Erakusketa: Euskal artistak - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2008-02-11 • 2008-05-25

Euskal artistak

Bilboko Arte Eder Museoa bilduma

BBK Aretoa

Bilboko Arte Eder Museoa euskal artisten bildumarik garrantzitsuenaren jabe da, eta, hori horrela, erreferentziarik handieneko instituzioa da, dituen fondo dokumentalengatik, ikerketa arloko tradizioagatik eta artistenganako hurbiltasunagatik.

Erakusketa egitea eta Bilboko Arte Eder Museoko Euskal Artisten Gida argitaratzea −lehen aldiz eta Museoak bere mendeurrena betetzen duen urtean− hurbileko artisten omenaldi gisa eta Museoak artista horiei egiten dien aitorpen gisa har daiteke, eta BBK FUNDAZIOAren babesari esker egin ahal izan da.

Manuel Losada margolaria (Bilbao, 1865-1949) izan zen Museoaren sustatzailerik sutsuenetako bat eta lehenengo zuzendaria, eta Aurelio Arteta margolaria (Bilbao, 1879-Mexiko Hiria, 1949) Bilboko Arte Modernoko Museoaren lehenengo zuzendaria izan zen. Dagoeneko ehun urte dituen historian zehar, erakunde biak fusionatu egin ziren eta gaur egungo Arte Eder Museoa sortu zen. Ordutik hona, jardunean egon diren euskal artista garrantzitsu guztiek, Zuloagatik hasi eta Chillidaraino, lotura berezia izan dute Museoarekin. Bakoitzak bere moduan, laguntza handia eman dute Museoa sendotzeko eta Museoaren hazkundea ahalbidetzeko, kudeaketa arloan parte hartuz edo artelanak dohaintzan emanez.

Euskal Artistak. Bilboko Arte Eder Museoa Bilduma erakusketan artista eta lanen aukeraketa zabal bat erakutsi nahi da; Museoak gordetzen dituen lan ugariak ondo ordezkatuko dituen erakusketa izan nahi du. Erakusketan 80 bat lan batu dira: pinturak eta paperean egindako obrak, eskulturak eta instalazioak, eta ikus-entzunezko formatua daukan lan bat.

Baina, egia esan, erakusketa justifikatuta dago Euskal Artisten Gida. Bilboko Arte Eder Museoa Bilduma izeneko argitalpenarekin.Horrela, lehenengo aldiz, adituen eta herritar guztien esku jarri da euskal artearen bilketa eta zabalkunderako baliabide garrantzitsu bat, datu berriz, zehaztapen historiografikoz eta azterketa sintetikoz beterikoa, artista bakoitzaren lana bere testuinguruan kokatu ahal izateko.

Euskal Artisten Gida honetan 118 egileren jarduera jaso da, Museoko bildumakoak diren 224 lanen komentarioaren eta erreprodukzioaren bitartez. Arku kronologikoa XVI. mendetik gaur egunera artekoa da. Artistak aukeratzeko erabilitako irizpideari dagokionez, haren jaiotza-datari erreparatu zaio, edo, bestela, gertakari artistikoetan izan duen inplikazioari –sorkuntza bera, edo instituzioetan parte hartu izana–, beti ere, lurraldearen arabera edo kulturalki euskal artea irizpideak  ematen dituen aukeren barruan.

Hori dela eta, azpimarratzekoa da Arteder programaren ekarpen garrantzitsua. Programa hori Museoaren Liburutegiak jarri zuen martxan eta 2002tik aurrera Fundación Vizcaína Aguirre fundazioak babesten du. Programak euskal artisten datu base garrantzitsua jartzen du erabiltzaileen esku. Datu base hori etengabe berrikusi eta eguneratzen da eta Interneten jarrita dago, Museoaren web orrian, www.museobilbao.com, eta www.bd-arteder.com helbidean, Liburutegiaren katalogora konektatzeko aukera emanez.

Proiektu dokumental horrek informazio zehatza ematen du euskal artearen izenik azpimarragarrienei buruz. Atal desberdinetan egituratuta dago −biografia, irudiak, erakusketak, museoak edo bildumak, eta erreferentzia bibliografikoak−, euskal artistei buruzko bilduma entziklopedikoa osatzeko asmoz.

 

Euskal Artistak. Bilboko Arte Eder Museoa Bilduma

Aurkeztutako aukeraketa honetan hainbat maisulan dago. Lehenengo eta behin, Eduardo Zamacois (Bufoiak cochonnet-jokoan, 1868), margolaririk miretsienetakoena XIX. mendearen erdialdean, eta Juan de Barroeta (Bilboko Abrako bistak Algortatik, 1886), paisaiaren bidez errealismoaren eta inpresionismoaren arteko trantsizioa adierazi zuena, dauzkagu.

Bestetik, José Echenagusíak (Sanson eta Dalila, 1887) sasoi hartako pinturan historiako gai nagusiak indarrean zeudela erakusten digu. Baina akademizismo errealistaren eta inpresionismoaren arteko iragaitea ondoen erakutsi duena Anselmo Guinea (Jendea. Erromako zubi bat, 1904) izan da. Haren laguna, Adolfo Guiard (Krabelin gorridun baserritar gaztea, 1903), bera baino urte batzuk gazteagoa, izan zen euskal pinturan inpresionismoa sartu zuena, Parisera bidaiatu eta han abangoardia inpresionistarekin harremanetan izan baitzen.

Darío de Regoyosen (Urumea, 1904) esperientzia inpresionista eta puntillistaren bitartez, beste modernizazio fronte bat ireki zen euskal pinturan, Bruselarekin lotuta, izan ere, mende amaiera horretan berrikuntza artistikoko gune garrantzitsua izan zen Brusela. Laster hasi ziren beste euskal artista batzuk belgikar bidea jorratzen, esate baterako, Francisco Iturrino (Biluziak, Emakumeak korroan jolasten, c. 1916-18). Mende hasieran, frantziar maisu postinpresionisten proposamen aurreratuenekin bat eginda garatu zuen bere ibilbidea Iturrinok.

Mende aldaketaren sasoiko euskal eskulturaren lehenengo adibideen artean, nabarmentzekoak dira Nemesio Mogrobejoren (Hero eta Leandro, 1904) gustu modernista eta Francisco Durrioren (Gizonezko maskara, c. 1903-23) ikuspegi sinbolista eta primitibista.

Guiard eta Regoyosen pausoei jarraituz, euskal artistak Brusela eta Pariserantz begira jarri ziren, eta 1900. urte inguruan, artista katalanekin batera, pinturaren modernizazio fronterik garrantzitsuena osatu zuten. Sinbolismoarekin kontaktuan, eta 98ko Belaunaldiaren espirituarekin bat eginda, egin zuten ibilbidea Ignacio Zuloagak (Mathieu de Noailles kondesaren erretratua, 1913), Gustavo de Maeztuk (Calatañozorko itsua, c. 1915) eta Juan de Echevarríak (Loreontzia platano, limoi eta liburuekin, c. 1917).

Bestetik, Ángel Larroquek (Amatasuna, 1895) eta Benito Barruetak (Montmartreko txoko bat, c. 1905-10) jarraipena eman zieten lehen esperientzia modernoei, tradizioa zentzu kromatiko berezi batekin uztartu nahirik, joera inpresionistek eta postinpresionistek sustatutako paleta argitik aldenduta.

Kostunbrismoak izaera berezia jadetsi zuen mende hasierako euskal eszenatokian. Aurelio Artetak (Burtzeñako zubia, c. 1925-30), Valentín eta Ramón de Zubiaurrek (Bertsolariak, c. 1916-17, eta Nire herriko intelektualak, c. 1912-13, hurrenez hurren), Alberto, Ramiro eta José Arrúek (Euskal arrantzaleak, c. 1918, Basques jouant aux cartes, c. 1919, eta Artzain bat, c. 1932, hurrenez hurren) eta Quintín de Torre eskultoreak (Neskatilaren erretratua), besteak beste, tradizioaren eta modernitatearen arteko gatazka hau islatu zuten, izan ere, tipo eta ohituren berreskurapena bat etorri zen hiri kultura berria adierazteko beharrizanarekin.

Hurrengo belaunaldiko artista bat, José María Ucelay (Conversation piece, just leisure edo Hemingway eta Duñabeitia, 1957), mundu surrealistara hurbildu zen. Mundu hori erabat ageri da Nicolás de Lekuonaren (Izaki surrealak basoan, 1936) lanean.

Jorge Oteizak (Odiseo izeneko gudari armatu baten erretratua, [Mallarméren omenaldiaren aldaera, 1958], 1975) Bigarren Mundu Gerraren ondoren europar artean sortutako mugimendu konstruktibista edo espazialistak sartu zituen. Agustín Ibarrola (Lantegia, 1976) baliabide kartelista eta espazialisten bidez adierazten den errealismo sozialaren ordezkaria da. Eduardo Chillida (Dardara-burdinak II, 1956) bere inguruko artean eragin itzela izan zuen euskal eskultore handia dugu, izan ere, artista honen lanean, materia desberdinek eta formaren bilaketa sakonak unibertso poetiko aparta osatu zuten.

1966an Euskal Eskolaren Taldeak sortu ziren −Gaur (Gipuzkoa), Emen (Bizkaia) eta Orain (Araba)−, eta, bertan, berrogeiko hamarkadaren azken urteetatik aurrera atera ziren euskal artistarik esanguratsuenak batu ziren. Horien artean daude Amable Arias (Ikusezinaren inguruan II, 1972), José Luis Zumeta (Pintura, 1977) eta Rafael Balerdi (Venezia, 1964-72) margolariak, eta Remigio Mendiburu (Txori askeentzako kaiola, 1969) eta Vicente Larrea (Santimamiñeko Venusa, 1985-86) eskultoreak.

Beste artista batzuek beste era bateko proposamen figuratiboak egin zituzten: pop artea, Andrés Nagel (Zentauroren bahiketa, 1984) eskultorearen kasuan; edo errealismo desberdinak, Juan José Aquerreta (Deikundea, 1979), Mari Puri Herrero (Jantokia, 1975), Dario Urzay (Pintore eklektiko batentzako proiektua, 1981) eta Jesús Mari Lazkanoren (Zatikatuaren goraldi liluragarria, 1986) kasuan.

Amaitzeko, autore batzuek, Txomin Badiola (Double Trouble, 1990-01), Ángel Bados (Izenbururik gabe, 1993), Pello Irazu (To the sleeping part, 1993), José Ramón Morquillas (Edukiontzia, 1985-86), Alfonso Gortázar (Natura hil txikia laranjarekin, 2006), Carmelo Ortiz de Elguea (Dantza, 1970), Juan Mieg (Izenbururik gabe, 1938)eta Daniel Tamayok (Geometria lezioa Txatximintan, 1982), artearen oraintsuko joera askotarikoak kokatu dituzte, konstruktibismoaren kutsuarekin eta mundu garaikidearen konplexutasunaren testigantza ematen duten objektuen erreferentziekin.

Aipaturiko artista horien lanekin batera, beste batzuenak ere ageri dira, hain sarri erakusten ez direnenak edo orain arte ia-ia ahaztuta egon direnenak. Baina oraintsuko ikerketek eta Gida honen argitalpenak berak argitara atera ditu.


Irudian:
Aurelio arteta (Bilbo, 1879-Mexiko D.F., 1940)
Euskal emakume nekazariak fruta eta barazkiekin, c. 1913-1915
Olioa oholari itsatsitako mihisean, 127 x 238 zm

Babeslea: