Erakusketak
Amaituta
2012-10-08 • 2013-02-10
Fernando Botero
Ospakizuna
BBK Aretoa
Jardunean diren artista latinoamerikar guztietatik, Fernando Botero (Medellín, Kolonbia, 1932) da XX. mendearen bigarren erdialdeko artistarik ezagunena. Bere jaiotzaren 80. urteurrenarekin bat etorriz, erakusketa honek omenaldia egiten dio estilo bereizgarri eta propioa garatu ahal izan duen margolari, marrazkilari eta eskultorearen ibilbideari; gainera, artista honek bizitzan sakon sustraitutako errealitatea ospatzen du, bolumenaren eta kolorearen gorespenaren bitartez.
Fernando Botero. Ospakizuna egilearen ibilbide artistikoko erakusketa antologikorik garrantzitsuenetakoa da, azken 60 urteotan egindako 80 artelan biltzen baititu. Museoko BBK aretoan ikusgai jarritako 79 artelanez gain, eskultura monumental bat –Zaldia bridekin (2009) brontzea– jarri da Bilboko Kale Nagusian, erakusketa babesten duen finantza-erakundearen egoitza nagusiaren aurrean. Erakusketa honen aurretik, bertsio handiagoa egin da Mexikoko Arte Ederren Jauregian. Hain zuzen ere, aipatutako erakusketa hori joan den ekainaren 10ean amaitu zen, eta 250.000 bisitari inguru jaso zituen.
Fernando Botero bera oso modu zuzenean aritu izan da erakusketaren antolakuntzan. Haren alaba Lina Botero izan da komisarioa, eta, hain justu, alabak aukeratu eta banatu ditu artelanak, gehienak margolariaren bilduma pribatutik ekarritakoak. Lanak ikusgai jartzeko orduan, zortzi aretotan banatutako ibilbide tematikoa prestatu da, sei hamarkada baino gehiagoko lanaren laburpena eskaintzeko asmoz. Lina Boterok idatzi du katalogoko saiakera nagusia, eta, bertan duela gutxi hil den Carlos Fuentes idazlearen eta 2010eko Literaturako Nobel Saria irabazi zuen Mario Vargas Llosaren testuak daude jasota, bai eta Fernando Boterok berak idatzi eta ilustratutako bost ipuin ere.
Fernando Botero
Fernando Boterok 1948an ekin zion bere ibilbide profesionalari, ilustratzaile gisa lan eginez bere jaioterriko El Colombiano egunkarian. Hiru urte geroago, Bogotára joan zen, eta hantxe egin zuen bere lehenengo erakusketa indibiduala. Prestakuntza autodidakta izan zuen batez ere, eta, 1952an, Artista Kolonbiarren Urteroko Aretoko bigarren saria jaso zuen. Urte hartan bertan Madrilera joan zen; bertan, San Fernandoko Arte Ederren Akademian ikasi zuen, eta maiz bisitatu zuen Pradoko Museoa.
LHurrengo urteetan Frantziatik eta Italiatik bidaiatu zuen, eta, Florentzian zela, Errenazimentuko pintura freskoarekiko interesa piztu zitzaion. 1955ean bueltatu zen Bogotára, eta, handik gutxira, Mexikora bidaiatu zuen. Han, Diego Rivera eta José Clemente Orozco horma-irudigile mexikar handien lana ezagutu zuen, bai eta Rufino Tamayo eta José Luis Cuevasen lan berritzailea ere. 1960an New Yorkera joan zen bizitzera, eta, han, Leonardo, Rubens edo Velázquez bezalako maisuei eskainitako serie piktorikoa hasi zuen.
Apurka-apurka, Botero estilo pertsonal eta figuratiboa osatuz joan zen, korrontearen kontra beti. Bere lanetan, bolumena goresten du eta bizizaletasun burlatia darabil, beti giza izatearen inguruan aritzen diren gaiak islatu nahian: Kolonbiako bizimodu tradizionala, pertsonaia historikoak, natura hilak, bizimodu burgesa, zirkua eta tauromakia… Hirurogeiko urteen hasieran, betiko alboratu zuen garai hartako joera artistikoen eragina, eta pinturari buruz zeukan ikuspegi berezia osatuz joan zen. Pintzelkada fina erabiliz, materia desagertu egiten da, eta konposizioak erabateko formaz eta kolore biziz betetzen dira.
Figuren monumentaltasuna eta nahita egindako proportzio eza gizakiak eta animaliak irudikatzen dituzten eskulturetan ere agertzen diren ezaugarriak dira. Hain zuzen ere, 1973an hasi zen mota horretako eskulturak egiten, Parisera joan zenean bizitzera. Une hartatik aurrera, bere lana mundu osoan egin zen ezagun, eta askotan jarri izan da jendaurrean. Erakusketa ospetsu horietako batzuk dira, esate baterako, Parisko Champs-Élyséesen 1992an jarritako eskultura monumentalekin egindakoa, eta, 1993an, New York, Buenos Aires eta Madrilen egindako erakusketak.
Ospakizuna
Erakusketa Boteroren trebakuntza-urteekin hasten da, eta, gero, jarraian, Latinoamerikari eskainitako hiru areto daude, hori baita bere ekoizpenaren ardatz tematikorik garrantzitsuenetakoa. Ondoren, errepresentazio erlijiosoak eta kleroko pertsonaiei buruzkoak datoz, denak ere umore-sen onberaz tratatutakoak. Gero, zirkuaren mundua agertzen da, eta ondoren datoz artearen historiako maisuen gaineko bertsioak eta erretratuak (Boterok mirespen beteko omenaldia egiten die), bai eta Abu Ghraibi buruzko triptikoa ere, Irakeko kartzela horretan izandako gertakari lazgarriei buruzko seriea. Salaketa horren ostean, tauromakiari buruzko margolanak daude, hori baita Boteroren beste pasioetako bat; eta, azken aretoan, berriz, natura hilaren generoa agertzen da.
1.- Hasierako lanak
Lehenengo areto honetan, Boteroren ikasketa-garaiko 8 artelan daude bilduta; bertan, hizkera propioa lortu arte jaso zituen eraginak ikus daitezke. Arte herrikoiaren eta Mexikoko horma-irudigintzaren sinplifikazio geometrikotik hasi (azken genero hori 1954ko Zaldiak lanean agertzen da, kutsu metafisiko samarrarekin), eta Velázquezen pinturarekiko miresmena erakusten duen Vallecasko umea (1959) lanaren espresionismo abstrakturaino.
2.- Latinoamerika
Latinoamerikari eskainitako hiru aretoetan ikus daitezkeen 22 artelanek Boteroren umetako eta gaztetako oroitzapenetan dute jatorria: familia-taldeak, lanbide tradizionalak, dantzak eta odaliskak, bai eta azken hamarkadetan Kolonbiak pairatu izan duen indarkeria ere. Eszena lardaskatu eta koloretsu horiek ondo baino hobeto islatzen dute literatura latinoamerikar garaikidearen zati handi baten giroa. Formari dagokionez, izaera narratiboak, pertsonaien gainjartzeak, osotasun formalak eta konposizioen baretasunak agerian uzten dute lan horiek zeinen harreman estua duten Italiako pintura quattrocentistarekin.
3.- Erlijioa eta kleroa
Arte sakratua funtsezko atala da mendebaldeko artean eta Latinoamerikako iruditeria kolonial barrokoan. Areto honetako 7 margolanek erakusten duten moduan, Botero tradizio horretan dago sartuta, baina ohikoak dituen asmo didaktikoetatik edo adierazgarritasunetik urrun. Gehien interesatzen zaiona formen eta arropen plastikotasuna da, bai eta mundu honen teatraltasuna eta arrandia ere (Latinoamerikako kulturan eta gizartean bereziki agertzen direnak); hori horrela, margolariak umore sen gozoz pintatzen ditu ezaugarri horiek.
4.- Zirkua
2006an, Mexikora egiten dituen ohiko bisitetako batean, Botero –lehenago Rouaulti edo Picassori ere gertatu zitzaien moduan, beste zenbait artistaren artean– liluratuta geratu zen zirku herrikoi baten itxura pintoreskoarekin. Ustekabeko aurkikuntza horrek gai ikonografiko ugari eskaini zizkion margolariari, eta, une hartatik aurrera, zirkuaren mundua eta bertako pertsonaiak Boteroren ekoizpen oparoko gune ikonografiko nagusienetakoa izatera heldu ziren.
Trapezistak, pailazoak, animalien hezleak, malabaristak eta orekariak agertzen dira 14 mihise hauetan. Bertan erakusten den errealitatean, protagonisten melankoliak kontrastea egiten du euren arropen kolore ikusgarriekin, eta, aldi berean, pertsonaiek egiten dituzten zilipurdien bizitasunak kontrastea egiten du euren hieratismo serioarekin, Boteroren ekoizpen osoan ohikoa den moduan.
5.- Bertsioak
Areto honetan, mendebaldeko pinturaren maisuak omentzen dituzten dozena bat artelan daude ikusgai; izan ere, Boterok miretsi egiten ditu maisu horiek, eta sakon aztertu ditu, 1952an lehen aldiz Europara bidaiatu zuenetik. Iraganeko lan eta margolari handiekiko debozioa, bere ibilbide osoan inspirazio-iturri gisa balioko diona, bi modutan islatzen da: pinturaren historiako artelan ezagunen bertsio gisa, edo egile horien erretratu gisa. Gainera, omenaldi berezi honen bitartez, Boterok margolari-lanbide tradizionalaren ezaugarriekiko maitasuna erakusten du.
Piero della Francesca, Le Brun, Van Eyck, Rafael, Ingres edo Goyaren araberako margolanak dira; ikusleak erraz ezagutuko ditu, baina egileak “Boteroren araberako” zenbait aldaketa sartu ditu bertan, lanok beraren estilora ekartzeko. Artelan horiekin batera, Giacometti, Delacroix, Courbet, Ingres edo Rubens margolarien erretratuak daude ikusgai.
6.- Abu Ghraib
2004an, Abu Ghraib kartzelako izugarrikeriak ezagutu ziren; bertan, soldadu estatubatuarrek modu basatian torturatu eta hil zituzten preso irakiarrak. Albisteak hunkitu egin zuen Botero, zeinak, lehenago ere, laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, Kolonbiako indarkeriari buruzko seriea egin baitzuen. Emaitza 56 margolanez eta marrazkiz osatutako multzoa izan zen, eta artistak Berkeleyko (Kalifornia) Unibertsitateari eman zizkion lanok dohaintzan.
Serieak (hemen ikusgai duguna serie horretako lanik nagusienetakoa da, Abu Ghraib #44 triptiko handia, 2005ean pintatutakoa) itzulingururik gabe erakusten du torturaren lotsagarrikeria, indarkeriaren zentzugabekeriaz gain. Hiru eszenak burdin barraz itxitako espazioetan gertatzen dira, eta, bertan, biktimak dira gai nagusia. Koloreak mugatuta daude hemen; hain zuzen ere, nabarmentzen den kolore bakarra gorria da: zaurietako odolarena eta torturatuen buruak estaltzen dituzten txanoena. Giza krudeltasunaren eta izugarrikeriaren biktima anonimo eta unibertsalak agertzen zaizkigu triptikoan.
7.- Zezenketa
Zirkuko ikonografiarekin gertatzen den moduan, Fernando Boterok miresmen plastiko handia sentitzen du tauromakiarekiko, baina, kasu honetan, batez ere, eskaintzen dizkion aukera kromatiko eta konpositibo izugarrietan oinarrituta. Gainera, margolaria zezenketen munduaren zale sutsua da: umetan, osabak Medellíngo zezenketa-eskola batean apuntatu zuen. Modu horretan, eta, besteak beste, Goya, Manet, Picasso edo Baconen tradizioari jarraituz, zezenketaren gaia bere obrako gairik nagusienetakoa izatera heldu da, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik. 6 mihise daude hemen ikusgai, zezenketako zenbait unerekin –zezenketako lantzeetatik hasi eta toreatzailearen heriotza tragikoraino– eta zenbait pertsonaiarekin –pikadorearen zaldia barne–. Bestetik, Europaren bahiketa lanak mitologia greziarreko gai klasikoetako bat garatzen du, zezenaren munduarekin erlazionatutakoa.
8.- Natura hila
Azken areto honek pinturako genero tradizionala den natura hilaren 9 konposizio biltzen ditu, hori baita Fernando Boteroren obrako beste ardatz nagusietako bat. Lanok oso lotuta daude XVII. mendeko tradizio piktoriko holandarrarekin; izan ere, garai hartan, objektuen, loreen eta elikagai bizigabeen errepresentazioa genero independente gisa eratu zen. Boterok bere estilo pertsonalera darama gaia, eta, ikonografiari dagokionez, Latinoamerikako kulturarekin aberasten du, bertako frutak eta tresnak irudikatzerakoan. Hemen ere, bere gainerako lanetan bezala, edertasunaren eta behaketaren plazeraren bilaketak modu sentsualean goresten du bolumena –“oparotasun geldo eta aparta”, Vargas Llosaren hitzetan–, hori baita egilearen identitate-ikur nagusia.
Irudian:
Fernando Botero, (Medellín, Colombia, 1932)
Dantzariak, 2002
Pastela paperrean. 1142 x 118 cm
Artistaren bilduma
Babeslea: