Ignacio Zuloaga - Bilboko Arte Ederren Museoaren

2024-10-01 • 2025-03-02

Ignacio Zuloaga

Erik Satieren erretratua

Pedro de Icaza y Aguirre halla

1908an sortu zenetik, Arte Ederren Bilboko Museoak hein handi batean dohaintzei eta legatuei esker handitu ditu bere bildumak. Lan berriak lortzeko modu hori mantendu egin da, eta Museoaren bereizgarri argienetako bat bilakatu da: Museoaren ondare artistikoa osatzen duten obren %60 baino gehiago partikularrek, erakundeek eta beste entitate korporatibo batzuek legatu edo dohaintza gisa emana da.

Joan den urtean, Begoña María Azkue batu zen segida historiko horretara; hain zuzen, bere azken-nahietan Museoaren aldeko legatu bat formalizatu zuen, eta oso-osorik bilduma aberastuko duten artelanak erosteko erabiltzeko eskatu zuen.

Lehenengo erosketa Botoa Sainte-Anne d'Aurayn (c. 1870) mihise gaineko olio-pintura izan zen. William Bouguereauren lan aipagarri horrek Museoaren XIX. mendeko pintura-lanen multzoa osatuko du. Madrilgo Ansorena enkante-etxean erosi zen 2023an, 165.466 euroren truke, eta urte bereko azaroan aurkeztu zen aretoan.

Orain, Museoak ezagutzera eman nahi du 2023ko abenduan erositako bigarren margolana. Ignacio Zuloagak 1893-1894 inguruan Parisen margotutako Erik Satieren erretratua da. Eskurapen horri esker, Zuloagaren ekoizpeneko obra goiztiar batekin osatzen da Museoan euskal artistaren lanetik kontserbatzen diren margolanen multzo aipagarria (10). Obraren interes artistikoaz harago, azken eskurapen horrek omenaldi inplizitua egiten dio Begoña María Azkueri, zeina, besteak beste, musikazale amorratua baitzen.

Museoan Ignacio Zuloagaren obrek osatzen duten bildumara frantziar konpositore Erik Satieren (Honfleur, Calvados, Normandia, 1866 - Paris, 1925) erretratu hau ekartzearekin, artistaren gaztaroko ekoizpenaren garaia osatzen da, aintzat hartuta ia ez dagoela garai horretako lanen eskaintzarik merkatuan. Mihiseak dokumentatzen duen garaian, Eugène Carrièreren eragina agertu zen Zuloagaren pinturan, eta artistak paleta inpresionistaren naturalismoa utzi eta sinbolismora hurbiltzen duten kromatismo mugatura eta ilunpeko argiztapenera jo zuen. Hala, barnealde zehaztugabe batean, Satie gaztearen bustoa aurkituko dugu, aurpegia hiru laurdeneko profilean marraztuta, ia argirik gabe, eta Montmartreko itxura bohemioaz, bizar eta ile luzeekin, betaurrekoak eta lebita jantzita, musikariak 1895etik aurrera eta hamar urte baino gehiagoan jantzi zuen pana berdezko «uniformearen» aurrekari gisa.

Zuloagak Parisen margotu zuen obra bere ibilbidearen hasieran –23 urte zituela–, bere prestakuntza autodidakta modernitatearekin zuzenean lotuta osatzeko irrikaz Frantziako hiriburura egin zuen bidaian. Han, poeta, margolari eta musikarien bohemio-bizieran parte hartu zuen, kafetegi eta kabaretetan biltzen ziren euskal eta kataluniar artista talde ugariarekin batera. Pablo Urangaren adiskide egin zen, eta Cortot kalera joan zen harekin bizitzera 1892ko amaieran. Suzanne Valadon margolariaren auzokide izan ziren han, zeinak idilio bat izan baitzuen Erik Satierekin 1893an. Zuloagak ordurako musikaria ezagutuko zuen segur aski, artistak maiz bisitatzen zuen Le Chat Noir kabaretean pianoa jotzen baitzuen; hain zuzen, han egin zen Ramón Casas eta Santiago Rusiñol margolarien lagun.

Guztiek egin zuten musikariaren marrazki edo margolanen bat –Valadonek, Urangak, Casasek eta Rusiñolek–. Ordurako, ohiz kanpoko pertsona bat zen, eta haren eragina bere garaikideetara zabaldu zen, Debussyren eta Ravelen aitzindari gisa, bai eta gaur egungoetara ere, besteak beste, John Cage eta Steve Reich konpositore minimalistetara. Aipatutakoez gain, abangoardiako Cocteau, Picasso, Larionov, Goncharova, Brancusi, Man Ray eta Picabia artistek irudikatu zuten Satie. René Clairren Entr’acte (1924) film labur esperimentalaren soinu-banda konposatu zuen. Gaur egun, Museoan proiektatzen da, Ekitaldiartea erakusketaren hitzaurre gisa.Jean Cocteauri esker, Sergei Diághileven Errusiar Balet ospetsuekin harremanetan jarri zen, eta Parade balletaren (1917) musika konposatu zuen. Aipatzekoa da Picasso arduratu zela ballet horren dekoratuak eta jantziak egiteaz.

Ignacio Zuloagak koadroa oparitu zion musikariari, sinatuta eta dedikatuta («A mon cher ami Erik Satie» [sic]), eta hark berekin gorde zuen 1925ean hil zen arte.

Artelanari buruz

Ignacio Zuloaga (Eibar, Gipuzkoa, 1870-Madrid, 1945)

Erik Satieren erretratua c. 1893-1894

Olioa mihisean. 49,3 x 60,5 cm
2024an erosia, Begoña María Azkueren legatuari esker

Begoña María Azkue

1944an Etxebarrin jaio eta aurten Bilbon hil bitartean, Begoña Azkuek bizitzan zehar jarduera kultural handia garatu zuen, zeuzkan zaletasunek bultzatuta.  

Euskararekin eta euskal kulturarekin konprometituta, Bilboko Urretxindorra ikastolari lotu zitzaion, eta han erabiltzeko material pedagogikoak itzuli zituen. Horrez gain, ekinean parte hartu zuen Deustuko Unibertsitateko helduentzako prestakuntza-ikasgeletan ere. 

Kulturarekiko zentzurik zabalenean zeukan grinak bultzatuta, bidaia ugaritan sakondu zuen semita eta mediterranear kulturen ezagutzan, eta aukera izan zuen nazioarteko auditorium eta musika-ekitaldi garrantzitsuetara joateko.  

Emakume zuhurra zen Begoña Azkue. Museoaren Lagunen Komunitatean sartu zen, pandemiak hainbeste estutu gintuen une batean (2020), eta bere konpromisoa berretsi zuen, Bilboko Arte Ederren Museoaren bilduma aberasten laguntzeko borondatea testamentuan ezarrita utziz, filantropia zibikoarekiko eta kulturalarekiko azken keinua taxututa.