Erakusketak
Obra gonbidatua
Amaituta
2008-10-08 • 2009-01-11
Kristoren bataioa
3. Aretoa
2001. urtetik hona, Obra Gonbidatua Programaren helburua da jendeari zenbait museo edo bildumatako obra bereziak helaraztea, betiere, Museoaren bilduma iraunkorrean dauden egileen gaineko ikuspegia aberasteko edo ordezkatuta ez dauden egileak erakusteko asmoz. 2004an, Santander Fundazioa ekimen honetan sartu zen, eta edizio berri guztiak babestu ditu; modu horretan, urtean zenbait bider antolatu izan da programa hau, eta, batzuetan, Fundazioaren bildumako obrak ere laga ditu.
Hogeita laugarrena den edizio honetan, XV. mendearen azken laurdeneko Brujasko eskolako pintore flandestar handietako baten kalitate eta interes handiko ohol bat aurkezten da. Juan de Flandes da pintore hori, eta Kristoren bataioa (c. 1496-99) aurkeztutako lana, zeinetan artistak perfekzio teknikoa eta konposizioaren ezagutza uztartzen dituen sentiberatasun bikainarekin.
Datu gutxi ezagutzen dugu Juan de Flandesi buruz. Gante eta Brujas hirien eskualdekoa zen, eta, 1496. urtearen inguruan heldu zen Espainiara. Gaztelan zegoela, Isabel Katolikoarentzat egin zuen lan, zeinak ganberako margolari izendatu baitzuen. Ohol hau Isabel Katolikoaren zerbitzupean pintatutako erretaula batekoa da. Erretaula hori, jatorriz, Mirafloresko (Burgos) kartusiako legoen koruan zegoen (Erreginak berak ordaindu zituen lan horiek).
Erretaula San Joan Bataiatzaileari zegoen eskainita, hori zelako Errege Katolikoen zaindaria. Izan ere, bien aitak Juan deitzen ziren. Oholik handiena Kristoren bataioa zen, eta, hain zuzen ere, horixe zegoen denen erdian. Inguruan, santuaren bizitzari buruzko lau eszena zeuden. Eszena horiek zenbait museotan daude orain. Kristoren bataioa bi errituren bidez islatzen da: antzinakoa, urpean sartuta, Kristo Jordan ibaian dagoela; eta berria, aldiz, ihinztaduraz, San Juan Bataiatzailea ura isurtzen ari dela. Testu biblikoari jarraituz, Espiritu Santuaren usoa Kristoren buru gainean agertzen da, eta Jainko Aitak osatzen du eszena, aingeruz inguratuta eta hodeien arteko argigune batean dagoela. Koroa inperiala darama, eta, ezkerreko eskuarekin, munduko bolari eusten dio. Aldi berean, eskuinarekin, Espiritu Santuaren usoa seinalatzen du. Lehen planoan hiru figura nagusiak daude. Aingeruak, hegoak altxatuta eta barnera bilduta dagoela, oso dalmatika aberatsa darama, Jainkoaren tunikari eusten dion bitartean. Kristo aurrez aurre agertzen da, soilik perizonium edo araztasunaren zapiarekin jantzita. Azkenik, San Joan Bataiatzaileak Jesus bataiatzen du, haren aurrean makurtuta. Aingeruaren tunika eta santuaren mantua, zoruan pilatutako tolesekin, maisuki pintatuta daude.
1985ean egindako zaharberritze baten ondorioz, ohola egin osteko aldaketa ikonografiko bat deskubritu zen. Ezezaguna den garai batean, beharbada XIX. mendean, Jesusen figura aldatu egin zen. Hori horrela, eskuak bularrean jarri zitzaizkion, eta araztasunaren zapia luzatu egin zitzaion. Obraren birpinturak ezabatu zituen zaharberritze lan horren ostean, margoak bere jatorrizko itxura berreskuratu zuen. Agian, Flandesek, hasieran, biluzik pintatu zuen Jesus, eta, ondoren, beharbada Erreginak hala eskatuta, zapia gehitu zuen.
Eszenaren atzealdean paisaia bat agertzen da, zeruari espazio urria uzten dion zeruertzarekin. Kristoren atzean, eta konposizioaren erdian, Jordan ibaia ikusten da. Paisaia pertsonaia eta animaliekin osatzen da. Beheranzko eskalan agertzen dira, sakonera efektua sorrarazteko. Atzealdean, pertsonaia nagusien bertikalak agertzen dira berriz ere, distantzia desberdinetan kokatutako makalen enborretan. Modu horretan, perspektibaren ilusioa sortzen da. Aurrez aurre, sastraken arteko harribitxiek paradisua sinbolizatzen dute, eta koral zatiak, berriz, Kristoren heriotza eta Luditze santua.
Juan de Flandes (1465 - 1519)
Kristoren bataioa, c. 1496-99
Olioa haritz-oholean, 186,3 x 110,5 cm
Abelló bilduma
Babeslea: