Erakusketak
2024-06-07 • 2025-02-02
Ekitaldiartea
Arte Modernoaren Bilboko Museoa, 1924-1945
6-16. Aretoak
Aurten, Arte Modernoaren Bilboko Museoaren mendeurrena ospatzen dugu. Bere garaiko artearekin konektatzeko xedez sortutako Euskal Herriko lehen erakundea izan zen, eta, garai hartako testuinguru kulturalean, Bartzelonak eta Madrilek baino ez zituzten arte modernoari buruzko museoak, 1891n eta 1894an sortuak, hurrenez hurren.
1924ko urriaren 26an ireki zituen ateak, Aurelio Arteta pintorearen zuzendaritzapean, eta Probintziako Aldundiaren eraikineko hiru areto hartzen zituen. Hasierako bildumako 137 lanak zeuden areto horietan: hogei bat lan Pintura eta Eskulturaren 1919ko Nazioarteko Erakusketan erosi zituen Probintziako Aldundiak; beste batzuk, lanean ziharduten artistenak, Arte Ederren Bilboko Museotik zetozen ‒hamar urte lehenago inauguratu zen, Arte eta Lanbide Eskolako aretoetan, Atxuriko Ospitale Zibila izandako eraikinean, Manuel Losada pintorearen zuzendaritzapean‒, eta beste dohaintza eta erosketa batzuk gehitu zitzaizkien horiei.
Espainiako Gerra Zibilak jarduera etenarazi zuen bi museoetan, eta bildumen zatirik handiena biltegiratu egin zuten, edo Frantziara eraman zuten, itsasoz. Gerra amaitzean eta lanak itzultzean, agerian geratu zen behar-beharrezkoa zela lan horiek guztiak hartuko zituen egoitza bat izatea. Hala, 1945ean, oin berriko eraikin bat altxatu zen hiriaren zabalgune modernoan, Fernando Urrutia eta Gonzalo Cárdenas arkitektoen proiektuari jarraikiz. Neoklasizismoaren errepertorioko ereduen ildotik eta bistako adreiluzko eta kareharrizko fatxadarekin, L formako oinplanoa du, eta bi solairu ditu, espazioak antolatzen dituen erdiko atondo batetik abiatuta.
Hasieratik, bi bildumak biltzeko eta, hala, ibilbide bateratu bati ekiteko xedea ezarri zen. Horrelaxe mamitu zen Arte Ederren Bilboko Museoaren jatorrizko ezaugarrietako bat: ikuspegi zabala, garaikidea izateko asmoa duen bilduma baten hedapen kronologikoari dagokionez, eta aniztasun artistikoa bereganatzea ‒askotariko teknikak, generoak eta eskolak‒ arteak bildumaren barnean txertatzeko eredu bertutetsu baten bidez.
Erakusketak Bilboko Arte Modernoaren Museoaren bildumaren ibilbidea eta eraketa berrikusten ditu, bai eta bilduma horren testuinguru historiko eta artistikoa ere, bi hamarkadatan zehar, sortu zenetik, 1924tik, de facto 1954an (administratiboki 1969an) Arte Ederren Bilboko Museoan txertatu arte.
Artelan ugari eta dokumentazio eta artxiboko material asko barnebiltzen ditu, eta, horiei esker, museo berria abian jartzeak zer esan nahi izan zuen jabetu gaitezke.
Zenbait “azterketa-kasuren” bidez, etorkizunerako funtsezkoak izango ziren zenbait gertakaritan sakontzen da aretoetan: artelan enblematikoak erostea, arte garaikideko lehen erakusketak, Gerra Zibilean funtsak kanpora eramatea, urte horietako Bilboko eta Madrilgo beste museo-proiektu batzuekiko harremana, eta garai hartako artista eta joerekin izan zuen inplikazioa, besteak beste.
Proiektu honetan, komisario-lanak Miriam Alzurik, museoko Arte Moderno eta Garaikideko kontserbatzaileak, eta Mikel Onandiak, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakasleak, egin dituzte.
Erakusketarekin batera, Mikel Onandiaren lan hau ere argitaratu da: Los orígenes de una colección. Los museos de Bellas Artes y Arte Moderno de Bilbao, 1914-1945 (Bilduma baten jatorriak. Bilboko Arte Ederren Museoa eta Arte Modernoaren Museoa, 1914-1945); BBKren eta Arte Ederren Bilboko Museoaren arteko ikerketa-beka baten emaitza da, hain zuzen.
I.
Arte modernoaren museo baterantz
1910ean, aurrekaririk gabeko garapen ekonomiko eta urbanistikoak eratutako agertoki berri hartan kulturak jokatzen zuen zeregin nagusiaz jabetu zen Bilboko artisten kolektiboa. Orduan sortu zen, hain zuzen, Euskal Artisten Elkartea (1911). Arte garaikideari babesa emateko eskatu zien erakundeei, eta abangoardiako artistak jarri zituen ikusgai, hala nola Celso Lagar, Robert eta Sonia Delaunay eta Joaquín Torres García, besteak beste.
Horrez gain, leku garrantzitsua bete zuen Pintura eta Eskulturaren Nazioarteko Erakusketaren (1919) antolaketan eta Bilboko Arte Modernoaren Museoaren sorreran. Esku hartu zuen, halaber, Iberiar Artisten Elkartearen Madrilgo I. Erakusketan (1925) euskal arteak bere lekua izan zezan; Espainiako berrikuntza plastikoaren hastapentzat hartzen da erakusketa hori. Gainera, elkarteak Arte Vasco aldizkaria argitaratu zuen, eta Hermes argitalpenean kolaboratu zuen.
II.
Arte Ederren Bilboko Museoa, 1914-1936
1908an sortu zen Arte Ederren Bilboko Museoa, eta 1914an ireki zituen ateak, Ricardo de Bastida arkitektoak Atxuriko Ospitale Zibila izan zen eraikinean egokitutako hiru aretotan. Hainbat artistak eta bildumagilek bilduma publiko baten sorrera sustatu zuten, Bizkaiko Probintziako Aldundiarekin eta Bilboko Udalarekin lankidetzan. Manuel Losada margolaria izan zuen lehen zuzendari. Lehen hamar urteetan, antzinako artearen atal bat eta arte modernoaren beste atal bat izan zituen, eta dohaintza eta gordailu ugari jaso zituen erakunde eta partikularrengandik.
Lehen bi hamarkadetan bilduman sartu ziren, besteak beste, Europaren bahiketa, Martin de Vos pintorearena, Emakume santuak San Sebastian sendatzen, José de Ribera pintorearena, Lot eta haren alabak, Orazio Gentileschi pintorearena, eta Laureano de Jadok utzitako ondare garrantzitsua.
Toki beharra gero eta nabarmenagoa zen, eta 1920an jada Arte Ederren Jauregiaren proiektua egin zen, mamitu ez bazen ere. 1924tik aurrera, eta Arte Modernoaren Museoa irekitzearekin bat, Arte Ederren Museoko bilduma antzinako artera bideratu zen esklusiboki.
III.
Arte modernoa Arte Ederren Museoan, 1914-1924
Hasta1924. urtera arte, Arte Ederren Museoak arte modernoaren bilduma bat izan zuen, zenbait euskal artistaren lanekin osatua: Adolfo Guiard, Darío de Regoyos eta Aurelio Artetarenak, esaterako. Aldundiak eta Udalak erosiak ziren. Artista, zale eta kritikari ugarik orientabide modernoagoa eskatzen zuten, eta, hala, 1910eko hamarkadan galerietan edo Euskal Artisten Elkartearen egoitzan antolatutako erakusketetatik zetozen zenbait artelan ekarri ziren. Ildo horretatik, herritarren harpidetzen bidez, hainbat margolariren lanak erosi ziren museorako, besteak beste, Gustavo de Maeztu, Benito Barrueta, Ignacio Zuloaga, Cristóbal Ruiz eta Daniel Vázquez Díazenak.
1919an, Bilbon egindako Pintura eta Eskulturaren Nazioarteko Erakusketa garrantzitsua lagungarri izan zen Mary Cassatt, Paul Gauguin, Paul Sérusier, José Gutiérrez Solana eta Julio Antonioren zenbait lan erosteko, besteak beste. Handik hiru urtera, Gernikan, Eusko Ikaskuntzaren III. Kongresuan, egin ziren erosketei esker, beste artista-belaunaldi bat sartu zen museoan: José María de Ucelay, José Benito Bikandi, Asunción Asarta eta Ramiro Arrue, esaterako.
IV.
Arte Modernaren Bilboko Museoaren sorrera, 1922-1926
1922an sortu zen Arte Modernoaren Museoa, Lorenzo Hurtado de Saracho diputatu eta bildumagilearen ekimenez. 1924ko urriaren 26an inauguratu zen, Aldundiaren Jauregiaren atzealdean zeuden lokal batzuetan. Hasierako bilduman Arte Ederren Museoko zenbait artista biziren obrak zeuden, salbu eta Zuloagaren lanak –museoak beretzat gorde zituen, garrantzi handikotzat zituelako– eta neurri handiko zenbait eskultura, Nemesio Mogrobejo, Moisés de Huerta eta Quintín de Torrerenak, leku faltagatik.
Lehen zuzendaria Aurelio Arteta izan zen. Bere garaian nazioarteko artean indarrean zegoen figurazioari jarraikiz, modu leun batean cézannismoarekin eta “ordenara itzultzearekin” lotutako lengoaiak zerabiltzaten obrak erostea bultzatu zuten; horren erakusgarri dira Francisco Durrio, Juan de Aranoa, Gabriel García Maroto, Roland Oudot, Louis Robert Antral eta Jean Berqueren lanak.
V.
Bilboko Arte Modernoaren Museoa, 1926-1936
1926an, bi erakusketa garrantzitsu antolatu zituen Arte Modernoaren Museoak: lehenengoa, Euskal Herriko modernitatearen adierazle nagusietako bat izan zen Francisco Iturrinoren omenez, bi urte lehenago hil baitzen; bestea, berriz, Euskal Artisten Erakusketa, 1932an eta 1934an ere egin zena. Bide horietatik, hainbat artistaren lanak iritsi ziren museora, Jesús Olasagasti, Jenaro Urrutia, José Benito Bikandi, Julián de Tellaeche, Quintín de Torre eta Arrue anaienak, esaterako.
1927an, Udalak gaitzetsi egin zuen Arteta zuzendari izatea, eta, horren ondorioz, dimititu egin zuten bai hark eta bai Patronatuko Batzordearen zati batek ere. Margolariak espainiar intelektual ugariren babesa izan bazuen ere, Manuel Losadak ordezkatu zuen, behin-behinekoz. Arte Modernoaren Museoaren zuzendari izan zen berriro 1931n, Errepublika aldarrikatu ondoren, tarteka bada ere. Urte horietan, Arte Modernoaren Museoak Daniel Vázquez Díaz, Joaquim Sunyer, Darío de Regoyos eta José Moreno Villaren lan baliotsuak eta Paul Cézanneren grabatuak bereganatu zituen. Aldi berean, Arte Ederren museoak ere lan garrantzitsuak eskuratu zituen, hala nola , Moratín poetaren erretratua, Francisco de Goyarena. Bilduma osatzeko jarduera hori guztia eten zuen 1936an Gerra Zibila hasteak.
VI.
Bilboko Berreginen Museoa
Manuel Ramírez Escuderok sustatu zuen, 1922an. Hain zuzen ere, estatua greko-erromatar eta errenazentisten eskaiolazko molde-lanekin bilduma bat egitea proposatu zien Bilboko Udalari eta Bizkaiko Probintziako Aldundiari. Museoak lagungarri izan behar zuen Arte eta Lanbide Eskolako ikasleak eta, oro har, publikoa trebatzeko. Antonio Plasencia bildumagileak eta Ricardo Bastida eta Mario Camiña arkitektoek osatu zuten lehen batzordea, Ángel Larroque, Alberto Arrue eta Antonio de Guezala margolariekin eta Moisés de Huerta eta Higinio Basterra eskultoreekin batera. 1927an onartu zen proiektua.
Udalaren lokal batzuetan kokatu zen museoa, Berasteguiko Eskolan. 1931n ireki zituen ateak, British Museumeko molde-lanen lantegietan (Londres), Florentziako Arte Institutuan, Museo Kapitolinoetan (Erroma), San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademian eta Benito Bartolozzirengandik (Madril) eskuratutako hainbat lanen bilduma garrantzitsu batekin. 1955ean, eraitsi egin zuten Berasteguiko eraikina, eta San Frantzisko auzoko eskoletara tokialdatu zen. Leku nahikorik ez zegoenez, museoko hamaika lan, handienak, Bilboko Arte Ederren eta Arte Modernoaren museoen eraikin berriaren galerian jarri ziren ikusgai hainbat urtean.
VII.
Madrilgo Arte Modernoaren Museoa, 1931-1936
Errege Dekretuz sortu zen 1894an, eta 1898an ireki zituen ateak, garai hartan Liburutegi eta Museoen Jauregia zen eraikinean; han zeuden, halaber, Liburutegi Nazionala, Artxibo Historikoa eta Museo Arkeologikoa ere. Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletan saritutako eta Estatuak erositako zenbait lanekin osatu zuen bilduma, bai eta pentsio baten babesean Erroman zeuden artistek bidalitako lanen bidez ere. 1931ra arte, zuzendaritza ospe handiko pintore eta eskultoreei eman izan zitzaien, Pedro de Madrazo, Alejandro Ferrant, Mariano Benlliure eta Eduardo Chicharro jaunei, esaterako. Urte horretan, Bigarren Errepublika iristean, patronatu berriak bilbotar kritikari bat, Ricardo Gutiérrez Abascal, izendatu zuen xede horretarako (Juan de la Encina ezizenez zen ezaguna).
Haren zuzendaritzapean, gazte sortzaile zenbaiten lanak eskuratu zituen museoak, Alberto Sánchez eta Benjamín Palenciarenak, esaterako; baina arte modernoan erabakigarriak izan ziren autoreenak ere bildu zituen, eta museoan euskal artea sartzea ekarri zuen horrek, Darío de Regoyos, Juan de Echevarría, Gustavo de Maeztu, Francisco Iturrino eta Ignacio Zuloagaren lanak eskuratu baitziren.
VIII.
Gerra Zibila eta erbestea, 1936-1939
1936ko irailean, frankisten hegazkinek Bilbo bonbardatzeak museoak ixtea eragin zuen. Arte Modernoaren Museoaren hamar bat lan sortu berria zen Eusko Jaurlaritzaren behin-behineko egoitzara eraman zituzten, Carlton hotelera. Hurrengo hilabeteetan, Arte Ederren Museoko bildumak Urbitarteko Gordailu Zabalera eraman zituzten. 1937ko udaberrian, Bilbo erortzear zela, Arte Modernoaren Museoko obrak Frantziara eraman zituzten.
Horietako batzuk Erakusketa Unibertsaleko Espainiako Pabiloian gorde ziren, Parisen; han erakutsi zen, hain zuzen, Picassoren Guernica. Beste batzuk Europako zenbait erakusketatan izan ziren, euskal kultura ezagutarazteko xedez. Gerora egindako bidalketa bat ez zen inoiz iritsi helmugara, eta Frantziako La Pallice-Arroxelako portuan bahitu zuten. Partikularren bildumetako obra asko ere kanpora eraman zituzten, eta ez ziren itzuli zenbait hamarkada igaro arte. Horien artean, hiru “Zubietako Goyak”, 1780ko hamarkadan margotutakoak.
Frankistek instituzioak hartu ondoren, berritu egin ziren museoen patronatuak, eta konfiskatutako bilduma partikularretako gordailuak jaso zituzten. 1939tik 1941era hasi ziren itzultzen Arte Modernoaren Museoko lanak.
IX.
Eraikin propioa, 1940-1945
1940tik aurrera eta gerraren ondorioek baldintzatutako testuinguru hartan, zenbait obra jaso zituen Arte Modernoaren Museoak. Esaterako, Darío de Regoyos, Manuel Losada, Ángel Larroque, Genaro Lahuerta eta Aurelio Artetaren lanak (zeina erbestean hil zen, 1940an, Mexikon). Bestalde, Arte Ederren Museoak garrantzi handiko lanak erosi zituen, San Frantzisko otoitzean Gurutziltzatuaren aurrean, Grekoarena, Familia Santua, Jan Gossartena eta Ama Birjina Jesus Haurrarekin eta San Joan Bataiatzailea, umea, Francisco de Zurbaránena.
1938. urtearen amaieran hasi ziren Bilboko arte-museoak hartuko zituen eraikin berria egiteko kudeaketa-lanak; Fernando Urrutia eta Gonzalo Cárdenasen lana izan zen.
1945ean inauguratu zen, eta Arte Modernoaren Museoaren eta Arte Ederren Museoaren funtsak bildu zituen. Bien bateratzea eta Arte Ederren Bilboko Museoaren historian etapa berri baten hasiera izan zen.
Los orígenes de una colección. Los museos de Bellas Artes y Arte Moderno de Bilbao
- Egilea: Mikel Onandia Garate
- ISBN: 978-84-18171-18-5
- Hizkuntza: gaztelania
- Neurriak: 20 x 25 zm (zabalera, altuera)
- Koadernaketa: rustikoa azal-hegalekin
- Orrialde kopurua: 304
- Ilustrazio kopurua: 210 (koloretan eta zuri beltzean)
Babeslea: