Historiaren artea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Obra gonbidatua

2024-10-29 • 2025-02-02

Historiaren artea

Arriola-Lerchundi liburutegiko eskuizkribuak

17-20 aretoak

Bilbon dago Arriola-Lerchundi Liburutegia, eta garrantzi artistiko eta dokumental handiko bilduma pribatua da, aleen bolumenari eta kalitateari begiratuta. Gutxi gorabehera 20.000 ale inprimatu dauzka, horien artean 140 inkunable, eta 15.000 eskuizkribu, José María Arriola bilbotar notarioaren eta haren emazte Rosa Lerchundiren liburuzaletasunari esker bilduak, hainbat hamarraldiz bisitatu izan baitituzte bildumazaletasun bibliografikoan espezializatutako mundu osoko enkante-etxeak, azokak, antikuarioak eta liburu-dendak.

Liburutegia jendeari ezagutzera emango zaio orain, XII. mendetik XIX. mendera bitartean datatutako 40 eskuizkribuko sorta baten bidez, zeina baita liburu historikoak kontserbatzea eta ikertzea xede duen eta aditu eta bibliofiloek aitortutako bilduma baten bikaintasunaren erakusgarri.

Tipologia askotako aleak izango dira erakusketan, tartean direla orduen liburu preziatuak, errege-pribilegioen gutunak eta kaparetasuna egikaritzeko agiriak. Horiekin batera, izaera bitxiagatik bereziki nabarmentzekoa da euskarazko Biblia bat, eta, interes historiografikoagatik, Francisco de Goyaren bi gutun autografo eta Juan Crisóstomo de Arriaga musikagilearen partitura bat, musikagileak eskuz idatzia hori ere.

Eskuizkribu zibilen eta elizakoen balio dokumental horri gehitu behar zaio, gainera, haien balio artistikoa, zeinaren erakusgarri baita euskarri eta pigmentuen aukera zaindua nahiz kaligrafien, apaingarrien eta ilustrazioen erabilera.

José Luis Merino Gorospe Antzinako Artearen kontserbatzailea komisario dela, ordena kronologikoari jarraituz erakutsiko dira obrak, eta testuinguruan kokatuko dira museoaren bildumako lanekin batera –11 margolan, eskultura bat, akuarela bat eta bi argazki–; hain zuzen ere, interes artistikoa eta eskuizkribuen edukiarekin duten hurbiltasun historiko edo ikonografikoa kontuan hartuta aukeratutako lanekin batera.

Erakusketa-ibilbidea

Aurkezpena

Arriola-Lerchundi liburutegiak 20.000 bat ale inprimatu —horien artean, 140 inkunable— eta 15.000 eskuizkribu dauzka. Aleen kopuru eta kalitateagatik, garrantzi artistiko eta dokumental handiko bilduma da. 1966an sortu zenetik handitzen joan da, José María Arriola bilbotar notarioaren eta haren emazte Rosa Lerchundiren liburuzaletasunari esker. Bilduma aski ezaguna da adituen artean, eta, orain, publikoari aurkeztuko zaio, XII. mendetik XIX. mendera bitarteko 40 eskuizkriburen bidez.

Horien artean daude errege pribilegioen gutunak, kaparetasuna egikaritzeko agiriak, pragmatikak, liturgiako liburuak edo miniatura ederrez apaindutako orduen liburuak. Nabarmentzekoak dira euskarazko Biblia berezi bat, Francisco de Goyaren bi gutun autografo eta Juan Crisóstomo de Arriaga musikagilearen partitura bat, autografoa hori ere. Horiekin batera, ikusgai jarriko dira museoaren bildumako zenbait artelan, aipatutako agiriekin bat datozenak kronologian edo gaian. Hala, bat egingo dute artearen historiak eta liburuzaletasunak, lan hauen bitxitasun, edertasun eta garrantzi historikoari esker.

II Gela

Areto honetan, edertasun plastiko handiko dokumentuak daude, hala nola errege-pribilegioak eta bestelako izendapenak. Izaera liturgikoko aleen artean, pieza musikalak dituen prozesio-liburu bat nabarmentzen da, eta, bereziki, orduen liburuak, zeinei baiteritze horrela otoitzak biltzen dituztelako ordu kanonikoaren arabera. Orduen liburuak Erdi Aroko eta Errenazimentuko artearen bitxiak dira, eta bitela pergaminoan (zekor-larruz egindako pergaminoa) egiten ziren, monasterioetako scriptoriumetan lehenik, eta tailer espezializatuetan, gerora. Klemente VII.ak Ingalaterrako Henrike VIII.aren kontra emandako eskumikatze dokumentua ere ikus daiteke aretoan.


Materialei eta eskuizkribuak edertzeko prozedurei buruzko XIV. mendeko tratatuei esker—adibidez, De arte illuminandi anonimoari edo Cennino Cenniniren Libro dell’Arte liburuari esker—, badakigu horretarako erabiltzen zituzten pigmentu asko beste teknika batzuetan erabiltzen zirenen oso antzekoak zirela. Multzo honetan, bereziki azpimarratzekoak dira landare-jatorriko pigmentu organikoak, hala nola indigo urdina, eta makila gorriz egindako laka gorriak, Brasilgo egurra eta kotxinila. Itsasoz haraindiko urdina zen, halaber, urdinetan baliotsu eta ederrena. Aglutinatzaile gisa, Arabiako goma eta arrautza zuringoa baliatzen zituzten. Krisografia eta argirografia izeneko idazketak lortzeko, urre eta zilar ehoak erabiltzen zituzten, hurrenez hurren, atalburu-letretarako, jantzien distiretarako eta aureoletarako, besteak beste.


Don Lope de Soria dignitate inperial izendatzea, Karlos V.a errege eta enperadorearen enbaxadore gisa, 1535


Eskuizkribua bitela pergaminoan


Don Lope de Soria dignitate inperial izendatzea, Karlos V.a errege eta enperadorearenenbaxadore gisa (Xehetasun), 1535


Eskuizkribua bitela pergaminoan

III Gela

Kaparetasun agiriek mendeko baten noblezia berresten zuten judizialki, eta horrek, aldi berean, izena, pribilegioak eta zerga-abantailak zekartzan. Aitorpen hori lortzeko, ezinbestekoa zen eskari bat aurkeztea Valladoliden eta Granadan zeuden errege-kantzilergoetako batean. Behin hori lortuta, eskariaren kopia apaindu zitekeen, motibo erlijiosoekin, familiako kideen irudikapenekin eta leinuaren nobleziari buruzko beste osagai batzuekin—armarriak, askotan—. Irudi-kopurua eta horien kalitatea komitentearen ahalmen ekonomikoaren araberakoak ziren. Horrekin batera, armarri-bildumetan zehaztasunez kodetutako armarrien errepertorioak daude. Portulanoetan, berriz, nabigazio kartak biltzen dira, non zehatz-mehatz deskribatzen baita Mediterraneoko kostaldea, pintoreek planetari buruz ematen zuten ikuspegi intuitiboan ez bezala. Hau da, zientziaren eta asmakizunaren arteko alderaketa da, edertasunaren izendatzaile komunarekin.


Portulanoa


XVI. mendearen amaiera-XVII. mendearen hasiera. Eskuizkribua bitela pergaminoan


Fuentes eta Padilla noblezia-gutuna


Granada, 1629. Eskuizkribua pergaminoan


Pedro eta Santxo de Vilbao La Vieja anaienkaparetasun-agiria


Burgos, c. 1605
Eskuizkribua pergaminoan

IV Gela

Areto honetan dokumentu erlijioso eta laikoak daude ikusgai, eta horien artean Bizkaiko Foru Zaharreko 1630eko ale bat nabarmentzen da. Euskarazko testu garrantzitsuak ere baditu, hala nola Frantziako eta Erronkariko agintarien arteko gutun bilduma bat, eta Pierre d´Urtek 1700. urtean egindako Bibliaren itzulpena, garrantzi handikoa hizkuntzaren ezagutzari dagokionez. Miguel de Alonsóteguiren Bizkaiko kronikak lanean, gure lurraldeari buruzko XVI. mendeko informazioa biltzen da; aipatzekoa da denbora luzean egon zirela galduta. Bestalde, Goyaren eta Bilboko Udaleko ordezkarien arteko gutun trukea ikus daiteke, non aipatzen baita Manuel Godoyren erretratu baten agindua, baina gaur egun ez dakigu lan hura azkenik egin zen ala ez. Juan Crisóstomo de Arriaga bilbotar musikagilearen Esklabo zoriontsuak partituraren pasarte autografo batek osatzen du dokumentu bitxien hautaketa hau.

Babeslea: