Erakusketak
Amaituta
2004-10-18 • 2005-01-23
John Davies
Eskulturak eta marrazkiak, 1968az geroztik
BBK Aretoa
Erakusketa honek azken urteetako britainiar artistetarik pertsonal eta sakonenetariko baten ibilbidea jorratzen du. John Davies (Cheshire, 1946) eskultoreari eskainitako atzera begirako zabala dakargu hona, artistaren ibilbide osoa aztertzen duena. Besteak beste, inspirazio surrealistako lehen lanak, hirurogeita hamarreko hamarkadako lan errealistagoak edo artista gaur egun lantzen ari den lanak eta, beraz, lehenengoz ikusgai izango direnak, batuko dira erakusketa honetan. Guztira, berrehunetik gora izango dira, eskulturak eta marrazkiak barne.
Lanik ezagunenetarikoen artean, laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan eskala desberdinetan egindako buruen serie ugariak daude; tamaina naturalekoak, tamaina txikikoak eta bi metro baino gehiagoko buru erraldoiak ere badaude. Serie honek agerian uzten du Daviesek daukan trebezia teknikoa eskala eta eraketaren baliabideak menperatzeko, izan ere, gai da, horien bidez eta kontu handiz egituratutako trazuen bidez, giza izatearen hainbat alderdi iradokitzeko.
John Davies-ek pintura munduan hasi zuen bere karrera eta Hull-eko eta Manchester-eko Arte Eskoletan ikasi zuen, 1963 eta 1967 urteen artean; gero, Londresko Slade School ospetsura joan zen bere prestakuntza osatzera, 1968 eta 1969 urteen artean. 1970ean, Sainsbury saria jaso zuen eta, 1972an, bere lehen bakarkako erakusketa handia egin zuen, Londresko galeria publiko garrantzitsuenetako batean, Whitechapel Art Gallery-n, non hiru urte beranduago bere eskaiolazko eta poliesterrezko eskulturak aurkeztu zituen; erretratuzko eta giza irudizko eskulturak hain zuzen.
Erakusketak harritu egin zuen bai jendea eta bai Londresko kritika. Eskultore figuratibo eta errealista baten lana deskubritu zuten, garai hartako eskultura britainiarrean nagusi ziren korronte abstraktuetatik at. Hasierako aldi hartan, Daviesek neurri naturaleko irudiak egin zituen, itxura errealista zutenak. Zenbaitetan, naturatik hartutako moldeak eta beira lortzen zituen zuntzezko begiak eta ile naturala erabiliz, eta bigarren eskuko arropa eta zapatekin janzten zituen.
Lehen aldi hartan, ikasbide nagusi zituen joan den mendeko hirurogeigarren hamarkadan nagusi ziren ikonografía surrealista (Giorgio eta Chiricoren pintura metafisikoa, adibidez) eta "absurduaren antzerkiko" literatura (Ionesco eta Beckett, batik bat). Lan bilduma hartakoa da War Memorial, 1974 eta 1977 urteen artean eginikoa eta 2004an Museoak erosia. Hango irudi mugiezinek eta inkomunikatuek absurduaren antzerkiko existentzialismora eta artearen bidez adierazitako gizarte kontzientziara garamatza.
Hirurogeita hamargarren hamarkadaren amaieran eta laurogeigarrenean zehar, errauts kutsuko gris kolorez pintatzen hasi zen eskulturak, zenbaitetan gorrimin ukituekin eta Giaconettiren lanetako marradurak gogorarazten dituzten marrak gainjarriz. Horrek Daviesen fintze kromatikoa jarri zuen agerian; bere irudiek kutsu arkeologikoa dute eta nolabaiteko transzendentzia ere bai.
Bere lanik ezagunenetakoak laurogeigarren eta laurogeitamargarren hamarkadetan egindako buru-sortak dira: neurri naturaleko piezak, pieza txikiak eta bi metro baino garaiera handiagoko buru ziklopeak.
Buru-sorta horrek adierazten du Daviesen erraztasun teknikoa, eskala- eta egitura-baliabideak maneiatzeko; baliabide horien bidez, eta kontu handiz egituratutako elementuekin batera, giza izaeraren alderdi asko ematen ditu aditzera. Buru horiek izaera errituala, hileta-izaera eta, beraz, izaera transzendentala dute; Aintzinako artean dituzte erreferenteak. Grezia eta Erromako erretratuen deskripzio errealista, Egiptoko artearen izaera hieratikoa, arte bizantziarraren aurrez aurrekotasuna, hasierako eraginak, klasikotasun garaikidea: Daviesek begirada historikoa eguneratu egiten du artearen ikuspegi jakin batean; hain zuzen ere, erabateko protagonista gizakiaren presentzia solemnea eta enigmatikoa duen ikuspegian.
Erakusketa berrehun lanetik gorako atzerabegiratu zabala da, eskulturaz eta marrazkiz osatua. Erakusketak lan bakoitzarekiko parekatzea egiteaz gain John Daviesen lan osoaren errealitatea esperimentatzen uzten digu eta, metaforikoki, haren bizitzaren eta artearen ikuspegi bezala labur daiteke.
Babeslea:
Beste laguntzaile batzuk: