Erakusketa: Herreratik Velázquezera - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2006-03-20 • 2006-05-28

Herreratik Velázquezera

Lehenengo naturalismoa Sevillan

BBK Aretoa

Hirurogeita hamar obra baino gehiagoren bitartez (horietako batzuk, lehenengoz erakusten dira gure herrialdean), XVII. mendeko Sevillako pinturak naturalismo barrokoari egin dion ekarpena errepasatzen du erakusketak. Naturalismo barrokoa Caravaggioren eta haren jarraitzaileen tenebrismoarekin sortu zen, eta Velázquez gaztearen obran izan zuen gailurra. Pasarte artistiko hau XVII. mendearen lehen hereneko Sevillan dago kokatuta. Garai hartan, Sevilla hiri kosmopolita eta indartsua zen, bildumagile, margolari, mezenas eta bidaiarien topalekua. Modu horretan, pintura flandestarraren ekarpenak eta Italiako eraginak nahastu ziren, indar bereziko etapa artistikoa sortuz.

Erakusketan, garai hartako pieza garrantzitsuak daude bilduta. Lan horiek aukeratzen, Prado Museoko ohorezko zuzendaria den Alfonso E. Pérez Sánchez eta Benito Navarrete irakaslea aritu dira, ikerketa zorrotzeko urte biren ostean. Piezen artean, Caravaggio, Artemisia Gentileschi, Herrera Zaharra, Tristán, Ribera, Zurbarán, Velázquez eta Alonso Canoren obra aipagarriak daude.

Interes handiko erakusketa hau egin ahal izateko, funtsezkoa izan da euren bildumetako obra garrantzitsuak laga dizkiguten erakunde eta bildumagile partikularren laguntza, eta honakoen lankidetza: Prado Museoa, Kataluniako Arte Museo Nazionala, Londresko National Gallery, San Petersburgeko Ermitage Museoa, Berlingo Museoa eta Chicagoko Art Institute. Erakusketa Focus-Abengoa Fundazioak (Sevilla) eta Bilboko Arte Eder Museoak antolatu dute, batera. Fundazioa eta Museoa, gainera, ondarea berreskuratzeko lan garrantzitsuan aritu izan dira lankidetzan, erakusketan ikusgai dauden zenbait obra zaharberritu baitituzte.

XVII. mende sevillarraren hasierak pinturan

 

Sevillako XVII. mendearen lehen herena funtsezko garaia izan zen Espainiako pinturaren historian. Urte haietako artistarik garrantzitsuenak Indietako portua zen hiri hartatik ibiltzen ziren. Baina, era berean, Sevillak ordena erlijiosoentzat lan egiteko aukera ematen zien artista ugariri. Modu horretan, elizak eta komentuak aberastu egin ziren eta, batez ere, hizkera naturalista berri bat praktikatu zuten, eragin flandestarraren manierismo artifiziosoa albo batean utziz eta Caravaggioren eta haren jarraitzaileen pinturarekin sortutako naturalismo italiarraren sinesgarritasuna hartuz.

Manierismoaren eta naturalismoaren artean kokatu zen margolarien belaunaldiaren ostean (Francisco de Herrera Zaharra zegoen tartean), pinturaren panorama irauliko zuten jenio batzuk agertu ziren: Francisco de Zurbarán, Diego Velázquez eta Alonso Cano.

Herreratik Velázquezera erakusketak Sevillako lehen naturalismoan sakondu nahi du, garai hartako pertsonalitate artistikorik nabarmenenak aztertzeaz gain.

Erakusketako funtsezko obrak

 

Ibilbideak edertasun eta kalitate izugarriko maisulan batzuk erakusten ditu. Lan horiek Sevillako artista gazteen belaunaldi batek egin zituen, eta, errealismoaren eraginpean, artista horiek zeresan handia izan zuten pintura modernizatzeko prozesuan.

Prozesu hori ulertzeko obrarik esanguratsuenen artean, lehenengo eta behin, Londresko National Galleryrena den Artzainen adorazioa aipatu behar da. Orain, lehen aldiz ikus daiteke gure herrialdean, Velázquezena zelakoan XIX. mendean saldu zenetik. Oraindik orain lan horren egilea nor izan zen argi ez badago ere, guztiz beharrezko lana da garai hartako pintura sevillarraren aldaketa eta konposizio horretako naturalismoak sortu zuen iraultza piktorikoa ulertzeko.

Era berean, lehen aldiz ikusi ahal izango dira Herrera Zaharraren Alexandriako Santa Katalinaren agerpena San Buenaventuraren familiari eta Afari Santua lanak, lehenengoa Bob Jones University Collection (Hego Karolina, AEB) delakotik eta bigarrena bilduma partikular batetik ekarritakoak, hurrenez hurren. Herrera Zaharra oso presente dago erakusketan, dozena bat lan baititu bertan. Oso margolari garrantzitsua bada ere, ez da aukera handirik egoten bere ibilbidea ikusi ahal izateko.

Lehen aldiz ikusi ahal izango dira, gainera, Velázquezen Apostoluaren burua, bilduma partikularrekoa; Velázquezen zirkuluko San Pedro penitentzigilea, Nelson-Atkins Museum of Art (Kansas City, AEB) museokoa; eta Alonso Canoren San Joan Bataiatzailea basamortuan, Chicagoko Art Institutekoa. Azken hori oso ekarpen interesgarria da, daukan edertasun eta kalitateagatik. Autore batzuek Velázquezena dela diote, baina, katalogoan frogatu ahal izan denez, Alonso Canok pintatu zuen, Velázquezen eraginpean Sevillan ikasten zegoenean.

Ibilbidea osatzeko, Velázquezen lan garrantzitsu batzuk daude; besteak beste, Neska mulatoa, Chicagoko Art Institute delakotik ekarritakoa, eta Mutiko baten burua zoragarria, San Petersburgeko Ermitage Museoak lagatakoa.

Erakusketa hiru esparrutan dago banatuta. Lehenengoan, 1600. urtearen inguruko Sevillako pintura ederto erakusten duten izaera manierista argiko obrak erakusten dira. Obra horiek nazioarteko hedapena izan zuten pintura-eredu biren eragina dute: italiarra eta flandestarra, biak ere hirian presente zeudenak.

Sentsibilitate artifizioso hori proportzio luzatuetan, jarrera behartuetan, biluzi gihartsuetan eta tonalitate griseko koloreetan dago adierazita, eta "manierismo erreformatua" izeneko joerako artista italiarrek aldarrikatzen zuten sinesgarritasunarekin heldu zen XVII. mendearen lehen urteetara. Hain zuzen ere, aipatutako joerak bidea ireki zion naturalismoari.

Lehenengo fase horretako ordezkari nagusiak Juan de Roelas eta Herrera Zaharra dira. Horiek ezin dira, euren ondorengoen moduan, naturalistatzat hartu, baina, euren aurrekoekin konparatuz eta, areago, garaikide arkaizanteenekin konparatuz (Alonso Vázquezekin edo Francisco Pachecorekin, adibidez), eguneroko xehetasunekiko modernoagoak eta arretatsuagoak dira, eta jatorri veneziarreko teknika askea darabilte. Hasierako modernizazio hori ahalbidetu zuen, era berean, Juan Guy Romano eta Gerolamo Lucenti margolari italiarren presentziak.

Bigarren atalean, Caravaggio eta haren jarraitzaileen (Oracio Borgianni, Bartolomeo Cavarozzi, Artemisia Gentileschi) obrak edo kopiak Sevillara zelan heldu ziren erakusten da. Horrek eragin handia izan zuen Sevillako margolarien artean, eta une hartan hasi ziren naturalarekiko fideltasunean eta argien erabileran, atzealde ilunean agertzen diren gorputzen bolumena azpimarratzeko baliabide gisa. Velázquezek, bere gaztaroko konposizioetako batzuetan, eragin tenebrista hori eta Sevillako aspaldiko beste elementu batzuk uztartu zituen: elementu horiek XVI. mendearen bigarren erdialdeko zenbait margolariren eredu flandestarrak ziren, eta natura hilak erakusten zituzten konposizioen lehen planoan.

Azken esparruak 1600. urtearen inguruan jaiotako maisu sevillarren lana jasotzen du. Horien artean daude Velázquez (1599an jaioa), Zurbarán (1598) edo Alonso Cano (1601). Gaztaroan egin zituzten lanetan eta Ribera, Pacheco edo Tristánen obretan Caravaggioren ezaugarriak eta naturaleko lanaren indarra ikusten dira. 1615 eta 1625. urteen artean, euren arteko antzekotasunak asko izan ziren, eta, ondorioz, zaila izan da jakitea nork egin zituen garai hartako obra esanguratsuak. Urte batzuk geroago, 1625-1630. urteetatik aurrera, margolari handi horien pertsonalitate independenteak zehaztuz joango dira.

 

Diego Rodríguez de Silva y Velázquez (Sevilla, 1591-Madril,1660)
Emauseko afaria (Mulata), c. 1617-1618
Olioa mihisean, 55 x 118 cm
Irlandako Galeria Nazionala, Dublin

Babeslea:

Beste laguntzaile batzuk: