Erakusketak
Amaituta
2011-02-07 • 2011-05-15
Gehiago dago zugan
Emakumeari buruzko irudiak Erdi Aroan (XIII-XV. mendeak)
BBK Aretoa
Bilboko Arte Ederren Museoak ekoitzitako Gehiago dago zugan. Emakumeari buruzko irudiak Erdi Aroan (XIII–XV. mendeak) erakusketak ekarpena egin nahi die emakumeari buruzko Erdi Aroko ikerketei; horretarako, emakumeen arlo eta rolak aztertuko ditu, Erdi Aroko azken hiru mendeetan oinarrituta. Helburu nagusi horrekin, erakusketak berrogeita zortzi objektu artistikoz osatutako errepertorio zabal eta anitza eskaintzen du, irudi edo eszena femeninoak jasotzen dituzten gaiak erakutsiz.
Lan multzo harrigarria da; izan ere, oholean egindako margolanekin eta egurrezko eta harrizko eskulturekin batera, esparru pribatuko objektuak ere badaude: ehunak, urrezko gauzak, eskuizkribu historikoak eta miniatura argiztatuak, boliz egindako lanak, altzariak eta arte aplikatuetako beste pieza batzuk. Barru-barrukoa denaren ikonografia honek Erdi Aroan emakumeaz zegoen irudi poliedrikoa eta jarrera anbiguoa erakusten ditu. Modu horretan, arrazoi moralengatik ezkutuan egondako irudiak agerian geratuko dira, oraingo begirada garaikideak aurreiritzirik gabe atera baititzake argitara irudi horiek. Orrazi, ispilu eta tapizetan agertzen diren eszenek modu sakonean definitzen dute Erdi Aroaren izaera, bai eta emakumeek garai hartan zuten funtzioa eta izandako bilakaera ere.
Hain zuzen ere, erakusketaren izenburua, Gehiago dago zugan (Plus est en vous) esaldia alegia, eskuizkribuak bildumatzen zituen XV. mendeko Luis de Brujas flandestar ospetsu eta jasoaren ikurra da, eta esaldi horrek rol eta irudien aniztasuna islatu nahi du –Andre Mariari buruzko gotiko berantiarreko ikonografia, literatura gortesauko eszena beroak, emakumearen bekatuzko izaeran oinarritzen den literatura satirikoa, emakume heroiak, letretako emakumeak, plazeraren emakumeak…–, eta, era berean, erakusketak emakume eskuraezin, mendeko edo giltzaperatuaren estereotipotik harago joateko gonbita egin nahi du.
Erakusketan Erdi Aroari buruzko aditu garrantzitsuek hartu dute parte; horrela, katalogoari egin dizkioten ekarpenekin, panorama zabala zirriborratu dute, funtsezkoak diren gaiak aztertuz: emakumea eta boterea; emakumeen hezkuntza, osasun eta edertasun ereduak; estatus juridikoa; edo emakumearen rol ekonomiko eta politikoa, besteak beste. Katalogoko sailekin bat etorriz, erakusketak sei atal tematiko handi ditu; alde batetik, funtsezko gaien gaineko ezagutza eguneratzeko balio dute, eta, bestetik, bisitariak harritu nahi dituzte, orain arte inoiz ikertu ez diren edo gainetik aztertu diren objektuen deskubrimenduaren bitartez.
Hain gai zabala jorratzeko asmoz, garai gotikoko ekoizpen artistikoko hainbat gunetan egindako objektuak aukeratu dira: Bartzelona, Valentzia, Euskal Herria, Renania-Westfalia, Goi Rin, lehengo Mosa eskualdea, Alsazia, Frantziako mendebaldea eta erdialdea, Paris, Bolonia, Florentzia, Milan, Veneto, Flandes, Basilea eta Zurich. Hainbat museok kolaboratu dute erakusketarekin, euren lanak mailegatuz; hauek dira aipatutako erakundeak, besteak beste: Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoa, Bartzelonako Museu Nacional d’Art de Catalunya, Parisko Musée du Louvre, Frantziako Liburutegi Nazionala, Dekorazio Arteen Museoa eta Clunyko Musée National du Moyen Age, Londresko National Gallery, Kopenhageko National Museum of Denmark, Bergamoko Accademia Carrara edo Basileako Historisches Museum. Bilboko Arte Ederren Museoak bere bilduma iraunkorreko hiru eskultura eta erretaula bat gehitu ditu.
Irudian:
Ispiluaren kuzku La cour du dieu d'Amour et sa carole, c. 1310-1330
Boli, 13,8 x 14,1 x 1,3 cm
Museé du Louvre, départament des Objects d'art, Paris
Erakusketaren edukia: Gehiago dago zugan
Babeslea:
Kolaboratzaile: