Erakusketak
Obra gonbidatua
Amaituta
2024-03-12 • 2024-06-02
Eugiko armategi artistikoa, Nafarroa
12 aretoa
Obra Gonbidatua programak bere izaera berezia berretsiko du erakusketa honekin, Banco Santander Fundazioaren eskutik museora ekarriz luxuzko armagintzako objektu multzo bat, Nafarroako Eugiko burdinola historikoan jatorria duena. Ikusgai jarriko diren piezak Madrilgo Errege Armategian kontserbatzen dira, eta Ondare Nazionaleko Errege Bildumen parte dira.
XVI. mendearen azken hamarkadan eta XVII. mendearen lehen hamarkadetan datatutako hiru lan erakutsiko dira, kalitate bikainekoak: zelata bat (c. 1596), urre eta zilarrezko damaskinatuz oparo apaindua, Parisko Judizioko errodela (c. 1598), herentzia klasikoko gai eta hizkuntza formalak dituena, eta arkabuz bat (c. 1620), Eugin jatorria duen su-arma ezagun bakarra izatea bereizgarri duena. Haiekin batera ekarriko da XIX. mendeko dokumentu sorta bereziki hautatu bat, honako ale hauek osatua: arma-lantegiak sortutako ekoizpen bikainenak ageri diren liburu ilustratu bat, Achille Jubinal Erdi Aroaren aditu frantsesak argitaratua, Charles Clifford (1) eta Jean Laurent (3) argazkilarien antzinako argazkiak, eta Lipako kondearen argazki-albuma. Eugiko piezek historian zehar sortu izan duten interesaren lekuko, guztiak ere.
XV. eta XVII. mendeen artean, Flandes, Alemania hegoaldea eta Italia iparraldea izan ziren Europako armagintzaren gune nagusiak. XVI. mendearen lehen erdian, espainiar koroak bereganatu zituen gune haiek, baina Karlos V.a hil ondoren, 1558an, Flandesek eta Milanek soilik iraun zuten luxuzko gune gisa hispaniar monarkiaren eremuan. Testuinguru hartan, ordea, orobat nabarmendu ziren euskal eta nafar arma-lantegiak –orain arte oso ezagunak izan ez badira ere–, zeinen adibide adierazgarriena baita Eugiko burdinola (Nafarroa).
Lau hamarkada eskasean –1595 eta 1634 artean–, sorkuntza artistiko aparta ekoitzi zuen Eugiko burdinolak, Espainiako ondare historikoko luxuzko arma multzo bikainenetakoa. Iruñetik iparraldera kokatuta zegoen, eta Europako gune handienetakotzat, kalitatez, eta italiar tradizioaren adibide onenetakotzat hartua da gaur egun. Filipe II.aren interesari esker loratu zen lantegia; hain zuzen ere, hark erosi zuen eta haren ekimenez aritu ziren bertan lanean milandar armagileak. Lantegian sortutako oso obra gutxi kontserbatu dira gaur egun arte, Filipe III.arekin eta haren familiarekin lotuak, kronologikoki.
Eugi, Nafarroa
Kasketa, c. 1596
Altzairua, zilarra, urrea. Ilundua, ataujia, zizelkatua, inkrustazioekin, grabatua
Ondare Nazionala. Errege-bildumak, Errege Armategia
Kasketa hau hornigai sorta txiki baten edo armadura eta pieza osagarrien multzo baten parte da, eredu beraren gainean apaindua, eta, hala, hainbat zaldun-jokotan konbinatu zitekeen. Pieza honen kronologiak eta aberastasunak pentsarazten dute Eugiko lantegian egingo zutela enkargua, 1598an Filipe III.a tronura iristean, edo Margarita Austriakoarekin ezkondu zenean. Erliebean egindako urre-zilarrezko apaingarri damaskatu oparoak eredu eta motibo garaikideen bilduma osatzen dute: festoi trifoliatuzko kateak, animalien kartutxoak, palmak eta fantasiazko izakiak, elkarrekin lotutako eseekin txandakatuz, etab. Milango tradizioari jarraitzen diote, huraxe baitzen pieza forjatu zuten armaginen jatorria. Eugi italiar gunetzat hartzen da horregatik.
Carlo Vicini, Giovan Ambrogio de Conti, Bernardo Sassi, Alberto Besozzi. Eugui, Nafarroa
Parisen Epaiketaren erredola, c. 1598
Altzairua, zilarra, urrea, belusa. Urreztatua, ilundua, zizelkatua, inkrustazioekin, grabatua, bozeldua, damaskinatua
Ondare Nazionala. Errege-bildumak, Errege Armategia
Erredola honen dekorazioaren muina Parisen Epaiketa da, Troiako Gerraren hasiera ekarri zuen gai mitologiko bat. Hiztegi formal eta apaingarri exotikoa nabarmentzen da, gainean puttiak daramatzaten itsasoko dragoiez eta erromatar erako pertsonaiak dituzten medailoiez osatua. Azken horietan, bi nabarmetzen dira, goiko aldean: Kupido prest ageri da batean Venusi gezi bat jaurtitzeko, edota urrezko sagarra ematen dio edertasunaren sinbolo gisa. Dekorazioaren oparotasunari eta zehaztasunari erreparatuta, ezkutu hau funtsezko pieza da Italiako luxuzko armen artean, eta Eugin bozeldu eta zizelkatutako azken piezetako bat. 1598. urte inguruan forjatuko zuten, baina ezin da egiaztatu haren sarrera Errege Armategian 1608. urtera arte.
Eugi, Nafarroa
Arkabuza, c. 1620
Zura, burdina, altzairua, urrea. Zizelkatua, nielatua, grabatua, ilundua
Ondare Nazionala. Errege-bildumak, Errege Armategia
Metxadun arkabuz hau Nafarroako erregeordeak Filipe IV.ari artean printze zela egin zion opari bat izan zen; beraz, 1621. urtea baino lehenagokoa da, estilistikoki 1600etik 1620ra bitartekoa. Aldi horretan, sei erregeorde izan ziren Nafarroan, eta, beraz, zehaztasuna ematen duen agiririk ezean, ezin jakin daiteke nor izan zen oparigilea. Orain arte dakigunaren arabera, Eugitik irten den suzko arma bakarra da, eta hango ekoizpenen ezaugarri nagusiak ditu, kateak eta erliebean egindako zilarrezko erroleoak, esaterako. Errekamaran, buru biko arranoa ageri da, erreferentzia dinastikoa dena. Kanoiaren ahoaren amaieran, ezohiko zilarrezko dragoi bat ageri da, giza ezaugarriduna.
Achille Jubinal
La Armeria Real ou Collectión des principales pièces de la galeríe d'armes anciennes de Madrid [Material grafikoa] / dessins de Mr. Gaspar de Sensi ; texte de Mr. Achille Jubinal ; frontispices, lettres ornées, culs de lampe par Mr. Victor Sansonetti ; gravures sur bois par M. Faxardo, sur pierre, sur cuivre, sur acier par les meillerus Artistes de Paris, 1839-1860
Kotoi-papera
Ondare Nazionala. Errege-bildumak, Madrilgo Errege Jauregiko Liburutegia
Erdi Aroan aditua zen Achille Jubinal frantziar polifazetikoak 1839. urte inguruan Errege Armategiko obren aukeraketa hau argitaratu zuen, Gaspar Sensi pintore eta litografo italiarraren ilustrazioekin. Ikuspegi arkeologiko moderno eta berritzailea izan zen Sensiren marrazki batzuen ezaugarri nabarmenetako bat, Parisen Epaiketaren erredolarena, esaterako, non objektuen sekzioen estudioa eta marrazketa nabarmentzen diren; izan ere, forja-lana pieza bakarrean nola egiten zen ikus daiteke, eta erliebeen magnitudea ere sumatzen da.
Charles Clifford
Madrilgo Errege Armategiko kasketa. Iruñeko hiriak Filipe III.ari oparitutako kaskoa, 1863
Albumina-papera
Ondare Nazionala. Errege Bildumak, Jauregiko Artxibo Nagusia
1863tik 1875era, garai hartako hiru argazkilari ezagunek dokumentatu zituzten Errege Armategiko funtsak, Isabel II.aren edo Alfontso XII.aren aginduz batik bat: Charles Clifford, Jean Laurent eta Ludwik Tarszeński, Lipako kondea, errege-etxeko argazkilaria. Haien irudiak, Eugikoa barne, ezinbesteko dokumentuak dira bildumaren historia ezagutzeko eta ehun eta hirurogei urtean horien kontserbazioan izan den bilakaera ebaluatzeko. Hainbat gorabehera tarteko galduta dauden objektuak, konponketa-lanak edo konfigurazioan egindako aldaketak ageri dira irudi horietan; baina, beste batzuek, hala nola argazki honek, aukera ederra ematen dute garai hartatik aldaketa esanguratsurik ez dela izan ikusteko.
Lipako kondea
Armategi Nazionaleko albuma. Filipe III.aren armadura erdia, 1869
Albumina-papera
Ondare Nazionala. Errege-bildumak, Jauregiko Artxibo Nagusia
Album honetan, Lipako kondeak modernotasun handiko hondo grisekin esperimentatu zuen; garai hartan, sistema berritzailea izan zen oso, eta XX. mendearen hirugarren herenetik hedatu zen batik bat, artelanen argitalpenetan. Filipe III.aren parada-armadura bat erakusten du argazkiak, Eugin forjatua, 1614. urte aldera, italiar erara dekoratua eta arkabuz kontra babestua; horixe ikus daiteke, argi eta garbi, petoko balen inpaktuetan. Errege Armategian dagoen pieza honetan, bat egiten dute bikaintasunak eta setio-armadura gisa duen gogortasunak (42 kilo). Irudiak, gainera, XVI. mendetik XIX.era erabiltzen zen muntaketa-sistema, zurezko pertxen bidezkoa, dokumentatzen du.
Jean Laurent
XVI. mende amaierako ezkutua, 1875
Albumina-papera
Ondare Nazionala. Errege-bildumak, Jauregiko Artxibo Nagusia
Erakusketan dagoen Parisen Epaiketaren erredolari, Eugin forjatutakoari, dagokio honako irudi hau. Errege Armategiko piezen ezaugarriak lantzeko orduan Jean Laurentek jartzen zuen arreta nabarmentzen da irudian, formatuak horretarako bidea ematen zionean, betiere. Erredolaren ezaugarri dira bozelduz, zizelkatuz eta damaskinatuz egindako apaingarriak, eta ezaugarri horiek italiar manierismoko parada-pieza handiekin lotzen dute zuzenean. Garai hartako bitarteko teknikoek ezarritako mugak muga, Laurentek teknika horiek ikusgai jarri zituen, argi-itzalen erabileraren bidez.
Filipe III.aren ezkutua, 1875
Albumina-papera
Ondare Nazionala. Errege-bildumak, Jauregiko Artxibo Nagusia
Eugiko ekoizpenen bereizgarrietako bat ezohiko motibo ikonografikoak eta luxuzko armen ohiko ezaugarri garaikideak bateratzea da, eta horixe ikusten da Errege Armategiko 1614ko erredola honetan ere. Lehenengoen artean, hiztegi apaingarri berezia nabarmentzen da, non jatorri klasikoko elementuak eta argitu gabeko jatorriko Erdi Aroko beste batzuk nahasten diren; horixe ikusten da, esaterako, erredola honen orlan. Erdian, zazpi bertuteen irudikapenak parada-armetako ohitura bati erantzuten dio: armen apaindurek zentzu moralizatzailea izan behar zuten, printze baten bizimodua gidatu behar zuten printzipioen eredu gisa.
Errege Armategiko argazkien inbentarioa. Fernando infantearen armadura erdia (umetakoa), 1875
Albumina-papera
Ondare Nazionala. Errege-bildumak, Jauregiko Artxibo Nagusia
Filipe III.ak Eugiko lantegiari haurren sei armadura egiteko enkargua egin zion 1614an, bere semeentzat: Fernando eta Karlos infanteentzat, eta Filipe IV.a izango zenarentzat. Anaia bakoitzak bi zituen, hesi-borrokarako: bata lisoa, eta bestea paradakoa, losanje-sare batean inskribatutako errege eta inperioaren ezaugarriekin oparo apaindua; garai hartako gorteko janzkera zuten inspirazio-iturri. Argazki honetan ageri den armadurak tipologia horri jarraitzen dio; Fernando infantearentzat forjatu zen, etorkizunean kardinal infantea izango zenarentzat, bederatzi urte zituenean. Ez du hanketako arnesik, zaldunen arteko hesi-jokoetan debekatuta baitzeuden gerritik beherako kolpeak.
Babeslea:
Kolaboratzaile: