Erakusketak
Amaituta
2008-06-16 • 2008-09-28
Goyatik Gauguinera
XIX. Mendea Bilboko Arte Eder Museoan
BBK Aretoa
Aurten, Bilboko Arte Eder Museoak ehun urte betetzen ditu, 1908ko urrian eratu zenetik. Efemeride horrek aukera aparta eskaintzen digu bertako fondoen aberastasuna eta ugaritasuna ezagutzera emateko, bildumako lanen erakusketak eginez eta argitalpenak plazaratuz.
Modu horretan, urte hasieran, Eskuraketak 02−07 erakusketak 2002 eta 2007. urteen artean eskuratutako lan guztiak erakutsi zituen. Ondoren, XX. Mendeko Artea Bilduma erakusketak gure inguruko bildumagile eta instituzioen ekarpenen garrantzia nabarmendu zuen. Gainera, duela gutxi, Museoaren sorrera eta garapena defendatu zuten artistak oroitarazi dira, Euskal Artistak. Bilboko Arte Eder Museoa Bilduma erakusketaren bitartez eta, batez ere, Euskal Artisten Gida lehen aldiz argitaratuta.
Orain, Goyatik Gauguinera erakusketan, XIX. mendearen gaineko begirada bat proposatzen da. Izan ere, arte horrek Museoaren bildumako zati handi bat hartzen du, eta, hain zuzen ere, azken bost urteotan, Museoa arte horri balioa ematen saiatu da, modu batean edo bestean. Lehenengo eta behin, jendaurrean jarritako lanen eta atal horri eskainitako aretoen kopurua handitu egin da; handitze hori duela gutxi amaitu da, bilduma berriro ordenatzean eta bost areto oso (16tik 20ra artekoak) garai hartako arteari eskaintzean. Beste alde batetik, ondarea aberasteko ahalegina egin da, kalitatezko piezak eskuratuz. Modu horretan, besteak beste, 2003an Eduardo Zamacois margolari bilbotarraren Bufoiak cochonnet-jokoan eskuratu zen; 2004an, Jenaro Pérez Villaamilen Toledoko ikuspegi orokorra, Kalonjeen Gurutzetik paisaia; eta 2005ean, berriz, Vicente Lópezen Matías Sorzano Nájeraren erretratua, Raimundo de Madrazoren Federico de Madrazoren erretratua pintatzen, eta duela gutxi, Adolfo Guiarden Promesa. Azkenik, fondoa zenbait erakusketa ibiltaritan erakutsi da. Goyatik Gauguinera erakusketa Salamanca, Valentzia eta Sevillan aurkeztu zen iaz, eta 94.000 bisitaritik gora izan zituen.
Erakusketarekiko modu paraleloan, Museoak monografia zaindu bat editatu du, eta, bertan, lehen aldiz, espezialista ospetsuek zorrotz aztertzen dituzte lanak, beraien gaineko ezagutza zientifikoak eguneratuz. Aditu horien artean daude Carlos Reyero arte historialaria eta Javier Barón Pradoko Museoko kontserbatzailea, biak ere XIX. mendeko arteari buruzko aditu ospetsuak.
GOYATIK GAUGUINERA. XIX. MENDEA BILBOKO ARTE EDER MUSEOAN
Bilboko Arte Eder Museoak XIX. mendeko hirurehun pintura eta eskulturatik gorako multzo baliotsua bildu ahal izan du. Erakusketa honetan 130 lan eta 67 artisten aukeraketa bitxia katalogoan sartu da, eta horrek aukera ematen du adierazitako aldi artistikotik ibilbide luzea egiteko; alde batetik, kezka estetiko erromantikoak eta arte modernoaren lehen agerpenak aztertuko dira, eta, bestetik, agerpen artistiko ugari ikusteko aukera izango da: kabineteko koadroa, paisaia errealista, erretratua, pintura kostunbrista eta historiako pintura.
Erakusketan ikusgai diren lanen artean, 117 obra, nazioartean ospe handia duten artistak ageri dira, Goya eta Gauguinetik hasi eta Sorolla eta Zuloagaraino. Euskal artisten presentzia ere nabarmendu behar da; izan ere, interesgune berezia osatzen dute, katalanekin batera modu berezian berenganatu baitzituzten esperientzia plastiko modernoak Parisen eta Bruselan.
Francisco de Goyak irekitzen du erakusketa, bere adiskide Martín Zapater eta Moratín poetaren erretratu ezagunekin, azken hau oraintsu zaharberritu dena. Ondoren, José de Madrazoren neoklasizismoa, Friedrich Rehbergen gai biblikoko pieza handi bat eta Vicente Lópezen erretraturako talentua datoz.
Jatorri goyatarreko erromantizismoaren barruan, Leonardo Alenza eta Eugenio Lucasen lanak nabarmendu behar dira. Kostunbrismo andaluziarra Joaquín Manuel Fernández Cruzado, Antonio María Esquivel eta Andrés Cortésen lanetan ikus daiteke. Jenaro Pérez Villaamilen paisaia erromantikoa erakusketako maisulanetako bat da, eta, gainera, kontrapuntu errealista egiten die Carlos de Haes, Martín Rico, Aureliano de Beruete eta Jaime Moreraren mihiseei, zeintzuk paisaia-pintura inpresionistara baitaude bideratuta..
Historia eta ohituretako eszenak zenbait margolariren eskutik datoz: Vicente Palmaroli, Antonio Gisbert −artistaren gaineko ikuspegi intelektualarekin−, Luis Álvarez Catalá, Alejandro Ferrant, Ricardo Balaca −espainiar pinturako harribitxi bi ditu, duela gutxi eskuratutakoak; argi artifizialez argiztatutako aisialdi urbanoko espazioei buruzko lanak dira−, José Echenagusía −era eszenografikoan interpretatutako gai biblikoen gaineko nazioarteko joerari jarraitzen dio−, Rogelio de Egusquiza −gai wagneriarreko konposizio sinbolistarekin−, Francisco Pradilla eta Ignacio Pinazo, eta, azkenik, Mariano Benlliure eskultorea. Erretratua, Ángel Mª Cortellini, José, Federico eta Raimundo de Madrazo, eta Juan de Barroetaren esku dago.
Horiekin batera, Théodule-Augustin Ribot frantziarraren natura hil zoragarri bat dago ikusgai, barroko espainiarraren eraginekin. Era berean, Thomas Francis Dicksee aurrerrafaeldar ingelesaren lagin txiki bat ere badago. Fortunysmoaren herentziaren berri Joaquín Agrasotek eta José Jiménez Arandak ematen digute, bai eta Eduardo Zamacois bilbotarrak ere. Hain zuzen ere, Museoak azken horren lan ugari ditu.
Hurrengo belaunaldiaren buruan Adolfo Guiard (Parisen, Degasen lagun eta dizipulu izandakoa) eta Anselmo Guinea daude, eta belaunaldi horrek errealismo edo kostunbrismo akademizistatik aurreranzko urratsa emango du, inpresionismora helduz. Guiardek, Parisera bidaiatzean, bertatik bertara ezagutu zituen berrikuntza inpresionistak, eta, horrela, bertako pinturan sartu zituen. Zalantzarik gabe, Krabelin gorridun baserritar gaztea Guiarden maisulanetako bat da, eta Museoak daukan lanik enblematikoenetakoa. Bere aldetik, Guinea bilakatuz joan zen, pintoreskismotik hasi eta argiaren eta pintzeladaren erabilera libreagoraino heldu arte.
Euskal pinturak arlo horretan izan dituen lanetako batzuk testuinguruan sartzeko, nazioarteko lan aipagarriak ere jarri dira ikusgai. Horien artean, Adolphe Monticelli Frantzian bizi zen margolari italiarraren lan bat −zeinen enpaste trinkoak eta argiztapen harmonikoak Van Gogh liluratu baitzuen−; Renoir eta Degasekin lan egin zuen Mary Cassattmargolari inpresionista iparramerikarraren Emakumea eserita, umea besoetan duela lan zoragarria; eta, batez ere, Paul Gauguinen Garbitzaileak Arlesen, Arleseko egonaldiko kromatismo argitsu eta sintetista islatzen duena.
Joaquín Sorollaren Erlikiari musu ematen margo errealistarekin batera, Santiago Rusiñol eta Joaquim Mirren luminismoa eta Darío de Regoyosen puntillismo berezia daude. Azken hori, zeinen lan asko baitaude Museoan, Bruselarekin konektatuta zegoen, hiri hori mende amaierako berrikuntza-foro garrantzitsua zen eta.
Nemesio Mogrobejo eskultore bilbotarrak mende amaierako euskal eskulturaren zenbait adibide eskaintzen dizkigu; egilearen hasierako esperientzia modernistek izan zuten ukitu klasizista erakusten dute. Beste alde batetik, Gauguin eta Picassoren lagun izandako Francisco Durrio eskultoreak, euskal artisten Parisko integrazioa ulertzeko funtsezko pertsonaiak, eredu klasiko femeninoa interpretatzen du zeramikaz, ikuspegi sinbolista eta primitibistarekin.
Guiard, Regoyos eta Guinearen ildotik, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendeko lehenengo hiru hamarkadetan agertu ziren euskal artisten lanak ere badaude. Euren maisulanetako batzuen bitartez, Ignacio Zuloaga −eta Mathieu de Noailles kondesaren erretratua ospetsua−, Francisco Iturrino edo Ángel Larroqueren ibilbideak jarrai daitezke. Artista horietako batzuek arrakasta handia izan zuten garai hartako Parisen, eta mugimendurik berritzaileenetan sartu ziren; esate baterako, Iturrino fauvea Derain, Vouillard, Matisse eta Picassoren laguna zen. Era berean, Zuloagak 98ko Belaunaldiaren formulazio estetikoa finkatzen lagundu zuen, eta Larroqueren laneko zenbait atal ere ildo berean sar daitezke.
Irudian:
Paul Gauguin (París, Frantzia, 1848-Atuona, Marquesa Irlak, 1903)
Laveuses à Arles. (Latsariak Arlesen), 1888
Olioa mihisean, 74 x 92 cm
Babeslea: