Erakusketak
Obra gonbidatua
Amaituta
2014-10-15 • 2015-01-12
Euskal lurra, Lirika eta Erlijioa
1. solairuko hall - Eraikin zaharra
Obra Gonbidatua programaren aurtengo azken hitzorduak Gustavo de Maeztu (Vitoria-Gasteiz, 1887-Lizarra-Estella, Nafarroa, 1947) margolariaren triptiko monumental bat aurkeztuko du, ohikoa ez bada ere; izan ere, normalean, lan hori Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzan egoten da ikusgai, Gernikan. Honako hau Obra Gonbidatua programaren 47. saioa da, eta aurtengo laugarrena eta azkena. Hain zuzen ere, aurten, Banco Santander Fundazioak hamar urte bete ditu artelan bakar baten balio artistikoak nabarmendu nahi dituen programa hau babesten. Kasu honetan, aukeratutako artista Gustavo de Maeztu da, museoan 9 olio eta 3 estanpa dituena.
Gainera, triptikoa osatzen duten hiru panelak duela gutxi zaharberritu dira, eta, beraz, deialdi honek interes gehigarria dauka, Maeztuk artelanari eman zion jatorrizko koloreak ikusi ahal izango baitira; izan ere, Maeztu beti izan zen ausarta koloreari zegokionez. Izenburutik bertatik –Euskal lurra, Lirika eta Erlijioa–, egileak triptikoaren eduki sinboliko handia berresten du; hain zuzen ere, triptikoak dramatismo bereziko gertakari historikoa gogorarazten du: 1878ko apirilaren 20an Bermeoko (Bizkaia) berrehun arrantzale baino gehiago hil zituen enbata, “Larunbat Santuko enbata” izenarekin ere ezagutzen dena.
Ramiro de Maeztu idazle eta kazetariaren anaia eta María de Maeztu pedagogo feministaren neba zen Gustavo; Gasteizen jaio zen, baina oso gazterik joan zen Bilbora bizitzera, familia bertara aldatu baitzen aita hil ostean. Bilbon, Antonio María de Lecuona eta Manuel Losada margolarien dizipulua izan zen. 1907an Parisera bidaiatu zuen, eta urtebetez bizi izan zen bertan. Urte hartan, Colarossi Akademia ospetsuko eskoletara joan zen, eta Durrio eta Zuloaga euskal artistak eta Anglada-Camarasa artista katalana ezagutu zituen. Azken horren obrak, gainera, eragin handia izan zuen Maezturengan. Eskola espainiarreko margolarien pinturarekiko interesa ere agertu zuen, eskola horren berri Louvreko Museora egindako bisitetan izan ostean. Abangoardia garaikideek, ordea, ez zuten apenas arrastorik utzi Maezturen lanetan.
1911n, Bilbon, Euskal Artisten Elkartea sortzeko prozesuan hartu zuen parte; hain zuzen ere, garai hartan asko ari zen pintatzen, eta idatzi ere egiten zuen. 1919tik aurrera, Europako hainbat hiritara bidaiatu zuen. Hogeita hamarreko hamarkadan, litografian zentratu zen, eta enkargu piktoriko garrantzitsuak jaso zituen.
1937an, Gerra Zibilak Lizarran harrapatu zuen, eta, hil artean, Nafarroako herri horretan geratu zen bizitzen. Laurogeita hamazortziko ikuspegiaren oinordekoa izanik, haren obrak sinbolismo berantiarra erakusten du, bai eta marrazkiaren erritmo bihurrietan eta kromatismo bizian oinarritutako dekoratibismoa ere. Bere konposizioetako figurek izaera eskultorikoko blokeak sorrarazten dituzte, eta paisaiak, aldiz, antzerkian erabili ohi diren atzealdeen gisa jokatzen du.
1922an, maiatzean Parisko Devambez Galerietan egindako erakusketa amaitu ostean, Gustavo de Maezturi sinbolismoz betetako proiektu artistikoa bururatu zitzaion, sormenak jota. Hain zuzen ere, proiektu hori Gernikan (Bizkaia) jarri behar zen ikusgai, irailean, Eusko Ikaskuntzen hirugarren Kongresua zela-eta. Teknika artistikoa ezin hobeto menperatzen zuenez, triptiko-erretaula hura, hasieran Euskal lurra deitu zena, hiru hilabeteko epean amaitu zuen. Obra horrekin, Gustavo de Maeztuk euskal jardueren eta bizitzaren alegoria egin nahi zuen.
Hasierako zirriborroak hogei egunean egin zituen, Paristik hurbil dagoen Plaisir-Grignon herrian, Île-de-France eskualdean. Bilbon bizitzen zegoela, obra esanguratsu hau osatzen duten hiru mihiseak landu zituen Orueta kalean zeukan estudioan. Lanaren gaia itsas mundua da, eta, bertan, 1878ko apirilaren 20an Bermeoko (Bizkaia) berrehun arrantzale baino gehiago hil zituen enbata ikusten da. Hasierako izenburua osatzeko, bi azpititulu ere badaude (lirika eta erlijioa), triptikoan agertzen diren bizitzaren eta heriotzaren arteko alderaketa nabarmentzeko.
Alboko bi panelen izenburua Erlijioa da. Ezkerrekoak prozesio alai bat erakusten digu, amildegi baten gaineko eliza baterantz doan bide batean gora, behean itsasoa bare dagoen bitartean. Koloreak argiz beteta daude, eta, tonu berde, urdin eta moreek segizioa inguratzen dute. Hain zuzen ere, segizioak giro lasaian ospatzen du bizitza, elizarantz doan bidean sakabanatutako ume eta helduen taldetxoetan. Elizaren inguruan alde ludikoa ere badago; izan ere, frontoian bi pilotari ari dira lehian, orban zuri dinamikoetan. Eskuineko panelean, itsaso harrotuaren ondoan, bidezidorra ikusten da; bertatik, ehorzketa-ekitaldiari jarraituz, gizon eta emakumez osatutako talde trinkoa ibilera motelean doa, eliza monumental baterantz (elizaren atari izugarria baino ez da ikusten). Kolore aldetik, lurra itzalita dago, eta, bere desolazioan, heriotzarekin batera prozesioan doan jendearen nahigabea partekatzen du. Erdiko eszenan, Lirika deitutakoan, bizitza eta heriotza agertzen dira elkarren parean. Bertan, eta eskuineko paneleraino ere heltzen den itsaso basati batez inguratuta, Maeztuk txalupaz lehorrera heldu berri diren marinelak erakusten dizkigu. Garaipenezko jarreran, arraunak zerurantz dituzte altxatuta. Margolariak mitifikatu egiten ditu gizon horiek, eta euren aurpegiera lehorrak, ez soilik nekea islatzen duten aurpegierek, naturarekiko nolabaiteko fatalismoa erakusten dute, baina ezaugarri hori baino indartsuagoak dira euren antzina-antzinako fedea eta estoizismoa, euren sinesmen erlijiosoa, non bizitzak eta heriotzak osatzen baitute euren bilakaera eta, aldi berean, salbazioa.
Gernikako erakusketa amaituta, triptikoa Bilboko Filarmonikoaren ekitaldi aretoan jarri zen ikusgai, azaroan, Euskal lurra, lirika eta erlijioa izenburuarekin. Abenduaren 26an, lagun talde handi batek harpidetza batean parte hartzeko eskaera egin zien Bilboko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, margolana eskuratu eta “museoan edo udaletxean” jartzeko. Azkenik, 1923ko ekainaren 25ean, triptikoa Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregian jarri zen, bigarren solairuko galerietako batean.
Testua: Camino Paredes Giraldo
Zuzendaria. Gustavo de Maeztu museoa
Euskal lurra, Lirika eta Erlijioa, 1922
Olioa mihisean
300 x 130 cm (ezkerreko panela)
300 x 250 cm (erdiko panela)
300 x 130 cm (eskuineko panela)
Bizkaiko Batzar Nagusiak
Erakusketaren edukia: Euskal lurra, Lirika eta Erlijioa
Babeslea: