Erakusketa: La Virgen con el Niño - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2009-03-31 • 2009-06-28

La Virgen con el Niño

6 Aretoa

2001. urtetik hona, Obra Gonbidatua Programaren helburua da jendeari zenbait museo edo bildumatako obra bereziak helaraztea, beti ere, Museoaren bilduma iraunkorrean dauden egileen gaineko ikuspegia aberasteko edo ordezkatuta ez dauden egileak erakusteko asmoz. 2004an, Banco Santander Fundazioa ekimen honetan sartu zen, eta edizio berri guztiak babestu ditu; modu horretan, urtean zenbait bider antolatu izan da programa hau, eta, batzuetan, Fundazioaren bildumako obrak ere laga ditu.

Hogeita seigarren edizio honetan, XVI. mendeko margolari espainiarrik onenetako baten ohola aurkeztuko dugu: Luis de Morales da margolari hori. "Jainkotiarra" izenarekin ezagutzen zuten, ikonografia erlijiosoari hunkigarritasun handia eman ziolako, xehetasunekiko teknika zehatza eta arretatsua erabiliz. Bere gairik gogokoenak Ama Birjina Umearekin eta Pietatea dira, eta biak ikus daitezke orain Museoan, obra gonbidatu berri honi esker —Madrilgo Arango bildumako Ama Birjina Umearekin—. Lan horrekin batera, Bilboko Arte Eder Museoaren bildumako obra aipagarrienetako bat egongo da, Pietatea, ia neurri berberak dituen ohola, 1560 inguruan datatutakoa.

Luis de Moralesek gai berari buruz eta zenbait aldagairen inguruan pintatu zituen lan guztietatik, hau da kalitaterik handienetakoa. Bertan eskaintzen duen irudian, Umeak samurtasunez besarkatzen du ama, eta azken horrek Umearengan pausatzen du bere begirada malenkoniatsua, semeak izango duen etorkizun tristea aurreikusiz edo.

Obra honi begira gaudela, ederto datozkigu Angulok lan mota honetako Ama Birjinei buruz (Extremadurako margolariaren lanetan oso ohikoak dira) esandako hitz poetikoak: "distiratsua eta barea, ilargiaren argia bezala". Eta horrela agertzen dira figurak, ilargiak argiztatuta bezala, eta, ondorioz, altzairuaren itxura hartzen dute, zeina, beste alde batetik, oso ohikoa baita Moralesen produkzioan.

Lan hau deigarria da, koloretsua delako eta fintasun handiz izan zelako pintatua. Gainera, figuren modelatua aipatzeko modukoa da; izan ere, eragin leonardiar argiko sfumato leun batean daude bilduta.

Beraien gainean, ezkerretik datorren argi-foku handi bat ageri da. Horrek indarrez nabarmentzen ditu haragi-koloreak, atzealdeko iluntasunarekin alderatuta. Moralesek bere konposizio askotan erabili izan zuen baliabide hori. Pietatea ere horren guztiaren adibide ona da. Lana hamar urte lehenago dago datatuta, eta Bilboko Arte Eder Museoaren bildumakoa da.

Ama Birjinak daraman kapera (horri egiten dio erreferentzia lanaren izenburuak) bitxia da: ertzeko hegal biribildua gardentasun fineko gazadun zintekin dago estalita, eta XVI. mendearen amaierako eta XVII.aren hasierako obra espainiar eta portugaldarretan ikus daiteke modelo mota hori. Batzuetan, Ama Birjinaren jantziak ijitoen arropekin konparatu izan dira, eta, horren ondorioz, ohol hau Ama Birjina ijitoa izenarekin ere ezagutzen da. Hala ere, zenbait egilek diote arropa horiek garai hartako gorteko soinekoekin daudela erlazionatuta.

Luis de Moralesek bizitza osoa eman zuen Extremaduran, Andaluzian eta Portugalen lanean, eta modu independentean sortu zuen bere estilo pertsonal eta erakargarria, gorteko eragin posibleetatik eta garai hartako gune artistiko nagusietatik urrun. Bere produkzioan, erretaula handiak eta deboziozko koadro txikiak daude, denak ere espiritualtasun handikoak. Hori dela eta, "Jainkotiarra" ezizena jarri zioten. Bere gairik gogokoenen artean, Pietatea eta, lan honetan bezala, Ama Birjina Umearekin daude. Gai batean zein bestean, Moralesen koadroek hunkiberatasun sakona lortzen dute.

 

Luis de Morales (Badajoz, c. 1509-86)
Kapeladun Ama Birjina edo Ama Birjina Umearekin, c. 1570
Olioa oholean, 70,5 x 50 cm
Arango bilduma, Madril

Erakusketaren edukia: La Virgen con el Niño

Babeslea: