Erakusketa: "Guernica" - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2021-10-18 • 2022-09-25

“Guernica”

Agustín Ibarrola

32. Aretoa

Museoak Agust Ibarrolaren (Bilbo, 1930) Guernica margolana sartu du oraindik orain bere bilduman, Pablo Picassoren Guernica (1937) lanaren omenaldi eta aldarrikapen gisa 1977 aldera egindako hamar metro luzeko eta bi metroko garaierako horma-irudia. Obra joan den ekainean eskuratu zen (300.000 ?) ARCOmadrid azokan, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren patroi instituzionalek, egindako aparteko ekarpenaren bidez.

Euskal artearen obra enblematikoa da, eta margolariaren ekoizpenean anbizio handienetakoa. Ibarrolaren Guernica, gainera, Bilboko museoaren azken aldiko ibilbidearen pasarterik esanguratsuenetako bat da. Bestalde, dokumentu historiko baten balioa izatera iristen da, garai sozialki eta politikoki nahasi baten ?Espainiako Trantsizio demokratikoa? lekukotasuna baita, eta berrogei urte lehenago margotutako Picassoren Guernica-k arte garaikidean izan zuen garrantzia islatzen duelako.

Ibarrolaren Guernica berriro museoan erakusteak XX. mendeko euskal artearen sorkuntzarik garrantzitsuenetako bat ezagutarazten dio gaur egungo publikoari, Iberdrolaren Dibulgazio Artistikoa 2021 Programaren laguntzari esker; obra horrek erakundearen historiarekiko duen filiazioak aukera ematen du hala obraren ezagutza nola pintatu zen testuinguru artistiko eta soziala eguneratzeko, haren artxiboak eta liburutegiak gordetzen duten dokumentazioari esker.

Obra hau jendaurrean erakutsi gabe zegoen 80ko hamarkadaz geroztik, eta, harrezkero, artistaren estudioan gordeta egon zen, haren Omako baserrian (Kortezubi, Bizkaia). Kontserbazio-egoera onean zegoen, eta, beraz, prebentziozko kontserbazio-tratamendu bat baino ez du behar izan; tratamendu hori museoaren tailerrean egin da, Kontserbazioko eta Zaharberritzeko Iberdrola-Museoa 2021 Programari esker.

Sortu zenetik, Ibarrolaren Guernica museoaren historiari lotuta egon da, non 70eko hamarkadaren amaieran eraikin modernoko areto Gris orduantxe sortu berrian bi aldiz erakutsi zen, orain berriz ere jendaurrean aurkezten den tokitik oso gertu.

1977an espazio horren alboko horma batean jarri zen, Alvaro Líbanok eta Ricardo Beascoak 1970ean eraikitako eraikinaren lehen solairuan, zeina 1975ean erakusketa-areto gisa egokitu zen.

Bigarren aldian, artistak berak diseinatutako muntaia museografiko baten zati izan zen, formatu handiko eta izaera aldarrikatzaileko lanak eta lengoaia geometriko eta abstraktukoak barne hartuz. Guernica 1980an jarri zen berriro ikusgai, museotik kanpo.

Friso narratibo handi hau osatzen duten 200 x 100 cm-ko olioz margotutako hamar mihiseek Picassoren obraren motibo ikonikoetako batzuk berrinterpretatzen dituzte, Ibarrolaren unibertso sortzaileari dagokion testuinguru berri batean: hildako soldadua, zauritutako zaldiaren burua eta besoetan haur bat daukan emakumea.

Horiekin batera, Ibarrolaren urte horietako ekoizpenaren ezaugarri diren elementu formalak agertzen dira, hala nola konposizioa zeharkatzen eta antolatzen duten lerro zuzenen bilbe geometrikoak. "Burdin hesiaren" metafora bisual horrekin, diktadura frankistaren askatasun falta eta zapalkuntza giroa salatzen zituen Ibarrolak. Atmosfera makurreko friso handi honen eskuineko erdian, manifestarien eta ordena publikoko indarren masa bereizi gabeak protagonista dituzten eszenak kokatzen ditu margolariak.

Picassok bere Guernica-n erabili zuen zurien, grisen eta beltzen paleta enblematikoa aldatzen duten bakarrak Ibarrolak bere koadroaren elementu batzuk tindatu eta zulatzeko erabiltzen dituen gorri odoltsuzko orbanak dira.

Picassoren Guernica omentzeaz gain, Ibarrolaren horma-irudia euskal pintoreak herritarren mugimenduari egindako ekarpena ere izan zen; izan ere, 1977tik aurrera ?garai hartan, demokrazia berreskuratuta, posible zirudien margolanak New Yorkeko Arte Modernoaren Museoa uztea Espainiarako bidea hartzeko? euskal erakunderen batean gordailutzea eskatzen hasi zen. Margolana eskatzen zuen artista eta intelektual talde batekin partekatzen zuen aldarrikapen hori Ibarrolak, Gernikan (Bizkaia) eraiki beharreko museo berri batera eramateko. Mugimendua "Guernica Gernikara" lelopean elkartu zen, eta ekimen ugari sortu zituen koadroa Madrilgo Buen Retiro Etxe Handian jarri zuten arte, 1981ean. Testuinguru horretan, Bilboko Arte Ederren Museoa balizko harrera-egoitza gisa aurkeztu zen, orain azaltzen diren dokumentuek adierazten duten bezala.

Obrarekin batera, tamaina bereko (190 x 100 cm) beste bi olio-pintura daude ikusgai, Ibarrolak 1973-1979 urte inguruan eginak eta artistak berriki dohaintzan emanak. Biak 1979an museoko areto Grisean egindako muntaian parte hartu zuten. Horma-irudiarekin batera, bi margolan horiek Ibarrolak urte horietan izaera sozialeko bere lanekin batera egindako ikerketa plastiko eta espazial garrantzitsuaren adibide dira.

Erakusketan, museoko artxibo eta liburutegian eta, neurri txikiagoan, beste bilduma publiko eta pribatuetan gordetzen diren dokumentuak ere aurkezten dira. Multzoak testuinguruan kokatzen ditu Ibarrolaren Guernica-ren sorreraren atzealdea eta horma-irudiak museoan sartu aurretik izandako historia. Gehienak material berriak dira, edo gutxitan erakusten direnak, eta orain informazio baliotsua jartzen dute jendearen eskura, horma-irudiak 1977tik 1980ra bitartean, artistak Kortezubiko (Bizkaia) bere tailerrean gordetzea erabaki baino lehen, izan zuen balio sinboliko eta testimoniala ulertzeko.

Prentsa-oharrak, museoko Patronatuaren aktak, 1977tik 1981era arte Barakaldon, Bilbon, Gernikan eta Sestaon egindako erakusketen katalogoak, "Cuadernos para el Diálogo", "Ere" eta "Mundo Obrero" aldizkarietako artikuluak eta "Deia" eta "La Gaceta del Norte" egunkarietako artikuluak daude, besteak beste, hautaketan. Horietan, Ibarrolak "Guernica Gernikara" mugimenduaren inguruan egindako adierazpenak eta Bilboko Arte Ederren Museoak Picassoren koadroaren kokalekuaren behin-behineko egoitza izateko prest izandako kokapena jasotzen dira.

Bereziki interesgarriak dira museoak Equipo de Diseño, S.A.ri Picassoren Guernica instalatzeko eskatutako aurreproiektu museografikoaren plano hautatuak; Juan Ignacio Macuak eta Pedro García Ramosek osatzen zuten talde hori. José de la Mano galeristak eman dizkio planoak museoari.

Era berean, ikus-entzunezko batek Ibarrolaren obrarekin lotutako interes handiko irudi historikoak biltzen ditu; horien artean nabarmentzekoa da, beste batzuen artean, margolariak 1979an museoaren eraikin modernoko areto Grisean erakusteko pentsatutako muntaia berezia.

 

Hitzaldiak


"La llegada del Guernica de Picasso a España y la polémica en torno a su emplazamiento (Picassoren "Guernica" Espainiara iristea eta haren kokalekuari buruzko polemika)"
Genoveva Tusell. Artearen Historiako irakaslea UNEDen

2021eko urriaren 25a, 19:00, Auditoriuma

"Agustín Ibarrola: la construcción de una pintura "ambiciosamente contemporánea (Agustín Ibarrola: "anbizioz garaikide" den pinturaren eraikuntza)"
Miriam Alzuri . Museoko Arte Moderno eta Garaikidearen kontserbatzailea

21 de febrero de 2022, 19.00 h, Auditorio
Sarrerak hemen aquí


Sarrera doan
Streaming bidez jarraitu ahal izango da museoaren YouTube kanalean



Babeslea:

Babeslea: