Erakusketak
Amaituta
2020-03-11 • 2020-10-12
Beruete, Regoyos eta paisaia
José Entrecanales eta Santiago Corral ingeniarien bildumetan
32. eta 33. Aretoak
Museoak XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako espainiar paisaiari buruzko erakusketa handi bat hartuko du, zeinak ardatz nagusitzat José Entrecanales Ibarra (Bilbo, 1899-Madril, 1990) eta Santiago Corral Pérez (Santander, 1907-Madril, 1989) bide, ubide eta portuetako ingeniariek 1940 eta 1970eko hamarkaden artean garatutako bildumak dituen.
Herrialde atzeratu bateko azpiegituren eraldaketan lan egin zuten biek, eta interes handia erakutsi zuten Espainian mende erdi lehenago genero moderno berezkoenean, paisaiarenean, izandako berrikuntzari buruz.
Hala, asmatu zuten kalitate eta berrikuntza ahalmen handieneko margolariak aintzat hartzen, eta obra garrantzitsuz hornitutako bilduma oparoak osatu zituzten; horien artean nabarmentzekoak dira, oparotasunarengatik, Aureliano de Berueterenak (Madril, 1845-1912) eta Darío de Regoyosenak (Ribadesella, Asturias, 1857-Bartzelona, 1913), espainiar margolari inpresionista bakarrenak.
Erakusketa honen interes nagusia da, batetik, Entrecanalesek eta Corralek bildutako obren bikaintasuna, eta, bestetik, bildumak osatzeko erakutsi zuten jarrera irmoa, ezohikoa haien garaian.
Erakusketako pintorerik kosmopolitena eta erradikalena izan zen Regoyos, eta gure museoak kontserbatzen du haren bildumarik onena. Bilbo ardatz izan zen Regoyosentzat, eta, hiri honen zein gure museoaren modernitate bokazioaren ondorioz, berezkotasun eta suhartasun osoz hartuko da museoan erakusketa hau. Halaber, Aureliano de Berueteren piezen multzo oso esanguratsu bat hemen lehen aldiz erakusteko aukera ere bada erakusketa.
Aipatutako bildumetako hirurogeita hamar inguru lan bilduko ditu erakusketak –gehienak 1890 eta 1920 arteko data dutenak–, batez ere, Beruete eta Regoyosen paisaiak, eta osagarri izango dira haien garaikide Agustín Riancho, Francisco Gimeno, Santiago Rusiñol eta Joaquín Sorollaren beste batzuk.
Bildutakoaren kalitatearen eta interesaren jakitun, beren oinordekoetako askok obrak gorde zituzten, eta horrek ahalbidetu du erakusketa hau antolatzea. Funts nagusi honi euren bildumen zati izan ziren zenbait lan gehitzen zaizkio, gaur egun Prado Museoari (2), Bilboko Arte Ederren Museoari (1) eta bilduma partikularrei (5) dagozkienak. Entrecanalesek eta Corralek eskuratutako eta, hortaz, euren bildumen zati izandako obrak bakarrik izango dira ikusgai.
Beruete, Regoyos eta paisaia José Entrecanales eta Santiago Corral ingeniarien bildumetan erakusketak Javier Barón Thaidigsmann izan du komisario lanetan; Prado Museo Nazionaleko XIX. Mendeko Pinturaren Kontserbazio Sailaren burua da, eta, era berean, erakusketarako argitaratu den katalogoaren testu luzearen egilea.
Beruete, Regoyos eta paisaia
José Entrecanales eta Santiago Corral ingeniarien bildumetan
José Entrecanales (Bilbo, 1899-Madril, 1990) eta Santiago Corral (Santander, 1907-Madril, 1989) bide ingeniariek garrantzi handiko jarduera izan zuten bildumari gisa, lanbide eta enpresa ibilbide ikusgarria osatzeaz gainera. Beren lanbidean lurrak duen garrantziak bultzatuta, neurri handi batean, paisaien pinturarekiko interes bizia izan zuten, eta, interes horri jarraituz, XIX. mendetik XX. mendera bitarteko aldiko espainiar artista ospetsuen obra sorta adierazgarri eta ugaria bildu zuten.
Garai hartan, paisaia izan zen modernitatearen adierazpide nagusia pinturan. Eta, Espainian, herrialdeari buruzko ikuspegi berri bati atxiki zioten joera hura Erregenerazionismoko artistek, haren balio historiko eta kulturalaren jakitun. Artista haien artean, Aureliano de Beruete eta Darío de Regoyos izan ziren erradikalenak eta Europako joera modernoekin lotura estuena izan zutenak. Haiek margotutako kalitate bikaineko koadroek erabateko protagonismoa izan zuten bi bildumetan, eta horrek erakusten du nola asmatu zuten bildumariek bete-betean beren aukeretan, obra sorta honetan ikus daitekeenez.
Orobat eskuratu zituzten Agustín Riancho kantabriarraren eta Francisco Gimeno katalanaren obrak; ibilbide berezia osatu zuten bi artistek natura oso modu independentean adierazteko askatasunari eta berehalakotasunari dagokionez. Azkenik, Santiago Rusiñolen eta Joaquín Sorollaren lanak ere bildu zituzten; bestelako gaiak ere landu arren, aire zabalean lan egin eta paisaia bikainak margotu zituzten biek ala biek. Rusiñolek lotura estuagoa izan zuen sinbolismoarekin; Sorolla, berriz, bere belaunaldiko artista gailena, Beruereten lagun mina zen, eta hark bezain ongi ezagutzen zuen Espainiako geografia askotariko eta aberatsa.
Agustín Riancho (Entrambasmestas, Kantabria, 1841-Alceda, Kantabria, 1929)
XIX. mendeko Espainiako paisaiaren esparruan, ibilbide aipagarria osatu zuen Agustín Rianchok. Egonaldi luzea egin zuen Belgikan 1860 eta 1870 hamarkaden artean, eta, bitarte hartan, bere egin zituen frantses eraginaren bidez hedatutako joera errealistak. Kolore beltza eta pintzelkada zabalez aplikatutako materia lodi trinkoa erabiltzeko zaletasun nabarmena zuen. Ohikoak zituen, halaber, ibaiari loturiko gaiak; maiz heldu zien gai horiei mende amaieran Valladoliden egindako egonaldian nahiz gerora, Kantabriara itzulitakoan, Entrambasmestas bere sorterriaren inguruan, non margotu baitzuen erabateko bakardadean. Iparraldeko naturaren indarra bizitasun handiz adierazi zuen orduan, Kantabriako baso, zuhaitz, ibai eta ur-jauziak irudikatzean. Bizitzaren amaieran, zahartzaroan, tonu okre, gris eta beltzetan oinarrituriko pintura landu zuen, kolore horiek ingeradarik gabeko orban oretsutan aplikatuta. Naturan murgiltzeko modu hark liluratu egin zuen Santiago Corral, ezin hobeki ezagutzen baitzuen, Rianchok bezala, natura hura, eta, Rianchoren hamahiru obra bildu zituen. Bestalde, aipatzekoa da Corralen emazte María del Pilar López-Dóriga y Pomboren arbasoak artistaren babesle nagusietakoak izan zirela haren ibilbidearen hastapenetan.
Aureliano de Beruete (Madril, 1845-1912)
Institución Libre de Enseñanzaren (Irakaskuntza Erakunde Askea) sortzailea, bildumaria, artearen historialaria eta musika zale sutsua izan zen Beruete, baita bere belaunaldiko margolari ikasiena ere. Bere paisaietan, Gaztelako hiri zaharren ikuspegi sakon eta originala erakutsi zuen; bereziki, Toledorena –non pintatu baitzuen ia urtero–, Segoviarena, Ávilarena eta Cuencarena. Europako zenbait herritan ere jardun zuen lanean, horietako batzuk margolarien artean ohikoak, esaterako Eastbourne, Quimperlé eta El Havre. Instituzionisten artean ohikoa zenez, Beruetek ere zaletasun handia zuen mendiarekiko, eta, zaletasun horrek bultzatuta, Espainiaren bizkarrezurra margotu zuen: Guadarrama mendikatea. Koadro haietan, omenaldia egin zion Velázquezi, zeinak islatu ohi baitzuen Espainiako paisaia bere erretratuen hondoan; hain zuzen ere, monografia baliotsua eskaini zion margolari hari. Beruetek Alpeak ere margotu zituen, Europaren muina, hurrenez hurreneko hiru ekinalditan. 1903tik aurrera, kolore puruak erabiltzen hasi zen, eta inpresionistek erabiltzen zutenaren tankerako pintzelkada zatitua, Manzanaresko bere koadroetako distiretan ikus daitekeenez; arintasun eta askatasun nabarmen batez interpretatu zuen, Velázquezi buruz zuen ezagutza sakonaren erakusgarri. Entrecanalesek eta Corralek osatutako Berueteren koadroen bilduma berdingabea da, kopuruz eta kalitatez.
Darío de Regoyos (Ribadesella, Asturias, 1857-Bartzelona, 1913)
Espainiako paisajisten artean, Regoyosek izan zuen nazioarteko joerekiko harreman estuena, Bruselan egindako egonaldi goiztiarretik bertatik hasita, hura izan baitzen Europako berrikuntza gune nagusietakoa. Lotura horri eta etengabeko bilaketarako zuen joerari esker, modernitate handieneko espainiar artista gisa nabarmendu zen. Sinbolismoarekiko –zehazki, joera haren iturri originalenetako batekiko, belgikarrarekiko– erakutsi zuen hurbiltasunak, inpresionismoa eta puntillismoa asimilatu izanak –eta, horren indargarri, Camille Pissarro eta Paul Signac margolariekiko adiskidetasunak– eta paisaia modu berritzailean margotzeko interesak eragin handiko erreferentzia bihurtu zuten, Euskal Herrian, batez ere, non eman baitzuen bere bizitzaren parte handi bat. José Entrecanalesek eta Santiago Corralek bildutako obren kopuruak eta izaerak ezin hobeki erakusten dute Regoyosen aldi neoinpresionista baliotsua (Espainian joera hura landu zuen artista bakarra izan zen): Euskal Herriko paisaia hezea, historiako iraganarekiko lilura, Granadarekiko interesa eta azken etapa, Bartzelonakoa. Bereziki adierazgarria da, kalitateagatik nahiz bi ingeniarien jardunarekin duen loturagatik, Bilboko itsasadarraren eraldaketa industrialari, Areetako transbordadoreari eta Ormaiztegiko zubibideari emandako arreta.
Francisco Gimeno (Tortosa, Tarragona, 1858-Bartzelona, 1927)
Gimenok nortasun artistiko oso berezia du, eta marginala ere bai, bere garaiko artistei dagokienez. Sorterrian egin zituen lehen ikasketak, margolari dekoratzaileekin, eta, ondoren, 1884an, Madrilera aldatu zen; han, Carlos de Haesen ikaslea izan zen, eta Urrezko Mendeko maisuak ikertu zituen Prado Museoan. Handik hiru urtera itzuli zen Kataluniara, eta hantxe osatu zuen harrezkeroko ibilbide osoa. Gimenoren pinturaren bereizgarriak dira tonu lurkarak, enpastatze lodiak eta egikera indartsua, bere izaera intuitiboak eraginak. Gustuko gaia zuen basoaren barnealdea, zeinetan sentitzen baitzen naturaz erabat inguratua eta aukera baitzuen natura oso modu berehalakoan atxikitzeko. Naturari heltzeko modu original eta zuzena zuen, eta itzulingururik gabe adierazten zituen harkaitz nahiz amildegiak, materia trinko batzuetan idor baten bidez; originaltasun eta zuzentasun horrek erakarri zuten nagusiki Santiago Corral, zeinak bildu baitzituen Gimenoren hogeita hamaika obra. Margolariaren azken etapakoak dira obra horietako gehienak, 1917az geroztikoak; aldi horretan, hain zuzen ere, kalitate hobeko pigmentuak erabiltzen zituenez, kolore sorta ugariagoa baliatu ahal izan zuen, egikera mamitsuagoaren bidez.
Santiago Rusiñol (Bartzelona, 1861-Aranjuez, Madril, 1931)
Gizon ikasia zen, eta bultzada itzela eman zien modernismoari eta sinbolismoari, idazle eta artista gisa. Pinturari dagokionez, lorategien margolari modura da Rusiñol ezaguna, baina bestelako gaiak ere landu zituen. Cau Ferrat museoan sortu zuen Sitgesen (Bartzelona), eta museorako bildumari gisa egin beharreko lanak bidaia ugari egitera eraman zuen. Arrazoi horrek bultzatuta, hain zuzen, Eivissara joan zen 1913ko neguan. El Puig des Molins margotu zuen han, iragan arkeologiko oparoko gunea, non egin baitzituen indusketak; harrituta gelditu zen hango errotekin, eta koadro haren hondoan irudikatu zituen. Mallorcako uhartean egona zen aurrez, eta orduan ere eman zioten arreta egitura haiek. Ilunabarreko koloreen ñabarduretan ikusten da zer-nolako hautemate delikatua zuen artistak, zeina ohituta baitzegoen aurrez aurre margotzen. Bestalde, Eivissako etxeen barrualdeen indar kromatikoak liluratuta, berriro heldu zion hogei urte lehenago Sitgesen margotutako patioen gaiari. Eta nabarmen ikus daiteke margolariaren bilakaera, hondoko tonu urdinxken bizitasunean, kolore masak atxikitzen zituen pintzelkadaren segurtasunean eta aurrez aurreko konposizio zuzen eta ordenatuan.
Joaquín Sorolla (Valentzia, 1863-Cercedilla, Madril, 1923)
Valentzian ikasketak egin zituen, eta, harrezkero, interes bizia izan zuen paisaiarekiko, zeina margotzen baitzuen ohar txikitan. 1896az geroztik, Xàbia ezagutu zuenetik, formatu handiagoko koadroak lantzen hasi zen. 1900etik aurrera egindako bidaia ugariek eta Berueterekiko adiskidetasunak akuilatuta, estudio zeritzenak osatu zituen: Espainiako geografiatik hartutako gaietarako hurbilketa sakonak, aurrez aurre margotuak. Hasieran, paisaia horiekiko interesak bultzaturik margotu zituen, eta, bigarren hamarkadatik aurrera, berriz, The Hispanic Society of America elkartearentzat Espainiaren ikuspegia obra handiko paneletako eszenak girotzeko xedez. Sorollaren koadroen bildumari handia izan zen José Entrecanales. Hemen bildutako lanetako batek erakusten du haren obra nagusiak –Arratsaldeko eguzkia– eta gai kutunak –arrantzatik itzultzea– zer-nolako eragina izan zuen margolariaren geroagoko ibilbidean. Beste batean, Sevillako Alkazarreko lorategiekiko zuen interesa ikusten da; hain zuzen ere, lorategi haietan oinarriturik diseinatu zuen Madrilgo bere etxe-estudiorako lorategia. Bere ibilbidearen amaieran Donostian egindako egonaldietan, interpretazio berriak sortu zituen: pintzelkada oso zabalez margotu zuen Urgull mendiaren ikuspegia, eta pintzelkada oso sintetiko eta modernoz, berriz, Donostia. Olatu-hormaren pasealekua.
ERAKUSKETA BIRTUALA
Joan den martxoaren 11n, nagusiki Aurelio de Beruetek eta Darío de Regoyosek margotutako hirurogeita hamar paisaiako erakusketa bikaina aurkeztu genuen; lan horiek José Entrecanales eta Santiago Corral ingeniariek bildu zituzten euren bildumetan. Gaur egun bizi dugun ezohiko egoera dela-eta, oraingoz ezingo dugu erakusketa museoan ikusi; baina, bitartean, erakusketa honi lotutako oso eduki interesgarriez etxean gozatzeko aukera ematen digu teknologiak. .
Erakusketaren laburpena irudietan
Aurkezpen prentsaurrekoa
Miguel Zugaza, Juan Entrecanales eta Maria de Corralen hitzak
(Audio / Gaztelaniaz)
Javier Barón hitzaldia
"Beruete, Regoyos y la renovación del paisaje en las colecciones de Corral y Entrecanales"
Ezagutza-pilulak
Toledo
Aureliano de Beruete, 1908
Las Arenas
Darío de Regoyos, c. 1909
Vista de la Jungfrau y Jungfrau
Aureliano de Beruete, 1907
Patio Azul
Santiago Rusiñol, 1913
Tarde de Sol en el Alcázar de Sevilla
Joaquín Sorolla y Bastida, 1910
Erakusketaren katalogoa
Egilea: Javier Barón
Hizkuntza: Gaztelania
Neurriak: 26 x 22,5 zm
Koadernaketa: Azal arrunta
Orrialde kopurua: 200
Ilustrazio kopurua: 110 (kolor)
Irudian:
Aureliano de Beruete
Manzanaresko ibaiertza, 1906
Olioa mihisean. 57 x 80 cm
Bilduma partikularra
José Entrecanales Ibarra Fundazioak babestua
Babeslea: