Erakusketa: Mendiburu. Materia eta memoria - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2021-04-14 • 2021-09-05

Mendiburu. Materia eta memoria

32. aretoa

Remigio Mendiburu (Hondarribia, Gipuzkoa, 1931-Bartzelona, 1990) XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal eskultore nabarmenetako bat da. Garai hartako euskal artea berritzeko prozesuaren barruan sartzen da Mendibururen ibilbidea, 1966. urteaz geroztik Jorge Oteizak sustatutako Gaur taldean parte hartu baitzuen, Eduardo Chillida, Rafael Balerdi, Amable Arias, José Antonio Sistiaga, Néstor Basterretxea eta José Luis Zumetarekin batera. Askotariko ezagutza eta interesekin eta zein bere hizkuntzaz, margolari eta eskultore haiek guztiek bat egin zuten, Francoren diktaduraren ondoriozko isolamendua hausteko eta abangoardiarekin konprometitua zen artearen bitartez berena berreskuratzeko helburuarekin.

Chillidak eta Oteizak, hastapenetan batez ere, abian jarritako berrikuntza eskultorikoaren testuinguruan, Mendiburu gai izan zen bestelako interes eta prozedurak zituen lana sortzeko; egurra izan zen haren materia nagusia, eta bertako kultura hartu zuen eskultura guztiz pertsonal eta garaikidea sortzeko abiapuntu gisa.

Jorge Oteiza Fundazio Museoko (Altzuza, Nafarroa) zuzendariorde eta euskal eskultorearen espezialista den Juan Pablo Huércanosek komisariatutako erakusketa honek Henri Bergson filosofoaren izen bereko lanari zor dio izenburua: Mendiburu. Materia eta memoria. Artistaren izaeran sakontzen du erakusketak, ehun pieza (eskulturak eta paper gaineko lanak) ingururen bitartez. Mendibururen ibilbide osoa biltzen da lan horietan: 1950eko hamarraldiaren amaieran hasi zenetik 80ko hamarraldiaren erdialdeko azken proiektuetaraino. Lan horietako asko ezezagunak dira eta lan multzoa BBKren babesari eta Mendibururen familiaren eta beste bilduma partikular batzuen eskuzabaltasunari esker erakusten da orain; horiekin bat egin dute Gasteizko Artium Museoak, Donostiako San Telmo Museoak edo Bilboko Arte Ederren Museoak.

Mendiburu bere garaiko konbentzionalismo formaletatik urruntzen duten eta eskultura esperimentalaren egile gisa birkokatzen duten alderdiak nabarmentzen dira erakusketa honetan. Erabilitako materialen tipologiak eta pilaketan eta bilbean oinarritutako eraikuntza moduaren konplexutasunak determinatu zituzten korrespondentzia biografiko eta soziokulturalez beteriko lanaren ezaugarriak; hala, bere garaiko artearen eraldaketaren erreferenteetako bat bihurtu zen.

50eko hamarraldiaren amaierako hastapenen ondoren, Mendiburu, proposamen geometriko eta informalisten oinordeko artean, morfologia organiko eta prozesualaren hurbileko prozeduren inguruan ikertzen hasi zen, eta morfologia horren bitartez eraiki zituen bere lan bereizgarrienak, muntaduretatik abiatuta.

Pilaketa prozesu hori izan zen, hain zuzen, Mendibururen ekarpen pertsonalenetako bat, bere eskulturaren funtsezko alderdia osatzen duen modus operandia; aldi berean, kontenplazioaren esperientziara transmititzen da. Mendibururen lanaren izaera esperientziala lehen lanetan ere hautematen da, esate baterako Taluak sailean (1960-1962). Sail hori osatzeko moduak haur joko bat ekartzen du gogora: buztinezko mokila lurraren kontra jaurtitzen da, hura lehertu eta morfologia aldarazteko. Baita bere maisulanetan ere, Txalaparta (1965) lanean esaterako; herri kulturaren eta materialen oihartzuna hautematen da bertan, 'habe zaharrak edo ahaztutako enbor zaharrak'  zeina berregiten baitu Mendiburuk, naturaren ikuspegi erromantikotik urruntzen den hizkuntzaren bitartez. Naturarekiko begirada agerikoa bada ere, egurraren bitartez, denboraren joana eta haren misterioa eta lekukotasuna islatzen duen lurralde bat miatzen du Mendiburuk, eta gizatasuna bere bizi iraupenaren alde borrokatzera behartzen duen ordena naturalaren lekukotasuna ematen du.

Era horretara, lanaren sorkuntza prozesua argitzera bultzatzen da ikuslea; lan horiek, halaber, idulkirik gabe gehienetan, modu zuzenean eta gehigarririk gabe agertzen dira, artista bera bezainbat. Txori askeentzako kaiola (1969) lanean, egurrezko habe batek garapen espazial bati eusten dio, eta bertatik irteten da adierazpen lirikoago bat. Bien bitartean, Zugar (1969-1970) lanak zati pilaketa mantso baten ondoriozko gorpuztasuna irudikatzen du; zati horiek beste lan aipagarri batzuetara eramango ditu geroago, esaterako Argi hiru zubi (1977) edo Murru (1978) lanetara, zeinek duten sendotasun fisiko eta bisual izugarria.

80ko hamarraldian, Mendiburuk beste material eta hizkuntza batzuekin esperimentatu zuen, lan txikiagoetan; esaterako, egurra eta zementua nahasten dituzten lan saila, edo egur landuz edo alabastroz egindako eskultura txikiak, ekialdeko inspirazioa dutenak. Hamarraldi horren amaieran, beste lan batzuek, Etxe bonbardatuak sailekoek esaterako, Mendiburuk txikitan bizi izan zituen gerraren gabezien eta erbestealdi latzaren oroitzapenak berreskuratzen dituzte; oroitzapen horiek guztiak bere eskulturaren garapenaren bizipen medularrak zirela aitortu zuen bere bizitzaren amaieran.

Erakusketa-ibilbidea

1. aretoa
Gorputz eskultorikora egindako hurbilketak

 

1960ko hamarkadaren hasieran hasi zen Mendibururen obraren garapen esperimentala, informalismotik hurbil dagoen lan batean; material eskultorikoak lantzen hasi zen, arbastatzea, bihurritzea, eztanda edo mihiztatzea bezalako prozedura teknikoetatik abiatuta, materiaren, formaren eta energiaren arteko etengabeko gatazkan. Sormenaren lehen etapa horretan, halaber, haren eskulturak bere ingurune biografiko eta kulturalaren parte diren objektu eta materialekin duen zorra adierazten da. Material "pobreak" dira, hala nola sokak, zementua eta zakuak, eta, obra artistikoan integratu ondoren, beren jatorriari buruzko aipamenen oihartzunak zabaltzeko gai dira.

Herri kulturatik datozen formen bir-sinbolizazioa oso presente dago urte hauetako pieza batzuetan, Txalaparta, Aizkolari edo Irrintzi kasu; obra horiek euren kontsiderazio sinbolikoa gaurkotzen dute arte eta eraikuntza estetikotik.

 

2. aretoa
Eskultura esperientzial baterantz

 

1960ko hamarkadaren amaieran, Mendiburuk esperimentazio-eremu berri bati ekin zion, elementuak metatzean eta mihiztatzean oinarritutako eraikuntza-modu pertsonal baten garapenean oinarrituta. Argi hiru zubi-k, areto honetan nagusi den lanak, argi eta garbi irudikatzen du eraikuntza prozesu hori, artistari eskulturaren baldintza objektiboa gainditu eta errealaz gainezka dagoen neurrian kokatzeko aukera ematen diona. Garai honetako beste batzuk bezala, eskultura hau ez da kontenplaziorako objektu bat, eta bere egiturak erakusten dituen ibilbideak egitera behartzen duen gorputz konplexu eta hedatu gisa artikulatzen da.

Garai honetako lanek Mendibururen lanaren beste gatazka bat ere adierazten dute: idulkiarekin edo oinarriarekin duen lehia, Mendiburuk arbuiatzen duen elementu bat baita, eskulturaren berezko logikatik at dagoela iritzita. Euskarria obraren egituran bertan integratuz, artistak eskultura biziagoa eta esperientzialagoa definitzen du, eta ez da kokatzen, baizik eta espazioan ezartzen da eta leku bat eraikitzen du.

 

3. aretoa
Mihiztadurak eta korapilatzeak. Eskultura bilbe gisa

 

Mihiztaduraren eta gorputz bilbatuaren logikak Mendiburuk 1970eko hamarkadan eta hurrengoaren hasieran sortutako obren erlazioak artikulatzen jarraitzen du. Alde batetik, haren eskulturak arintasun eta espazio-proiekzioz handitzen dira, eta obra ez hain masiboak eta organikoagoak sortzen ditu, poetika berezi batez hornituak. Xalbadoreri da garai horretako lanik adierazgarrienetako bat. Osatzen duten elementuen itxurazko sendotasunak kontrastea egiten du bere oreka zailarekin, eta, bisualki, amiltzearen ertzean kokatzen du.

Areto honetan hormigoiz eta egurrez egindako obra batzuk ere badaude, portaera eta esanahi ia antagonikoetakoak diren bi materialen topaketan oinarrituak. Zura materia organikotzat, aldagarriaren eta memoriaz kargatuaren proiekziotzat hartzeak kontrastea egiten du hemen hormigoiarekin, zeinaren funtsa sortzeko unearen berehalakotasuna den. Bien arteko tentsioek jostura-multzo bat osatzen dute, eta badirudi material bakoitzak bestearen gabeziak eta mugak konpontzen dituela.

 

 

4. aretoa
Errealaren esperientzial

 

80ko hamarkadaren erdialdean, Mendiburu bolumen handiekin lan egitetik aldendu zen eta formatu txikiagoko lan batzuk hasi zituen, hizkera isil eta delikatuagoan barneratuz. Alabastroa eta ezpel-zura bezalako materialen arteko topaketa, esaterako –oso hazkunde motelekoa azken hori–, garai horretako lanen bereizgarria da, aurreko ekoizpenetik oso bestelako adierazpen-testuinguru batean kokatua. Urte horietan sortutako ekialdeko pentsamenduaren eta zen pentsamenduaren hedapenak espazioaren eta materiaren kontsiderazioari ere eragiten dio artistaren lanetan.

Areto honetan, adierazpen-kategoria oso desberdinetako beste lan batzuk ere badaude: Erbestearen gaua eta Etxe bonbardatuak sailak, zeintzuetan artistak Gerra Zibilaren amaieran eta Frantziarako ihesaldian bizitako esperientzia traumatikoak modu adierazgarrian azaleratzen diren. Haren ibilbide artistiko osoan zehar, Mendibururen eskulturak ez du forma perfektuaren ideala irrikatzen, baizik eta bere burua existentziarekin berarekin duen gatazkaren lekukotza gisa eraikitzera daraman izaera onartzen du.

 

 

Baliabideak

Katalogoa

Remigio Mendibururen elkarrizketen eta idatzien hautaketa; Juan Pablo Huércanosen (Jorge Oteiza Museo Fundazioaren zuzendariordea eta Mendibururen lanean espezialista) eta Alfonso de la Torreren (arte teorialaria eta kritikaria, espainiar arte garaikidean espezialista) saiakerak; eta Mikel Onandiaren (UPV/EHUn Artearen Historiako irakaslea) kronologia artistikoa.

Informazio gehiago hemen

Argitalpen digitala

Juan Pablo Huércanosen saiakera eta Mikel Onandiaren kronologia artistikoa euskaraz zein gaztelaniaz doan deskarga daitezke helbide honetan.

Audiogida

Ibilbidea erakusketan barrena, doan deskarga daiteke QR kodearen bitartez.

 

Hitzaldiak


"Mendiburu eta eskulturaren lekua"
Juan Pablo Huércanos

Apirilak 15, asteazkena, 19:00etan, Auditoriumean

Dagoeneko eskuragarri dago gure Youtubeko kanalean


"Remigio Mendiburu, harriduraren objektuak [XX. mendeko espainiar artearen basoan]"
Alfonso de la Torre, arte teorialaria eta kritikaria, espainiar arte garaikidean espezialista

Maiatzak 19, asteazkena, 19:00etan, Auditoriumean

Dagoeneko eskuragarri dago gure Youtubeko kanalean


"Hegaldi-denbora. Remigio Mendiburu 60ko eta 70eko hamarkadetako euskal artearen testuinguruan"
Mikel Onandia, UPV/EHUko Artearen Historiako irakaslea

Ekainak 2, asteazkena, 19:00etan, Auditoriumean

YouTubeko gure kanalean, ekainaren 4az geroztik

Ikus-entzunezko saioak

Pedro de la Sotaren "Nortasuna" lanaren proiekzioa

Film dokumental honetan Remigio Mendibururen erretratua egiten da, hark Nafarroako Intza herrian, Araitz ibarrean, egindako egonaldian. Pedro de la Sotaren filmak eskultorea bere lanen alboan erakusten du, zeinak ingurune naturalean baitaude kokatuta, eta, horrez gainera, hark bere sormen lanari, eskulturari eta kulturari buruz egindako gogoetak jasotzen ditu. Eskultoreaz gainera, Mikel Laboa abeslariak eta Xalbador, Gorrotxategi eta Lazkano bertsolariek ere parte hartzen dute. Proiektatuko den zinta zuzendariak 2008an egindako muntaketa berria da..

2021eko apirilaren 19an, maiatzaren 24an eta ekainaren 21ean (astelehenetan), 19:00etan, Auditoriumean
Apirilaren 19ko proiekzioa Juan Pablo Huércanosek eta Pedro de la Sotak aurkeztuko dute

 

Babeslea: