Erakusketa: Lazkano. Arkitekturatik naturara - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2010-10-04 • 2011-01-16

Lazkano. Arkitekturatik naturara

BBK Aretoa

Lazkano. Arkitekturatik naturara erakusketak Lazkanoren azken aldiko ibilbidea aztertzen du, 76 margoren bitartez. Horietatik, 54 formatu ertain eta handikoak dira: 34 lan 1999tik 2006ra bitartean sortutakoak dira, eta beste 20, berriz, 2009an sortuak. Azken horiek Bilboko Arte Eder Museoa eta bertako espazioak dituzte gai nagusi gisa. Pinturekin batera, formatu txikiko 28 apunte eta zirriborro ikus daitezke, 2008an datatutakoak.

Muntaia zenbait esparrutan dago egituratuta; bertan, agerian geratzen da Lazkanok arkitekturarekiko eta naturarekiko duen interesa: Erroma inperialaren arrastoei buruzko errepresentazioak, New Yorkeko sky-line delakoaren irudiak, Mies van der Rohe edo Frank Lloyd Wrighten eraikinak, eta irudimenezko paisaia urrunen menpe dauden konposizioak, non naturak protagonismo handiagoa hartzen baitu.

Jesus Mari Lazkanok (Bergara, Gipuzkoa, 1960) Bilboko Arte Ederretako Fakultatean ikasi zuen, eta, 1985etik, pintura saileko irakaslea da bertan. Jarduera akademiko horrekin batera, laurogeiko hamarkadaren hasieran, bere ibilbide artistikoa garatzeari ekin zion, tradizio errealistan sakon sustraitutako pinturan oinarrituta.

Teknika landua erabiliz, modu zehatzean egiten ditu margoak, ia argazkien parekoa den errealitatea lortu arte. Oinarri hiperrealistako errepresentazio horiek erromantizismoaren tradizioa azaleratzen dute, eta, batez ere, Caspar David Friederich margolari alemaniarraren eragina. Gainera, nolabaiteko espiritu surrealista ere islatzen da, eta, aldi berean, argi geratzen da margolariak etengabeko sentsibilitatea daukala arkitekturaren eta paisaiaren balio plastikoekiko, bai eta arkitekturaren historiarekiko ere. Modu horretan, Lazkanok errealitatearen eta errepresentazioaren arteko joko kontzeptual fina proposatzen dio ikusleari. Barrualdeek arkitektura arrazionalistaren lerroak islatzen dituzte, marrazketa zehatza erabiliz eta argia zein kolorea zorrotz kontrolatuz. Araztasun espazial handiko perspektiba linealeko arauak betetzen dituzte, eta protagonismo handia lortzen dute.

Duela gutxi, arkitektura arrazionalistaren eta diseinuaren ikono garaikideek, Lazkanok handik eta hemendik hartzen duen espiritu panteistarekin harremanetan jarriak, bere pinturaren intentsitate emozionala murriztu dute. Modu horretan, eta bi hiri paradigmatikoko (Erroma eta New York) ikuspegietatik abiatuta, Lazkanok elementu eraikiak eta etxe ospetsuak islatzen ditu; besteak beste, Mies van der Rohe arkitekto ospetsuak proiektatutako Tugendhat Txaleta (1930) edo Farnsworth Etxea (1951), eta Frank Lloyd Wrighten Ur-jauziko Etxea (1939).

Bizi gabeko arkitekturak dira, kontenplaziorako espazioak, ezinbestean espazio bisual gorenera garamatzatenak: museoa, eta, kasu honetan, Bilboko Arte Eder Museoko eraikin modernoa, bi eraikinetan dago egituratuta. Bata, jatorri neoklasikokoa, eta, bestea, Mies van der Roheren herentzia jasotzen duena. Biak ala biak, inguru naturalean daude.

Berriz ere, arkitektura eta natura; oraingoan, erakusketa honen abiapuntu gisa.


Irudian:
Jesús Mari Lazkano, (Bergara, Gipuzkoa, 1960)
Arkitekturatik naturara, 2009
Akrilikoa mihisean; 150 x 225 cm

Babeslea: