Erakusketak
Amaituta
2014-04-30 • 2014-08-25
Bilboko Arte Ederren Museoaren grecoak
8. aretoa
Museoak Grecoren heriotzaren laugarren mendeurrena ekarriko du gogora Bilboko Arte Ederren Museoaren grecoak aurkezpen bereziarekin (apirilak 30-abuztuak 25). Museoaren bilduma iraunkorrean dauden Grecoren bi artelanen -San Frantzisko otoitzean Gurutziltzatuaren aurrean (c. 1585)eta Deikundea (c. 1596-1600)- ezkutuko ezaugarriak erakutsiko dizkio publikoari, asmo didaktikoz eta bitarteko teknologikoekin.Gainera, jardunaldi batzuk antolatu dira; horietan, lau hitzaldi izango dira, eta kretatarrari buruzko dokumentalik berriena proiektatuko da: El Greco. Pintor de lo invisible. Dokumentalak Xavier Brayren, Londresko Dulwich Picture Galleryko kontserbatzaileen buruaren, gidoi zientifikoa dauka. Joan den apirilean, arrakasta handiz estreinatu zuten Pradoko Museoan..Proiekzio hau El Greco 2014 Fundazioaren lankidetzari esker egin ahal izan da.
Doménikos Theotokópoulos Grecoren (Candía, Kreta, 1541–Toledo, 1614) heriotzaren laugarren mendeurrena aukera ona da pintorearen obrak dituzten museoek horien inguruko ezagutzak gaurkotu ditzaten. Modu horretan, argitalpenak editatu eta erakusketak, sinposioak eta konferentzia-zikloak antolatu dira. Hain zuzen ere, erakusketa handi batera, El Greco: arte y oficio (Santa Cruz Museoa, Toledo, irailak 8–abenduak 9), bidaiatuko du Deikundea obrak; izan ere, Leticia Ruizek, Pradoko Museo Nazionaleko Errenazimentuko Pintura Espainiarreko buruak, aukeratu du. Gainera, guk antolatutako Greco. Materia eta arima jardunaldiak inauguratuko ditu Ruizek.
Azkenik, esan beharra dago Bilboko Arte Ederren Museoak (1908an sortua) 1914an ireki zituela ateak Atxuriko Arte eta Lanbide Eskolan, Grecori buruzko erakusketa batekin; beraz, erakusketa gertakari hori gogora ekartzeko aukera paregabea da. Orduan, Ricardo Ortiz, Antonio Gorostiza eta Laureano de Jado bildumagile bilbotarren hamar artelan jarri ziren ikusgai. Azken horrek, 1927an, bere bilduma nabarmena eman zion oinordetzan museoari. Lanon artean, Magdalena penitentea ere bazegoen, gaur egun XVII. mende erdialdeko kopiatzat –ziurrenik, erakusketa hartako obra gehienak bezala- hartua dena.
Muntaketan, garai hartako argazki bat erreproduzitu da benetako tamainan ia, baita ekimenaren berri ematen zuen Novedades aldizkariko aipamena ere.Era berean, jatorrizko bankuak ere berreskuratu dira; horiek Bilboko Merkataritza Ganberak laga zituen orain dela mende bat, lehenengo museo horren geletako altzari gisa.
BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOAREN GRECOAK
Museoaren bildumako bi grecoak -San Frantzisko otoitzean Gurutziltzatuaren aurrean (c. 1585)eta Deikundea (c. 1596-1600)- 8. aretoan egoten dira ikusgai. Baina, oraingoan, Bilboko Arte Ederren Museoaren grecoak erakusketak pintura horietan normalean ikusezinak diren ezaugarriak erakusten ditu. Publikoari aukera hori eskaintzean datza interesa; horrela, agerian uzten da metodo zientifikoen bitartez obren materialtasunari buruz lortutako datuak funtsezkoak direla piezak aztertu eta hobeto ulertzeko. Zenbait gai tekniko, adibidez, azpiko irudiaren ezaugarriak edo pintzelkadak aplikatu diren modua, erabakigarriak izan daitezke pintura bat katalogatzeko orduan.
Era horretan, bi obrek 140 x 140 cm-ko bina argi-kutxa dauzkate, obra bakoitzaren erradiografia eta erreflektografia infragorria ikusteko. Erradiografiaren eta erreflektografia infragorriaren ikerketa zientifikoko teknikei esker, normalean gizakiaren begiak margolanetan ikusi ezin dituen elementuak (esate baterako, aldez aurreko marrazketa, erdiko geruzak edo margolariak obra betearazteko prozesuan izan dituen “damuak”) ikusgai jartzen dira. San Frantziskorenak eta Deikundearenak Grecoren segurtasun tekniko izugarria erakusten dute; izan ere, oso marrazki soiletik abiatzen zen eta alla prima pintatzen zuen ia, aldaketa garrantzitsurik ezak erakusten duen moduan. Arreta handiz landutako oinarriaren gainean, ehundurak, argiak eta itzalak nabarmentzen zituen, elkarren gaineko pintzelkada bizien bitartez. Modu horretan, forma eta bolumen bereziak sortzen zituen. Lan egiteko modu horrek irudi erradiografiko definituak sorrarazten ditu, eta, horrela, tailerreko obrak edo jarraitzaile on zein eskasagoen lanak identifikatu daitezke.
Erakusketaren asmo didaktikoa indartzeko, Magdalena penitentea gehitu da; gaur egun, XVII. mende erdialdeko kopiatzat hartzen dute adituek. Grecoren eskutik egindako obretatik bereizten duten desberdintasun teknikoak behatzeko balio izateaz gain, pintore kretatarraren figurak XX. mendearen hasieran izan zuen balio handitzearen fenomenoa azaltzeko ere balio du: Antonio Cánovas del Castillo politikariarena izan zen, eta, geroago, Laureano de Jado bilbotar bildumagilearena; azken horrek, berriz, museoari utzi zion oinordetzan, 1927an.
Azkenik, aplikazio espezifiko bat garatu da mahai multitaktilerako; horretan, publikoak bi obretako gune batzuen makroargazkietatik nabigatu ahal izango du, zenbaitetan, ezaugarri erradiografiko eta erreflektografikoetan edo pigmentuen mikrolaginen estratigrafietan oinarrituta. Modu horretan, pinturaren barnealdetik, zehaztasunen atalean aipatutako Grecoren teknika ia inpresionista eta bere obraren bestelako ezaugarriak hobeto uler daitezke, adibidez, konposiziorako trebezia eta konplexutasun ikonografikoa.
Domenikos Theotokopoulos, Greco (Candía, Kreta, 1541 – Toledo, 1614)
Bere jaioterrian trebatu ostean, Greco Veneziara joan zen 1567. urtearen inguruan, eta hiru urte inguru eman zituen han. Garai hark marka ezabaezina utzi zuen bere pinturan. Gero, Erromara joan zen, Alejandro Farnesio kardinalaren esanetara lan egitera. Estiloa finkatuta eta jakituria intelektual handiarekin, Toledon jarri zen bizitzen 1577an; bertan, tailer emankorra sortu zuen, eta pertsona ospetsuen babesa jaso zuen.
San Frantzisko otoitzean Gurutziltzatuaren aurrean, c. 1585
Olioa mihisean. 105,5 x 86,5 cm
1940an eskuratutakoa.
Asisko San Frantzisko Grecoren ikonografiatik aukeratutako santu penitenteetako bat da. Gure mihisean, Alvernia mendiko kobazuloan dago otoitzean (Asistik 160 km ingurura), hiru korapiloko soka batez estututako abituarekin jantzita. Hiru korapilo horiek frantziskotarren ordenako botoak sinbolizatzen dituzte. Eskuak gurutzatuta ditu gurtzarako; eskuina bihotzaren gainean dauka, eta ezkerra, aldiz, Grecoren beste lan ospetsu batzuetan bezala (esate baterako, Eskua bularrean daukan gizona). Gai honen inguruan heldu zaizkigun hogei bat bertsioetatik, honako hau –minuskula grekoetan sinatutakoa amarru-paperean, margolariak garai hartan zeukan ohiturari jarraituz– goiztiarrenetakoa eta kalitate handienekoa da. Mihisea Cuervako (Toledo) karmeldarren komentukoa da. Komentu hori Niño de Guevara kardinalaren arreba zen Aldonza andreak fundatu zuen 1585ean, eta, beharbada, berak eskatu zion koadroa Grecori zuzenean.
Deikundea, c. 1596-1600
Olioa mihisean. 113,8 x 65,4 cm
Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1920an.
1596. urtearen inguruan, Grecok zenbait enkargu garrantzitsu jaso zituen; besteak beste, Maria Aragoikoaren Ikastetxeko Gizakundearen eliza madrildarreko erretaula. Hain zuzen ere, erretaula horren erdialdeko mihise handia, Deikundearen gaia jorratzen duena, Pradoko Museoan dago. Lan hautatuak edo zirriborroak gordetzeko ohitura zuen, eta, beraz, neurri txikiagoko bi bertsio ere pintatu zituen: bata Thyssen-Bornemisza Museoan dago, eta bestea hemen ikusgai dagoena da. Zerua eta lurra espazio trinko eta transfiguratuan elkartzen dira, eta, bertan, Ama Birjinak hodei baten gainean dagoen San Gabriel goiaingeruari begiratzen dio. Beraien artean, sutan dagoen sasia eta lanerako saskitxo bat daude. Euren gainetik, kerubinak dabiltza mugimenduan, bai eta Espiritu Santuaren uso argitsua eta aingeru musikarien talde bat ere. Pintzelkada askeak, kolore ugariek eta argiztapen dramatikoak naturaz gaindiko ikuspegi sutsu hau indartzen dute.