Erakusketa: Eskultura hiperrealista 1973-2016 - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Amaituta

2016-06-07 • 2016-09-26

Eskultura hiperrealista 1973-2016

BBK Aretoa

Eskultura hiperrealista 1973-2016 erakusketak mugimenduko 26 artista adierazgarrienek egindako 34 eskulturaz osaturiko aukeraketa eskaintzen digu museoko BBK aretoan. Hiperrealismoak berrogeita hamar urte luzez egin duen ibilbide guztian giza figurazioa modu sakonean aztertzeko helburuarekin antolaturiko lehendabiziko erakusketa dugu honakoa.

1960ko eta 1970eko hamarkadetako zenbait eskultorek errealismoa modu jakin batean islatzeko interesa erakutsi zuten, giza irudiaren bizipenak modu sinesgarrian adieraztea oinarri hartuta. Teknika tradizionalak baliatuz, esaterako, modelaketa, gurtzea eta pintura, giza gorputza islatu zuten, modu askotara, baina helburu bakar batekin, betiere: errealismo figuratiboaren interpretazio garaikidea sortzea. Ron Muecken hitzetan, "Nahiz eta denbora asko eskaintzen diodan gainazalari, barneko bizitza harrapatu nahiko nuke". Erakusketak gorputza adierazteko bost modu desberdin erakusten dizkigu, beste horrenbeste zatitan banatuta dagoen ibilbidearen bidez: "Giza erreplikak", "Eskultura monokromoak", "Gorputzaren zatiak", "Dimentsioen jolasa" eta "Errealitate deformatuak". Modu horretara, obra horien bidez, ikusleak erabat txundituta geratuko dira, errealitatearekin daukaten antzekotasun sinesgarriagatik. Era berean, gai artistiko hau lantzeko modu bat baino gehiago dagoela adierazten dute, artearen historiako adierazpide ugariak baliatuz, bilakaera tekniko jakin batekin, mugimenduaren hastapenetatik hasi eta aro digitalera arte.

Aukeraketa honek hiperrealismoko eskultore aipagarrienak biltzen ditu, George Segal, Duane Hanson eta John De Andrea aitzindari iparramerikarretatik abiatuta. Gero, mugimenduak nazioartean izandako hedapenaren lekukoak datoz: Juan Muñoz espainiarra, Maurizio Cattelan italiarra, Berlinde de Bruyckere belgikarra, Ron Mueck, Sam Jinks eta Patricia Piccinini australiarrak edota Evan Penny kanadiarra, besteak beste. Halaber, erakusketak ondo baino hobeto islatzen du hiperrealismoaren nazioarteko izaera, bai eta oraindik orain duen indarra ere: John De Andrearen Lisa lana, oraintsu bukatutakoa, lehendabizikoz aurkeztuko da jendaurrean. Ikuspegi orokor hori lortzeko, Tubingako Kulturaren Elkartrukerako Institutuak (Alemania) –2014an gure museoarekin lankidetzan jardun zuen, pintura hiperrealistari buruzko erakusketa arrakastatsuan– mundu osoko bildumetatik maileguan emandako lanak biltzea lortu du, erakusketako komisarioa den Otto Letze zuzendariak proposaturiko hautaketaren arabera.

 

ERAKUSKETAKO ATALAK

 

1. Giza erreplikak

60ko hamarkadan, Duane Hansonek eta John De Andreak hezur-haragizko pertsonak diruditen eskulturak egin zituzten, eta teknikoki prozedura oso neketsuak eta material berriak erabili zituzten. Beraien obren errealismo izugarriak egiazkotasuneko ilusioa transmititzen diote ikusleari, bai eta norberaren ispilu gisa funtzionatzen duen giza erreplikaren aurrean egotekoa ere. Beraien eragina erabakigarria izan zen eskulturaren bilakaerarako, azken berrogeita hamar urteetan.

Duane Hanson (Alexandria, Minnesota, AEB, 1925–Boca Ratón, Florida, AEB, 1996)
Hanson hirurogeiko hamarkadan hasi zen tamaina naturaleko giza irudiekin lanean, modelo errealetatik ateratako beira-zuntzezko eta poliesterrezko erretxinarekin egindako moldeekin, eta arropa eta osagarriekin osatzen zituen. Lehenengo, kritika sozialarekiko interesa izan zuen, eta, ondoren, baztertutako eta erdi-mailako pertsonen errepresentazioan kontzentratu zen. De Andrearekin batera, lehenengo eskultura hiperrealistak aurkeztu zituen Kasselen, documenta 5 erakusketan.

John De Andrea (Denver, AEB, 1941)
1960ko hamarkadaren hasieratik, De Andreak biluztasunaren generoarekiko lilura adierazi du, ia beti emakumezkoenekiko. Modelo errealetatik ateratako igeltsuzko moldeak erabiltzen ditu, eta, gero, beira-zuntzarekin eta bestelako material sintetikoekin lantzen ditu. Amaitzeko, ile naturala eta pintura erabiltzen ditu. Horrela, ikusleak bizirik eta bere baitan bildurik dagoen presentziari aurre egitea lortzen du, eta horien gorpuztasun idealizatuak antzinaro klasikoa gogorarazten dute.

Daniel Firman (Bron, Frantzia, 1966)
Firmanek gorputzaren itxurarekiko duen interesa tamaina naturaleko bere eskulturetan adierazten da, giza mugimendua islatzen baitute, aurpegia edo azala erreproduzitzea saihestuz, eta irudiak inguruan duen presentzian biziki kontzentratuz.

Paul McCarthy (Salt Lake City, AEB, 1945)
1970eko hamarkadatik aurrera, McCarthyren obra esplizituki probokatzailea izan da. Askotan, modelo errealetatik aterarako moldeak erabiltzen ditu, eta izugarrizko zehaztasun teknikoarekin errepikatzen ditu, ikuslea egoera deserosoan jartzen duen erreplikako efektua sortuz, hain zuzen ere, voyeuraren liluraren eta konplazentziaren arteko bidean.

 

2. Eskultura monokromoak


50eko hamarkadaren amaieran, eta abstrakzioaren nagusitasuna igaro ondoren, George Segalen eskultura monokromoek giza irudiaren errepresentaziora bideratu zuten berriro ere arreta, eta, bere eraginpean, artisten hurrengo belaunaldiek eskultura errealista garatu zuten. Kromatismorik gabeko obretan, errealitatearen efektua gutxiagotzen du, baina, bestalde, irudiaren anonimatua eta gorpuztasunaren ezaugarri estetikoak nabarmentzen ditu. Keith Edmier edo Juan Muñoz gisako artistak alderdi horiez baliatu ziren, giza izaerari buruzko galderak egiteko.

George Segal (New York, AEB, 1924-New Jersey, AEB, 2000)
50eko hamarkadaren amaierako lehenengo lanetan, Segalek egurra eta alanbrea erabiltzen zituen irudien egitura egiteko, baina, 1961ean, gorputzak zuzenean igeltsuzko bendekin modelatzen hasi zen. Eskultura monokromoen testuingurua objektuekin gauzatzen du, hala nola, eserlekuak edota logela oso bat jarrita, bere sorkuntzen izaera eszenikoari bide emanez eta ikuslea bertan proiektatzea ahalbidetuz.

Juan Muñoz (Madril, 1953–Ibiza, 2001)
1990eko hamarkadatik aurrera, Juan Muñozek giza irudiak landu zituen, askotan taldetan jarrita, partaideak elkarren artean erlazionatzen direla. Irudi monokromoak brontzean, erretxina sintetikoan eta maché paperean eginak daude, eta, askotan, tamaina naturalekoak baino txikiagoak izaten dira, izaera trukagarria eta seriala eskuratuz.

Keith Edmier (Chicago, AEB, 1967)
Hollywoodeko zenbait estudio zinematografikotan aritu zen, 90eko hamarkadatik aurrera eskulturarekin lanean hasi zen arte. Bere obrak, askotan, erretxina sintetikozkoak izaten dira, eta lotura nabaria dute egungo bere bizitza eta testuinguruarekin. Tamaina errealeko eskulturek inguruko pertsonak irudikatzen dituzte, erakusketan dagoenarekin gertatzen den bezala: haurdun dagoen ama, Jackie Kennedyk presidentea hil zuten egunean zeraman Chanel trajearen kopia bat daramala.

Xavier Veilhan (Lyon, Frantzia, 1963)
90eko hamarkadaz geroztik, eskulturarekin eta instalazioekin lan egiten du, eta, askotan, lanean argazkilaritza, zinea eta performancea gehitzen ditu, bai eta teknika informatikoak ere, duela gutxitik. Gai nagusia aldi digitaleko ikuspuntuaren baldintzapena da, eta, horretarako, obren gainazala eta testuingurua aldatzen ditu, formak sinplifikatuz edo "pixelatuz", desagertu arte.

Brian Booth Craig (Pittsburgh, Pennsylvania, AEB, 1968)
Craigek ospe handia du Estatu Batuetan, eta soilik eskulturarekin lan egiten du, gehienetan brontzean eta tamaina naturalean edo murriztuan. Irudien kolore buztintsuak jarrera irmo eta seguruan jartzen du arreta. Bere obrek gizakiaren ideal arkaikoak gogorarazten dituzte, eta loturak ezartzen dituzte antzinaroarekin eta mitologiarekin.

 

3. Gorputzaren zatiak

90eko hamarkadatik aurrera, artista asko eragin hiperrealistari formatu berria ematen hasi ziren. Gorpuztasunaren ilusioa sortzeko nahia eduki beharrean, arreta giza gorputzaren atal espezifikoetara bideratu zuten, eta mezu aztoratzaileen oinarri gisa erabili zituzten, askotan umorearekin. Robert Goberen edo Maurizio Cattelanen obretan, gorputzetik bakandutako beso eta hankak hormatik agertzen dira, eta haurtzaroari eta historia garaikideari loturiko asoziazioa gogorarazten dituzte. Joera horren aitzindarietako bat John Davies britainiarra izan zen; izan ere, bere tamaina naturaleko buruek antzinako eskulturen zati arkeologikoak gogorarazten dituzte.

John Davies (Cheshire, Erresuma Batua, 1946)
Hastapenetan, Daviesek dimentsio murriztuko marrazkiak eta eskulturak egin zituen, eta handitzen hasi zen, tamaina naturaleko eta monumentaleko irudiak egin arte. Beira-zuntzez eta material sintetikoz egindako eskala errealeko buruak obra zabalaren zati dira, moldeetatik abiatutako eskulturekin eta zatikako taldeekin batera. Beirazko begien eta objektuen erabilera, askotan, lekuz kanpo dago, bai eta maskorrak eta maskarak ere, eta efektu kezkagarri eta surreala ematen diote obrari.

Carole A. Feuerman (Hartford, AEB, 1945)
1970eko hamarkadako hiperrealismoaren aitzindari izan ziren artisten taldekoa izan zen, Hanson eta De Andrearekin batera. Prestakuntza artistikoa amaitu ondoren, brontzearekin, erretxinarekin, altzairuarekin eta marmolarekin lanean hasi zen, eta, azken urteetan, eskultura publikoarekiko interesa ere adierazi du. Hasieratik, uraren gaia landu izan du, barne-orekaren bilaketaren irudi gisa. Bere lanean, jantziekin eta igeriketako osagarriekin jantzitako gorputz-enborrak nagusitzen dira.

Robert Gober (Wallingford, Connecticut, AEB, 1954)
80ko hamarkadatik aurrera, Goberen interesa gorputz-atalen errepresentazio eskultorikora bideratu zen, pinturari, diseinu grafikoari eta argazkilaritzari uko egin gabe. Gorputzaren zati hiperrealistak hormatik ateratzen dira bakanduta, inolako testuingururik gabe, eta ikusleari aurre egiten diete, verismo harrigarriki aztoragarriarekin.

Jamie Salmon (Londres, 1971)
Hasieran, zinema-industrian lan egin zuen. Hezur-haragizko pertsonen ilusioa sortzen duten eskultura doiak zehaztasun handiz egiten ditu, baina, errealaren estetika apurtzeko asmoz, gorputzaren zatiak erakusten ditu eta erabilitako materialak agerian uzten ditu –erretxina sintetikoa, silikona, goma, oihalak eta ile naturala-, errealean irrealaren zirrara handiagotuz eta ikuslea antzemandako errealitateari buruz hausnartzera derrigortuz.

Maurizio Cattelan (Padua, Italia, 1960)
Erretxina sintetikoaz gain, Cattelanek material arruntak, animalia disekatuak edota giza ilea erabiltzen ditu. Eskulturak apalak eta tamaina naturalekoak dira, eta arlo barregarriaren eta sarkasmoaren artean dabiltza. Askotan, zatikako ikuspuntua ematen dio eszena bati, edo testuinguru harrigarri eta probokatzaileetan kokatutako objektu eta gorputzen zatiak erakusten ditu.

Peter Land (Aarhus, Danimarka, 1966)
90eko hamarkadan, Landen arrakasta bere burua egoera barregarrietan grabatutako bideoei esker hazi zen. Eskulturek testuinguru xelebre eta surrealisten arteko testuingurutan dauden izakiak erakusten dituzte, ikuslea gaur egungo munduan gizakiaren babesgabetasunaren aurka jarriz.

 

4. Dimentsioen jolasa



90eko hamarkadan, Ron Mueckek goitik behera aldatu zuen eskultura figuratiboa ohiz kanpoko formatuekin, irudien tamaina erabat handiagotuz edo gutxiagotuz. Horrela, gai existentzialetan jartzen du arreta, hala nola, jaiotzan, heriotzan edo bizitzaren hauskortasunean, eta gizakiak ikuspuntu berri batean erakusten ditu.

Ron Mueck (Melbourne, Australia, 1958)
1990eko hamarkadaren erdialdetik, eta bi hamarkadatan baino gehiagotan zinerako eta publizitaterako maketak eta efektu bereziak diseinatzen aritu ondoren, Mueckek silikonaz eta material akrilikoz egindako eskultura hiperrealistak egin zituen; horiek bizitzaren zikloa erakusten dute, jaiotzaren, gaixotasunaren eta heriotzaren bidez. Irudien tamaina handiagotzen edo txikiagotzen du, eta ahalik eta leialtasun handienarekin erreproduzitzen ditu, proportzioak ikusteko eta irudien presentzia espaziala antzemateko modua zalantzan jarriz.

Sam Jinks (Bendigo, Australia, 1973)
Lehenik ilustratzaile eta silikonazko eta latexezko irudiak sortzen aritu zen, zinema-industriako jardueran. Eskultura antropomorfo hiperrealistek, buztinezko moldeen gainean silikonazko geruzen bidez egindakoek, giza gorputza erreproduzitzen dute, sinesgarritasun liluragarriarekin. Irudiak tamaina errealekoak baino txikiagoak dira, eta, antolamenduari eta azalaren errepresentazio finari loturik, ahultasuneko zirrara areagotzen dute.

Zharko Basheski (Prilep, Mazedonia, 1957)
Basheskik giza existentziaren erronkak jorratzen ditu bere obran, izaera emozional biziko errepresentazioetan, eta dimentsioekin jolasten azpimarratzen du. Gainera, irudiak erraldoiak dira, eta, hortaz, ezin dira begipean izan, baina beste batzuek tamaina txikia dute, eta zalantzatiak eta mesfidatiak dirudite.

Marc Sijan (Serbia, 1946)
70eko hamarkadan, Sijan Duane Hanson-ekin lan egin zuen, eta, gaur egun, bere oinordekotzat hartzen da. Tamaina naturaleko irudietan ilusio hiperrealista sortzeko asmoz, modelo errealekin xehetasunez eta lupekin lan egiten du, duintasunez jantzitako pertsonaia errealak iruditzea lortu arte, nahiz eta akatsak izan.

Robert Graham (Mexiko Hiria, 1938–Santa Mónica, Kalifornia, AEB, 2008)
60ko hamarkadan, Grahamek tamaina txikiko argizarizko irudiak egiten zituen, plexiglaseko kutxetan giltzaperatuta, eta miniaturazko munduak irudikatzen zituen. 1970az geroztik, eskulturak brontzean urtzen hasi zen, eta figuratiboak eta oso naturalistak izaten jarraitu zuten. Bere obrak tamaina naturalekoak baino txikiagoak diren emakumezkoen brontzezko irudiak hartzen ditu barne, idulki altu eta estuen gainean, ia giza neurrikora hurbilduz eta itxura harroputza emanez.

 

5. Errealitate deformatuak



Azken hamarkadetan, aurrerapen zientifiko eta teknologikoek errotiko aldaketa sortu dute errealitatearen pertzepzioari eta ulermenari dagokienez. Horrela, bada, Evan Penny edo Patricia Piccinini bezalako artistek itxuraldatutako ikuspegitik ikusten dituzte gorputzak; Tony Matellik, ordea, indarrik gabe uzten ditu naturaren arauak, eta Berlinde de Bruyckerek zalantzan jartzen ditu heriotza eta giza existentzia, gorputz bihurrituekin.

Evan Penny (Elim, Hegoafrika, 1953)
Pennyren eskulturek giza gorputza irudikatzen dute, eta, bereziki, azala doitasun handiz islatzen du. Benetako neurriak trinkotzean, luzatzean eta lekualdatzean, efektu itxuraldatzaileak sortzen ditu, argazkilaritzaren, telebistaren edo irudien tratamendu digitalaren antzekoak. Eskulturek ikusleak ikusten duena engainatzen dute, eta gure pertzepzioa jartzen dute zalantzan, hedabide digitalen garaian.

Berlinde de Bruyckere (Gante, Belgika, 1964)
1990eko hamarkadatik, material organikoekin esperimentatzen du, hala nola, argizaria, egurra, artilea, oihala, azala eta ilea. Hein batean komunikabideetako irudietan inspiratuta, De Bruyckerek egurrezko eta argizarizko eskultura desitxuratuak sortzen ditu; horiek giza gorputza edo bertako atalak gogorarazten dute. Kolorezko eta bendazko geruzak dituenez, oso ahulak dirudite, eta eskulturen azpian dagoen heriotzan, minean eta torturan murgiltzen dute ikuslea.

Tony Matelli (Chicago, AEB, 1971)
New Yorken, Wisconsinen eta Michiganen ikasi zuen, eta, ondoren, zenbait urtetan Jeff Koonsekin aritu zen lanean. Bikaintasun tekniko izugarria duen bere obran, grabitaterik ez dagoela dirudi, denbora gelditu dela, eta materialak ez dira diruditenak. Askotan, pertsonaiak egoera barregarrietan jartzen ditu, eta horrek ikuslea nahasten du.

Mel Ramos (Sacramento, Kalifornia, AEB, 1935)
1963an, Mel Ramosek Pop! Goes the Easel erakusketan parte hartu zuen, Andy Warholekin, Roy Lichtensteinekin eta James Rosenquistekin batera, eta horrek bultzada handia eman zion bere ibilbideari. Publizitate-industriako irudi apalak parodiatzen dituzte bere margolanek, marrazkiek eta eskulturek, kontsumo handiko produktu komertzialak iragartzen dituzten emakumezkoen biluzi erotikoen bidez.

Patricia Piccinini (Freetown, Sierra Leona, 1965)
Silikona eta plastikozko izaki hibridoak sortzen ditu, gizakiaren, animaliaren eta makinaren artekoak. Lehenengo unean, desitxuratutako irudi hiperrealistek, gorputzeko zenbait ataletan ilea eta protuberantzia lirdingatsuak dituztela, misteriotsuak eta eskuraezinak dirudite, baina ikusleak nolabaiteko giza duintasuna antzematen die.

Allen Jones (Southampton, Britainia Handia, 1937)
Allen Jones pop britainiarraren ordezkari nabarmenetako bat da. Estatu Batuetan egon zen denboraldian, publizitatearen eta marketinaren munduarekin egin zuen topo, bai eta ilustrazioko teknikekin eta pop art mugimenduarekin ere, eta horrek eragin erabakigarria izan du bere lanean. Jonesen ospea emakumezkoen irudi erotiko eta probokatzaileei dagokie, eta, batik bat, feminismoaren erantzun sutsua eragin zuten altzari-eskulturei; gaur egun, moralitatea eta feminitatea bezalako gaiak jartzen ditu zalantzan.

 

Irudian:
Sam Jinks (Bendigo, Australia, 1973)
Untitled (Kneeling Woman) [Izenbururik gabe (Emakume belaunikatua)], 2015
Silikona, koloregaiak, erretxina eta ilea, 30 x 72 x 28 cm
© Sam Jinks. Artistaren eta Sullivan+Strumpf-en (Sydney) eskaintza

Erakusketaren edukia: Eskultura hiperrealista 1973-2016

Babeslea: