Erakusketak
Amaituta
2007-02-12 • 2007-05-27
Gutiérrez Solana
MAPFRE bildumetan
José Gutiérrez Solana (Madril, 1886-1945) Espainia beltzaren estetikaren jarraitzailea izanik, XX. mendeko hasieran Regoyos eta Zuloaga izan zituen bere errepresentatzaile hoberenak. Bere lanak, espainiar pintura barrokoaren tradizio espresionista eta antiklasikoarekin konektatzen du, eta, batez ere, Margo beltzak saileko Goyarekin, hain zuzen ere, harengandik hartu zituen kolore beltz, okre eta nabarrak. Bere gairik gogokoenak, heriotza, erlijioso errituak, zezen festak, dantza herrikoiak eta hiribarren eszenak ziren.
MAPFREren Solana bilduman sei mihise, hogeitabost akuaforte eta lau litografia daude, eta artistaren bere obra osoaren ikuspegi esanguratsua ematen dute. Mihise horietako goiztiarrena Gaueko prozesioa (1917) da, eta friso bikoitzean dago antolatuta; alde batetik, kultuko irudiak daude, eta, bestetik, prozesiora doazenak. Paradoxikoa badirudi ere, artistak goiko frisoan (gauza ez-biziei eskainitakoan) sartu du mugimendua eta adierazkortasuna. Behekoan (giza gaiei eskainitakoan), berriz, bertikaltasuna, estatismoa eta adierazkortasun falta dira nagusi. Prozesioaren gaia berriz ere agertzen da Judaren musua (1932) lanean, zeinetan, aurrreko etapako pintzelada ordez, teknika neurritsuagoa agertzen baita.
Heriotzaren karta-sorta (1926-27) eta Hezurtegia (1931) lanak tipikoki espainiarra den tradizio piktoriko luzearen barruan daude sartuta Barrokoan hasita. Koadro horietako lehenengoan, margolariak zenbait objektu jartzen ditu egurrezko mahai zahar batean –ispilu bat, karta batzuk, pistola bat, armadura bat eta burezur bat-, objektu horiek vanitas tradizionaleko pinturarekin daude erlazionatuta. Hezurtegia lanean, monje batzuek dramatismorik edo inongo izugarrikeriarik gabe, hildakoak prestatu eta oheratzen dituzte, artistaren beste obra batzuetako bizargin edo ile-apaintzaileek euren bezeroak prestatzen dituzten naturaltasun berean. Bestetik, Herriko santuak (1929) lana natura hil kezkagarria da. Atzealde argi baten gainean, testuinguru sakratutik aparte, margolariak egurrezko zenbait tailu zahar jarri ditu: emakumezko santu martiria, san Roke, Sortzez Garbia, eta Kristo bi, seguruenik Solana anaiek etxean zuten bilduma handitik ekarrita. Azkenik, Mozorroak besotik dantzan (1938) lana Solanaren maisulanetako bat da, bere pinturaren baloreetako asko laburiltzen baititu. Parisen egin zuen, artista hau baitzegoen erbesteratuta, gerra zibila zela eta, kolore aberats eta konposizio zainduko horrek sentsibilitate kromatiko handia eta eraikuntza bisual zaindua dauka.
Solanak estanparekiko zuen interesa agerian geratzen da bere obra literarioan. Grabatuaren praktika bere karreraren hiru etapa zehatzetara mugatu zuen. 1918. urtearen inguruan hasi zen grabatuak egiten, Madilgo Arte Grafikoen Estola Nazionalean, baina 1932an disziplina horri ekin zion berriro eta bere akuaforteen serierik luzeena grabatu zuen. Azkenik, 1937an, hiru litografia egin zituen bakarrik. Salbuespen gutxi batzuetan izan ezik, Solanaren grabatu guztiek menpetasun handiko modelo margotu batera garamatzate, eta, hori dela eta, artistaren lan ugarietara modu pribilegiatuan hurbiltzeko aukera ematen dute. Teknikoki, akuaforte guztiak puruak dira baina batzuek punta lehorreko eta urtintako ukituak dituzte, eta paper japoniarrean daude estanpatuta.
Babeslea:
Beste laguntzaile batzuk: