Erakusketa: Maria Helena Vieira da Silva - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2021-11-12 • 2022-03-13

Maria Helena Vieira da Silva

32. Aretoa

FIG Bilbaok hamargarren urteurrena ospatuko du aurten. Dagoeneko ibilbide sendoa egina da, bai azoka gisa bai paper gaineko lanaren balioa aldarrikatzeko eta ezagutzera emateko jardueren sustatzaile gisa. Urteurren horretan Portugal izango da herrialde gonbidatua, eta, hori dela eta, XX. mendeko portugaldar artisten artean nazioartean onarpen handiena duen artistarengan jarriko du arreta museoaren proposamenak: Maria Helena Vieira da Silva lisboar margolariarengan.

2012an jaialdiak lehen urratsak egin zituenetik dihardute lankidetzan museoa eta FIG Bilbao, eta, orduz geroztik, urtero-urtero eskaini dira erakusketak museoan, hala nola: Giovanni Battista Piranesi (2012); Mimmo Paladino (2014), Lucas van Leyden (2015), Vivanco bildumako grabatuaren maisuak (2016), Koloretako grabatua Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduman (2017), Eduardo Arroyo grabatzailea (2020).

Era horretara, museoak jaialdiari egiten dion ekarpen honek berretsi egiten du museoak paper gaineko obrari dagokionez izan duen ardura historikoa eta, aldi berean, sakondu egiten du emakumeek egindako artearen ezagutzan eta zabalkundean. Ildo horretatik, gogoratu behar da 1983. urteko maiatza eta ekaina bitartean Bilboko Arte Ederren Museoak Vieira da Silva. Obra Grafikoa erakusketa aurkeztu zuela, eta, ondoren, 8 litografia erosi zituela bere bildumarako; horiexek jarriko dira oraingo honetan erakusgai, eta, horiekin batera, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak 1996an museoan gordailututako beste 3 litografia ikusi ahalko dira.

Erakusketa hartan, museoaren areto orrian artistaren adiskide Guy Weelen historiagilearen eta artistaren lanean adituaren hitz hauek agertzen ziren: "Vieira da Silvaren lan grabatua artistaren errealizazioen multzoan kokatzen da, haien garapenari traba egin gabe eta esanahia aldatu gabe". Era horretara, agerian uzten ditu haren lan grafikoaren eta pinturaren arteko sintonia eta interes komunak.

FIG Bilbao jaialdiaren esparruan erakusten diren 11 litografiek egileak paper gainean egindako lanaren multzo txiki baina bikaina osatzen dute, eta, ikuspegi kronologikotik, aurreko mendeko hirurogeiko hamarralditik 1991. urtea arteko (handik urtebetera hil zen Parisen) tartea hartzen dute. Horrez gainera, Passage des miroirs (Ispiluen korridorea) mihisea aurkeztuko da (1981), museoak 1982. urtean erosia.

Hamargarren edizio honetan, Portugalgo beste artista ospetsu baten erakusketa ikusi ahal izango da FIGen azoka barrutian: Paula Rego artistarena. Haur literaturaren munduarekin lotutako artistaren 31 grabatuk osatzen duten Nursery Rhymes saila aurkeztuko da, zeina "nursery rhymes" delakoen (haur poemak edo abestiak) ahozko tradizioan oinarritzen baita; artistak lotura handia izan zuen haiekin haurtzarotik, heziketa anglofiloa izan baitzuen. Sail hori Marlborough Graphics-ek argitaratu zuen 1989. urtean.

Portugalen presentzia ez da horretan geldituko, eta bi unibertsitate portugaldarrek Jaialdiaren "Tentazioen Kuboak" programan parte hartuko dute: Leiriako Institutu Politeknikoa (Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskola) eta Faculdade de Belas Artes da Universidade do Porto.

Bestalde, Portugalgo sei arte galeriak parte hartuko dute, besteak beste: CPS Serigrafiako Zentro Portugesa, Carrasco Galeria, Bessa Pereira Galeria, Nave Galeria, Trema Galeria eta Perve Gallery.

Turismoa eta artea lotuko dituen prismatik, Portugalgo ardoak izango dira "Poesia eta Grabatu Kopak" ekitaldiko protagonistak 26an (ostirala) eta 27an (larunbata), 13:00etan. Ekimena 40 laguneko taldeetara mugatua izango da, eta Portugalgo hainbat eskualdetako ardoak beste horrenbeste poetarekin lotuko ditu. Dastaketa egin bitartean, Wine Post-eko Andr Pinguel-ek zuzenduta, Sandra Nobre storyteller-ak Portugalen esentzia gogorarazten duen poema bat errezitatuko du.

Maria Helena Vieira da Silva, Parisko Eskolako funtsezko artista, 1908an jaio zen Lisboan, eta han hasi zen artearen esparruan ikasten. 1982an Parisera joan zen, eta bertako La Grande Chaumière akademian eman zuen izena, Antoine Bourdelle eskultorearen eskoletan parte hartzeko asmoz. 1929an, eskultura utzi, pintura eta grabatua praktikatzen hasi, eta Fernand Léger-en tailerrera joaten hasi zen. Handik urtebetera, 1930ean, Arpad Szenes hungariar margolariarekin ezkondu zen.

1933an Jeanne Bucher galeristak antolatu zion banakako lehenengo erakusketa, eta 1934an Massimo Campigli margolariak erosi zion lehenengo lana. Hamarraldi horretan hasi zen nabarmentzen, gaztea bazen ere. Garai horretan ezagutu zuen, halaber, Joaquín Torres García uruguaitar margolariaren "arte konstruktiboa", garrantzi handikoa Vieira da Silvaren lanean.

Denbora horretan, Vieira da Silvak hainbat eragin bateratu zituen bere pinturan, espazialismotik hasi eta abstrakzio lirikoraino, eta estilo guztiz pertsonalean uztartu zituen denak: oinarri figuratiboa argiaren indefinizioak eta bibrazioak aldarazten dute, eta, horrela, izaera surrealistako agertokiak sortzen dira. Artistaren konposizio adierazgarrienak lerro markatuko marrazki baten bitartez egituratzen dira, eta horien bitartez ordenatzen ditu planoak eta eraikitzen ditu oinarri geometrikoko bilbeak. Impasto trinkoaz egindako pinturek hiri garapenak iradokitzen dituzte, perspektiban dauden gelak, jendez betetako liburutegiak, igarobideak edo irudizko labirintoak, non kritikariek ikusi izan baitute, askotan, lauza beiraztatu portugesen eta Lisboako hirigintza nahaspilatuen oroitzapena. Pinturarekin batera, Vieira da Silvak hainbat diseinu egin zituen, mandatu bidez askotan, liburuen, zeramiken, beirateen ?Reimseko katedralekoak esaterako (Frantzia)? eta tapizen ilustrazioetarako, baita grabatuak ere.

1937an erakusketa bat egin zuen Parisen, eta Hilla Rebay baronesak haren lan bat erosi zuen Guggenheim Museoaren bildumarako. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, margolaria eta haren senarra Brasilera joan ziren, eta gazte artisten topaleku bihurtu zuten Río de Janeiroko estudioa. 1946an egin zuen banakako lehenengo erakusketa New Yorken.

Mendearen bigarren erdialdean, eta 1992an Parisen hil zen arte, Vieira da Silvak kritikaren eta mundu artistikoaren aitortza izan zuen, baita jarduera bizia ere, Europan, Estatu Batuetan eta Brasilen antolatutako erakusketen bitartez. Atzerabegirakoak egin zituzten Musée de Grenoblen (Frantzia) eta Turingo Museo Zibikoan (Italia) (1964); Parisko Musée National d´art Moderne de la Villen eta Calouste Gulbenkian Fundazioan (1969-1970); Montpellierreko Musée Fabren (Frantzia) (1971); eta Juan March Fundazioan, Madrilen (1991), beste askoren artean. Museo askok erosi zituzten margolariaren lanak beren bildumetarako eta garrantzizko sariak eta izendapenak lortu zituen, hala nola São Pauloko Nazioarteko Pintura Sari Handia (1962), Portugalgo Arte Ederren Akademikoa (1970), Ohorezko Legioaren Nazio Ordenaren Zalduna (1979); Lisboako Academia das Ciēncias, das Artes e das Letras akademiako kidea (1984); eta Londresko Royal Academy of Arts-eko Ohorezko kidea (1988). 1991n Frantziako Gobernuaren Ohorezko Legioko Ofizialaren mailara igo zuten.

Topaketa esklusiboak FIG Bilbao eta Museoaren adiskideentzat

Komentatutako lanak : Vieira da Silva



Babeslea: