Erakusketa: Morales Jainkotiarra - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2016-02-09 • 2016-05-16

Morales Jainkotiarra

BBK Aretoa

Iazko udazkenean aurkeztu zuen Prado Museo Nazionalaren eta Bilbon ikusgai egon ostean erakusketa jasoko duen Bartzelonako Museu Nacional d'Art de Catalunyaren lankidetzarekin antolatu da erakusketa hau. Luis de Morales maisuaren (1510/1511-1586) lanak sakonago aztertzea dauka helburu, artistak eta bere tailerrak Prado Museoko bilduman dituzten lanak eta beste mailegu nabarmen batzuk kontuan hartuta.

Hartara, erakusketak –Prado Museoak artistari buruzko lehenengo monografikoa antolatu zuenetik ia-ia mende bat igaro denean egindakoak– Moralesen lanari eta artistari buruzko jakintza egunean jartzea du xede. Horretarako, artistaren konposizio adierazgarrienak aztertuko dira, eta, batez ere, Kristoren irudiari eskainitako deboziozkoak. Bere jarraitzaileen kopien bidez Moralesen sorkuntza-lan esanguratsuenen zabalkundea oso zabala izan bazen ere, erakusketa honetako lanen hautaketa zaindua Moralesek erabilitako teknika piktoriko bikainaren benetako kalitate-estandarren erakusgarri da.

Leticia Ruiz Gómezek, Prado Museoko Errenazimentuko Pintura Espainiarraren Saileko buruak, pinakotekako 22 lan hautatu ditu –2015ean Plácido Arangok dohaintzan emandako Kalbarioa eta Berpizkundea, besteak beste–, baita nazio-mailako zein nazioarteko museoetako, bildumagile pribatuen eta erakunde erlijiosoetako beste 32 lan ere. Besteak beste, honako hauek egongo dira ikusgai: Madrilgo San Agustin parrokiako Ama Birjina eta txoritxoa, Salamancako katedral berriko Ama Birjina, Haurrarekin eta San Joan Txikiarekin, Lisboako Museu Nacional de Arte Antigako Ecce Homo edota Bilboko Arte Ederren Museoko Pietatea lanaren bertsio autografoa. Horrez gain, Valladolideko Eskultura Museo Nazionaleko Alonso Berrugueteren (c. 1489-1561) eskultura ere egongo da ikusgai, bi maisuek antzekotasunak baitituzte Kristoren Pasioko pasarteen irudikapeneko zenbait faktoretan: Berruguetek bere Ecce Homo lanean azaldutako espiritualtasun samindua edo Extremadurako maisuaren irudien balio eskultorikoak.

Luis de Morales funtsezko erreferentea da Espainiako Errenazimentuko pinturan, eta XVI. mendeko bigarren zatiko artista original eta ezagunenetakoa da. Izan ere, oso estilo berezia daukanez, literatura artistikoan aipatzen da, eta bere lanak nazio-mailako nahiz atzerriko hainbat eta hainbat bildumatan daude gordeta. Bere ibilbide artistikoa Extremaduran, Andaluzian eta Portugalen bakarrik garatu bazuen ere, bere sorkuntza-lan esanguratsuenen zabalkundea zabala izan zen benetan, tailer propio oparo bezain arrakastatsua izan baitzuen. 1585. urtetik aurrera gutxi gorabehera, Grecok baino ez zituen lortu antzeko zabalkunde artistikoa eta arrakasta komertziala.

Egiazkoa bezain sakratua zen deboziozko eredu ikonografikoa finkatzeko gai izan zen Morales, eta, ondorioz, "Jainkotiarra" ezizena jarri zioten bere garaian, eta gaur egunera arte iraun du. Estilo artistiko originala ez ezik, xehetasunak zaintzen dituen teknika, marrazki zehatza eta argi leunak ere badarabiltza, eta, horrenbestez, garai hartako manierismoan murgildutako nortasun paregabea eratu zuen.

Hautatutako lan gehienak formatu txikikoak eta figura erdikoak dira, eta bere lan-ibilbidean erabili zuen errepertorio ikonografikoa islatzen dute: Ama Birjina eta Haurra, Prado Museoko Esnearen Ama Birjina ospetsuan bezala; arantzaz koroatutako Kristo, Prado Museoko Kristo, Nahigabeen Gizona lanean bezala; eta zutabera lotuta dagoen, gurutzea sorbaldan daraman edo amaren besoetan hilda dagoen Kristo, San Fernandoko Arte Ederretako Errege Akademiako Museoko Pietatea lanean bezala. Irudien katalogo laburra da, eta, sarritan, hondo ilunean agertzen direnez edo elementu tenporal edo espazial gutxi daudenez, begiespen erlijiosorako ezohiko egoeran murgiltzen dira ikusleak.
 
Morales Jainkotiarra autorearen azterketa sakonaren emaitza da, eta erakusketaren inguruan editatu den katalogoan argitaratu dira ondorioak. Bertan, hain zuzen ere, hautatutako lan guztien fitxa luzeak agertzen dira –nahiz eta lan guztiak erakusketako hiru egoitzetan ikusgai egongo ez diren–, eta artekan adituak diren 19 historialarik idatzi dituzte. Izan ere, margolariari eta haren lanei buruz daukaten ikuspegia eskaintzen dute Ama Birjinaren jaiotzatik hasita Kristoren Pasio eta heriotzara arte iristen den sekuentzia tematikoan.

Argitalpenean, erakusketako komisarioa den Leticia Ruizek idatzitako testua ere agertzen da, eta Moralesen bizitza zein ibilbide artistikoa berreraikitzen ditu bertan. Era berean, Felipe Pereda irakasleak margolariaren lan ezagunenetako batzuen ikonografiari eta espiritualtasunari buruz egindako saiakera ere agertzen da argitalpenean, baita Prado Museoko Dokumentazio Teknikoko Bulegoak Moralesek erabilitako teknikari eta materialei buruz egindako hirugarren testua ere.

 

"Morales Jainkotiarra"

 

Luis de Morales 1510ean edo 1511n jaio zen, eta, seguruenik, 1586an hil zen, Alcantaran (Cáceres) agian, jakin badakigu-eta 1585ean bertan bizi zela. Ez dakigu non jaio zen, baina Extremaduran bizi eta margotu zuen. Berrogeita hamarretik gora urtez, eskualde zabal horretako margolari oparo eta handiena izan zen. Bertan, hain zuzen ere, aldareko hainbat erretaula eta margolan egin zituen, eta, gero, Portugalen ere lan egin zuen, Evoran eta Elvasen batez ere, Badajozetik hurbil dauden bi hirietan, alegia. 1539. urtean, azken hiri horretan finkatu zen, Plasentzian eta inguruan lan egin ondoren. Lurralde horretan, gainera, Flandesetik eta Gaztelatik etorritako artistak eta eraginak nahasten ziren, eta horiek Luis de Moralesen pinturaren funtsezko ezaugarriaren adierazgarri dira. Beste artista batzuen eta, batez ere, Alonso Berrugueteren edo Sebastiano del Piomboren lanak ezagutzen zituen, eta hori oso lagungarria izan zen gai erlijiosoko ohol txikiei esker ospe goiztiarra lortu zuen margolariaren estiloa zehazteko orduan. Merkataritzarako senak eraginda, Moralesek ikusizko eraginkortasun handiko oholak eta erretaulak sortu zituen garai hartako bezeroentzat –noble, burges eta elizgizonentzat–.

Oso egikera zainduko deboziozko "produktua" zen, eta bat zetorren XV. mendearen amaierako eta XVI. mendearen hasierako tradizio flandestarrekin, nahiz eta konposizioak zein koloreak eredu italianizatzaileen bidez ñabartu. Bertan, gainera, sasoiko giro espirituala ere proiektatzen zen fintasun handiz. Deboziozko irudi horiek konposizio bakunekoak ziren, eta fededunetatik hurbil zeuden. Era berean, batzuetan dramatikoa bezain atsekabetua zen hunkiberatasun ezin argiagoa zeukatenez, miresleen emozioak ere azaleratzen zituzten.

Erakusketa honetan, Jainkotiarraren lanen berrikuspen zaindua eskainiko da 54 lanen bitartez. XVIII. mendean, Antonio Palomino margolari eta tratatu-idazleak honelaxe azaldu zuen ezizen hori: "Jainkotiarra esaten zioten, margotu zuen guztia sakratua izan zelako eta Kristoren buruetako ileak trebetasun eta fintasun handiz egin zituelako. Hori dela eta, arteko ikusnahienek ere putz egin nahi diete mugitu daitezen, naturalak bezain finak diruditelako".

 

Erakusketako ibilbidea

 

I.- Ikono iraunkorrak

Atal honetan, margolariaren sorkuntza-lan ikonografiko ospetsuenak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Nahikoa lan txikiak dira, eta hondo beltzetan irudikatutako eta ikusleengana hurbiltzeko argi kontrastatuaren bidez nabarmendutako gorputz erdiko edo bustoko figurak agertzen dira bertan. Konposizio horiek otoizleku eta kapera pribatuetarako sortu ziren; Luis de Moralesen filiazio artistiko konplexuaren adierazgarri dira, eta Italiako pinturarekin eta Flandeseko nahiz Europako iparraldeko zenbait artistarekin dituen lotura adierazten dute.

II.- Ama Birjina eta Haurra

Moralesen lan guztietan bezala, Kristoren haurtzaroko faktore pasiotarrak nabarmentzen dituen erlijiotasuna da nagusi. Izan ere, Europako arte kristauan ondo sustraitutako zenbait ikonografia berregin zituen artistak, eta harrera bikaina lortu zuten garai hartako bezeroen artean. Hain zuzen ere, onarpen zabala erdietsi zuen debozio pribaturako diseinatutako irudien egurrezko ohol txikietan Ama Birjinaren eta Haurraren gaia irudikatzeko orduan.

Sorkuntza-lan nagusiak Ama Birjina ijitoari (Ama Birjina erromesa edo kapeludun Ama Birjina ere esaten diote) eta txaratiladun Ama Birjinari buruzkoak dira. Lehenengoan, Mariak hegal zabaleko kapelu ikusgarria darama buruan. Bigarren irudikapenean, ordea, Haurrak hariltzeko tresnari eusten dio gurutzearen irudi eta aurrefigurazio moduan. Bi ikonografia horien aldaeren hautaketa zainduak egiaztatzen du Moralesek gaitasun aparta zeukala hunkiberatasun eraginkorraren bidez eraketa piktoriko fineko lanak sortzeko. Kontrapuntu moduan, atal honetan, Moralesen formatu handiko hiru maisulan ere egongo dira ikusgai.

III.- Narrazio konplexuak: erretaulak

XVI. mendeko Espainiako margolari gehienek bezala, Luis de Moralesek hainbat eta hainbat erretaula egin zituen –hogei bat-, eta, erretaula horietan, bere tailerreko laguntzaileekin lan egin zuen neurri handi batean. Artxiboko agiriek egiaztatu dute Moralesek lan ugari egin zituela bere sasoiko artean hain bereizgarriak ziren multzo horien inguruan. Nolanahi ere, XVII. mendean Portugalekin sortutako gatazken, XIX. mendeko Independentzia Gerraren eta XX. mendeko Gerra Zibilaren ondorioz, erretaula gehienak desagertu egin ziren.

Kalitate nabariko lanak berreskuratu dira erakusketarako, eta horiek oso lagungarriak izan daitezke Moralesen lan-ibilbide konplexuaren ikuspegia osatzen duten lanak ulertzeko. Haien gaiak kontuan hartuta, atal honetan egongo dira ikusgai, era berean, artistak egin omen zituen bi marrazki bakarrak: Aienea Kristo hilaren aurrean eta Noli me tangere. Biak Lisboako Museu Nacional de Arte Antigan daude ikusgai.

IV.- "Hurbil-hurbilerako" pintura. Pasioaren eta berrerospenaren irudiak

Sasoi hartako gizartearentzat, hausnarketarako eta emulaziorako oinarrizko apaingarrietako bat izan zen Kristoren Pasioa. Formatu txikietan eta, balio eskultorikoen bitartez Pasio berrerosleari aurre egiten dion Kristoren irudiak nabarmendu nahian (bustoak edo irudi erdiak, batez ere), hondo beltz-beltzetan egindako Kristo saminduaren oholak ezin sinesgarriagoak izan ziren XVI. mendearen erdialdeko gizartearentzat, eta Extremadurako maisuaren originalen bertsio ezagun ugariak dira horren adierazgarri.

Lan-multzo honetan, Lisboako Museu Nacional de Arte Antigako gorputz osoko Ecce Homo eta Valladolideko Eskultura Museo Nazionalean gordetako Alonso Berrugueteren egur polikromatuzko eskultura dira nagusi, erreferentzia ikonografiko hori Luis de Moralesek eskulturarekin daukan ageri-ageriko harreman estetikoaren erakusgarri baita.

V.- San Juan de Ribera eta Kontrarreformako espiritualtasuna

Badajozen egondako prelatuen artean, San Juan de Ribera izan zen nabariena, inolako zalantzarik gabe. Bere familiaren jatorria zein zen, nolako prestakuntza intelektuala zeukan eta Extremaduran egon zenean (1562-1569) zer giro espiritualetan mugitu zen kontuan hartuta, Ribera nahitaezko erreferentzia da Luis de Moralesen bizitzan nahiz margolanetan; izan ere, prelatuaren ganbera-margolaria zela ere esan zuten. Azken atal honetan, Valentziako Corpus Christiko Errege Ikastetxe Seminarioa-Patriarkaren Museoko erretaulako Triptikoa, Juan de Riberaren

 

Irudian:
Esnearen Ama Birjina, c. 1565
Olioa gaztainondo-oholean, 83,7 x 63,7 cm
Madril, Museo Nacional del Prado

Babeslea: