Erakusketa: Matta 1911-2011 - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2011-05-16 • 2011-08-21

Matta 1911-2011

32. aretoa

Matta (Santiago, Txile, 1911–Tarquinia, Italia, 2002) XX. mendeko arteak eman duen figurarik esanguratsuenetakoa da, talde surrealistako kide nabarmena izan zelako eta eragin izugarria izan zuelako espresionismo abstraktu amerikarraren garapenean. Artista ameslaria eta polemikoa izan zen, eta aitzindaria izan zen artearen, zientziaren eta naturaren arteko harremanak aurreikusteko orduan; gainera, arteak gizakiaren garapenean izan behar duen rol garrantzitsua defendatu zuen.

Erakusketa hau Espainiako Kultur Ekintzak (AC/E), Institut Valencià D’Art Modern (11/02/15–11/05/01) eta Bilboko Arte Ederren Museoak elkarrekin antolatu dute, Iberdrolaren babesarekin. Modu horretan, Mattaren jaiotzaren mendeurrena ospatzen da eta haren lanari buruzko ikuspegi osoa eskaini nahi da, bere ibilbideko unerik esanguratsuenak aztertuz. Horretarako, formatu handiko 32 margolan bildu dira –batzuek hamar metro baino gehiago neurtzen dute–, denak ere 1939 eta 1999. urteen artekoak eta Marga Paz historialariak aukeratutakoak. Duela hamar urte baino gehiagotik hona, Mattari buruz gure herrialdean egin den atzera begirakorik garrantzitsuena da.

Mattaren pinturak erreferente figuratiboak izan zituen bere ibilbide osoan zehar. Hogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, abstrakzioranzko bideari ekin zion, barne-paisaietan forma biomorfikoak sartuz. Berrogeiko hamarkadan, hizkera abstraktuagoa bihurtu zitzaion; izan ere, naturako, zientziako, matematiketako eta geometriako elementuak hartu zituen. 1944tik aurrera, Bigarren Mundu Gerrako gertakari dramatikoek beraren kontzientzia piztu zuten; ondorioz, abstrakzioarekin hautsi eta humanoideak pintatzen hasi zen, amesgaiztoak diruditen eszenatokietan.

Figurazioaren eta abstrakzioaren arteko eta barneko eta kanpoko munduen egoeren islen arteko tentsio bikoitz hori Mattaren ibilbide osoan agertzen da, baina, joan den mendearen erdialdean, giza jokabidearekin eta indarkeriarekin hasi zen arduratzen, garai hartan nagusi ziren abstrakzioarekin eta informalismoarekin kontrastea eginez. Garai honetako lanak larritasunez, indarkeriaz eta sexualitatez beteta zeuden, eta, gainera, artistak arte primitiboaren eragina jaso zuen, bai eta Antzinaroko zibilizazioen, antropologiaren eta mitologiaren eragina ere. Horrela, Ginea Berritik hasi eta kolonaurreko Amerikara bitarteko ikonografia zabala sortu zuen. Arte primitiboagatiko lilura horren ondorioz, Mattak bilduma bikaina sortu zuen urteen poderioz.

Horrekin batera, konposizioen ukitu poetikoa, espazio piktorikoaren menperatze obsesiboa eta kolorearen erabilera hedakor eta dinamikoa dira Mattaren pinturaren kontzepzio pertsonal eta ezohikoaren ezaugarri nagusiak. Figura arraroek, humanoideek edo automatek espazio konplexu, surreal edo imajinarioa animatzen dute, eta gure inkontzienteari dei egiten diola dirudien enigma bat osatzen dute, aldi berean gizaki garaikidearen tentsioak erakutsi nahian.

Matta izan zen, berrogeiko hamarkadan, nazioarteko abangoardia artistikoan ospe sendoa eta eragin handia izan zuen lehen artista latinoamerikarra. New Yorken egin zuen lehenengo erakusketan, 1940an, pintura fosforeszentez egindako eta gutxi argiztatutako lanak bildu zituen, eta kritikariak harrituta geratu ziren: “Mattak zerbait berria dakar Amerikara… Artistek […] adi begiratu beharko liokete heltzear dagoenaren sortzaile honi”.

Azken surrealista handitzat hartu izan da, eta, New Yorken erbesteratuta igaro zituen urteetan, surrealismoaren eta New Yorkeko Eskolako artista amerikarren (besteak beste, Robert Motherwell edo Jackson Pollock) arteko lotura izan zen. Beraren lana zabala, konplexua eta oparoa da gai, motibo, forma, kolore eta bitartekoetan, eta sailkatzeko zaila den hizkera artistiko paregabea eratzen du.

Erakusketaren edukia: Matta 1911-2011

Babeslea:

Kolaboratzaile:

Beste laguntzaile batzuk: