Erakusketak

2025-02-13 • 2025-09-30
Max Ernst. Paris, 1922-1928
Obra Gonbidatua Programa
18-20 aretoak
Museoak Max Ernsten (Brühl, Alemania, 1891-Paris, 1976) 54 laneko multzo bikaina jaso du komodatuan. Ernst arte garaikideko pertsona nabarmenetako bat izan zen, funtsezkoa mugimendu surrealistaren sorreran eta garapenean.
Gordailua bost urterako jarri da, eta 14 margolan, 6 marrazki eta Histoire naturelle karpeta ospetsua osatzen duten 34 fototipoak biltzen ditu.1957ko frottage bat izan ezik, guztiak 1922 eta 1928 artean egin zituen. Hain zuzen, esperimentazioko aldi bat izan zen, zeinetan Ernstek surrealismoak formulatutako proposamen urratzaileenetara eboluzionatu baitzuen, dadaismoarenganako hasieran izan zuen interesetik abiatuta. Hain zuzen ere, testuinguru horretan egin zituen alemaniar artistak XX. mendeko artearen garapenerako funtsezkotzat jotzen diren berrikuntza teoriko, tekniko eta sortzaileak.
Multzo horretako artelan gehienek –14 olio-pinturak, lau marrazki eta bi frottage– eta erakusketarako aldi baterako maileguan eman diren eskultura bat eta askotariko agiriek osatzen dute Obra Gonbidatua programaren edizio berri hau. Museoko Arte Moderno eta Garaikidearen kontserbatzaile Miriam Alzuri Milanések proposatu du erakusketaren ibilbidea, Ernsten sormenaren originaltasuna azpimarratze aldera.
Obrak Londresen zegoen espainiar jatorriko bilduma partikular batetik datoz, zeina oinordetzan jaso baitzuen gaur egungo jabeak, Aram Mouradian galerista ingeles ospetsuaren (Southport, Erresuma Batua, 1892-Paris, 1974) bilobak, hain zuzen. Galeristak erosi zituen, zuzenean artistari eta hirugarrenei, eta beretzat kontserbatu zituen. Horrek agerian jartzen du begikoak zituela bai Ernst bai haren interes ugariak.
Mouradianek Ernsti 1927an erosi zizkion eta orain ikusgai dauden obren artean, marrazki hauek aurki daitezke: La Belle jardinière (c. 1921-1922), Deux enfants dans une chambre percée (1923) eta L’Ombre (1923); baita margolan hauek ere: Deux jeunes filles en de belles poses (1924), Cage et oiseaux (1924), Les Mains aux oiseaux (1925), Jeunes gens piétinant leur mère (1927), Petit monument aux oiseaux (1927), Forêt et soleil bleu (1927), Forêts-arêtes (1927) eta Fleurs-écailles (1928).
Hirugarrenei erositakoen artean, bestalde, hauek ditugu: Danseur sous le ciel (Le Noctambule) (c. 1922), L’Éloge de la folie (1924) eta Les Éclairs au-dessous de quatorze ans (1925) lanaren jatorrizko marrazkia, ondoren Histoire Naturelle karpetarako fototipo moduan erreproduzitua.
Lehengo urtean gogorarazi genuenez, André Bretonen lehen Manifestu surrealista 1924an argitaratzearen oroipenaren harira, 1920ko hamarkada adimenezko eta sormenezko irakinaldia izan zen; hain zuzen, artearen eta ideien munduan sekulako eraldaketak gertatu ziren, arrazoiaz harago dauden lurraldeak aztertzen hasi zirelako: inkontzientea, ametsak eta irudimena, besteak beste.
Ernstek funtsezko garrantzia izan zuen surrealismoan, eta arrastoa utzi zuen Espainiako artean, bere lana aldizkari espezializatuetan zabaldu zelako eta garaiko erakusketetan parte hartu zuelako (Tenerifeko Ateneoan 1935ean eta Madrilgo Arte Modernoko Museoan 1936an, hango zuzendari eta bilbotar arte kritikari Juan de la Encinaren ekimenez). Nolanahi ere, haren lanak presentzia txikia du Espainiako bilduma publikoetan. Haren bi obra daude Sofia Erreginaren Arte Zentroaren Museo Nazionalean eta lau Thyssen-Bornemisza Museo Nazionalean. Orain, Bilboko museoan gordetako aparteko multzo hau gehitu behar zaie aurreko lanei.

Bilduma partikularra
Parisen argitaratua, Histoire naturelle serieak fototipo bidez erreproduzitzen ditu Max Ernstek frottage teknika erabiliz egin zituen lehen marrazkietako 34. Kalkoaren printzipioei jarraituz, Nantesetik gertu dagoen Pornic herriko hotel batean bere logelako zoruko egurrezko oholen korapiloak eta ildoak arkatzez paper baten gainean igurtzi zituenean sortu zen prozedura da, eta Ernsti berari egozten zaio hura sortu izana.
Modu aleatorio eta esperimental horretan ehun marrazki inguru sortu ziren, konposizio eta elkarketa enigmatikoekin, zeinak paper-zorro izenburu iradokitzailepean bilduta, onirikoaren irudimenetik eta bitxikeriatik datozen animalia, landare edo mineralen organismoak gogora ekartzen dituzten.
1926ko martxoan aurkeztu ziren lehen aldiz Aram Mouradian ingelesak eta Leonard Van Leer holandarrak zuzendutako Parisko Van Leer galerian serieko 10 frottageak. Urte bereko apirilean serie osoa erakutsi zen Jeanne Bucher arte-merkatariaren lokalean, eta hark, marrazkiek izandako harrera ona ikusita, fototipoen karpeta inprimatzea bultzatu zuen. 306 aleko tirada mugatua egin zen, besteak beste, gordailuaren parte den eta orain ikusgai dagoen 3. zenbakia.
Museoan gordetako lanen artean Les Éclairs au-dessous de quatorze ans (1925) lanaren jatorrizko marrazkia dago, ondoren Histoire Naturelle karpetarako fototipo moduan erreproduzitua.

Merkataritzan aritzen zen armeniar jatorriko familia dirudun batean jaio zen Mouradian, eta Parisera joan zen bizitzera, Lehen Mundu Gerraren ondoren. 1925ean, Leonard van Leer holandarrarekin elkartu zen Rue de Seine kaleko 41. zenbakian arte-galeria bat zabaltzeko. Denborarekin, garai hartan eragin handiena zuen galerietako bat izan zen. Hasieran, Van Leer izena eman zioten establezimenduari, baina, bazkidea erretiratu ondoren, Mouradian et Vallotton jarri zioten eta, geroago, Les Arts Plastiques et Modernes. Galeria Parisko agertoki artistikoaren protagonista izan zen zenbait hamarkadaz, 1974ra arte.
Lehen urteetan eta 1930eko hamarkadaren erdialdera arte, nagusiki surrealismoarekin eta Parisko Eskolarekin lotutako artistekin egin zuen lan; besteak beste, hauekin: Jean Launois, André Derain, Raoul Dufy, Amedeo Modigliani, Jules Pascin, Chaim Soutine, Constant Permeke, Francis Picabia, Roland Penrose, Moïse Kisling, Man Ray eta Joan Miró. Haien artean aipagarria da Max Ernst, Mouradianek haren obra arreta bereziz eman baitzuen ezagutzera, eta haren lehenengo bi bakarkako erakusketa surrealistak antolatu baitzituen 1926an eta 1927an.
Hain zuzen ere, margolariaren eta galeristaren arteko harreman hori, lehenik profesionala eta gero adiskidetasunekoa, Museoaren 4. Koadernoan jorratzen da, surrealismoaren aditu handitzat jotako Georges Sebbag idazle eta filosofoak egindako testu baten bidez.

Bilduma partikularra
Margolaria, eskultorea eta collagearen eta obra grafikoen munduan eragin handiko hainbat lanen egilea izan zen Max Ernst, prestakuntza autodidaktako artista. Artea, filosofia, literatura eta psikiatria ikasi zituen Bonneko Unibertsitatean, eta XX. mendeko lehen hamarkadan hasi zuen bere ibilbide artistikoa, espresionismoaren eta kubismoaren lengoaietan interesa zuelako.
Lehen Mundu Gerran borrokatu ondoren, Koloniako talde dadaistarekin elkartu zen eta Berlingo, Zuricheko eta Parisko taldeekin harremana izan zuen. Garai hartan, bere lehen collage eta fotomuntaketak egin zituen, zeinak 1921ean jarri baitzituen ikusgai André Bretonek eta Simone Kahnek Parisen zuten Au Sans Pareil liburu-dendan. 1922an Parisera joan zen bizitzera, eta han funtsezkoa izan zen mugimendu surrealistaren barruan, sormenezko irudimenari eta bere lanean teknika berriak sartzeko zuen gaitasunari esker.
Esaterako, bere egin zituen frottage teknika –hari egozten zaio hura sortu izana–, grattage delakoa eta dekalkomania –Óscar Domíngues espainiar margolariak 1935ean asmatua–. 1938an talde surrealista utzi eta Avignon iparraldeko Saint-Martin d’Ardèche herrira joan zen, Mexikon nazionalizatutako Leonora Carrington margolari surrealista ingelesarekin.
Hiru urte geroago, Bigarren Mundu Gerra hasia zela, Estatu Batuetara joan zen bizitzera, eta Peggy Guggenheim newyorktar bildumagile eta mezenasarekin ezkondu zen. Ondoren, zenbait urtez Arizonan bizi izan zen, Dorothea Tanning estatubatuar artista surrealistarekin. 1953an Parisera itzuli zen, ordurako nazioarteko ospea lortuta.
Babeslea: