko Prix Ars Electronica jaialdian.
Abaden proiektuak hainbat egoitza eta testuingurutan aurkeztu dira: Madrilgo Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionala; Bartzelonako Santa Monica Arte Zentroa eta Suñol Fundazioa; New Yorkeko New Museum eta P.S.1.; Alemanian Berlingo Hamburger Bahnhof eta Karlsruheko ZKM; Leongo MUSAC museoa; Genevako Centre d 'Art Contemporain; Buenos Airesko Arte Modernoko Museoa; Mexikon Alameda Arte Laborategia eta Espainiako Kultur Zentroa. Lanak aurkeztu ditu orobat Veneziako Biurtekoan (1999 eta 2017), Limako Iberoamericanan (1999), Sevillan (2004 eta 2008), Brasilgo Mercosul Porto Alegren (2009), São Pauloko Arte Museoaren Fotobienalean eta Curitibako Arte Biurtekoan (2013), bai eta Berlingo Biurtekoan ere (2016).
Babeslea: