Erakusketa: Iluntasun ikusgarria. John Martin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2006-07-17 • 2006-10-01

Iluntasun ikusgarria. John Martin

Campbell Bilduma

33 Aretoa

2005etik hona, eta BANCAJA FUNDAZIOAren babesari esker, ARTEAREN PAPERA programakegonkortasuna ematen dio Museoko erakusketen ildoetako bati. Ildo horren xedea da paperean egindako obrei garrantzia ematea. Lan horiek ezin izaten dira modu iraunkorrean erakutsi, bereziki sentikorrak direlako argiarekin eta hezetasun zein tenperatura aldaketekin. Asmo horrekin, aldian-aldian Museoko edo beste instituzio batzuetako bildumetako obrak erakusten dira.

Oraingoan, John Martin(Haydon Bridge, Northumberland, 1789–Douglas, Man Uhartea, 1854) margolari eta grabatzaile ingelesari buruz gure herrialdean ikusi ahal izango den lehenengo erakusketa monografikoa aurkezten dugu. Kalkografia Nazionalak antolatu du, Madrilgo Udaleko Conde Duque Kultur Zentroaren eta Bilboko Arte Eder Museoaren lankidetzarekin. Erakusketak artistaren sorkuntzaren bilakaera errepasatzen du, hirurogeita sei estanpa eta akuarelaren bitartez. Lan guztiak John Martinen obran aditua den Michael J. Campbell bildumagilearenak dira.

John Martin erromantizismoko artistarik nabarmenena eta sublimetasunaren estetikaren erakusgarririk handienetakoa izan zen. Ikuslearengan emozioa piztu nahi izaten du, naturaz gaindikoa islatuz eta naturaren indar neurrigabea erakutsiz. Kontzeptu hori bere pinturan eta, bereziki, bere grabatuetan islatzea lortu zuen, "modu beltza" edo mezotinta delakoa menperatuz: grabatuaren teknika horretan, erabateko beltzetik abiatuta, forma eta objektuen kolore zuriak argi zehatzekin nabarmentzen dira. Horrela lortutako estanpak itxura iluna hartzen du, beltz intentsuekin, argi-ilun trantsizio delikatuekin eta tonu-efektu leunekin.

John Martinen obrak aintzatespen eta hedapen handia lortu zuen arkitektura eta paisaiekin egindako grabatuei esker, eta, batez ere, Bibliari eta John Milton (1608-74) poeta ingelesaren Paradisu galdua lanari buruzko pasarteen serieei esker. Lan horiek konplexutasun handia zuten konposizio aldetik, eta teknika bikainekoak ziren. Bere eszenografiek puntu asko dituzte komunean Piranesik aurri klasikoei eta asmakuntza arkitektonikoei buruz egin zituen grabatuekin eta Boullé, Ledoux edo Lequeu arkitekto ameslarien proiektuekin. Horien antzera, John Martin ere urbanismoarekin arduratutako ameslaria izan zen.

1830eko hamarkadan, Londresko parkeak edertzeko, garraio sistemak hobetzeko, eta ur eta estolderia sistema hornitzeko plan handiak zituen, eta, plan horiek aurrera eraman nahian, zeukan diru guztia galtzeko puntuan egon zen. Bera hil eta urte asko pasatu ostean, ideia haietako batzuk bete egin ziren.

Iluntasun ikusgarria. John Martin, 1789-1854 erakusketaren lehenengo zatian, egilearen erretratu batez gain, hasierako akuarelak eta estanpak daude ikusgai. XVIII. mendeko akuaforte italiarretan inspiratuta dauden eta ikuspegi eta aurri klasikoak erakusten dituzten akuarela batzuen ostean, Zuhaitz motak izan zen John Martinen lehenengo serie grafikoa, eta bere lehenengo liburu ilustratua. Bigarren seriea Sezincot Houseko ikuspegiak da, eta, bertan, izen bereko etxe apartari buruzko estudio arkitektonikoetan eta inguru hartako paisaietan jarri zuen arreta. Handik gutxira, "modu beltzaren" prozedura teknikoari buruzko ezagutza sortu zen: hori guztiz garrantzitsua izan zen bere obrarako, eta, Ovidioren Metamorfosiak –esate baterako, Pafoko pendiza– eta Bibliatik eratorritako gaietara aplikatuta, ezaugarri horrek bere izaera artistikoa definitu zuen.

John Miltonen Paradisu galdua poema ilustratzeko John Martinek egin zituen estanpek arrakasta handia eman zioten publiko eta kritika aldetik, eta, modu horretan, finkatu egin zen grabatzaile karreran. Eszenatoki handietan istorio epikoak kokatzean, sublimetasunaren esanahia zehaztu zuen arte erromantikoan, eta, bestetik, bere estiloa finkatu zuen. Estilo horren ildotik joango ziren, handik gutxira, beste artista eta imitatzaile ugari. Baina bere asmamen eta imajinazio arkitektoniko originalaren gailurra, eta sublimetasunak arte erromantikoan daukan eredurik onenetakoa, Baltasarren banketea lana izan zen. Obra hori egiteko, lehenengo pintura gisa eta gero grabatu serie baten eran, Martinek dokumentazio lan handia egin zuen, testu biblikoak eta matematikoak kontsultatuz. Handik, zehaztasun handiz islatutako perspektiba eta xehetasun eszenografikoak atera zituen.

Hogeiko hamarkadaren amaieran eta hogeita hamarrekoaren hasieran egin zituen bere obrarik ospetsuenetako batzuk, grabatuaren historian maisulantzat hartuta daudenak. Horien artean, nabarmentzeko modukoak dira Erauntsia –Martinen gogokoena zen–, Niniveren erorialdia eta Satan, Infernuko Kontseiluaren buru lanak. Bertan, eszenatokiaren handitasuna eta argi-ilunen jolas dramatikoa eskaintzen du, "modu beltzaren" menperatze bikainaren bitartez.

1830ean, John Martinek Biblia ilustratzeari ekin zion. Zenbait estanpa egin zituen, baina edizioaren prezio handiegia zela eta, albo batean utzi behar izan zuen proiektu erraldoi hori. Beharbada horregatik, bere ibilbidearen azken etapan gai bibliko asko grabatu zituen, esate baterako, Gurutziltzatzea, Sadak ahanzturaren uren bila edo Azken Judizioa.

John Martinen obra osoak ikuspegi poetikoa eta imajinazioz betetako edukia erakusten du, eta sublimetasunaren estetikak erromantizismoan izan zuen ordezkaririk bereziena da.

 

John Martin (Haydon Bridge, 1789 - Douglas, Isla de Man, 1854)
Babiloniaren erorketa, 1819
Mezzotinta eta akuaforte, 59 x 81 cm

Babeslea: