Erakusketak
Amaituta
2013-06-03 • 2013-09-15
Francisco Durrio (1868-1940)
Gauguinen aztarnen gainean
BBK Aretoa
Publikoak, oro har, larregi ezagutzen ez badu ere, Francisco Durrio (Valladolid, 1868Paris, 1940) funtsezko pertsonaia izan zen XX. mendearen lehen erdiko artean, bai bere obraren originaltasunagatik (eskultura, urregintza eta zeramika) zein mende amaierako Parisko berrikuntza artistikoak hedatzen egin zuen lanagatik; hain zuzen ere, euskal margolariek (Ignacio Zuloaga, Francisco Iturrino, Juan de Echevarría
) eta margolari katalanek (Ramón Casas, Hermen Anglada-Camarasa, Manolo Hugué
) osatzen zuten kolonia handiaren barruan egin zuen zabalkunde-lan hori, batez ere.
1901 eta 1904. urteen artean, Montmartreko Bateau-Lavoir eraikin ospetsuan bizi izan zen, eta bertan elkartu ziren eta lan egin zuten garai hartako artista europarrik garrantzitsuenek. Baina mende erdia baino gehiago eman zuen Frantziako hiriburuan, eta, denbora horretan, abangoardia artistikoko protagonistetako asko ezagutu zituen. Pablo Picassorekin batera landu zuen zeramika, Paul Gauguinen adiskide mina izan zen, eta lorpen artistikoen transmisiorako lotura gisa jardun zuen Gauguinen eta beste artista batzuen artean (tartean Picasso ere bazegoen).
1889an Parisen zegoen arren, beti izan zuen lotura handia Bilborekin, bere adopzio-herria zelako eta erakusketa asko egin zituelako bertan. Gainera, bere baliabide ekonomiko urriak apur bat areagotzeko asmoz, lan handia egin zuen arte-merkatari gisa batez ere, bere mezenasa zen Horacio Echevarrietarentzat, eta Gauguinen eta beste egile batzuen artelanen bilduma pertsonal garrantzitsua osatu zuen. Denborarekin, obra horiek saldu egin behar izan zituen, biziraun ahal izateko.
Javier González de Durana erakusketaren komisarioak, lehen aldiz, Durrioren obra katalogatu ia osoa bildu du (ehun bat pieza), bere adiskideak ziren artisten artelan ugarirekin batera. Helburua da Durriori interesatu zitzaizkion gaiak, materialak eta teknika artistikoak jorratzea, baina baita Parisen izan zituen harremanak aztertzea ere, bertan bizi izan baitzen 1940an hil zen arte. Guztira, berrehun pieza inguru daude ikusgai olioak, eskulturak, zeramikak, akuarelak, grabatuak, urregintza, dokumentuak eta garai hartako argazkiak; aipatutako obren artean, Durrioren lagunen 72 artelan daude, eta, batez ere, denetan esanguratsuena izan zen Paul Gauguinen lanak (bi olio, paperean egindako 18 artelan, lau zeramika eta egurrezko eskultura bat).
Lehenengo atzera begirako handi hau eta berarekin batera datorren katalogoa euskal artea berreskuratu eta ikertzeko lanaren barruan daude kokatuta; hain zuzen ere, museoa zeregin horretan ari da, artisten biografietan sakontzeko eta euren lanei buruzko katalogoak eta testu kritikoak modu zorrotzean osatu ahal izateko. Ahalegin horren inguruan egin diren azken adibideetako batzuk dira Anselmo Guinea margolariari (2012) eta Néstor Basterretxea eskultoreari (2013) eskainitako erakusketak, biak ala biak BBK Fundazioak babestutakoak, Durriori eskainitako erakusketa hau bezala.
Helburu horren iturburua inon dagoen euskal artearen bildumarik garrantzitsuena da, hain zuzen ere Bilboko Arte Ederren Museoan dagoena. Francisco Durrioren kasuan, museoak 26 pieza ditu (10 zeramika, urregintzako 14 pieza eta 2 eskultura), hau da, ezagutzen zaion eta erakusketa honetan ikusgai dagoen ekoizpen osoaren laurdena. Beste bilduma esanguratsu batzuek, adibidez Parisko Musée d’Orsaykoak (zeramika bat eta urregintzako hiru pieza) eta Madrilgo Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionalak (urregintzako 15 pieza), nabarmen egin dute erakusketaren alde, lanak mailegatuz.
Azkenik, esan beharra dago museoaren jabetzako Francisco Durrioren artelanen funtsa osatu egin dela duela gutxi; izan ere, 2012an, Flora Piék Durrioren lau zeramika eman zituen dohaintzan. Lan horiekin batera, era berean, dohaintzan eman zituen Juan de Echevarríaren Paco Durrioren erretratua olio-pintura eta Durrioren kolaboratzailea zen Joan Piék (Vilabella, Tarragona, 1890Gigny, Yonne departamentua, Borgoina eskualdea, Frantzia, 1977) zenbait teknikaren bitartez egindako beste bost pieza.
MUSEOKO BBK ARETOKO ERAKUSKETA-IBILBIDEA
I. Indibiduoa eta bere erretratua: esparru partikularretik, unibertsalera
Royk, Echevarríak eta Guezalak Francisco Durriori egindako erretratuen ostean, Durrioren ibilbide artistikoaren hastapenak irekitzen du erakusketa; bertan, eskaiolaz, marmolez, zeramikaz eta brontzez egindako bustoak eta tondoak ikusi ahal izango dira. XIX. mendeko erretratuen tradizio akademizista gogorarazten dute, baina errealismoaren nolabaiteko eragina ere badute. Echevarrieta familiaren erretratu-sorta nabarmendu behar da. Cosme Echevarrietaren eta haren seme Horacioren mezenasgoa funtsezkoa izan zen Durrioren ibilbidean, ez soilik obren enkargu garrantzitsuak egiten zizkiotelako adibidez, aipatutako bustoak edo familiaren panteoia eta Durrioren piezak eskuratzen zituztelako, ezpada, baita ere, familiaren aholkulari gisa aritu zelako artelanak erosteko orduan (gutxienez, Gauguinen bi eta Van Goghen bat), eta diru-iturri horrek denbora luzea iraun zion Durriori.
II. Montmartre, artisten hitzordua
Durrio Parisen bizitzen jarri aurretik, nazioarteko kontaktuak zituzten euskal artista bakarrak Adolfo Guiard eta Darío de Regoyos ziren. Santiago Rusiñol eta Ramón Casas katalanak handik gutxira joan ziren Frantziako hiriburura, eta sarritan ibiltzen ziren Montmartren. Gero, beste askoren artean, Zuloaga, Iturrino, Hugué eta Picasso heldu ziren, eta, jakina, baita Durrio ere. Azken horrek, hain justu, lotura artistiko eta profesional estuak sortu zituen artista horietako askorekin. Ildo horretan, gauza jakina da Durriok Ernest Chaplet zeramikari ospetsuaren estudioan ikasi zuela buztina laberatzen; era berean, 1893an, Gauguinen lagun egin zen aipatutako estudio horretan, eta adiskidetasun horrek bere sorkuntza artistikoaren norabidea aldatu zuen. Gainera, Picassori harrera egin zion, azken hori lehen aldiz Parisera joan zenean; eta buztinezko eskulturak egosten ere irakatsi zion, bere labe propioa erabiliz horretarako. Era berean, urregintzaren artea irakatsi zion Manolo Huguéri.
III. Paul Gauguin: laguna eta heroia
Gauguinen lanen aukeraketak 20 pieza baino gehiago biltzen ditu (bi olio, akuarelak, grabatuak eta zeramikak), horietako batzuk Durrioren bilduma pribatukoak izandakoak. Jakin badakigu margolariaren ehun artelan baino gehiago izan zituela, eta, horien artean, obra grafiko ia osoa. Bere bilduman, Volpini eta Noa-Noa serie osoak izan zituen. Gaur egun ez dakigu non dagoen Volpini seriea, baina, erakusketan, New Yorkeko Metropolitan Museum delakoaren jabetzako tirada dago ikusgai. Era berean, Gauguinen lau zeramika daude hemen; hain zuzen ere, Chapleten irakaskuntzetatik abiatuta, Gauguinek erabilera berritzailea eman zion buztin egosiari, formei zein ikonografiari dagokienez. Durrio atal honetan sartutako Hina, Tetatouri hizketan piezaren jabe ere izan zen.
Era berean, ikusgai dago Bilboko Arte Ederren Museoaren jabetzako Latsariak Arlésen (1888)lana, Espainiako bilduma publiko baten parte izatera heldu zen Gauguinen lehenengo margoa izandakoa. Bizkaiko Foru Aldundiak eskuratu zion Druet merkatari paristarrari, museorako. Zehazki esateko, lan hori 1920an sartu zen museoan, 1919an Bilbon egin zen Pintura eta eskulturako nazioarteko lehenengo erakusketa delakoan erakutsia izan ostean. Erakusketa horretarako, Durriok bere jabetzakoak ziren zenbait gauguin, courbet bat eta bi van gogh laga zituen, bai eta Monticelliren olio bat ere, urte batzuk geroago museoak Durriori erosiko ziona. Gainera, Zuloagarekin batera, bildumako maisulanetako baten eskuraketaren alde egin zuen (Riberaren San Sebastián, emakume santuek sendatua lana, hain justu), eta gauza bera egin zuen Velázquezen zirkuluko Felipe IV.aren erretratua lanarekin ere.
IV. Urregintza: neurri txikiko eskultura handiak
Ondoren, urregintzako 46 pieza daude jasota, gehienak zilarrezkoak eta, batzuk, harri erdibitxiekin. Lanok Durrioren alderdirik pertsonal eta sortzaileena islatzen dute, izaki enigmatikoen bitartez. Hain zuzen ere, urregile gisa egin zuen lanean, guztiz hizkera modernista erabiliz, eskultorearen begiradaz arakatu zuen ametsen eta mitoen mundua, gerora bere zeramika eta eskulturetan garatuko zuena. XX. mende hasieran, Durrio urregintzaren kontzepzio eskultorikoa izan zuten lehenengo artistetako bat izan zen, eta hainbat bitxi egin zituen, nahiz eta, gaur egun, 25 modelo baino ez ditugun ezagutzen, bakoitza bederatzi aleko edizio mugatuarekin. Paparrekoak, belarriak, zintzilikarioak, eraztunak, orratzak eta uztaiak dira, lerro uhintsukoak, forma itxikoak eta karga sinbolista handikoak, ekialdeko inspirazioaren arabera egindakoak izateaz gain.
V. Su sortzailea: zeramikak eta metalak
1903 eta 1905. urteen artean, Durriok zeramikan finkatu zuen bere interesa. Daniel Zuloaga zeramikaria ezagutu zuen, haren lobaren (Ignacio Zuloaga margolaria, alegia) laguna zelako, eta, Parisen zela, zeramika beiratuaren eta esmalteztaketaren teknikak ikasi zituen Ernest Chapleten tailerrean. Hain zuzen ere, Gauguin ere tailer hartan zebilen, Durrioren asmo berarekin. Parisera heldu berritan, Picassok zeramikazko bere lehenengo eskulturak egin zituen, Durriok Montmartren zeukan estudioan. Zeramikari gisa, Durriok pitxerrak, ontziak eta beste zenbait pieza egin zituen, izaera modernistako forma biribilduak modelatuz buztinaren harikortasunari esker. Esperimentaziorako gogoak bultzatuta, neurri handiko piezetarako labe bat diseinatu zuen, baina ez zuen sekula amaitu.
Pentsatu zuen, era berean, bere eskulturarik garrantzitsuenean, Juan Crisóstomo de Arriagaren monumentua delakoan, pieza zeramikoak sartzea. Azkenean, bertan behera utzi zuen asmo hori, baina zenbait saiakera iritsi zaizkigu, eta atal honetan daude ikusgai. Bertan daude, era berean, José María Abaroa bankariarentzat egin zituen lau pitxer handietako hiru. Abaroak, lehenengo, bere enpresaren Parisko egoitzan izan zituen, eta, gero, bere jaioterrian, Lekeition (Bizkaia). Bertan, finka bat zeukan, eta hango lorategian jarri zituen pitxerrok. Gero, Zita enperatrizari oparitu zizkion, eta, azkenik, bilduma pribatu batera joan ziren. Bere ekoizpeneko piezarik onenetakoak dira, eta Gauguinen eragina argia da. Mallarmé eta Morice poeta sinbolista eta arte-kritikari handiek Durrioren zeramikak laudatu zituzten euren idazkietan.
VI. Oroimena eta heriotza: monumentuetarako proiektuak
Erakusketari amaiera emateko, oroimenari eta heriotzari buruzko atal bat dago. Bertan, hiru oroigarri daude ikusgai eskulturen, garaiko argazkien eta erakusketa honetarako egindako bi bideoren bitartez. Lan horiek Durrioren ibilbideko alderdirik utopikoena osatzen dute, duten konplexutasun teknikoagatik eta sorkuntza arloko anbizioagatik. Horietako bi gorabehera askoren ostean egin zituen; horietako baten kasuan (Echevarrieta familiaren panteoia), zati bat baino ez zuen egin, eta bestea, Juan Crisóstomo de Arriagaren monumentua, aldaketa askorekin eta bere dizipulua zen Valentín Dueñasen esku-hartzearekin. Hirugarrena, Temple de la Victoire deritzona, paperean geratu zen; izan ere, jendeak gogo bizia zuen arren proiektu hori eginda ikusteko, proiektuaren maketek ere ez zuten bizirik iraun. Getxoko (Bizkaia) hilerrian dagoen Echevarrieta familiaren panteoi amaitu gabetik, San Kosme (1905) figura espresionistak eta panteoira sartzeko hesi sinbolistak (c. 1930-1931) iraun ahal izan dute gaur egunera arte. Temple de la Victoire (1919-1920) proiektua 1920ko Udazkeneko Aretoan aurkeztu zuen, eta, egitasmo hori dela-eta, Frantziako Ohorezko Legioko zaldun izendatu zuten Durrio, baina gero ez zuen sekula burutu. Frantziaren eta Lehen Mundu Gerrako herrialde aliatuen omenaldi gisa izan zen sortua.
Juan Crisóstomo de Arriagaren monumentua (1906-1932) museoaren kanpoaldean dago kokatuta, eta are historia gorabeheratsuagoa izan zuen. 1906an, Bilboko Udalak musikari bilbotarra omentzeko lehiaketa antolatu zuen, haren heriotzaren mendeurrenean, eta Durriok irabazi zuen. 1911n, oinarria eta musaren figura aurkeztu ziren, baina lana amaitu gabe geratu zen, eta, 1932an, erabaki zen Durriok proiektua amaituko zuela eta haren dizipulu Valentín Dueñasek betearaziko zuela lana. 1933ko abuztuan, monumentua Bilboko Parkeko pergolan inauguratu zuten, baina, 1950ean, La Gaceta del Norte egunkariak figura biluzi haren aurka sortutako kanpaina baten ostean, musaren ordez jantzitako beste figura bat jarri zen, Enrique Barrosek harriz egina. Jatorrizko musa museoan gordeta geratu zen 1975era arte. Urte hartan, monumentua gaur egun dagoen tokian instalatu zen (Barrosen bertsioa Bilboko Uribitarte Pasealekuko iturrian ikus daiteke). Figura nagusiak musikaren musa den Euterpe irudikatzen du, konpositorearen heriotza goiztiarragatik dolututa. Bular gainean lira bat dauka, eta urak, erortzean, liraren hariak sortzen ditu. Oinarriko frisoek, pentagraman dauden txorien bitartez, kantua sinbolizatzen dute, eta maskaroiek, berriz, bi sirena (hegazti-andreak) irudikatzen dituzte, sirenek gorputzetik bereizitako arima sinbolizatzen baitute ekialdeko tradizioan. Lan honekin, Durriok bere ekoizpen osoko obrarik onenetakoa lortu zuen.
Irudian:
Paparreko orratza (Kleopatrak besarkada eta musua ematen dio sugeari), 1904 baino lehenagokoa
Zilar zizelkatua eta harri berdea, 4,5 x 12,1 x 1,4 cm
Musée dOrsay, Paris
Erakusketaren edukia: Francisco Durrio (1868-1940)
Babeslea: