Erakusketa: Goyatik Benlliurera - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2007-11-19 • 2008-02-17

Goyatik Benlliurera

Artearen Papera (VI)

33 Aretoa

BANCAJA FUNDAZIOAren babesari esker,ARTEAREN PAPERA programak paper gaineko obrari eskainitako erakusketa monografiko batzuk aurkezten ditu. Batzuetan, Museoaren bildumako lanak dira, eta, beste batzuetan, beste bilduma batzuetatik ekarritakoak. Modu horretan, programak egonkortasuna ematen dio Museoaren erakusketa-ildo nagusietako bati, zeinen bitartez garrantzia eman nahi baitzaie paperean egindako lanei. Mota horretako obrak ezin dira modu iraunkorrean erakutsi, euskarri hori oso sentikorra baita argiarekiko eta hezetasun zein tenperaturen giro aldaketekiko.

Goyatik Benlliurera erakusketak 74 obra biltzen ditu −marrazkiak, grabatuak eta akuarelak daude tartean−, denak ere paperean egindako lanei buruzko Museoaren fondoetatik ateratakoak. XIX. mendean kokatutako 8 grabatu, 20 akuarela eta 46 marrazki dira. Hala ere, oraingoan, ARTEAREN PAPERA programaren seigarren edizioan, alderdirik akademizistenari lotutako artistak daude ikusgai. Horien artean, hauek dira nabarmentzekoak: Francisco de Goya —Museoak bere 200 grabatu ditu, eta, horietatik, Kapritxoak, Gerraren hondamenak eta Tauromakia serieetako lehenengo hirurak daude ikusgai—, Rosa Bonheur, Juan Barroeta, Mariano Fortuny, Eduardo Zamacois, Anselmo Guinea eta Mariano Benlliure.

 

GOYATIK BENLLIURERA

Europako sorkuntza artistikoaren esparruan, XIX. mendea gizaldi oparoa izan zen. Aurreko mendeko estilo akademikoaren herentziarekin hasi zen eta lege artistiko berrien formulazioarekin amaitu. Lege berri horiek tradizioaren eta modernitatearen artean zeuden kokatuta.

Beste alde batetik, produkzio prozesuen ondoren paperaren erabilera orokortzeak era guztietako argitalpenen –egunkariak, astekariak eta liburuak- ugalketa ekarri zuen, eta horiek guztiek artisten beharra zuten ilustratuak izateko. Horrekin batera, grabatuaren eta estanpazioaren tekniketan gero eta ugariagoak ziren berrikuntzek aurrekaririk gabeko garapena ahalbidetu zuten marrazki eta grabatuen produkzioan.

Horrela, estanpa, artisten eta bildumazaleen kontua izatetik, unean uneko moda eta gustuetara egokitutako produktu komertziala izatera igaro zen. Horrenbestez, finkatu egin ziren bai artearen merkatua eta estanpak, marrazkiak eta, bereziki, akuarelen merkaturatzera dedikatutako enkante-etxeen zein galerien jarduera.

Alderdi teknikoen garapen garrantzitsuaz gain, grabatuak nabaritasun handiagoa lortu zuen. Hasieran, pinturako maisulanak erreproduzitzeko bitartekoa baino ez zen izan; "itzulpen-grabatua" deiturikoa da, eta ondo islatuta dago erakusketa honetan, Manuel Esquivel de Sotomayorrek Tintorettoren koadro batetik abiatuta egindako grabatuarekin.

Baina, XIX. mendean, "sorkuntzako grabatuak" maila artistiko propioa hartu zuen, eta, ondorioz, artistak edizioak mugatzen eta lanak sinatzen hasi ziren. Goyaren Kapritxoak, Gerrako hondamenak eta Tauromakia serie ospetsuak aipatutako irizpide berri horren eredu paradigmatikoa, eta, batez ere, artistaren askatasun sortzailearen eredua dira. Museoak hiru serieetako kalitate handiko edizio osoak ditu, baina orain serie bakoitzeko lehenengo grabatuak baino ez dira jarri ikusgai, publikoarentzat oso ezagunak dira eta.

Mendearen erdialdean, Mariano Fortuny grabatzailerik onenetakotzat izan zen hartua, Eduardo Zamacois margolari bilbotarraren erretratu bikainean ikus daitekeen moduan. Ignacio Suárez Llanos, Anselmo Guinea, Francisco de Bringas, Eduardo Zamacois eta Mariano Benlliure erretratuaren generoan —autorretratuak ere barne direla— ere aritu izan ziren, eta, orain, artista horien adibide esanguratsuak ditugu ikusgai.
 
Akuarelak ere garrantzi handia hartu zuen mende honetan, eta, era berean, genero independente gisa hartua izan zen. Ingalaterra, Frantzia, Italia eta Espainian akuarela-egileen elkarteak sortu ziren, eta elkarte horiek akuarelen erakusketak eta komertzializazioa sustatu zuten. Horrek guztiak eragina izan zuen teknika honek jorratutako gaietan: oinarrizko lanetan (argazki-albumak koloreztatzea), indarrean zeuden gustuekin bat zetozen obra finagoetan, errepresentazio anekdotiko edo historizistetan —esate baterako, Zamacoisen akuarelen ezpatari eta bufoien kasuan—, zein kutsu exotikoko lanetan —eta, horren barruan, Anselmo Guineak landutako orientalismoa aipatu behar da, adibidez—.

Bestalde, marrazkia, tradizioari begira, aurretiazko urratsa izan zen, prestaketa zirriborroak tarteko, olioak, eskulturak, estanpak eta horma-dekorazioak egiteko, eta horrek artistaren lanaren zenbait alderdi berregiteko aukera ematen du. Ildo horretatik, orain ikusgai dauden Rosa Bonheurren lanak oso adierazgarriak dira. Irakaskuntza artistikoko sistemen barruan, oso garrantzitsua zen marrazkiak egiteko abildadea. Mendean zehar, zuzeneko kopiak orokortu ziren, modeloekin edo beste artelan batzuetatik egindako kopiak, Juan Barroetaren marrazkiek frogatzen duten moduan. Gainera, eta plenairismoarekin bat etorriz, artistak tailerretik at lan egiten hasi ziren, aire librean.

Azkenik, oroitzapen-albumak ugaritu egin ziren XIX. mendeko zirkulu intelektual eta artistikoetan. Erakusketan, Julián Gayarre tenore ospetsuaren biografo izandako Julio Encisoren album horietako bat ikus daiteke, eta, bertan, besteak beste, Echenagusia, Guinea, Belliure eta Cecilio Pláren lanak daude. Album horrek mende aldaketaren testigantza artistiko esanguratsua eskaintzen du.

 

Irudian:
Mariano Benlliure (El Grao, Valentzia, 1862 – Madril, 1947)
Vapor de Nápoles a Capri, 1884
Marrazkia

Babeslea: