Erakusketak
Amaituta
2023-06-12 • 2023-10-15
Corinne Vionnet, Vanessa Winship, María Azkarate
8, 9 eta 10. aretoak
Bilbao Metropoli 30-30-30 erakusketak Corinne Vionnetek, Vanessa Winshipek eta María Azkaratek 2022an egindako 78 argazkiz (23, 32 eta 23, hurrenez hurren) osatutako multzoa aurkezten du. Argazki horiek, ikuspuntu eta interes ezberdinetatik, Bilbo hiriak eta bere metropoli-eremuak azken hiru hamarkadetan izandako aldaketak erakusten dituzte.
Bilbao Metropoli-30 Bilbao Metropolitarra Birbizteko Elkartearen enkargutik sortu da proiektua, eta itsasadarraren hiri-ardatzaren eta bertako biztanleen fisonomia irudikatzeko duela 30 urte elkarteak berak bultzatu zuen ekimena berrargitaratzen du. Orduko hartan, eta orain bezala, Ramón Esparzaren komisariotzarekin (Komunikazio Zientzietan doktorea, arte kritikaria eta argazkigintzan aditua), nazioarteko sei argazkilari gonbidatu zituzten –Gabriele Basilico, John Vink, Bruce Gilden, Carlos Canovas, John Davies eta Carlos de Andrés–, eta haien lana 86 argazkitan gauzatu zen. Argazki horiek liburu batean erreproduzitu eta zenbait egoitzatan erakutsi ziren 1993an, Ría de Hierro izenarekin. Multzoa museoari eman zitzaion 1997an.
Orduan, gizonen begirada gelditu egin zen industria- eta ekonomia-loraldiko garai baten amaiera kritikoaren paisaia hiritar eta gizatiarrean, baita desagertzear zegoen Bilboko iruditeriaren ikonoetan ere: meatze-ustiapenak, trenbideak, portu-instalazioak, labe garaiak, garabiak, pabiloiak eta fabrikak, ontziolak eta gabarrak, burdinurtuaren isurketen kea, beti zuri-beltzean eta, artean, kamera analogikoarekin.
Oraingo honetan, eta hiri-berrikuntzako eragile nagusietako baten laguntzarekin, Metro Bilbaorekin, hiru argazkilari dira mission photographique haren espirituari berriro heltzen diotenak, azken hogeita hamar urteetan lurralde berean izandako aldaketak islatzeko. Hiri- eta giza paisaiei gehitu behar zaie orain –Esparzak proiektuarekin batera doan liburuan azaltzen duen bezala–, “hirugarren paisaia”, industria-aurriaren eta eszenatokiaren alderdi estetiko gisa duen potentzialtasunaren onarpenarena.
Corinne Vionnetek (Valais, Suitza, 1969), agian, proposamen erradikalena erakusten du What to see in Bilbao sailean, egon ez den lurralde baten argazkiekin, zeinak azken irudian gainjartzen eta sedimentatzen dituen datu-base publikoetatik abiatuta egindakoak baitira. Bigarren sail batean, Almost there izenekoan, enkoadraketen zatiketarekin eta horiek konposizioetan eta gugan, behatzaileengan, duten eraginarekin lan egiten du.
Vanessa Winshipek (Barton-upon-Humber, Erresuma Batua, 1960) ikuspegi poetikoago batetik heltzen dio bere lanari; espazioak eta agertokiak despertsonalizatzen ditu, geruza dokumentala mugatzeko eta osagai sinbolikoa eta emozionala nagusi diren irudi zehaztugabeak sortzeko.
Azkenik, María Azkaratek (Gasteiz, 1977), arkitektoa den aldetik, interesa erakusten du normalean monumentaltzat hartzen ez diren lekuekiko, hiria irakurtzeko beste modu bat azaltzen duten “zirrikituekiko”, Esparzaren hitzetan.
Corinne Vionnet (Valais, Suitza, 1969)
Veveyn bizi da gaur egun (Suitza). 2005ean ikerketa proiektu artistiko luze eta emankor bat hasi zuen, Interneteko irudiei buruzkoa. Hainbat prozesuren bitartez –hala nola irudiez jabetzea eta horien konbinazioa– erakusten du nola laguntzen duten horiek gure iruditeria soziala eta munduaren gure ikuspegia osatzen, errealitatearekin elkartuz eta baita harekin nahastuz ere. Ikuspegi teknikotik, XX. mendearen hasieran Francis Galton britainiar zientzialariak erabilitako sistema aplikatzen dute Vionneten argazkiek, baina esparru digitalean; hark aurpegiak gainjartzen zituen, begietatik abiatuta, eta, era horretara, saiatzen zen gizarte klase jakin baten ezaugarri prototipikoak aurkitzen, esaterako, lapurrena. Vionnetek kontsumoaren irudira eramaten du teknika hori. Hiri batean estatistikoki argazki gehien egiten zaizkien lekuak hautatzen ditu, eta, ondoren, gehien errepikatzen den ikuspegia hautatzen du, bazterketa zeregin neketsuan. Erreferentzia puntu bat seinalatu, eta irudi bat eratzen du, horien guztien sintesia izango litzatekeena, eta, aldi berean, aukera ematen digu ikusteko nola ezkutatzen duen Internetek, denak egile izan gaitezkeenaren eta gure sormena adierazteko promesaren atzean, kaiola moduko bat, bere baitan hartzen gaituena, gure ekintzak eta munduari begiratzeko gure modua gidatzen duena.
Erakusketa honetan aurkezten den proiektua bi bloketan banatzen da. Lehenengoan, What to see in Bilbao, collage digitala baliatzen du –artista gisa arrastoa utzi baitio– hiriko erreferentziazko lekuak, antzinakoak zein berriak, erakusteko. Bigarrenean, Almost there, deskargatutako argazkietatik pertsonaren bat agertzen diren zatiak ateratzen ditu, baina haien irudia ezkutatzen du aldez, pantaila baten bazterreko zati balitz bezala. Era horretara, euskarriak, pantaila fisikoak, gure pertzepzioan eragiten duen bitartekotasuna azpimarratu nahi du.
Vanessa Winship (Barton-upon-Humber, Erresuma Batua, 1960)
Argazkilaritzako lehen ikasketak Kingston upon Hulleko Hull School of Arten egin zituen, eta, ondoren, Bristoleko Filton Technical Collegen eta Polytechnic of Central Londonen (gaur egun, Westminster University) espezializatu zen. Azken horretan ezagutu zuen senarra, George Georgiou argazkilaria, eta hura izan zen Balkanetako eskualdeagatiko interesaren “erruduna”. Belgraden, Atenasen eta Istanbulen bizi izan zen hamar urtez, eta gaur egun Erresuma Batua eta Bulgaria artean banatzen du denbora. Itsaso Beltzaren inguruko herrialdeak –tradizioz nahasmendu handiko lurraldeak– izan dira Winshiperentzat hainbat ideiari buruzko gogoeta bisualki lantzeko eszenatokia: desberdintasuna, mugak eta identitateen eraikuntzan zer den egiazkoa eta zer faltsua. Besteak beste, Sweet Nothings liburuari esker (Anatolia inguruko muga eremuetako eskoletako ikasleen erretratuak) zabaldu zitzaion nazioartean aitorpenaren bidea. World Press Photo jaso zuen 1998an eta 2008an, eta, azken urte horretan bertan, Londresko National Portrait Galleryren Godfrey Argent saria eta Sony World Photography sarien Iris d’Or. Horrez gainera, 2011. urtean bera izan zen Henri Cartier Bresson saria jaso zuen lehen emakumea. 2005ean Parisko Agence Vu’-n sartu zen, baina argazkilari independentearen mailari eutsi dio. Teknologia digitalerako trantsizioa egin badu ere, beste askok bezala, industriaren garapenak behartuta, lan gehienak –Schwarzes Meer (2007), Sweet Nothings (2008), She dances on Jackson (2013) edo And Time Folds (2018)– 35 mm-ko kamera batekin, argazkilaritza dokumentalaren ildo klasikotik, eta xaflako kamera batekin egin ditu. Horren ondorio dira bere lanetan hautematen diren erritmo eta estilo jauziak: batetik, begirada bizkorra adierazten duten argazkiak, bat-batean hartuak, eta, bestetik, argazki bareagoak, erretratuak gehienetan, gogoeta sakonagoa eta bertako subjektuekin guztiz bestelako komunikazioa eragiten dutenak. 2014an, Christopher Lane blogariari esan zionez, “lan egiteko modu horietako bakoitzak du, niretzat, edertasun propioa”, ekintzaren eta atsedenaren arteko oreka doian datzana.
María Azkarate (Gasteiz, 1977)
Arkitektura ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean, Hirigintzaren espezialitatean. Bi urtez esparru horretan lan egin ondoren, argazkilaritza deskubritu zuen adierazpide gisa, eta autoikaskuntza prozesu bati ekin zion. Prozesu horretan, kontaktua eduki zuen, besteak beste, Carlos Cánovas, Paco Polán, Jon Cazenave, Awoiska van der Molen, Federico Clavarino eta David Jiménez argazkilariekin. 2017an arkitekturako argazkilari gisa hasi zen lanean, alor horretako estudioen eta enpresen proiektuen komunikazioan laguntzeko; aldi berean, hiriari eta espazio arkitektonikoari buruzko lan pertsonalagoak egin zituen. Gaur egun gai horiek dira bere jardueraren ardatza. Azkaratek kamera erabiltzen du, zeinak erdigunean fokalizatutako ikuspegi bat eratzen baitu beti, guztiz kontrakoa ikertzeko, hau da, ertzetan dagoena ikertzeko. Planteamendu horren eraginez (hiri espaziora eramanik), arretagune diren eraikin enblematiko edo ikusgarrietatik ihes egiten du, eta arkitekto eta hirigileek eraikitako eszenatokien ertzetara joaten da.
Udalerri guztietan dago “hiri antolamendua” izeneko esparru administratiboa, espazioan egin daitekeenaren mugak antolatzeaz eta ezartzeaz arduratzen dena. Azkarateren lanak ez ditu hirigintzaren alorreko gehiegikeriak bilatzen, baina ordena horretatik kanpo dauden osagai horiez elikatzen da, hala nola lauzen artean sortzen den belar izpi huts bat edo urbanizatu gabe gelditzen den lursaila, eraikin errenkada baten harmonia hautsiz. Balioen alderantzikatze horrek irudien konposizioan du lehenengo adierazpena: atzera eramaten du fokua izan beharko lukeena eta hutsik uzten du lehen planoa. Aldaketa huts horren bitartez, argazkiek talka bisual nabarmena eragiten dute, eta oso bide iradokitzailea zabaltzen diote ikusleari.
Erakusketarekin lotutako jarduerak: Corinne Vionnet, Vanessa Winship, María Azkarate
Kolaboratzaile: