Erakusketak
Amaituta
2014-10-28 • 2015-02-09
Mimmo Paladino
Grabatuak
32. Aretoa
Museoak bat egingo du 3. Nazioarteko Grabatu Jaialdiarekin (FIG); ekimena Bilbon izango da, azaroaren 20tik 23ra, eta, bertan, Mimmo Paladino artista italiarraren obra grafikoari buruzko erakusketa handia eskainiko da.
Azken hogei urteotan egindako 194 estanpa (horietako 2, erakusketarako editatutakoak) eta artista-liburuak egongo dira bertan bilduta. Gainera, zenbait grabatu-plantxa eta material dokumental ugari ere egongo da ikusgai, eta Quijote (Kixote) film luzea lehen aldiz proiektatuko da Estatuan.
Hirugarren urtez jarraian, museoak bat egingo du Bilboko Nazioarteko Grabatu Jaialdiarekin, eta obra grafikoko erakusketa esanguratsu bat jasoko du bere aretoetako batean; izan ere, adierazpide artistiko hori sistematikoki hartzen da kontuan museoaren erakusketa-programazioan. Aurreko bi urteotan Giovanni Battista Piranesi. Oroimen ameslaria (2012) eta Sardinia deszifraezina. Grabatutako zeinua (2013) aurkeztu ziren: lehenengo erakusketak grabatuaren historiako maisurik handienetako baten izaera artistikoa erakutsi zuen, eta bigarrenak, berriz, Sardinia uharte italiarreko hamar grabatzaile historiko eta garaikideren lan grafikoaren aukeraketa zabala.
Oraingo honetan, nazioarteko eszena garaikidean jardunean den artistarik esanguratsuenetakoaren obra grafikoari buruzko erakusketa zabala antolatu da. Lan hori azken hogei urteotan egindakoa da, margolari eta eskultore gisa izan duen bilakaerarekiko paraleloan, eta Laboratorio d’Arte Grafica di Modena (Italia) laborategiarekin lankidetza estuan; hain zuzen ere, laborategi hori Italiako estanpazio-tailerrik ospetsuenetakoa da, eta, 2014an, hogeita hamabost urte beteko ditu.
Mimmo Paladino (Paduli, Benevento, Campania eskualdea, Italia, 1948) arte italiar garaikidearen adierazlerik nagusienetakoa da, eta, gainera, toki nabarmena dauka nazioarteko panorama artistikoan. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran hasi zen grabatzaile gisa, eta, geroztik, prozedura tekniko mota guztiak erabili izan ditu, artearen eta kulturaren historiatik elikatzen den ikonografia propioa islatu ahal izateko. Beste artista garaikide batzuen moduan, Paladinok barne-adierazpide pertsonala aurkitu du grabatuan; izan ere, bertan, jakinduria kultural handia eta oroitzapenez eta bizipenez betetako mundua elkarren ondoan bizi dira.
Orain museoan ikusgai dagoen lan-multzo zabala egilearen adierazpen artistikoaren funtsezko parte da, urtez urte zortziehun irudi grafikotik gorako sorkuntza-corpus handia bildu du eta. Hori dela-eta, erakusketa hau aukera aparta da artistaren konstanteetako asko ezagutzeko eta bere bilakaeraren berri izateko, bildu diren berrehun bat lanez osatutako aukeraketa zabalaren inguruan egindako ibilbidearen bitartez.
Horietatik, Quattordici stazioni per Napoli (Hamalau egonaldi Napolirako) lan monumentalak, Ombre (Itzalak, 2008) artista-liburua, Don Chisciotte (On Kixote, 2005) liburuko estanpak, eta Ulysses (Ulises, 1994) eta Cruces (Gurutzeak, 2008) serieak nabarmendu behar dira.
Erakusketa osatzeko, Paladinori eta haren obrari buruzko ikus-entzunezko materiala eta material dokumentala dago, eta, gainera, artistak berak 2006an zuzendutako eta urte hartako Veneziako Nazioarteko Zinemaldian aurkeztutako Quijote (Kixote) film luzea proiektatuko da, Estatuan lehenengo aldiz.
MIMMO PALADINO. GRABATUAK
Joan den mendeko azken laurdenean nazioarteko artea berritu zuten sortzaileetako bat da Mimmo Paladino, transabangoardia deitutako mugimenduan sartutakoa. 1980an, Achille Bonito Oliva kritikariak gonbidapena egin zion Veneziako Bienaleko Apreto 80 erakusketan parte hartzeko, Sandro Chia, Francesco Clemente, Enzo Cucchi eta Nicola De Maríarekin batera; hain zuzen ere, horiexek osatu zuten mugimendu artistiko horren gune nagusia. Italiatik, eta arte kontzeptualaren, minimal art delakoaren, instalazioen eta arte povera delakoaren zenbait urtetako nagusitasunaren ostean, transabangoardiak modu figuratiboan pintatzeko gaitasuna berreskuratu zuen, eta lehenagoko artearen historiako eta kulturako elementu ugari modu eguneratuan berrinterpretatzeko joera ere bereganatu zuen.
Gainera, Paladino margolari eta eskultoreak obra zabala garatu du, hizkera artistiko ugariren bitartez: grabatuak, terrakotak eta zeramikak, operarako eta antzerkirako eszenografiak, zinea, instalazioak, hiri-espazioetarako esku-hartzeak, eta lankidetzak arkitektoekin. Hain zuzen ere, teknika eta material ugarirekin esperimentatu nahia da bere lan grafikoaren ezaugarri nagusienetakoa, 1970eko hamarkadaren amaieran hasitakoa. Xilografia, serigrafia, akuafortea, litografia, punta lehorra, urtinta, eskuz egindako esku-hartzeak edo estanpa herrikoien edo berak sortutako estanpen zatiekin egindako collageak, argazkiak edo kontabilitate-orriak dira, besteak beste, bere esperimentazioaren-eremu izan diren grabatu-prozedurak, batzuetan banaka eta, beste batzuetan, zenbait teknika estanpa berean uztartuz.
Bakarka edo elkartuta erabilitako tekniken ugaritasun horri esker, Paladinok ahalik eta gehien aprobetxatu ditzake beraietako bakoitzaren gaitasun espresiboak. Eklektizismo hori bere obren erreferentzia formaletan ere islatzen da; izan ere, arte arkaikotik hasi eta abangoardien aurkikuntzetaraino heltzen dira bere erreferentziak, eta Paladinok denak nahasten ditu, aurreiritzi eta hierarkiarik gabe, izaera izugarriko hizkera propioan.
Paladinok sorkuntza arloan duen egonezinak errepertorio ikonografiko ezin zabalagoa hartzen du bere baitan, eta bertan sartzen dira Antzinaroko mitoak eta alegiak, herri kondairak eta ipuinak, erreferentzia historiko eta literarioak, bai eta bere biografiatik datozen irudiak ere: oroitzapenetatik eta ametsetatik hasi, eta bere sorterria den hegoaldeko geografiari buruzko aipamenetaraino. Horri dagokionez, hieratikotasun bizantziarrarekin eta tradizio gotikoarekin duen lotura bikoitza aipatu izan da, eta berak ere “…hegoaldeko artista” dela dio, “baina hegoalderik misteriotsu eta ilunenekoa; hori dela-eta, neureak diren sentsazio poetikoak aurkitzen ditut iparraldeko kulturako zenbait arlotan, eta, beraz, guztiz koadro beltza sortu dezaket, edo guztiz koadro eguzkitsua gero”.
Modu horretan, tradizio kultural ugaritatik eta sasoi zein toki askotatik jasotako irudi eta baliabide formalak berreskuratzen ditu. Bere grabatuetan, kultura klasikoari buruzko erreferentzia argiak agertzen dira; esate baterako, maskara, Paladinoren obran artistaren beraren imitazio bihurtzen dena, beharbada. Animalien figurak ere agertzen dira, adibidez bukraneoa, hausnarketaren sinboloa dena; edo txakurra, zeina, zaindariaren sinbolismoa kenduta, presentzia kezkagarria izatera pasatzen den.
Ikonografia erlijiosotik, eta ez soilik judeokristautik, zeinu itxurako elementuak hartzen ditu (adibidez, gurutzeak), bai eta teknikoak ere (adibidez, eternitatearen sinboloa den urrezko ogiaren erabilera). Figura bizantziarren hieratikotasuna eta beraien errituetako keinuak ere erabiltzen ditu. Sandro Parmiggiani arte-kritikariak modu honetan deskribatzen du Paladinoren iruditeria, erakusketaren katalogoan: “…arragoan bezala nahasten ditu gai arkaikoak eta etengabe berritzen diren mitoen hondarrak, denboraren ilunean galtzen diren alegiak eta ipuinak, eta mundu modernoaren zatiak, kultura eta ikuspuntu askoren arrastoekin batera…”.
Trazuaren arintasunari eta mota askotako formekiko eta zeinuekiko gustuari esker, abstrakzio geometrikoko gaiak erabiltzen ditu, bai eta zenbakiak eta alfabetoko letrak ere, elementu piktoriko huts gisa. 2005eko Voyelles (Bokalak) linoleografia-seriea, Rimbauden inspiratutakoa, eta urte bereko Il racconto dei numeri (Zenbakien kontaketa) koloretako akuaforteen karpeta, dira Paladinok letrei eta zenbakiei ematen dien balio grafikoari buruzko etengabeko ikerketa horren froga.
Irudi plastikoaren eta hitzaren arteko harremana da artistaren beste lan-ildoetako bat. Paladinorentzat, poesia eta literatura etengabeko inspirazio-iturria dira, eta horri esker ilustratu ditu, testuinguru italiarrean, Carlo Collodiren Pinotxo liburuaren edizioak edo Cesare Paveseren Ilargia eta suak, bai eta Kavafisen poemak eta Esoporen alegiak ere. Nabarmentzeko modukoak dira 1994an urre koloreko atzealdearekin sortu zituen 18 akuaforteak, Joyceren Ulises lanaren edizio berezi baterako; eta, batez ere, Cervantesen On Kixote obraren edizio bat, 2005ean argitaratutakoa bere 40 grabaturekin eta Giuseppe Conteren 14 poemarekin.
Elementu horiekin guztiekin, Paladinok obra misteriotsu eta anbiguoa osatzen du, eta, artistaren obra grafikoari buruzko katalogo arrazoituaren lehenengo liburukia idatzi zuen Enzo di Martinoren hitzetan, “…erantzunik gabeko galderak planteatzen ditu, baina zalantza hori denbora luzez eta pazientziaz entzuten dugu eta astiro behatzen dugu, intentsitatez eta hausnarketaz”. Paladinoren obrak garai anbiguo batetik datozen formen eta zeinuen parean jarrarazten du ikuslea. Eta, hain zuzen ere, enigma askatzeko ezintasuna da ikuslea liluratzen duena eta Paladinoren obra garaikidetasun poetikoko dimentsio batean kokatzen duena.
Irudian:
Eumaeus, 1994
(Ulysses seriekoa)
Urtinta eta urrezko ogia. 150 x 105 mm
Babesleak: Fondazione Banco di Sardegna, Regione Autonoma della Sardegna, Provincia di Cagliari, Comune di Serdiana.
Antolatzaileak: Casa Falconieri (Cagliari), Arthazi (Bilbo), FIG (Bilbo) eta Laboratorio per la grafica di Modena (Italia).
Laguntzaileak: MIBAC Ministero per i Beni e le Attività Culturali, Soprintendenza BAPSAE per le province di Cagliari e Oristano eta Fondazione Costantino Nivola di Orani, (Italia).