Joaquín Sorolla - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

Amaituta

2023-07-10 • 2023-10-16

Joaquín Sorolla

Olanaren azpian, Zarauzko hondartza (1910)

19. aretoa

Obra Gonbidatua programak aurtengo udarako egindako proposamenak Joaquín Sorollaren (Valentzia, 1863-Cercedilla, 1923) luminismoa dakar museoko 19. aretora, margolariaren heriotzaren mendeurrena ospatzen den urtean. Programak efemeridearekin bat egingo du Sorollaren obra nabarmen baten bidez, zeina Euskadin egin zituen lehenengo kanpainetako batean margotu zuen.    

Olanaren azpian, Zarauzko hondartza (1910) mihiseaz ari gara; funtsezko margolana da, artistak euskal lurretan egindako egonaldiak ulertzeko. Bertan, margolariaren familia ageri da (Clotilde emaztea eta María, Elena eta Joaquín seme-alabak), dotore-dotore jantzita eta Gipuzkoako herri horretako hondartzako olana bereizgarrietako baten itzalpean.  

1900. urtean-edo, Sorolla iparraldeko hondartzak margotzen hasi zen; garai hartan, erregina-familia eta aristokrazia sarritan joaten ziren bertara. Udako egonaldi dotore horri esker, aisialdi fineko eszenak irudikatu zituen, jaioterri zeukan Valentziako hondartzetakoa ez bezalako iparraldeko argiaren berezko kromatismo berriaren bidez. 1909an, margolan horiek New Yorken jarri zituen erakusgai, eta, arrakasta handikoak izan zirenez, 1910eko udan, familiarekin bidaiatu zuen Zarautzera, Elisabet II.a erreginaren udako bizilekura, alegia. 

Horrez gain, margolana erakusteko orduan, hondartzako ikuspegia irudikatzen duen beste mihise bat eta irudiak prestatzeko egindako lau marrazki ere jarriko dira ikusgai testuinguru moduan. Azkenik, aire zabalean margotzen agertzen den Sorollaren garaiko irudi batek gogoratu egingo digu zeinen garrantzitsua zen argazkilaritza haren margolanetan; Antonio García aitaginarrebarekin, garai hartako Espainiako argazkilari profesional ospetsuenetakoarekin, ezarritako harreman estua da horren jatorria. 

Sorolla Euskadin  

1889an, Erromatik itzultzeko bidaian –han finkatu ziren euskal artisten kolonia ugariarekin harremanetan egon zen–, Joaquín Sorollak Euskadi ezagutu zuen, eta, Parisen geldialdia egin ondoren, egun batzuk igaro zituen Donostian. Handik aurrera, 1910era arte, berriro ere Pariseranzko bidean, euskal lurretan egonaldi laburrak egin zituen sarritan, eta, bide batez, oharrak idatzi eta formatu txikiko margolanak margotu zituen. Horietan, Kantauriko kostaldeko argi hezea ezagutu zuen, baita berdeak eta grisak ezaugarri bereizgarri dituen kromatismoa ere.  

Horrez gain, Elisabet II.a erregina udak Zarautzen igarotzen hasi zenetik, iparraldeko hondartzak erregina-familiaren, aristokraziaren eta goi-burgesiaren leku gustukoenetakoa izan ziren. Hori dela eta, Sorollak, orduan dotorea zen udako egonaldiak eskaintzen zizkion apaingarri piktoriko berriekin batera, bere lanak ikusteko eta erosteko irrikaz zeuden bezero ugari aurkitu zituen han. Harrezkero, margolaria hainbatetan itzuli zen bertara, eta, ia-ia beti, familiarekin joaten zen. 

1906ko udan, familia Miarritzen eta Donostian kokatu zen, Sorollak hondartzak eta kostaldeko eszenak margotzeko aukera izan zezan. 1910ean, beste kanpaina piktoriko baterako bidaiatu zuten Zarautzera, eta, han, bere familia erretratatu zuen hondartzan, erretratugile moduan zeukan kalitate izugarriaren adierazgarri diren zenbait margolanetan. Edonola ere, eguraldi txarra dela eta, genero-eszenak ere margotu behar izan zituen ezinbestean. Bertan, arrantzaleak agertzen ziren taberna barruetan edaten, eta lan horiek hurbilago zeuden XVII. mendeko pintura errealistatik. 

1911n, lehen aldiz eman zuen uda Donostian, San Luisetik eta Chicagotik itzuli zenean. Bertan, hain zuzen ere, New Yorkeko Hispanic Societyk arrakasta handiz antolatu zuen bere bigarren erakusketa ibiltaria. 1912an, uztaileko lehenengo hamabostaldia igaro zuen Biarritzen, New Yorkeko Hispanic Society of Americaren sortzaile Archer M. Huntingtonen eta haren emaztearen erretratuak margotzen. Udaren gaineratikoa Donostian igaro zuen, eta bertatik bidaiatu zuen, Erronkariko tipoen azterlanak egiteko, Hispanic Societyren Nafarroari buruzko panelerako. Urte horretako bertako iraileko lehenengo hamabostaldian, Lekeitioko udalerrian (Bizkaia) ere margotu zuen. 

1913ko irailean, Donostiara bidaiatu zuen berriro, Alfontso XIII.a erregearekin hitz egiteko asmoz. 1914an, bertara itzuli zen familiarekin, Hispanic Societyrentzat egin beharreko Euskadiren margolana amaitzeko (Bolajokoa, Gipuzkoa). 1917an, familiarekin igaro zuen uda Sorolla Etxean, Donostiako itsasargirako errepidean, Igeldo mendiko magaletan. Era berean, bertan igaro zuen hurrengo uda, oharrak idatziz eta hondartzako nahiz hiriko inguruneko eszenak margotuz, baita kai-muturra eta Ulia mendia atzean zituzten pintzelada solteko hogei bat margolan ere. 

1920ko eta 1921eko udetan, ordurako gaixo-gaixo zegoela, familiak Sorolla Etxera eraman zuen Sorolla. Azken udak izan ziren, 1923an alaba Maríak Cercedillan (Madril) zeukan etxean hil baino lehen. 

Joaquín Sorolla (Valentzia, 1863-Cercedilla, 1923) 

Olanaren azpian, Zarauzko hondartza, 1910 

Olioa mihisean, 99 x 126 cm 
Sorolla Museoko bilduma, Madril 

1910eko udan Sorollak Zarautzen egindako egonaldia –garaiko helmuga turistiko kosmopolitenetako bat, Donostiarekin batera– funtsezkotzat jotzen da hark Euskadin izandako jarduera ulertzeko. Olanaren azpian, Zarauzko hondartza horren adibide ona da, eta aukera ematen du egileak iparraldeko kultur ingurunean izandako eragina antzemateko; izan ere, erreferentziazko pertsonaia izan zen bertan. Pintzelkada mamitsu eta azkarrez, Sorollak bere familia erretratatu zuen olana baten azpian. Irudian agertzen ez bada ere, olanak itzal zabala ematen du, eta, era horretan, eszena aktibatzen du argiari dagokionez, zenbait espektrotan. Margolanaren izaera zirrimarratuak eta ondo landutako enkoadraketak konposatzen dute hondartzako eszena dotore baina informal hau. 

Joaquín Sorolla (Valentzia, 1863-Cercedilla, 1923) 

Zarauzko hondartza, 1910 

Óleo sobre lienzo, 68 x 78,5 cm 
Sorolla Museoko bilduma, Madril 

XIX. mendearen erdirako, Gipuzkoako Zarautz herria eguzkiaz eta itsasoaz gozatzeko pribilegiozko gune bilakatua zen. Bertako hareatzaren zabalerari, biotopoaren edertasunari eta klima egokiari esker, “hondartzen erregina” izendatu zuten, eta haraino joaten ziren, urtero, udatiar ugari, Elisabet II.a hala egiten hasi zenez geroztik. Mihise honetan ikus daitekeen bista Narros Jauregiaren eta aldamenean dagoen Getariako herriko San Anton mendiaren –bere forma dela-eta “sagua” esaten zaionaren– artekoa da. Eszenaren berehalakotasuna pintzelkada kementsu eta zirrimarratuen bidez lortu da, eta ezin hobeto islatzen du hondartzako jarduera, olana distiratsuekin eta paseoan dabiltzanen eta bainuzaleen joan-etorriekin. 

Joaquín Sorolla (Valentzia, 1863-Cercedilla, 1923) 

Emakumezko figura hondarrean, 1910 
Kapeladun figura hondarrean, Zarautz, 1910 
Emakume taldea hondarrean, 1910 
Hondarrean etzandako figura eta soslaia, 1910 

Arkatz konposatua paper jarraituan  
Sorolla Museoa Fundazioa, Madril 

Margolaritza-lan mardulak ez ezik, Sorollaren corpus artistikoa osatzen dute haren sormen-grinaren ondoriozko hamaika azterlan eta zirriborroek ere: koloretako ohar txikiak eta marrazki eskematikoak, artistaren arreta erakartzen zuten eszena, xehetasun, jarrera eta irudiak jasotzen dituztenak. Sorollarentzat, ohar arin haiek, koaderno handietan zein orri solteetan zuzenean hartuak, inpresio-ariketak ziren. Nolanahi ere, batzuetan mihise landuagoak egiteko baliatzen zituen; hala gertatu zen, beharbada, Zarauzko hondartzan hartutako emakumezko figuren lau marrazki hauen kasuan.  

Sorolla Museoa Fundazioa, Madril 

Joaquín Sorolla, Zarautzen margotzen, 1910 

Antzinako positiboa, 14 x 9 cm 
Sorolla Museoa, Madril 

Babeslea:

Kolaboratzaile: