Erakusketak

2023-03-06 • 2023-06-01
Multiverso
Bideoarte eta sorkuntza digitala
4. Aretoa
2018tik, museoak eta BBVA Fundazioak, elkarlan bidez, Bideoartea sortzeko MULTIVERSO Beken deialdia egiten dute. Beka horiek ikus-entzunezkoen ekoizpen artistikoa sustatzen dute Espainian, baita haren zabalkundea ere, zenbait programa publikoren bitartez.
Arte garaikideari laguntzeko programa bateratu horren barruan, museoak aurkeztu egingo ditu 2018ko deialdian emandako laguntzen ondorioz sortutako arte lanetako batzuk, gehienak argitaragabeak. Erakusketaren programan Antoni Abad, Toni Serra (Abu Ali), Mabel Palacín, Nadia Hotait, Manu Arregui eta Pedro G. Romeroren lanak daude. Belaunaldi eta orientabide desberdinetako artista horiek, mugitzen diren irudiak sorkuntza eta ikerketarako tresna modura erabiliz, gaur egungo bideogintzarenganako hurbilpena dakarkigute.
Belarri gorrak / 2019
Bideoinstalazioa
2023ko martxoak 6tik maiatzak 7rarte
14 pertsona gorrek aukeratutako hainbat kontuz hitz egingo dute zeinu-mintzairan: enplegua, elkartegintza, artea, utopia, umorea, autonomia, komunikazioa, depresioa, sexua, hirikoa eta landakoa, maitasuna, inklusioa, poza eta tristura, egia eta gezurra, anarkia eta diktadura, eta kultura gorra. Entzule multzo hegemonikoan infiltratuta, eskuzabal eskaintzen dute hitz-jario keinuzko-espaziala, dauzkaten itxaropenen eta iritzien kontakizun korala eraikitzeko. Kataluniako Federació de Persones Sordes elkartearen laguntzaz gauzatutako proiektuan, gizarteratzea jorratu da, eta, hitz-komunikazio nagusiaz bestela, entzumen-aniztasuneko lagun komunitateari eman dio hitza. Belarri gorrak lanak Gorren Kulturaren kemen aparta dakar argitara.
Bideo-instalazioak 16 bideo eta audio ditu, tamaina handiko hiru proiekziotan banatuta. Bideoek azpitituluak dauzkate (gaztelaniaz), eta, audioen bitartez, grabazioetan zeinu-mintzairan hitz egiten dutenek igorritako soinuak erreproduzitu dira. Aretoaren sarreran, elkarrizketen transkripzioak daude braillean (itsuentzat) eta makrokarakteretan (ikusmen urrikoentzat). Abaden iritziz, material horiekin guztiekin osatu da “adierazpen-kodeen amalgama bizi bat, parte-hartzaileen elkarrizketekin elokuentzia deitzen diogun ametsetako paraje horretara irits daitezkeen ingurunea osatuz”.


Antoni Abad (Lleida, 1956)
Bartzelonako Unibertsitatean Artearen Historian lizentziatuta eta Pompeu Fabra Unibertsitatean European Media Masterra eskuratuta, eskultura eta argazkigintza sekuentzialen moduko bitartekoekin abiatu zen Antoni Abad; horiek landu zituen laurogeiko urteetan eta laurogeita hamarrekoen hasieran. 1994az geroztik, bideo hedatuan eta Interneten zentratu zen, orain ere praktikarako lehengai dituenetan, bazterketa-arriskuan dauden hainbat talderekin egindako lanetan. Ildo horretan, 2004tik 2014ra bitartean, Interneteko ikus-entzunezko komunikazio-proiektu batzuk egin zituen, Mexiko Hiriko, Lleidako, Leongo, Madrilgo, Bartzelonako, Costa Ricako, Genevako edo New Yorkeko kolektibo kalteberetan telefono mugikorren erabilera abiapuntutzat hartuta. Mugikortasun urriko pertsonen laguntzarekin Bartzelonan egindako proiektuak Golden Nica Digital Communities saria lortu zuen 2006an, Austriako Linzeko Prix Ars Electronica jaialdian.
Abaden proiektuak hainbat egoitza eta testuingurutan aurkeztu dira: Madrilgo Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionala; Bartzelonako Santa Monica Arte Zentroa eta Suñol Fundazioa; New Yorkeko New Museum eta P.S.1.; Alemanian Berlingo Hamburger Bahnhof eta Karlsruheko ZKM; Leongo MUSAC museoa; Genevako Centre d 'Art Contemporain; Buenos Airesko Arte Modernoko Museoa; Mexikon Alameda Arte Laborategia eta Espainiako Kultur Zentroa. Lanak aurkeztu ditu orobat Veneziako Biurtekoan (1999 eta 2017), Limako Iberoamericanan (1999), Sevillan (2004 eta 2008), Brasilgo Mercosul Porto Alegren (2009), São Pauloko Arte Museoaren Fotobienalean eta Curitibako Arte Biurtekoan (2013), bai eta Berlingo Biurtekoan ere (2016).
Asemanastán. Zeruetako lurra
2020. Bideoinstalazioa
2023ko maiatzaren 16etik uztailaren 9ra
Serra 2019ko azaroan hil zen, eta amaitu gabe utzi zuen Multiverso Bekara aurkeztutako proiektua. Argiaren bilaketa eta sufi persiar poesiarekiko harremana zen lan haren muina. Azkenik, artistak berak izendatutako talde batek osatu zuen lana, hark grabatutako materialean oinarrituta eta aurregidoitik abiatuta. Lanaren soinuaren eta alderdi bisualaren muntaketa sekuentzia bloketan gauzatu zen, bideoinstalazio baten antzera.


Toni Serra (Abu Ali) (Manresa, 1960 - Bartzelona/Barcelona, 2019)
Toni Serrak Artearen Historia ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean eta bideoa eta argazkilaritza ikasi zituen New Yorken, 1990eko hamarraldian. 2002an Abu Ali izena erabiltzen hasi zen bere lanak sinatzeko. Bideoak barne esperientziaren eta errealaren eta irrealaren, loaldiaren eta esnaldiaren artean dabiltzan irudipenen arteko harremana landu zuen, amaierak eta mugak ezabatzen dituen bidaia bat balitz bezala. Hil ondorengo lan honen izenburua artistak berak Irani buruz jarduteko asmatutako hitza da, farsiz Aseman edo “zeruen lurra”.
Ibilbidea
2019. Bideoproiekzioa
2023ko uztailaren 18tik irailaren 17ra
Lan hau ibilgailu autonomoaren prototipo baten kamera sistemarekin egin zen; ibilgailuaren softwareak sentsoreak eta irudiak prozesatzen ditu eta gidaririk gabe ibiltzeko aukera ematen dio. Kamerak eta automobilak gure kulturaren funtsezko teknologiak izanik, gaitasuna dute kontakizun filmikoak sortzeko eta eguneroko ingurune bisualean eragiteko. Automobilaren adimen artifizialeko sistemak pertsonaiak eta objektuak identifikatzen ditu, eta modu grafikoan daude irudikatuta bideoan.


Mabel Palacín (Bartzelona/Barcelona, 1965)
Palacínek Bartzelonako Unibertsitatean ikasi zuen, eta 1980ko hamarraldiaren amaieran ekin zion bere lanari, argazkilaritzaren, bideoaren eta instalazioaren esparruetan. New Yorken eta Amsterdamen bizi izan da, eta gaur egun Bartzelona eta Milan artean egiten du lan. Irudiarekin dugun harremana eta irudiek errealitatearentzat egiten duten bitartekaritza dira haren lanaren funtsa.