Erakusketak
Amaituta
2020-12-02 • 2021-03-07
Eduardo Arroyo grabatzailea
32. eta 33. aretoak
Eduardo Arroyoren (Madril, 1937-2018) interes artistikoetan pintura ez ezik, literatura, eskultura eta estanpazioa ere biltzen ziren. Bere ibilbide osoan zehar guztiz eraginkorrak izan ziren hizkuntza horiek, bere irudi eta ideia desmitifikatzaileak islatzeko.
1960ko hamarkadaren hasieraz geroztik grabatuaren alorrean jardun zuen, eta bizitza osoan eutsi zion zaletasun horri. Hala, garrantzizko corpusa osatu zuen era askotako tekniken bitartez paper gainean egindako lanekin: litografia, akuafortea, punta lehorra, urtinta, pochoirra, linograbatua eta xilografia, besteak beste.
1996an, Arroyok 1989tik urte horretara bitartean egindako grabatuen katalogoa argitaratu zuen Bilboko Arte Ederren Museoak, bai eta Suite Senefelder & Co. ere. 102 estanpaz osatuta dago multzoa, Pragan XVIII. mendean jaiotako Aloys Senefelder aktore eta antzerkigilea omentzeko eginak guztiak. Senefelderrek, bere lanak eskuz kopiatzeaz nekatuta, inprimatzeko prozedura berri bat asmatu zuen 1796an, ausaz. Lan horren bitartez jarraipena eman zitzaion Institut Valencià d'Art Modern IVAMek madrildar artistaren lehen 159 grabatuekin hasitako katalogazioari.
Arroyoren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren arteko harreman estuaren erakusgarri, 2017/2018an museoak margolariari eskainitako azken antologia handia antolatu zuen –Eduardo Arroyo. Le retour des croisades erakusketa–, 80. urteurrena ospatuz. 2018ko irailean, hil aurretik, artistak mesedea itzuli nahi izan zion museoari eta azken urteetako ehun grabatu eman zizkion. Era horretara, museoaren lan grafikoaren bilduma aberasten lagundu zuen.
Keinu eskuzabal horri esker argitaratu ahal izan da artistaren grabatuen katalogazioa osatzen duen laugarren liburukia. Museoan aurkeztuko da, emandako lanekin batera, Fig Bilbao Paper gaineko Artearen eta Grabatuaren Nazioarteko Jaialdiaren bederatzigarren edizioaren barruan (2020ko azaroaren 26tik 29ra).
Argitalpenaren eta erakusketaren ardura Fabienne di Roccorena izan da, Eduardo Arroyoren obran aditua eta arte eta literatura arloko proiektu ugaritan haren kolaboratzaile izan zena.
Erakusketaren edukia: Eduardo Arroyo grabatzailea
Babeslea: